Bi zinema emanaldi asteburu honetan Udako Kultura Ilargipean Elgoibarren ekimenaren baitan

  • ‘Dantza’ eta ‘Super Maskoten DC Liga’ izango dira hurrenez-hurren, ostiralean eta larunbatean eskainiko diren filmak, biak 22:30ean, Kalegoen plazan. 
  • Horrekin batera, asteko egitarau kulturalak meditazio saioa, Dolmenen ibilbidea bisita gidatua, edota hausnarketa taldearen saio bat jasotzen ditu. 

Kulturak ez du etenik Elgoibarren ezta uda sasoian ere eta herritarrek hainbat kultur ekintzez eta ekitaldiz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute astez aste udako kultur eskaintza oparoari esker.

Eta hain zuzen gozamen horren baitan jasotzen da asteburu honetan, Udako Kultura Ilargipean kultur ekimenaren baitan eskainiko diren bi zinema emanaldiak. Ostiralean, uztailak 14, ‘Dantza’ filma eskainiko da. Pelikula musikala da hau, bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Eta dantza da hori kontatzeko filma hautatutako hizkuntza. 

Era berean, larunbatean, uztailak 15, ‘Super Maskoten DC liga’ filma eskainiko da, adin guztiei zuzendua. Kasu honetan, filmak Krypto supertxakurraren abenturak ditu hizpide. Krypto eta Superman lagun banaezinak dira, baina Superman eta Justiziaren Ligako gainerako kideak bahitzen dituztenean, Kryptok kaleko koadrila heterogeneo batekin topo egin (Ace Bati-untxaria, CV txerri vietnamita, Merton Dordoka eta Chip Urtxintxa) eta superheroiak erreskatatzen laguntzeko konbentzitzen ditu. Horretarako, beren barruan deskubritu berri dituzten botereak erabiltzen ikasi beharko dute.

Bi emanaldiak gaueko 22:30ean izango dira, Kalegoen plazan. 

 

Meditazioa, bisita gidatua eta hausnarketa taldearen saioa

Zinema emanaldiez haratago, ostegunean, uztailak 13, arratsaldeko 19:00etan meditazio saioa eskainiko da Kultur Etxeko sotoan, Isiltasun Eskolak antolatuta. 

Asteburuan, igandean, hain zuzen, ‘Dolmenen ibilbidea’ bisita gidatua eskainiko da, beste behin. Edertasun handiko paisaiak eta balio arkeologiko handiko interes-guneak ezagutzeko aukera paregabea da bisitaldi hau, ibilbidearen eta bere ingurunearen paisaia-balioa eta balio arkeologikoa herritarrei zein bisitariei ezagutzera emateko. 

Bisitaldia euskaraz eskainiko da eta 10:00etan irtengo da Karakateko aparkalekutik, Soraluzetik, alegia. Interesdunek 657  79 46 77 telefonora deitu behar dute izena emateko. 

Eta asteko kultur eskaintzarekin amaitzeko, astelehenean, uztailak 17, Hausnarketa Taldearen saioa egingo da, 18:00etan Lilan. Saioa elebietan eskainiko da, emakumeei zuzenduta dago eta ‘Zeresana: oztoporik handiena’ izango da saioaren gai nagusia, Loredi Salegik gidatuta. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.