2023ko zerga eta tasak izoztea onartu du Elgoibarko Udalak

  • Hala adostu zuten pasa den asteazkenean, irailak 28, egindako Osoko Bilkuran EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdien aldeko bozkarekin eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. 
  • Tasa eta zergak izozteaz gainera, hobariak indartu eta egonkortuko dira, bereziki energia eraginkortasunari dagozkienak.
  • Auto-taxien tarifak onartuta 2023rako.

2023ko tasa eta zerga guztiak izoztu ditu Elgoibarko Udalak. Hala adostu zuten pasa den asteazkenean, irailak 28, egindako Osoko Bilkuran EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdien aldeko bozkarekin eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. 

Tasa eta zergak izozteaz gainera, hobariak indartu eta egonkortuko dira, bereziki energia eraginkortasunari dagozkienak.

30 egunez jendaurrean egongo da 2023rako onartutako zerga eta tasen proposamena, nahi duen orok alegazioak egin ditzan. 

Honakoak dira gauzatutako egokitzapenak: 

Ondasun Higiezinei buruzko zerga: 

Familia ugariagatiko hobarian, familia ugariaren ziurtagirian agertzen diren familiako kide guztiak zerga honen zortzapena gertatu baina lehenagotik Elgoibarren erroldatuta badaude bakarrik emango da hobari hau. Familia hau zortzapena gertatu baino lehenagotik bizi den Elgoibarko etxebizitzari dagokion ordainagiriari aplikatuko zaio hobaria. 

Eguzki plaken hobariari dagokionez, etxebizitzak ez diren eraikinen kasuan hobariaren aplikazioa aurreratzeko aldaketak txertatu dira: egun asko atzeratzen da plakak instalatu eta urte oso bat itxaron behar baita kontsumoak ikusi eta hobaria aplikatzen hasi ahal izateko. Bestetik, hobari honetan bertan eraikinak 2005. urtea baino lehenagokoak izan beharra ere kendu da. 

Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga:

Familia ugariagatiko hobarian, familia ugariaren ziurtagirian agertzen diren familiako kide guztiak zerga honen zortzapena gertatu baina lehenagotik Elgoibarren erroldatuta badaude bakarrik emango da hobaria. 

Kirol instalazioen erabilerako deskontuak: 

Familia ugarientzat, familia unitatearen PFEZko zerga oinarri orokorraren muga ezarrita. Hobarien portzentajeak, diru-sarreren eta seme-alaba kopuruaren arabera kalkulatuko dira: 0-30.000 euro artean, 2 seme-alaba edo gehiago izateagatik, %40ko deskontua. 30.000 eta 50.000 euro artean, 3 seme-alaba izateagatik %20ko hobaria eta 4 seme-alabagatik %30ekoa. 

Herriko Antzokiko instalakuntzen erabilpena: 

Haurrentzako zine emanaldiaren prezioa 3,5 eurotik 3 eurora pasako da, gazteekin parekatzeko. Berdin haurrentzako antzerki emanaldiarekin. 19:00etako larunbatetako saioan nerabeen eta umeen sarrera 3 eurotan izango da. 

Hilerria: 

Bi tarifa egokitzapen: Kolunbarioa 10 urterako uztea, 135€; eta Kolunbarioari dagokion hilerriko zerbitzua (errautsak kolunbarioan sartzea): 70€ 

Ludoteka zerbitzua: 

%70 deskontua gizarte izaerako dirulaguntzaren bat (Diru -sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte -larrialdietarako Laguntza) jasotzen dutenentzat.

Familia ugarientzat, familia unitatearen PFEZko zerga oinarri orokorraren muga ezarrita. Hobarien portzentajeak, diru-sarreren eta seme-alaba kopuruaren arabera kalkulatuko dira, honela hain zuzen: 1-24.000 euro arteko sarrerak, 2 seme-alaba edo gehiago izateagatik, %70eko hobaria. 24.000 eta 50.000 euro arteko sarreren kasuan, 3 seme-alaba izateagatik, %30. 4 seme-alaba izateagatik, %40. 

 

Auto-taxien tarifak onartuta 2023rako

2023rako Elgoibarko herri barruko garraiorako auto-taxien tarifak onartu ditu Elgoibarko Udalak. AGITAX Taxien Gipuzkoako Elkarteak egindako %10,5eko gehitzea onartu da. : 

  • 1 tarifa. Gutxieneko tarifa: 5,9745. Egindako kilometroa: 1,4961. Itxaron ordua: 19,9966. 
  • 2 tarifa. Gutxieneko tarifa: 6,5055. Egindako kilometroa: 1,6558. Itxaron ordua: 21,0269. 

Gutxieneko tarifak 1,5 kilometroko ibilbidea eta 5 minutuko itxaronaldia hartzen du. 

Lehen tarifa lanegunetan ezarriko da, 7:00etatik 23:00etara. 2. tarifa egunero ezarriko da, 23:00etatik 7:00etara, larunbatetan eta jaiegunetan egun osoz.