TREBA Gurasoak ekimenak eta Elgoibarko Udalak ‘Guraso-banaketa osasuntsu baten alde’ hitzaldia antolatu dute haur eta nerabeen gurasoentzako

Datorren maiatzaren 20an izango da Aita Agirre Kultur Guneko areto nagusian, 18:00etan, eta euskaraz eskainiko da.

Maiatzaren 18an itxiko da izen ematea.

TREBA Gurasoak ekimenak eta Elgoibarko Udalak haur eta nerabeen gurasoentzako ‘Guraso-banaketa osasuntsu baten alde’ hitzaldia antolatu dute, euskaraz, datorren maiatzaren 20rako. 18:00etan hasiko da, eta Elgoibarko Aita Agirre Kultur Guneko areto nagusian eskainiko da.

Hitzaldiko trebatzailea Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta haur-masajeko hezitzailea izango da. Bikote-harremana hasi eta amaitu daiteke baina aita-amek guraso izaten jarraituko dute, eta hori dela eta, erronka horretan sortzen diren gaiei aurre egiteko lagungarriak izan daitezkeen baliabideekin praktikatzeko aukera izango da tailer honetan.

Bestalde, tailer honekin lortu nahi dena da erabakiak helduongan piztu dezakeenaz jabetzea, guraso izaten jarraitzea, bikote izan gabe, haurrei informazioa emateko oinarrizko jarraibideak eskaintzea, eta erabakiak haurrengan izan dezakeen eraginaren aurrean, haien bidelagun izatea.

Eguneroko bizitzako adibideetan oinarritutako teoria aurkeztu ondoren, hausnarketarako eta galderak egiteko aukera zabalduko da.

Hitzaldirako izen ematea irekita dago dagoeneko https://labur.eus/Tguraso webgunean. Informazio gehiago 943 741 050 (308 luzapena) telefonora deituz edo gazteria@elgoibar.eus helbidera idatziz eskainiko da. Maiatzaren 18an itxiko da izen ematea.