Elgoibar kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkargunea izango da Auzoko egitasmoaren 8. jaian

  • Ekainaren 11n, igandea, musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo da.
  • Euskara komunikaziorako tresna bihurtu eta aniztasunean oinarritutako euskal komunitatea eraikitzea da Euskaltzaleen Topaguneak bultzatutako proiektu honen helburua.
  • Egitasmoa martxan dagoen herrietan egiten den lana ikusarazteaz gain, parte-hartzaileek jai giroan bizipen eta esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute.
  • Egitaraua

Elgoibarren elkartuko dira aurten Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak. Ekainaren 11n, goizeko 11:30ean hasita, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturek bat egingo dute, denon artean euskaratik mundurako zubiak eraiki eta elkarrekin aniztasunean gozatzeko. Herriz herri egiten den lana plazaratzearekin batera, parte-hartzaileek bertaratzen diren euskaltzale guztiekin bizipenak konpartitzeko aukera polita eskaintzen du Auzoko Jaiak, inguruko zenbait elkarte eta kultur eragilerekin batera. Horretarako, musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoa osatu dute Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin. 

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere ongietorri ekitaldi txiki batek emango dio hasiera egunari Kalegoen plazan. Hamaiketakoaren ostean, gorputzak berriro martxan jarriko ditugu, herrian zehar egingo den musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidearekin. Ondoren, Maalako parkera zabalduko da festa, eta bertan zenbait tailer eta ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da, haurrentzako jolas gunea tartean. Gainera, bertaratutakoek Auzoko egitasmoaren saioetan egiten diren dinamikak ere hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte. Munduko Hizkuntzen Agertokian, bere aldetik, euskal doinuak beste hainbat herrialdetakoekin batera oholtzaratuko dira.

Eguerdi partean, geldialditxo bat egin eta mahaiaren inguruan batzeko unea helduko da, Auzokoko partaideek prestatutako jatorri anitzeko jakiak probatzeko. Azkenik, eguna hasi bezala bukatuko da, hau da, musika eta dantza artean, dantza afrikarren tailerrarekin eta plaza dantzen saio batekin emango baitzaio amaiera aurtengo festari. 

EUSKARATIK ZUBIAK ERAIKI

Urtean zehar egindako lanaren erakusleihoa da Auzoko Jaia, herri ezberdinetako partaideen artean sareak ehuntzen jarraitzeko tokia. Atzera begira, Bergaran ospatu zen lehen aldiz 2014an, eta, ordutik, Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan edo Arrasaten antolatu izan da, besteak beste. Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu da gaur egun aniztasunaren sare hori, Auzokok martxan dituen proiektuei esker. Horien bitartez haur, familia eta adin guztietako herritar heldu berriei zuzentzen zaizkie, eskoletan eta herrietako kultur eta euskara eragileekin batera hurbileko lana eginez. 

Euskaratik mundurako zubiak eraikitzea, edo, bestera esanda, euskaratik urrun bizi direnak (auzokideak) euskarara gerturatu eta hizkuntzaren bidez euren herrietan bertakotzeko aukera eskaintzea, helburu horrekin biltzen dira taldeak, euskaraz aritu eta elkarrekin bizikidetzarako espazioak sortzeko. Horietan euskal hiztunak ere ezinbestekoak dira, auzotarrak, alegia, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko. Honela, Euskal Herriko errealitate eleanitzari aitortza eginez, euskarara hurbiltzen direnei harrera integrala eskaini eta hizkuntza herritarren esku jartzen du Euskaltzaleen Topaguneak. 

Elgoibarren, esate baterako, auzotar eta auzokide familien topagune bihurtu da Auzoko Familiak ekimen parte-hartzailea. Hizkuntza eta aniztasuna oinarri hartuta, ikasturtean zehar batzen dira dinamizatzaile batek gidatutako saioetan edota familien artean adostutako ekintzetan. Hilean bitan egin ohi diren topaketa horietan eta egunerokotasuneko jardueretan ere elkarbizitzarako tokiak eraikitzea da gakoa, eta horretarako herriko museo eta txokoak ezagutu, mokadutxoak egin eta elkarren kultura partekatzeko hainbat jarduera antolatzen ditu Elgoibarko Izarrak Udalarekin elkarlanean.