Izen eta abizenen grafia euskalduntzea pausu garrantzitsua da euskal kultura eta nortasuna babesteko. Helburua da nortasun dokumentu ofizialetan gure izen-abizenak euskaraz ganoraz idatzita edukitzea. Gaztelerazko grafia daukagunon kasuan pausu bat ematea proposatzen da.
Horren inguruan arituko da Mikel Gorrotxategi Nieto, Euskaltzaindiako Onomastika batzordeko arduraduna, eta “Euskal Herriko deituren ezaugarriak, historia eta sorrera” hitzaldia eskainiko digu abenduaren 2an, astelehena, 18:30ean, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Hitzaldian azalduko dizkigu ondorengoak:
- Nola eta noiz sortu ziren gaur egun ditugun deiturak.
- Zer erabiltzen zen jendea bereizteko deiturarik ez zegoenean.
- Euskal Herrian dauden deitura mota desberdinak
- Berezitasunak: ugaritasuna, sistema ez patriarkala.
- Gure deiturek izan dituzten gertaerak: aldaketak, laburtzea, erdaratzea…
Udalak eta Elgoibarko Izarrak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, eta EUDELek babestua, antolatu dute hitzaldi hau. Bide batez, izen eta abizenak euskaldundu nahi dutenentzako argibideak ere emango dituzte Udalak eta Elgoibarko Izarrak.