Gurasoek, Arreta bulegoan haurra erroldatzerakoan, gutuna eta bi-orrikoa jasoko dute, baita Kantu-Jolasen Bilduma eta Hazi Hezi aldizkaria ere.
Helburua da gurasoak hizkuntzaren transmisioaren garrantziaz jabetu eta laguntzea.
Elgoibarko Udalak laguntza eskaini nahi die etxeko heziketa lanetan guraso izan berriei. Horrela bada, gurasoei zuzenduriko HAZI HEZI aldizkariaren erreportaje-sorta baten bilduma jasoko dute haur jaioberrien gurasoek Elgoibarren. Haurra Udalaren Arreta bulegoan erroldatzerakoan jasoko dute aldizkari berezi hori. Gainera, Udalari esker, urtebeteko harpidetza (4 zenbaki) doan eskuratzeko aukera ere izango dute.
Aldizkariaz gain, hizkuntzaren transmisioan gurasoek duten garrantziaz jabeturik, Udalak urteak daramatzala haurra izan berri duten gurasoei zuzenduriko transmisio kanpaina bultzatzen. Kanpaina horren baitan, lau euskarri erabiliko ditu Udalak aurten:
- Gutuna: haur jaioberriarengatik zorionak emateko eta euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua emateko. Udalak, bidenabar, euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituela gogorarazten die gurasoei, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordaintzen baitute euskaltegietan.
- Bi-orrikoa: gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu dira: lehenengoa, guraso euskaldunei zuzendutakoa; bigarrena, guraso erdaldunei zuzendutakoa; eta hirugarrena, guraso mistoei zuzendutakoa.
- Hazi Hezi aldizkariaren bilduma berezia, eta urtebeteko harpidetza doan.
- Kanta-jolasen DVDa: ‘Izan Zoriontsu’ 16 abesti eta bideoklip euskaraz abesteko eta dantzatzeko. ‘Txantxariak Euskal Jolasen Bilduma’ bigarren haurra izan berri duten gurasoei oparituko zaie.
Gurasoek, Arreta bulegoan haurra erroldatzerakoan, gutuna eta bi-orrikoa jasoko dute, baita Kantu-Jolasen Bilduma eta Hazi Hezi aldizkaria ere.