- Bertan parte hartu zuten Elgoibarko Udalak abian jarritako bertso eskolako ikasleek, Mutrikuko, Mendaroko eta Soraluzeko bertso eskoletakoekin batera.
Elgoibarren, Kultur Etxeko sotoan, elkartu ziren eskualdeko bertso eskoletako 20 gaztetxo azaroaren 8an, adinkideak diren bertsozaleak elkar ezagutzeko asmoarekin.
Bertan parte hartu zuten Elgoibarko Udalak abian jarritako bertso eskolako ikasleek, Mutrikuko, Mendaroko eta Soraluzeko bertso eskoletakoekin batera.
Hirugarren topaketa izan da oraingo hau, eta gonbidatu berezi bat ere izan zuten: Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolaria. 17:30ean elkartu ziren ikasleak eta irakasleak Kultur Etxeko sotoan, eta mokadua egin ostean, inprobisazio ariketak egin zituzten.
Eneko Beretxinaga bertsolari eta irakasleak egin zituen aurkezpen-lanak, eta giro onean gozatu zuten ikasleek hitzarekin jolasean. Denetarik egin zuten, aurrez prestatutako bertsoak, baita bat-batean egindakoak ere. Beñat Gaztelumendiri puntuak ere jarri zizkioten, eta asmakizunetarako tartea ere izan zuten.
Bukatzeko, Bertso eskoletako irakasleen eta Beñat Gaztelumendi bertsolariaren agurrek topaketari amaiera eman zieten.