Ate Irekiak eta Nuala elkartearentzako ‘Igeriketa erronka solidarioa’ Olaizaga kiroldegian larunbat honetan, abenduak 17

  • Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibar Igeriketa Taldeak elkarlanean antolatuta, Olaizaga igerilekuan Ate Irekien saioak izango dira, uretako puzgarriak, haurrentzako kanoak, eta igeriketa erronka solidarioa, zeinak ahalik eta metro gehien igerian egitea izango duen helburu. 
  • Sarrera doan izango denez, Olaizaga Kiroldegiko sarrerako tornoetan kutxa bat jarriko da eta bertan igerilekura sartzen diren erabiltzaileek beren babesa erakutsi ahal izango diote Nuala elkarteari. 

Elgoibarko Kirol Patronatuak ‘Igeriketa erronka solidarioa’ antolatu du larunbaterako, abenduak 17, eta bertan jasotako diru guztia Nuala elkarteari emango zaio. Aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsona eta lagunen irabazi asmorik gabeko elkarte elgoibartarra da Nuala eta pertsona hauen ikuspena eta ongizatea bermatzea du helburu.

Abenduaren 17an, egun osoz Olaizaga Kiroldegiko igerilekuan Ate Irekiak egingo dira. Udal Kirol Patronatuko bazkide egitera animatzea izango da helburua. Horrez gain, egunean zehar hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da, Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibar Igeriketa Taldeak elkarlanean antolatuak.

Goizez, 10:00etatik 13:00etara, igerileku berrian Uretako puzgarriak eta igerileku txikian umeentzako kanoak egongo dira eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30etara IGERIKETA ERRONKA SOLIDARIOA izango da igerilekuan, hau da, igerilekura etortzen diren erabiltzaile guztien artean zenbat metro igerian egiten diren neurtuko da. Denen artean ahalik eta metro gehien igerian egitea izango da erronka solidarioa.

Sarrera doan izango denez, Olaizaga Kiroldegiko sarrerako tornoetan kutxa bat jarriko da eta bertan igerilekura sartzen diren erabiltzaileek beren babesa erakutsi ahal izango diote Nuala elkarteari. 

Honela, Udal Kirol Patronatuak Covid-19aren pandemia aurreko ohitura berezi honi berrekin dio. Ospatutako aurreko bi edizioetan, 2018 eta 2019, jasotako dirua Fibrosis Kistikaren Arnasa elkarteari eta Aspanogiri eman zitzaion. 

 

Elgoibartarren ia %30a da abonatu

Pasa den udan, Mintxetako igerilekuak martxan zeudela, abonatu kopurua 4216 izan zen, hau da, Elgoibarko biztanleen %36a Udal Kirol Patronatuko abonatua zen, horietatik %52a gizonezkoak eta %31a emakumezkoak. Momentu honetan 3281 abonatu ditu Udal Kirol Patronatuak, biztanlegoaren % 29,37a. 

Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen ikastaroei dagokionez hilabetero 789 pertsonek parte hartzen dute. Horietatik 394 pertsona daude Igeriketa ikastaroetan eta 393 lehorreko edo aretoko ikastaroetan.