Irailaren 21ean, larunbata, 18:00etatik 00:00etara, Dantz Point egitasmoaren ekitaldia izango da Azkue (San Roke) auzoko zelaian, Alternative Division kolektiboarekin batera. Bertaratzen direnek Balza, Enrico Vivaldi, Jainaz eta Acelga artisten musika elektronikoaz gozatzeko aukera izango dute.
Hala, Elgoibarko ondare gune esanguratsua den Azkue (San Roke) auzoak bizi izango du Dantz Pointen musika elektronikoa, eta herritarrek ekitaldi ireki honetaz gozatzeko aukera izango dute.
Dantz Point proiektua 2019an jaio zen, musika elektronikoaren eta garaikidearen performance artistiko eta sortzaileen bidez, ondareari balioa emateko helburuarekin, eta orain, Azkue (San Roke) auzora iritsiko da lehen aldiz.
Ekitaldi hori doakoa izango da, eta Azkue (San Roke) auzoko zelaia hartuko du datorren larunbatean 18:00etatik 00:00etara. Elgoibarko goiko aldean kokatua, berdegunez inguratutako San Bizente-San Roke baselizaren eraikina da inguru honetako interes guneetako bat. Ermita eraiki zeneko data zehatza ez den arren, eraikin honi buruzko lehen aipamenak 1451. urteko idazki batean ageri dira, nahiz eta ez den San Roke izenarekin agertzen, garai hartan, eraikina San Bizenteri eskainia baitzegoen. 1597an hartu zuen gaur egungo izena. Eraikina duela 130 urte baino gehiago berreraiki zuten, zehazki, 1888an. Inguruko beste interesgune bat makina-erremintaren museoa da, oinez, ermitatik 10 minutura dagoena. Interes berezia duen lekua da, Euskal Herriko industriaren historian izan duen garrantziagatik.
Alternative Division kolektiboa izango da Dantz Point ekimenean parte hartuko duen taldeetako bat. Elgoibarko hiru lagunek sortutako proiektua da, kultura elektronikoa zabaltzeko helburua eta, beti, tokiko eszenak oinarritzat hartzeko filosofia duena. Herriko DJen aldeko apustua egiten dute proposamen elektroniko gisa. 2023. urte amaieran zigilu gisa jarri zen martxan eta, gaur arte, 5 EP kaleratu ditu.
Hala, Dantz Point ekimenean parte hartuko duten gure lurraldeko artisten doinuek topaleku berezi bilakatuko dute Azkue auzoko zelaia.
Lau artistaren programazioak eskainiko dira Dantz Pointen programazioaren baitan
Hasteko, Jainaz eta Acelga izango ditugu. Bi artista horiek oso txikitatik hasi ziren elkarrekin musika partekatzen, minimal, techno eta house musika sustrai nagusitzat hartuta, eta urteen poderioz, soinu espektroa zabaldu zuten. B2b honen emaitza saio eklektikoak izan ohi dira, ekitaldia egiteko baliatzen den lekuaren eta unearen arabera definitzen direnak, eta ez, generoaren edo etiketen arabera.
Ondoren, Balzak jarraituko du. Artista hori, azken 20 urteotan, musika elektronikoan murgilduta ibili da, eta kolektibo, irrati, dj egoiliar, kluben gestioaz eta programazioaz arduratu da. 2015etik, Haus Of Beats asteroko irratsaioa aurkeztu eta zuzentzen du Bergarako Txapa Irratian. 2019an musika zigilu ere bihurtu zen, eta gaur egun arte, 4 artistaren beste hainbat lan kaleratu ditu binilo, kasete eta formatu digitalean. BET (Bergarako Elektronika Topaketa) jaialdiaren antolakuntzako partaide ere bada, 2020 urtean, 6 edizioa ospatu zuena. Zaila da bere saioetako musika definitzea; izan ere, nahiz eta house, techno eta elektro ardatz hartu, saltoka ibiltzen baita hainbat estiloren artean.
Azkenik, Enrico Vivaldi italiar-libanoar Dj eta ekoizlea izango dugu. Tokion jaio eta Milanetik datorren artista hau disko-biltzaile saiatua izan da urte askotan. Bere estiloak soinu ilunak zein argiak bildu eta oraina eta iraganaren artean ehuntzen ditu techno, progressive, elektro eta gainerakoak. Bere energiak bidaia hipnotikoetara eramaten du, erritmo frenetikoen bidez, une zakarragoak eta hunkigarriagoak txandakatuz. Vivaldiren soinua etengabe eboluzionatzen ari da, eta, etorkizun hurbilean, aurreikusiak ditu beste estreinaldi batzuk ere. Urteen poderioz, esperientzia lortu du, bai dantzalekuetan, bai baita ezkutuko lanean ere, neurri batean, Discosizer-en egondako egonaldiari eta bere Reibu proiektuari esker.
Ekitaldi honetan, bestalde, barra ere jarriko da ostalaritza zerbitzua eskaintzeko, eta bertan, jasangarritasuna sustatzeko, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira.
Dantz, Dantz Pointen sustatzailea, “kultur marka eta proiektuen laborategia” da. 2017an sortu zen Euskal Herrian, eta dagoeneko erreferente bihurtu da musika elektronikoaren sektorean. Bere ekimenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Dantz Academy (aurrez aurreko eta online prestakuntzako zentroa) eta Dantz Festival (uztailean zortzigarren edizioa egin da Donostiako Tabakalera, Donostia Arena edo Miramongo Anfiteatroa bezalako egoitzetan).
Dantzek antolatuko du Azkueko (San Roke) Dantz Pointa, Elgoibarko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sailarekin elkarlanean. Era berean, Keler etxearen laguntza izango du.