San Blas

San Blas

Elgoibarren ez da sekula egon San Blas gotzain eta martiriaren izenpeko baselizarik. Hala ere, Azkue (San Roke) auzoko baselizan badago santu horren irudi bat. Gainera, parrokian, San Blas eguneko meza guztietan, betidanik egon da, ebanjelioaren ostean, ofertorioan alegia, jakiak bedeinkatzeko ohitura.

Egun horretan bertan, Santa Klara eta Madalako baselizetan ere bedeinkatzen dira jakiak. Bestalde, herriko gainontzeko elizetan hurrengo igandean egiten da bedeinkapena.

Mende honen lehenengo urteetan gatza, San Blas opilak eta lokarriak bedeinkatzen ziren; hori guztiori, familian eztarriko minik ez izateko.

Gatza janari guztiei botatzen zitzaien, eta ondorioz, janari guztiak, berez, gelditzen ziren bedeinkatuta. Opilak- mende honen hasieran egiten zirenak[1] hain zuzen- bereziak izaten ziren. Gaur egun, “bollo suizo” izenaz ezagutzen ditugunen antzekoak. Gari irina, arrautzak eta esnea ziren haien osagaiak. Gainean, lau punta egiten zizkieten “titiak bezala”, eta arrautza gorringoz bustitzen zituzten. Ohitura hau galdu egin zen duela 80ren bat urte. Eta opil haien ordez, gaur egun, okindegietan, gozodendetan eta janari-dendetan eros daitezkeenak bezalakoak egiten hasi ziren.

Familia batzuek etxean bertan egiten dituzte San Blas opilak. Horretarako, irina, esnea, txerri-koipea, anisa eta maria-bainuan egindako zuringoa erabiltzen dituzte. Esan behar da, Elgoibarko familia gehienetan jaten direla, urtero, San Blas opilak.

San Blas egunean lokarriak ere bedeinkatzen dira. Batzuetan, lokarri hori fardela (lotutako zapi zuri handia) edo opil paketea lotzeko erabiltzen da. Horrela, dena batera bedeinkatzen da. Eztarriko minik edo eztulik ez izateko, lepoaren bueltan jarri behar da, eta zortzi egunetan eduki. Bederatzigarren egunean sutara bota behar da lokarria. Gaur egun ere, familia askotan gordetzen da errito hori.

Horretaz gain, jende askok tentsioa edo kolesterola zaintzeko erregimena egin behar duenez, baraziak eta fruta ere eramaten dituzte bedeinkatzera. Hala eta guztiz, badago, bedeinkatzera, txokolatea ere eramaten duenik.

KOLDO LIZARRALDE ELBERDIN idazlearen “FESTA HERRIKOIAK ELGOIBARREN” liburutik hartua.
[1]Leandra Aranberrik, Gelatxo Errota baserriko amamak, 1920 urtean jaiotakoak, eman zidan San Blas opil haien berri. Hark, aldi berean, bere amarengandik jaso zuen haiei buruzko informazioa.


San Blas eguneko opilak egiteko errezeta

Opila egiteko osagaiak:

  • Libra bat (kilo erdi) irin
  • Bost gramo legami
  • Hiru arrautza
  • 150 gramo koipe (gurina edo margarina ere erabil daiteke)
  • Liberdi bat (kilo laurden) azukre
  • Anis esentzia pixka bat

Bainu zuria egiteko osagaiak:

  • Bi arrautza zuringo
  • 300 edo 400 gramo glas-azukre
  • Limoi tanta batzuk

Opila egiteko:

  1. Ondo garbitutako mahai edo gain batean irina zabaldu, eta sumendi baten forma emango diogu. Erdian zulo bat egingo dugu.
  2. Zulo horretara gainontzeko osagaiak botako ditugu. Pazientzia handiz, osagai guztiak ondo nahastuko ditugu. Orea zenbat eta gehiago nahastu, orduan eta hobeak irtengo zaizkigu opilak.
  3. Gero, ore-arrabolaz zabaldu, eta oreari forma borobila emango diogu. Gutxi gorabehera, hiru opil egingo ditugu osagai horiekin.
  4. Opilei koska borobilak egingo dizkiegu apaintzeko.
  5. Labea berotu eta opilak, ordu laurden batez, bertan sartu. Atera eta berehala, hoztu aurretik, bainu zuria emango diegu opilei, bestela, bainu zuria ez zaigu gogortuko.

Bainu zuria egiteko:

  1. Arrautza zuringoak irabiatu egingo ditugu, elur puntura iritsi arte.
  2. Poliki-poliki glas-azukrea nahastuko digu.
  3. Loditzen denean, limoi tanta batzuk gehituko dizkiogu, bainuari distira emateko