Aisa I oinarrizko euskara ikastaroa da, 60 ordukoa eta gai motibagarriak lantzen dira, gure gizartea ezagutzen lagunduko dutenak: agurrak, zenbakiak, eskola, garraioa…
Egitasmoaren xedea da Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea, euskara erdigunean jarri, herriko beste familiekin harremanak sustatu, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortu eta elkarbizitza berdintasunean eraikitzeko.
Iazko udazkenean, Udalak eta Elgoibarko Izarra topaguneak “Euskarara Hurbiltzen” izeneko egitasmoa jarri zuten abian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Topagunearekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean. Egitasmoaren xedea da Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea, euskara erdigunean jarri, herriko beste familiekin harremanak sustatu, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortu eta elkarbizitza berdintasunean eraikitzeko.
Proiektu horren baitan, bertan parte hartzen duten guraso batzuek euskara ikasteko nahia adierazi dute, eta horren haritik, euskara ikasteko taldetxo bat sortu da, 8 lagunekoa. Taldea, AISA I ikastaroa egiten ari da, otsailean hasi eta ekaina bitartean, Zabaltzen-Sartu Elkarteak Ubitarten dituen lokaletan. Ikastaroa egiten ari diren guztiak emakumeak dira, eta gehienak, amak. Euskara ikasten jarduten dute elkartekideek beste formazio ekintza batzuk egiten dituzten leku berean, Debabe Udal Euskaltegiko irakasle baten gidaritzaren pean, haurrak eskolan dauden bitartean.
Maialen Gurrutxaga, Udaleko euskara zinegotzi arduraduna, bisitan joan zaie, eta ikastaroan ari direnek klaseetan gustura daudela adierazi diote. Horrexegatik, Udalak ahalegina egingo du taldetxo horrek euskara ikasten jarraitu eta AISA II ikastaroa egin dezan.
Aisa I ikastaroa
Aisa I oinarrizko euskara ikastaroa da, 60 ordukoa, eta HABEk propio diseinatutako materiala erabiltzen da.
Ikastaro horretan, gai motibagarriak lantzen dira, gure gizartea ezagutzen lagunduko dutenak: agurrak, zenbakiak, eskola, garraioa, osasuna, kirola, merkataritza… Era berean, garrantzia berezia du hiztegiak eta hizkuntzaren oinarrizko ulermenak (kaleetako errotuluak, kartelak…).
AISA ikastaroei buruzko informazioa nahi duenak herriko euskaltegietara jo dezake.