Helburua da zaintza lanetan eta etxez etxe lan egiten duten herritarrei laguntza ematea, lan baldintzen, prestakuntzaren eta beste hainbat gaien inguruko aholkularitza emanez.
Zerbitzuaren aurkezpena egingo da maiatzaren 2an 16:00etan Lila Emakumeen Etxean.
Ane Beitia, Elgoibarko alkatea: “Elgoibarko herritar guztien lan baldintza egokiak eta ongizatea bermatzeko, oraingoan isilduta eta batez ere emakume migratzailez osatuta dagoen kolektiboari eman nahi diogu laguntza”.
Elgoibarko Udalak zaintza lanetan eta etxez etxe lan egiten duten herritarrei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan Lila Emakumeen Etxean. Helburua da kolektibo honi lan baldintzen, prestakuntzaren eta beste hainbat gaien inguruko aholkularitza ematea, haien egoera hobetzeko.
“Elgoibarko herritar guztien lan baldintza egokiak eta ongizatea bermatzeko, oraingoan isilduta eta batez ere emakume migratzailez osatuta dagoen kolektiboari eman nahi diogu laguntza. Izan ere, jakin badakigu ez direla beti errespetatzen gure herrian bizi eta lan egiten dugun guztion lan eskubideak. Zehazki, etxez etxeko eta zaintzako lanetan ari diren langileak egoera zaurgarrian daude askotan, eta langile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko prestakuntza eta informazio gutxi izan ohi dute. Gure senideen zaintza kalitatezkoa izan dadin, zaintzailea zaintzeko moduaz ere arduratu behar dugula sinisten dugu”, adierazi du Ane Beitia alkatek.
Lan eskubideei buruzko orientazioa, prestakuntza beharretan laguntza eta babesa
Aholkularitza zerbitzuaren bidez, Elgoibarko Udalak “egoera zaurgarrian dagoen kolektibo hau erdigunean jarri eta euren egoera hobetu” nahi du, babesa eskainiz. Horretarako, zaintza lanetan diharduten herritarrei orientazioa emango zaie lan eskubideei dagokienean, eta baita prestakuntza-beharretan laguntza ere. Bitartekaritza eta aholkularitza eskainiko zaie gizarteratzearen eta laneratzearen arloan, eta laguntza berezia emango zaie enplegagarritasun maila txikiagoa eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoa duten pertsonei.
Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta egongo da aholkularitza zerbitzua, hortaz, beharren arabera, zerbitzu desberdinetara bideratu ahal izango dira erabiltzaileak.
Lila Emakumeen Etxean emango da arreta zerbitzua, hilabeteko azken astelehenean, 16:00etatik 19:00etara, telefono bidez 688 64 09 83 zenbakian edo e-postaz elgoibarzaintza@gmail.com helbidean. Aurrez aurreko arretarako ezinbestekoa izango da aurretiko hitzordua izatea.
Zerbitzua aurkezteko saio irekia maiatzaren 2an
Zerbitzua martxan jarri aurretik, aurkezpen saio bat egingo da hitzaldi formatuan, maiatzaren 2an, 16:00etan Lila Emakumeen Etxean.