- “La Ruta que nos lleva a Nosotras” erakusketak Alba Duqueren obran zehar ibilbide artistikoa irudikatzen du, genero- eta espazio-estereotipoei aurre eginez, eta emakumeen bizipenen ikuspegi zabala eta askotarikoa eskainiz.
Elgoibarko Udalak Alba Duque artistaren “La Ruta que Nos Lleva a Nosotras” izeneko argazki erakusketa eskeiniko duela iragarri du, martxoak 8rako antolatutako ekintzen baitan. Esposizioa Haizea Emakume Taldeak, Ongarri Argazki Taldeak eta Udalak elkarlanean antolatu dute. Elgoibartarrek martxoaren 1etik 15era izango dute esposizioa ikusteko aukera, Kultur Etxeko erakusketa aretoan, 18:30etatik 20:30etara.
Inaugurazioaren barruan, Alba Duquek bisita gidatua eskainiko du martxoaren 1ean, ostirala, 18:30ean, bere obra zuzenean arakatzeko eta sakonago ulertzeko aukera paregabea eskainiz.
“La Ruta que nos lleva a Nosotras” erakusketak Alba Duqueren obran zehar ibilbide artistikoa irudikatzen du, genero- eta espazio-estereotipoei aurre eginez, eta emakumeen bizipenen ikuspegi zabala eta askotarikoa eskainiz. Erakusketak bizitasunez eta aniztasunez beteriko mundu batean murgiltzera gonbidatzen ditu bisitariak, gorputz eta pertsona ezberdinak nabarmenduz. Zehazki, erakusketak zalantzan jartzen du heldutasunerako bidearen pertzepzioa, eta espazio seguru bat eskaintzen du, non erretratatutakoek beren ahultasun indibidualak gainditzen dituzten, ahalduntze kolektibo bihurtzeko.