- Sozializazio Planaren topaketen datak hauek dira: urtarrilaren 16an, 16:00etan, Jubilatuen Biltokian; eta urtarrilaren 24an eta 31n, 19:00etan, Aita Agirreko areto nagusian.
Elgoibarko Udalak prest du 2023-2027 Legegintzaldi Plana, datozen lau urteetarako lehentasunak, helburuak eta udal-ekintzak taxutuko dituen gida estrategikoa. Plan hori Gobernu Taldeak elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta Elgoibar indartzen jarraitzeko oinarriak ezartzen ditu.
Dokumentuak 91 ekintza zehatz zehazten ditu, 28 helburutan eta 6 ildo estrategikotan multzokatuta. Ekintza horiek guztiak Elgoibar are leku oparoagoa eta bizigarriagoa izateko diseinatuta daude. Maialen Gurrutxaga alkateak datozen lau urteen garrantzia azpimarratu du: “Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik eta, plan honi esker, Elgoibar are hobea eraikitzeko aukera bihurtuko ditugu”.
Elgoibarko etxebizitza guztietan banatuko da dokumentua, eta bertan bizi diren guztiek herriaren etorkizunerako funtsezkoa den ibilbide-orri hau eskura izatea bermatuko da. Eta, era berean, Sozializazio Plana gauzatuko da, plana herritarrei hurbiltzea, zalantzak argitzea eta iradokizunak biltzea helburu duen ekimena, urtarrilaren bigarren hamabostaldian abian jarriko dena. Plan horretan gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin topaketa irekiak egingo dira. Sozializazio Planaren topaketen datak honako hauek dira:
- Urtarrilaren 16an, 16:00etan: Jubilatuen Biltokia.
- Urtarrilaren 24an, 19:00etan: Aita Agirre Areto Nagusia.
- Urtarrilaren 31n, 19:00etan: Aita Agirre Areto Nagusia.
Topaketa hauek aukera paregabea dira elgoibartarrek plana aberasteko eta Elgoibarko etorkizunaren eraikuntzan aktiboki parte hartzeko. Herritarrei parte hartzeko deia luzatzen zaie.