Elgoibarko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari laga dio Pilarreko ikastetxe zaharraren orubea Errezabal egoitza berria eraikitzeko

Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko da, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

110 eta 130 plaza artean, Eguneko Zentro berri bat eta 70 eta 150 plaza arteko lurpeko aparkaleku bat izango ditu, besteak beste.

Aparkalekuari dagozkion obrak Elgoibarko Udalak burutuko ditu.

Elgoibarko Udalak Pilarreko ikastetxe zaharraren orubea Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku lagatzea onartu du, bertan Errezabal egoitza berria eraikitzeko. Egoitza horrek 110 eta 130 plaza artean eta Eguneko Zentro berri bat izango ditu. Hala onartu zuen osoko bilkurak asteazken honetan, maiatzaren 4an, egindako ohiko bilkuran, EAJ-PNVren (8 boto), EH Bilduren (7) eta PSE-EEren (1) aldeko botoekin. Elkarrekin Podemos (boto 1) abstenitu egin da.

 

Lagapena bi erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Lagapena egin aurretik, partzelaren kalifikazio juridikoa aldatzea onartu zen, lagapena egin ahal izateko beharrezko izapideak eginez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza berria eraiki ahal izateko, beharrezkoa da lurzoruaren titulartasuna izatea. Finkaren azalera osoa 7.500 metro koadrokoa da. Ekipamendu-eraikin berria ezarriko den zatiak 4.250 metro koadroko azalera du, eta zati hori utzi zaio Foru Aldundiari.

Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko da, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Instalazio berria 2023aren amaieran irekitzea aurreikusten da.

Ane Beitia Elgoibarko alkateak adierazi duenez, “Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Errezabal Egoitza legegintzaldiko proiekturik garrantzitsuenetako bat delako Elgoibarko Udalarentzat. Proiektu konplexua eta oso delikatua da, eta etengabe eta inplikazio osoz ari gara lanean. Asmo handiko proiektua da, lankidetzazkoa, adinekoak eta mendekoak zaintzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta. Eragin zuzena izango du elgoibartarrengan, eta herritarrei zainketa-zerbitzu aurreratua eta kalitatezkoa eskainiko die hurbilen duten eremuan. Apustu estrategiko partekatua, tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin”.

110-130 plaza eta eguneko zentro berria

Elgoibarko adinekoentzako egoitza berriak 110 eta 130 plaza artean izango ditu, bizikidetza-unitate txikietan banatuta, eta El Pilar ikastetxeko lursailean kokatuko da. Errezabal izena izango du, Pilarreko Gurasoen Elkartearen omenez, zeinak, aldi berean, bertan dagoen baserriaren izena hartu zuen. Egoitzaz gain, laguntza-ekipamenduak 30 edo 40 plaza dituen eguneko zentro bat hartuko du.

Egoitza berriak 10.500m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera. Ekipamendu berri hori 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da, gehienak banako logelak izango dira (logelen % 75 gutxienez), eta komunitatera irekita egongo da, inguruan izango dituen berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin, eguneko zentro batekin (40 plaza), unitate psikogeriatriko batekin (12-15 plaza izango ditu), eta 70 eta 150 aparkaleku artean izango ditu.

Aparkalekuari dagozkion obrak Elgoibarko Udalaren kontura egingo dira. Ustiapena udalaren eskumen esklusibokoa izango da.

Era berean, Urazandi auzorako oinezkoentzako bigarren ibilbide irisgarria izango den igogailu publikoaren lehen zatia garatuko da ere.