Maiatzaren 4an laburmetraiak eskainiko dira eta maiatzaren 11n, berriz, ‘Nos corps sont vos champs de bataille’ dokumentala. Emanaldi biak 21:00etan izango dira eta doan eskainiko dira.
Datorren maiatzaren 4an eta 11n, Elgoibarko Udalak eta Ongarri Zine Klubak elkarlanean antolatuta, Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren hainbat eta hainbat lan ikusteko aukera izango dute elgoibartarrek Herriko Antzokian. Maiatzaren 4an laburmetraiak eskainiko dira eta maiatzaren 11n, berriz, ‘Nos corps sont vos champs de bataille’ dokumentala. Emanaldi biak 21:00etan izango dira eta doan eskainiko dira.
Maiatzak 4, 6 laburmetraia ikusgai
LES FILLES NE MARCHENT PAS SEULES LA NUIT
Zuz / Dir Katerine Martineau . Kanada | 2020 | 17’ | Fik | J.B. frantsesez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Institutuko gaueko graduazio-festa baten ondotik, Chantal eta Delphine bakarrik abiatuko dira etxerantz, oinez, iluntasunean. Basoan galdurik, hutsegitez eta existitzeko desira geldiezin batez blaituta egongo da haien gau-ibilbide luzea.
ELSA
Zuz / Dir Albert Carbó . Espainia | 2021 | 12’ | Fik | J.B. katalanez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Elsak 6 urte ditu, eta, bere adineko beste edozein haurrek bezala, zoriontsu eta aske bizi nahi du. Badaki gehiengoaren aldean desberdina dela, baina, gaztetxoa izan arren, gauzak garbi ditu: badaki neska bat dela eta badaki bere bizitzako erregina dela. Nork jarriko du hori zalantzan?
17 MINUTOS CON NORA
Zuz / Dir Imanol Ruiz de Lara. Espainia | 2021 | 19’ | Fik | J.B. gaztelaniaz.
Nora urduri dago, institutuko antzezlan batean parte hartuko baitu biharamunean, baina, ikaskideek etxeko atarian botatzen dizkioten irainen ondorioz, egoera are garrantzitsuago bati aurre egin beharko dio: aitak bera den bezalakoa onartzea. Hurrengo 17 minutuetan, haien arteko harremana betiko aldatuko da.
NO DEBERIAS
Zuz / Dir Maider Garcia Merino. Euskadi | 2021 | 15’ | Fik | J.B. gaztelaniaz.
Iratxek 21 urte ditu, eta unibertsitateko azken urtea amaitzen ari da. Neska-lagunarekin lehen urteurrena ospatu aurreko egunetan, espero ez zuen albiste bat ekarriko dio haurdunaldi-testak. Badaki lehenbailehen kontatu behar diola Norari, baina badaki halaber lur jota utziko duela. Azken batean, ez zen batere erraza izan erabakitzea sexua berresleitzeko ebakuntzarik ez egitea. Iratxek, izeko Raquelen eta adiskideen laguntzaz, dilema bati aurre egin beharko dio, eta kolokan jarriko zaio harremana. Zein ote irtenbidea? Noraren herrira joatea, gizartearen begiradatik urrun.
BERAK BALEKI
Zuz / Dir Aitor Gametxo. Euskadi | 2021 | 16’ | Fik | J.B. euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz
Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.
TO THE FUTURE, WITH LOVE
Zuz / Dir Shaleece Haas. AEB | 2021 | 7’ | Ani | J.B. ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Hunter «Pixel» Jimenez nerabe trans ez binarioa harrapatuta dago: batetik, leiala izan nahi du Guatemalako bere familia etorkinaren aurrean, eta, bestetik, bere ametsa bete nahi du, hau da, pozik eta aske bizitzea urrutiko mutil-lagunarekin
Maiatzaren 11n, dokumentalaren txanda
NOS CORPS SONT VOS CHAMPS DE BATAILLE – NUESTROS CUERPOS SON VUESTROS CAMPOS DE BATALLA
ISABELLE SOLAS. Frantzia | 2021 | 100’ | Dok | J.B. gaztelaniaz, azpitituluak ingelesez.
Kontserbadurismo sakon baten eta aurrekaririk gabeko bulkada feminista baten artean zatitutako Argentina batean kokaturik, Claudiaren eta Violetaren ibilbide politikoan eta bizitza intimoan murgiltzen da film hau. Beren burua trabesti gisa identifikatzen duten bi emakume trans dira, eta erraietatik eta gorputzez dihardute borrokan indarkeria patriarkalaren aurka, beren adiskideekin batera. Hainbat borrokarekin gurutzaturiko iraultza baten erdigunean duten rolaz konbentziturik, mundu zaharrari erronka joz, buru- belarri dihardute orainaldi berri bat asmatzeko, maitatzeko eta bizirik jarraitzeko. Gutxitan esan da hain ozen eta hain: trans manifestu zirraragarri eta euforiaz betea.