Bertso jaialdiak Herri Eskolan eta Ikastolan

LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartzen dute ikasturtero Elgoibarko Udalak finantzatutako eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gidatutako “Gu ere bertsotan” egitasmoan. Ikasleek, ohikoa denez, astean ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, eta bertsoa izan dute horretarako bitarteko tresna. Eneko Beretxinaga soraluzetarrak zuzendu ditu aurtengo ikasturteko saioak, eta lau arlo landu dituzte nagusiki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak nahiz sozialak. Ikasturte honetakoa 19. edizioa izan da. 

Ikasturte bukaerako jaialdia antolatzen dute ikastetxeetan eta horien zabalkunderako bideoa ere prestatzen dute. Aurten ere, horrela egin da, eta Elgoibarko Udalak LH5ekoen jaialdia grabatzeko baliabideak jarri ditu eskolen eskura. Lotura honetan ikus daiteke 11 ikusteko enpresaren laguntzaz egindako bideo laburpena:

Gu ere bertsotan 2024

Bideo laburpena eta LH5ekoen jaialdi osoarena eskolen web atarietan ere jarriko dute ikusgai. Honen helburua izan da, alde batetik, egitasmoan parte hartu duten ikasleen gurasoek eta, oro har, herritarrek egitasmo honen berri izatea, eta bestetik, ikasleek egindako ahaleginaren emaitza erakustea.