- Ekimen honen bigarren fasean, gipuzkoarrek 36 proiekturen artean 10 aukeratu behar dituzte. Aldundiaren karpa egun osoan egongo da Elgoibarren
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2023ko Aurrekontu Irekiek martxan dute bigarren fasea eta, testuinguru honetan, foru erakundearen karpa Elgoibarren dago gaur egun osoan zehar, elgoibartarren iritzi eta botoak jasotzen. Fase honetan, herritarrek aurregingo du bozka gehien jasotzen dituzten ekimenak gauzatzeko. Mikel Pagola Herritarren Partaidetzako foru zuzendariak azaldu duenez, udaberrian egin zen ekimenaren lehenengo faseak “oso emaitza onak” utzi ditu, 1.541 herritarrek 2.398 proposamen egin baitituzte. “Orain, bigarren fase honetan, Aldundia kalera bota da, eta herriz herri eta plazaz plaza gabiltza, gipuzkoarren kezkak eta beharrak entzuten. Horregatik gaude gaur Elgoibarren”, azaldu du.
Pagolarekin batera egon da Ane Beitia Elgoibarko alkatea. Foru zuzendariak gogoratu du ekimena Etorkizuna Eraikizeko parte dela, eta proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean duen garrantzitsuena. Pagolak azaldu duenez, 2022-2023 Aurrekontu Irekiak udaberrian jarri ziren martxan eta orduan, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra egin zen lehenengo fasean, sake librean eskaini zitzaien herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera. “Herritarren erantzuna oso ona izan da: 2.398 proposamen jaso ditugu, 1.541 lagunek hartu dute parte, eta 88 udalerrietatik jaso ditugu proposamenak. Lehen faseari buruz egiten dugun balorazioa, beraz, oso ona da”, adierazi du.
Azken hilabeteetan, lehenengo fasean herritarren egin dituzten proposamen hauek guztiak aztertu eta Aldundiko teknikariek “forma” eman diete, proiektuak identifikatu eta osatuz. 36 proiektu aurre aukeratuko dira eta orain, bigarren fasean, 36 proiektu horien artean aukeratu beharko dute herritarrek: zehazki, herritar bakoitzak 10 aukeratu beharko ditu. Irailaren 12an hasi eta urriaren 7ra bitartean ari dira egiten fase hau, eta lau parte hartzeko modu daude: gipuzkoa.eus/partaidetza webgunearen bidez; postaz etxean jasoko den txartelen bidez; Aldundian eta udaletako informazio bulegoetan parte hartze txartelak utziz; edota herritarrekin aurrez aurre topaketetan bozkatuz. Azken puntu honetarako, bigarren fase honetan karpa bat dabil herriz herri, eskualde guztiak bisitatuko dituena. “Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak eta, guztira, 2 milioi euro bideratuko ditugu honetara”, esan du Pagolak.
Fase hau amaitu ostean, urri erdian, parte hartze prozesu guztiaren emaitzak jaso eta gizarteratuko dira, eta herritarrek aukeratu dituzten proiektuak martxan jarriko dira. “Beraz, herritarrei parte hartzera animatzea besterik ez zaigu geratzen. Aldundi bezala, ilusio berezia egiten digun ekimena da Aurrekontu Irekiena, herritarrentzako partaidetza bide zuzen eta zabala baita. Eta, udazken honetan, gainera, berriro ere kalean herritarrekin aurrez aurre egoteko aukera ematen digu ekimenak; are bereziago egiten du honek egitasmoa”, nabarmendu du Pagolak. Amaitzeko, gogoratu du pasa den urteko prozesuan, fase guztietan, 7.000 lagunek hartu zuten parte, eta 2022-2023 Aurrekontu Irekien erronka zenbateko hori hobetzea dela.