- Helburua da aniztasun funtzionala duten haur eta gazteei kirola egiteko aukera bermatzea, jakinik onura zuzena duela beraien garapen integralerako.
Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak aniztasun funtzionala duten herriko haur eta gazteei zuzendutako bi programa ditu abian egun: hainbat urtetan garatzen diharduen igeriketa egokitu ikastaroa eta pasa den ekainean informazio saio irekia egin ostean, Eskola Kirol Egokitua jarri dira abian.
Helburua da aniztasun funtzionala duten haur eta gazteei kirola egiteko aukera bermatzea, jakinik onura zuzena duela beraien garapen integralerako.
Alde batetik, Igeriketa Egokituan, Olaizagako igerilekuan, haur eta gazte bakoitzari astean saio bat eskaintzen zaio. 10 haur eta gaztek parte hartzen ari dira Igeriketa Egokitua programa honetan.
Bestetik Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean azaroaren 15ean Eskola Kirol Egokitua programa jarri zen abian Olaizaga Kiroldegian. Asteartetan, haurrei 17:00etatik 18:00etara eta gazteei 18:00etatik 19:00etara, eskaintzen die Federazioak astean saio bat, gimnasioan. EKE programa honetan 9 haur eta gaztek eman dute izena eta 4 monitorekin aritzen dira jarduera fisikoaren bitartez hainbat helburu lantzen.