- Gaur egun, oraindik ere, sexu kontuetan informazio oker asko dago, eta zalantzak, kontsultak edo sexu-zailtasunak partekatzeko erreferentziazko figurarik edo lekurik ez dugu izaten.
Elgoibarko Udalak atzo “Desira” Sexu Aholkularitza Zerbitzu berriaren abian jartzea aurkeztu zuen atzo, astelehena, urtarrilaren 20an, komunikabide nagusiei zuzendutako prentsaurrekoan.
Doako zerbitzua da, arloko profesionalek bideratutakoa eta herritar guztiei zuzendua, adina eta generoa bereizi gabe. Ekimen honen bidez, sexu-eskubideak eta askatasunak sustatuko dituen gune guztiz seguru eta konfidentzial bat sortu nahi da.
Gure identitate maskulinoa eta femeninoa ulertzeko, eraikitzeko eta bizitzeko moduak, eragin zuzena du sexuen arteko harreman afektibo eta erotikoetan, eta hori ezinbesteko alderdi bat da, besteak beste, tratu txarren eta arrisku-portaeren problematikak ulertzeko. Horrela, bada, funtsezkoa da bikoteak, maitemintzea, maitasuna, jelosia, hierarkiak eta boterearen kudeaketaren inguruan eztabaidatzeko gune bat izatea herrian.
“Desira” datorren astelehenean, urtarrilaren 27an, jarriko da martxan eta hileroko azken astelehenetan egongo da zabalik Lilan, Elgoibarko emakumeen etxean (San Frantzisko 21, 2.solairua, atzealdeko sarrera) 16:00etatik 19:00etara.
Zerbitzuaren esparruak hurrengoak izango dira:
- Konfiantza topaketa erotiko eta sexu-praktiketan. Norberaren eta bikotekidearen gogobetetasuna eta plazera.
- Identitate sexualak: Zer motatako neska edo mutila naiz? Zein izan nahi dudan eta zergatik.
- Desioak eta identitateak: LGTBIQ+ kolektiboaren bizipenak. Onarpen pertsonala eta ezezkoa jasotzeko beldurra kudeatzea.
- Transmisio genitaleko infekzioei buruzko informazioa.
- Sare sozialen erabileran sor daitezkeen gatazkak eta indarkeriak.
- Drogen kontsumoaren eragina (sexualitateari dagokionez).
- Antisorgailuen eta larrialdi-metodoen inguruko informazioa.
- Haurdunaldiaren borondatezko etenaldiari eta amatasunari buruzko zalantzak.
- Bikoteen zailtasun arruntak: harreman gatazkak, maitasuna, maitemintzea, jeloskortasuna, haustura emozionalek sor dezaketen dolua, presioak eta xantaia emozionalak.
- Harreman trebetasunak: sedukzioa, adiskidetasuna, ligoteoa.
- Gorputzen eta genitalen inguruko zalantzak; masturbazioa, hilekoaren arazoak, menopausia, autopertzepzio negatiboa eta autoestimua.
Derrigorrezkoa ez bada ere, desiraelgoibar@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea gomendatzen da saioen aurretik izena emateko. Era berean, Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak informazio osagarria emango die zerbitzuan interesa dutenei.
Ekimen honen bidez, Elgoibarko Udalak berdintasunarekin, aniztasunarekin eta espazio seguruak sortzearekin duen konpromisoa berresten du, pertsona bakoitzak bere sexualitatea askatasunez, erantzukizunez eta errespetuz bizi ahal izateko.