Elgoibarko jaiak

San Anton jaietako txapelketaren pilota partida

Urtarrila: Urtarrilaren 17an San Anton jaiak izaten dira, Udalerriko bigarren zaindaria baita Egiptoko San Antonio, abadea.

Otsaila: Otsailaren 3an, San Blas eguna ospatzen da Elgoibarren. Gure eskualdean oso ezaguna eta berezia den ohiturari jarraituz San Blas opilak egin (errezeta) eta elizara eramaten dira bedeinkatzeko. Halaber, usadioaren arabera, bedeinkatutako lokarria lepoan zintzilikatu behar da bederatzi egunez, eta gero, “Agur Maria” errezatu ondoren, lokarria erre egin behar da. Esaten denez, hori eginez gero neguan zehar katarroak saihestuko omen dituzte lokarriaren eramaileek. Otsailaren 5ean Santa Ageda eguna ospatzen da. Elgoibarren, bezperan eta aste horretako larunbatean irten ohi dira koruak abestera baserriz baserri eta kalez kale. Etxegiña zenaren Santa Eskeko koruak kalez kale koplak abesten ditu 1936ko Gerra Zibilaren aurretik, aste horretako larunbatean, eta jasotako dirua Caritasi ematen diote. Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak ere, bere aldetik, inguruko nekazal auzoz auzo eta baserriz baserri kantatzeari ekin zion duela zenbait urte. Otsailean, bestalde, Inauteriak ospatzen dira Elgoibarren, batez ere larunbatean eta asteartean, beste hainbat eta hainbat tokitan bezala.

 

Inauteriak

Gaur egun Inauteriak, Garizumari hasiera ematen dio. Hausterre eguna baino hiru edo lau egun lehenago ospatzen dira. Jai hauek, baraualdi eta barnebiltzearen aurrekotzat jotzen dira.

Europa kristauan, aintzinatik Inauteriak ospatzeko joera oso zabaldua egin arren, jai gehientsuenen gisa, jatorria aintzinako jentil ohituretan daude.

PROGRAMA

Ostegun gizena “Sasikoipatsu”

“Sasikoipatsu”, Inauterietako aintzinako ohitura bat da. Elgoibartarrek, gorputza garizumarako prestatu behar zela esaten zuten. Beraz, “Sasikoipatsu”, lagun taldea mendira joaten zen eta su baten inguruan, txorizoa erre edo egosi eta ogiaren jaten zuten, barre algara eta txantxa artean. Hasieran, arrautzak ere eramaten zituzten eta urdaiazpiko edo txorizoakin tortilak egiten zituzten. “Kaletar” gehienek oilorik ez zutenez, bizi lagunaren oilategitik arrautzak hartzen zituzten -baimenik gabe, noski-. Batzutan arrautzen bilaketa hau “Sasikoipatsu” baino hiru edo lau egun lehenago hasten zen: Arrautza bat hartu hemendik, beste bat handik eta gero “Sasikoipatsu”-ko askaria haundia egiteko. Lagun talde bakoitza leku jakin batera joaten zen.

 

Trinitate jaietako Nagusien danborrada

Maiatza: Elgoibarko Galizia Etxekoek maiatzean ospatzen dituzte "Semana das Letras Galegas" izeneko jaiak. Besteak beste, jaki tipikoak dastatu, galiziarren folklorea ezagutu eta euren musikarekin giro ederrean ongi pasatzeko aukera izaten da. Bestalde, galiziarrek "Festa do Magosto" ere ospatzen dute azaroan. Auzotarrei gaztaina erreak eta ribeiro ardoa dastatzeko aukera eskaintzen diete. Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran Trinitate Jaiak ospatzen dira, Hirutasun santua ere herriko zaindaria baita. Bezperan danborrada ateratzen da kalez kale giro aparta sortuz. Etxegina zenak sortutako tanborrada desagertu baita beste ekimen batzuk ere (Elgoibarko Izarra eta abar), 1995. urtean berreskuratu zen, eta Atabal elkarteak antolatzen du egun. Igandean, berriz, artisau feria izaten da.

Ekaina: Ekainaren 23an San Juan suak izaten dira herriko zenbait tokitan, eta Altzola auzoak bere zaindariaren jaiak ospatzen ditu, parrokia San Joan Bataiatzaileari baitago eskainia.

Uztaila: Sargoateko (Sarrugarate, paleotoponimoa) erromeria. Elgoibarko Izarrak, Sallobente Elkarteak, DEBEMENek, Elgoibarko Udalak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak 1996an berreskuratu zuten aspaldiko erromeria. Uztailaren 25ean, Santiago egunean, Sargoateko gurutzearen inguruan dagoen zelaian, Sallobente-Ermuaran auzoko aldean meza izaten da, eta bertsolariek eta trikitilariek bazkaria eta erromeria girotzen dituzte

 

Trinitate jaietako Nagusien danborrada
Txupinazoa
Txupinazoa

Abuztua: Abuztuan, berriz, hilaren 23an San Bartolome jaiei ematen zaie hasiera. Herriko jai nagusiak dira San Bartolome baita zaindari nagusia Erdi Arotik, eta jai horietan hainbat eta hainbat ekintza izaten da ospakizun erlijiosoez gain (Bezperak eta Meza nagusia). Hauen artean sokamuturra eta Mauxitxa Txarangaren kalejira nabarmenduko ditugu. San Bartolome jaietan Txiki eguna izaten da benetan berezia adin guztietako jendearentzat, darion alaitasun eta erlaxazioagatik. Hirurogeiko hamarkadan goizeko sokamuturraren ostean, jendeak mahatsa jateko ohitura zuen, eta egun batean, jan beharrean aleak elkar botatzera pasa ziren gazteak. Denborarekin, mahats aleekin egiten zena ardo beltzarekin egitera pasa da. Horrela bada, gaur egun, Txiki egunean herritarrak kamiseta zuria eta zapi gorria jantzita ateratzen dira. Sokamuturraren ondoren koadrila osoa elkartu eta hamaiketakoa eta txikiteoa egiten dute. Tabernaz tabernako prozesio horretan batak besteari ardo beltza botatzen diote elkarri, guztiek ardoz blai bukatu arte. Arratsaldeko ordu biak aldera, herritarrak Errosario kalera joan eta, Mauxitxa txarangaren musikari jarraituz, kalejira luzea egiten dute euforia giroan Kalegoen Plazara iritsi arte. Esan beharra dago askok, gazteek batik bat, 17:00ak aldean bazkaltzen dutela egun horretan.

1932an San Bartolome txiki eguneko eguerdian "Soka-dantza" dantzatzen hasi zen J. L. Pujanak eta R. Andonegik prestatutako taldea, eta A. Zubiaurre eta A. Azpiazu aritu ziren bakarlari. 1964an, San Bartolome egunean hasi ziren dantzatzen Ongarri elkartearen eskutik, eta harrezkero, besteak beste, Elorrak, gazte talde batek eta Haritz dantzari taldeak eman zioten jarraipena. Elgoibarren, jaietan izaten diren sokamuturrek izugarrizko arrakasta dute, jende asko erakartzen baitu. Elgoibarko sokamuturrari buruzko lehen aipamena 1660ko da, eta ohitura eta jolas honi gaur egunera arte eutsi zaio. San Bartolome eguneko prozesioari dagokionez, urte luzetan ospatu gabe egon ondoren, 1997an ekin zitzaion berriz, nahiz eta 2020an eta 2021ean eten egin zen koronabirusa pandemiagatik.

Elgoibarko auzoek ere ospatzen dituzte euren jaiak. Ekainaren 29an Idotorbe (San Pedro) auzokoak izaten dira. Auzo honetantxe ere Santumotz erromeria izan ohi da abuztuaren bigarren igandean. Sallobetente-Ermuaranekoak abuztuaren 10ean. Azkue (San Roke) auzokoak abuztuaren 16an, eta Aiastia (San Migel) auzokoak irailaren 29an izan ohi dira.

Beste jarduera interesgarri batzuk:

Urtea hasteko, urtarrilean Juan Mugerza Nazioarteko Kros ospetsua izan ohi da Elgoibarren, eta bertara nazioarteko korrikalari onenak etortzen dira. Duatloia ere izan ohi da maiatza aldera, Urgazik antolatua, eta lasterketa honetan bizikletan eta korrikan aritzen dira. Urte osoan zehar, hilaren azken larunbatean, ganadu feria ospatzen da herrian.

Gainera, urteko azken larunbatean antzinako Gabon Zaharreko feria handi eta entzutetsua ospatzen da. Bertan, inguruko zein urrutiagoko zenbait baserritar etortzen dira eta mota guztietako produktuak (barazki, fruta, gazta, eztia... eta abereak) eskaintzen dituzte.

Maiatzean, berriz, Morkaiko Mendizale Elkarteak Elgoibarko Mendi Itzulia antolatzen du. Parte-hartzaileek 40 km inguru egin behar izaten dituzte oinez, herriko mendiak zeharkatuz. Badira ere beste kirol eta kultur jarduera batzuk ere, adibidez: Nazioarteko Folklore jaialdia, zine kluba eta aire libreko zinea, erakusketak, antzerkia emankizunak, Nahaste borraste herri proba, atletismo eta txirrindularitza lasterketak ... eta abar.

Gabon Zaharretako nekazal azoka
Gabon Zaharretako nekazal azoka