- Kanpainak euskal hiztunei GAITU.EUS atarian sartzeko eskatzen diete beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko.
- Ekimenarekin bat egin dute Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak, eta grabazioak 10:00ak eta 13:00ak artean gauzatuko dira Aita Agirre Kulturgunean.
Egungo teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte eta euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, GAITU kanpaina jarri dute abian Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean. Euskal hiztunei GAITU.EUS atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko.
Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten euskarazko materiala. Abenduaren 3a bitartean egin nahi dute ahalegin berezia, Euskararen Nazioarteko Egunerako.
Teknologiak hizkuntzarekin “harreman zuzena” duela erakusten duten adibide ugari ditugu eguneroko bizitzan: mugikorrari diktaketa bidez emandako mezuak; pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko agindua; ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edota etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak. Makinek euskara ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar zaie.
Gaitu.eus webgunea sortu dute horretarako, eta Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu:
- Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera ematen da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin hori eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.
- Bestetik, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat entzun eta hori ontzat ematea da.
Grabazio masiboa, Elgoibarren
Ekimenarekin bat egin dute Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak, eta abenduaren 2rako grabazio masiboa antolatu dute. 11:00etatik 13:00ak bitartean izango da, Aita Agirre kulturgunean. 13:30etan BRILET taldearen kontzertu akustikoarekin emango zaio amaiera ekitaldiari.
Parte hartzeko gomendarria da aurrez izena ematea kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita edota 643 499 169 telefono zenbakira deituta (Amaia). Ahots grabazioa egiteko prest dauden herritarrek euren gailua (mugikorra, eramangarria …) eta aurikularrak ekarri beharko dituzte egunean bertan.
Helburua euskal hiztunen komunitateak Gaitu proiektua bere egitea da eta Udalaren eta Elgoibarko Izarraren egitekoa da herritarrak parte hartzera bultzatzea eta parte-hartze hori erraztea.