Ate joka dauzkagu Gabonak, istorioak eta kontakizunak mahai baten bueltan partekatzeko momentuak. Giro horretan, Brunaren abenturak ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu elgoibartar eta inguruko bizilagun guztiak Elgoibarko Udaletik.
Bruna bera etorri zaigu bere istorioa kontatzera, eta oso modu berezian egitea erabaki du gainera. Izan ere, ipuina kontatzeko herriko hamasei erakusleiho erabiliko ditu Brunak. Horretarako, interaktibo bihurtu ditu gure herriko dendarien erakusleihoak, eta haietako bakoitzean jarri duen QR baten bidez emango ditu ezagutzera bere abenturak. Magikoa izango da dena. Eskua erakusleihoko QR gainetik pasa eta ipuinean barneratuko garelako.
Ile kizkur eta gorrixkako neskatoa da Bruna, baina baditu beste ezaugarri batzuk ere, jakina. Neska alaia eta ausarta da Bruna, erronkei heldu eta zailtasunei aurre egiten dakiena, bai eta adiskidetasunari aparteko balioa ematen diona ere. Eguberrietan gure kaleetan ibiliko da esan bezala, eta konta ezin beste abentura biziko ditu gure herrian. Izan nahi al duzu haren ibileren berri? Ez galdu ba aukera! Hurbildu zaitez erakusleihoetara, hantxe izango dituzulako zain Bruna eta bere lagunak.
Hamasei kapitulutan jaso du Brunaren istorioa Jasone Osoro idazleak, eta jantzi du irudiz Judit Piella ilustratzaileak. Brunaren istorioa Elgoibarren bertan dago girotuta, eta beraz, gure udalerriko txoko eder ugari agertuko dira ipuinean. Santa Ana kaleko Idama ile-apaindegian topatuko duzu Bruna bera, eta kontakizuna Araurin hasiko da. Ipuin osoa irakurri edo entzun nahi baduzu, ibilbide bat jarraitu beharko duzu, erakusleihoz erakusleiho, eta lotura honetan duzu MAPA.
Elgoibarko ikur bihurtzeko iritsi da Elgoibarrera Bruna, belaunaldi ezberdinen ikur izateko. Hala adierazi du Maialen Gurrutxaga alkateak: “Magikoa da Bruna, Gabonak bezala, eta ziur nago elgoibartarrek eta bailaratik Elgoibarrera iristen zaizkigun bidaiariek gogo handiz hartuko dutela. Tokiko merkataritzarekin dugun konpromisotik sortu dugu proiektua, gure dendek herriari eta gure ekonomiari egiten dioten ekarpena balioan jartzeko eta eskertzeko. Ilusio handiz jardun gara proiektu honetan lanean merkatariekin elkarlanean eta Eguberrietan denok gonbidatu nahi zaituztegu Elgoibarrera Bruna ezagutzera”.
Osoro idazlearen hitzetan “Bruna haurren ausardia, alaitasuna eta irudimena islatzen dituen pertsonaia da. Bere historiaren bidez, besteen iritziek gugan nola eragin dezaketen adierazi nahi du: txarrerako, zalantzak eta sortuz; eta onerako beldurrak gainditzen eta gugan konfiantza izaten lagunduz”.
Ipuinaren ilustrazioa Judith Piella kataluniar artistak egin du, eta naturarekiko eta artearekiko pasioa kontakizunarekin batera doan marrazki bakoitzean islatzen da. Piellak, haur eta gazteentzako Ilustrazioko prestakuntza akademikoarekin, Elgoibarko erakusleihoetan gozatu ahal izango den unibertso bisual paregabea sortu du.
Bruna eta bere lagunei, berriz, Gaztelekuko gazteek jarri diote ahotsa. Narratzailearen ahotsa, berriz, Garazi Ayesta kazetari elgoibartarrarena da. Taldelanaren emaitza da Bruna, beraz.
Hamasei erakusleihotan kontatu du istorioa. Horretarako, erakusleiho bakoitzean maketa bat sortu du Mario Echeverria artistak, mugimendua duena, eta QR kode bat ere jarri du. QR kode horren gainetik eskua pasatu behar du istorioa entzun nahiz irakurri nahi duenak.
Protagonistak
Zer esan dezaket nitaz? Gauza mordoa! Hara! Bistakoa bistan da: ile kizkur gorri oparoa daukat! Eta disimulatu ezin dudan irudimena. Egun osoa ematen dut gauza dibertigarriak pentsatzen, leku urrunetan nagoela amesten, ezinezkoak diruditen gauzak egiten ari naizela sinisten… Eta hori guztia ikusi egiten da nire ilearen artetik. Hau da, mundu guztiak daki uneoro zer pentsatzen eta sentitzen dudan.
Zer gehiago… Bada, neska alaia naiz, ausarta, lotsagabe xamarra eta ekintzailea. Agintzea gustatzen zait, erabakiak hartzea, lagunartean egotea, jolastea, nire aittittari bisita egitea. Eta… ba al dakizue zer izan nahi dudan handitan? Orkestra zuzendaria!!!
Kaixo! Aia deitzen naiz, eta irudimen handia duen marrazkilaria naiz! Bai, bai, ondo irakurri duzu, marrazkilaria naizela esan dut, ez izan nahi dudala. Zoriontsua naiz marrazten, eta horrek indarra ematen dit. Klarionak soinean daramatzat, aukera ematen didatelako nik nahi dudana marrazteko, eta, marrazki horien bidez, nahi duguna gertatzen ari dela sinesteko. Buruan daukaguna marraztea da gauzak errealitate egiteko lehen pausoa. Ez duzula sinesten? Entzun, entzun Brunaren ipuina!
Izenak izana ere ematen du askotan, eta nire kasuan halaxe da. Beti nago umoretsu, edozerk egiten dit grazia, batez ere, giro onean nagoenean lagunekin. Batzuetan tristura sartzen zait, baina hula-hoopa gerrian jarri eta berehala pasatzen zait! Egia da lotsati xamarra naizela, eta beti behar dut norbait izatea ondoan, zer egin dezakegun proposatuko duena. Bakoitzak bere izaeraren arabera jokatzen du, ezta? Horri aniztasuna deitzen zaio, eta guztion artean taldea osatzen dugu, bakoitzak bere nortasunarekin. Ei, baina ez pentsatu lotsatia izateagatik ez naizenik inportantea! Bada, gure taldean Bruna da orkestra zuzendaria, eta gainontzeko bakoitzak instrumentu bat jotzen dugu. Gutako bat falta denean, taldearen soinua ezberdina da.
Iepa! Ara naiz, taldeko abentura zalea. Handitan bidaiaria izango naiz! Mundu osoan zehar bidaiatuko dut, oinez, trenez, bizikletaz, kamioi batean, motorrean, hegazkinean, zepelin batean, edozein modutan! Bitartean, nire lur-globoa aztertzen ari naiz etengabe, bisitatuko ditudan lekuak, herriak eta hiriak non dauden ikasiz. Ez dakizue zenbat herri dauden Lur planetan! Eta zenbat bizitzeko modu ezberdin! Eta zenbat pentsatzeko modu diferente! Ez al da ederra? Munduan bakarrik zaudela pentsatzen duzunean, hartu lur globo bat eta ikusi zeinen zabala den! Bakarrik zaudela? Bai zera!
Nire izena Telmo da, eta gaiztakeriak egitea gustatzen zait, jendea bere onetik ateratzea! Eta, batez ere, Bruna zirikatzea atsegin dut. Izan ere, hain da erraza Bruna bere onetik ateratzea! Kar, kar, kar, kar! Jendeak beldurra dit, eta horregatik beti bakarrik nago, baina ez zait batere inporta, munduko onena naiz eta! Ja, ja, ja, ja!
“Bruna” eta Elgoibarko merkataritzarekiko konpromisoa
Proiektuak helburu bikoitza du: alde batetik, Elgoibarko tokiko merkataritzari balioa ematea, ipuinaren kapituluen erakusleihoak erdiguneko denda ezberdinetan baitaude; eta, bestetik, kultura herritarrei modu parte-hartzailean hurbiltzea. Erakusleiho bakoitzak mugimenduan dagoen maketa bat eta QR bat izango ditu, bisitariei dagokien kapituluaren narrazioan sartzeko aukera emango diena. Horrela, udalerriko kaleetan zeharreko ibilbidea esperientzia kultural paregabea eta guztiontzat irisgarria bihurtuko da.
Mario Echevarria erakusleiho magikoen sortzailearen esanetan “kanpaina hau berezia da, lehen aldiz ipuin bat Elgoibarrerako propio idatzi delako, bertako idazle batekin eta istorio honetarako soilik pentsatutako ilustrazioekin. Gainera, Elgoibarko gazteek euren ahotsa jarri dute ipuinean, eta horrek benetako ukitua ematen die. Herritarren erantzuna oso positiboa izan da, eta ilusioa nabarmena da erakusleihoak muntatzen hasi ginenetik.”
Erakusleiho parte-hartzaileak
Ipuinaren kapituluak irudikatzen dituzten erakusleihoek Elgoibarko erdigunean daude banatuta, eta honako hauek izango dira:
- Arauri – 1. kapitulua
- Darama – 2. kapitulua
- Cristina García – 3. kapitulua
- Nº1 en Zapatillas – 4. kapitulua
- Astigarraga – 5. kapitulua
- María Urizar – 6. kapitulua
- G&M – 7. kapitulua
- Txillarre – 8. kapitulua
- Doña Mercedes Gozotegia – 9. kapitulua
- Barrutia – 10. kapitulua
- Ecennarro – 11. kapitulua
- Karkizano – 12. kapitulua
- Eizagirre – 13. kapitulua
- Uzuri – 14. kapitulua
- Doña Mercedes Okindegia – 15. kapitulua
- Aranburu-Roteta – 16. kapitulua
Gainera, erakusleiho osagarriak jarriko dira elementu nabarmenekin, hala nola ipuinaren mapa, Brunaren ilustrazioak eta Gaztelekua, besteak beste, esperientzia kultural hau osatzeko.
- AGURTZANE: Ipuinaren mapa
- IDAMA: Bruna
- SURYA BELAR DENDA: Gaztelekua
- PITXINTXU: Judit Piella
- LA BERMEANA: Garazi Ayesta
- MASUMIS: Jasone Osoro
- BIZKOR: Telmo
- FARMAZABAL: Alai
- LAGUNAK: Ara
- OLAIA MATINEZ: Aia
- KIMA: Gazta tarta
Udalaren konpromisoa tokiko kultura eta merkataritzarekin
Elgoibarko Udalak konpromisoa hartu du sormena, talde-lana eta ingurunearekiko lotura sustatzen dituzten ekimenekin. Proiektu honen bidez, udalak tokiko kultura sustatzeaz gain, hurbileko merkataritza babestearen aldeko apustua egiten du, hori baita udalerriko bizitza sozial eta ekonomikoaren oinarrietako bat.
Ariana Nogales Ekonomia Sustapeneko zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenarekin bat egin duten saltoki guztiei, eta nabarmendu du “eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan konfiantza izan duten saltoki guztiei. Proiektu honek komunitate osoa inplikatzea lortu du, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet Mario eta bere taldeari Elgoibarrek aurten Gabon ukitu paregabea izan dezan egin duten lan ederragatik. Eta, jakina, Jasone, Judit, Garazi, Gaztelekuko gazteak eta Mirian Montero, Ekonomi Sustapen saileko teknikaria, Brunaren historia egia bihurtzeagatik. Azkenik, Elgoibarko eta beste herri batzuetako herritar guztiak animatu nahi ditut gure saltokietara hurbiltzera, Brunaren historiaz gozatzera eta, aldi berean, tokiko merkataritza babestera ”
“Brunaren ipuina kulturak eta sormenak gazteen, tokiko saltokien eta komunitatearen arteko loturak sortzeko aukeraren adibide bat da. Udala ziur dago honelako ekimenek Elgoibarko ehun sozial eta ekonomikoa indartzen laguntzen dutela, gure kaleak guztion topaleku eta gogoetarako gune bihurtuz. Guztiak animatzen ditut Gabonak Elgoibarren bizitzera “, adierazi du Gurrutxagak.
Gazta tartaren errezeta
Tok tok!! Azkenik, Brunaren oparitxo bat zuentzat! hain kuttuna den gazta tartaren errezeta! Ikusi nahi duzue zein erreza den egiteko eta zein gozoa ateratzen zaizuen?