Iñigo Urkulluk BERKOA kooperatibako marruskadura-soldadurako lehen makina abian jartzen lagundu du, Estatu osoan bakarra.
Lehendakariak ziurtatu du makina-erreminta funtsezko industria-sektorea dela euskal ekonomiarentzat, eta horretarako BERKOA kooperatibaren adibidea jarri du; izan ere, BERKOA kooperatibak marruskadura-soldadurako lehen makina aurkeztu eta abian jarri du – Estatu osoan bakarra -, eta Lortek Zentro Teknologikoaren laguntza izan du.
Ane Beitia Elgoibarko alkatearekin eta Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iñigo Urkulluk makina-erreminta fabrikatzen duen Elgoibarko kooperatiba horren instalazioak bisitatu ditu. Bertan, Ikasmak hezkuntza-makinen lehen seriea ere ezagutu du.
Bisitaldiaren ondoren, lehendakariak adierazi du enpresaren hiru printzipioak (berrikuntza, dedikazioa eta gogoa) kooperatiba partekatzen duten pertsona guztien parte-hartzea eta integrazioa bultzatzen duen proiektu komun gisa ulertzeko modu bat direla.
Bere hitzaldiaren beste une batean, adierazi du makina-erremintaren sektoreak badakiela eraldaketa teknologikoaren eta digitalaren erronkei aurre egiten, merkatu ireki eta oso lehiakor batean, eta ziurtatu du Jaurlaritzak eta euskal erakundeek sektore horri laguntzen jarraitu dutela, industrian eta zerbitzu aurreratuetan Barne Produktu Gordinaren % 40 gainditzeko.
“Ildo horretan, berrikuntza eta produkzioaren nazioartekotzea bultzatzera bideratutako programak babesten jarraituko dugu” esan du Lehendakariak eta eta gogorarazi du, apirilean Ukrainako gerraren ondorioei buruz egindako Osoko Bilkuran, onartu zela Gizarte Babeserako Funts Berezi bat 15 milioi eurorekin; Ekonomia eta Enplegua Babesteko beste Funts bat 131 milioi eurorekin; eta enpresen likidezia-beharrei erantzuteko neurri berriak 40 milioirekin.