Hiru udaleku mota egongo dira, udaleku irekia, udaleku ibiltaria eta surf udalekua.
2010ean jaiotako nerabeentzat ere eskaintza berezia antolatu da: gazteleku zerbitzua ezagutu eta sukaldaritza, jolasak eta eskulanak egiteko aukera izango. Egun hauetarako inskripzioa zabalik dago.
Helburua da nerabeei kalitatezko aisia aukerak eskaintzea.
Elgoibarko Nerabeen Zerbitzuak uda honetarako plan ezberdinak antolatu ditu, besteak beste, udalekuez, irteerez eta tailer ezberdinez osatua. Helburua da nerabeei kalitatezko aisia aukerak eskaintzea. Guztira 158 nerabek eman dute izena ekintza ezberdinetan.
Hiru udaleku mota egongo dira, udaleku irekia, udaleku ibiltaria eta surf udalekua:
Udaleku irekian 22 nerabek parte hartuko dute eta bost egunez, plan ezberdinez gozatzeko aukera izango dute. Ekainaren 27tik uztailaren 1era, kaja tailerra, laser parkera irteera, Zarautzen iluntzeaz gozatu, Gamarrako parkera irteera eta Deban boleibol txapelketa egingo dituzte.
Udaleku ibiltariari dagokionez, 25 nerabek, Elgoibartik Oñatirako bidea egingo dute oinez uztailaren 11tik 13ra. Ibilbidean zehar, Bergara eta Oñati herriak ezagutu, gaubelak ospatu eta bertako gaztelekuetaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Surf udalekuetan bost nerabek lau egunez Zumaiako Itzurun hondartzan, surf ikastaroan parte hartuko dute uztailaren 26tik 30era.
Udalekuez gain, hainbat egun-pasa ere antolatu dira. Uztailaren 4ean Mendexako Abentura Parkera egingo da irteera eta ekintza honetan 36 nerabek eman dute izena. Ondoren Lekeitioko herria ezagutu eta bertako hondartzara joateko aukera izango dute. Uztailaren 6an Logroñoko ur parkera izango da irteera eta eskainitako 25 plazak bete zirela ikusirik, uztailaren 7an irteera errepikatuko da beste 27 neraberekin. Uztailaren 18an Zubietako paintballaz gozatuko dute 10 nerabek eta ondoren arratsaldea Donostian pasako dute. Uztailaren 20an berriz, zortzi nerabe Barakaldoko Ongravity parkera joango dira, salto eta skate-a praktikatu eta zenbait teknika berri ikastera.
2010ean jaiotako nerabeentzat ere eskaintza berezia antolatu da. Urte horretan jaiotakoek hurrengo ikasturtean izango dute gaztelekuan izena emateko aukera baina uda honetan zerbitzua ezagutu eta sukaldaritza, jolasak eta eskulanak egiteko aukera izango dute ekainak 24, uztailak 8 eta 15ean. Egun hauetarako inskripzioa zabalik dago eta https://labur.eus/efFa6 loturan, gaztelekuan bertan edo telefonoz egin daiteke.
Aipaturiko ekintza guzti horiez gain, ekainaren 22an Eibarren truke jolasa, ekainaren 23an udaleku ibiltaria antolatzeko bilera, pizza txapelketa uztailak 5ean, tie-dye ikastaroa uztailaren 22an eta lagun taldeko planak ere izango dira hainbat egunetan.