Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Goierriko, Debagoienako eta Debabarrenako alkateekin elkartu da Lurraldebusen indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa prestatzen aurrera egiteko

  • Bilera Elgoibarren izan da, eta bertan izan dira, hurrenez hurren, alkate andre hauek: Elgoibarko Maialen Gurrutxaga, Debako Alazne Txurruka, Arrasateko Maider Morras, Oñatiko Izaro Elorza eta Segurako Izarra Urdalleta.Gai honen inguruko hirugarren bilera da, joan den astelehenean Tolosaldeko ordezkariekin eta joan den astean Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Buruntzaldea, Urola Kosta eta Urola Erdiko udaletako ordezkariekin izandako bileraren ondoren.

 

  • Foru diputatuak azaldu duenez, topaketa horien helburua da, udal eskumenekoak izan arren, garraio publikoaren erabileraren segurtasunean eragina duten gaiak jorratzea, hala nola autobus geralekuak eta haien kokapena, indarkeria matxistarik gabeko espazioak lortzeko bidean aurrera egiteko.

 

  • Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak dionez: “Honako protokolo honen helburua da garraio publikoan emakumeen segurtasuna bere osotasunean lantzea, alegia, joan-etorriak irauten duen denboran baina baita geralekuetan dauden bitartean edota haietara iristeko bidean daudenean ere, espazio horietan guztietan indarkeria matxistarik egon ez dadin. Hori dela eta, Gipuzkoako emakumezko alkateekin elkartu gara, administrazio guztien eskumena baita garraio publikoa zerbitzu jasangarri, eroso, seguru eta lehiakorra egiteaz gain, emakumeentzako segurua ere izatea”. 

 

Bidasoako, Oarsoaldeko, Buruntzaldeko, Urola Erdiko eta Urola Kostako alkateekin joan den astean egindako lehen bilera eta Tolosaldeko alkateekin astelehenean izandako bigarren bileraren ondoren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak hirugarren bilera bat izan du, oraingoan Goierriko, Debagoieneko eta Debabarreneko alkateekin, Lurraldebusen indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa prestatzen jarraitzeko.

Horretarako, Elgoibarko Maialen Gurrutxaga, Debako Alazne Txurruka, Arrasateko Maider Morras, Oñatiko Izaro Elorza eta Segurako Izarra Urdalleta alkate andreak bildu ditu. 

Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, topaketaren helburua da Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa lantzea, ikuspegi integral batetik. Protokolo horrek barne hartzen du zerbitzuak eskaintzea autobusen barnean, geralekuetan eta haietarako sarbideetan (azken bi horiek udalaren eskumenekoak dira). Izan ere, diputatuak emakume elkarteekin eta Lurraldebuseko emakidadun zein emakumezko erabiltzaileekin izandako topaketen ostean, egiaztatu ahal izan da emakumeek jasandako segurtasunik gabeko une batzuk ibilgailutik kanpo gertatzen direla. Horrenbestez, lan egin nahi da autobus geralekuak ere indaria matxistarik gabeko guneak izan daitezen. “Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guztientzako espazio seguru bat izatea, baita igo baino lehen ere. Horretarako, elkarlanean aritu behar dugu udalekin, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak ezabatzeko pausoak emateko”, nabarmendu du diputatuak. 

 

Hamar erabiltzailetik sei, emakumeak

Datuen arabera, Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duten hamar pertsonatik sei emakumeak dira. 

Azahara Dominguez diputatuak bilkurak egin ditu jada zenbait emakume talderekin, Lurraldebusen jarduten duten emakidadunetako langileekin eta emakumezko erabiltzaile taldeekin, eta ekarpenak egin dizkiote protokoloari. Horrez gain, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eskatu die autobusak erabiltzen dituzten emakumeei 18 puntuko galdetegi erraz bat betetzeko, emakumeek garraio publikoa erabiltzen dutenean zer-nolako bizipenak dituzten ezagutzeko. 

“Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasun modu indartsuenetako bat da, eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen konpromisoa behar da indarkeria hori desagerrarazteko bidean aurrera egiteko. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik eskuz esku lan egin nahi dugu Lurraldebusen unibertsoa osatzen duten eragile guztiekin, langile zein erabiltzaile, eta zerbitzua ematen dugun udaletan, gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitzeko. Garraio publikoa pertsonen beharretara egokitu behar da, jakina, baina orobat beharrezkoa da gure emakumezko erabiltzaileak eroso eta seguru egotea garraio publikoa erabiltzen dutenean. Garraio publikoak jasangarria, erosoa, lehiakorra, irisgarria eta, jakina, segurua izan behar du erabiltzen duten pertsona guztientzat; izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu erabiltzaile kopuruari eustea eta geroz eta gehiago izatea”.