Igande honetan, irailaren 22an, Gerra Zibilean Elgoibarko frontean hildako gudariak oroitzeko ekitaldia Zirardamendin

  • Omenaldia 11:00etan hasiko da San Migel pilotalekuan. Udalak ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.

Elgoibarko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Gerra Zibilean Zirardamendiko frontean hildako gudarien omenezko ekitaldian parte hartzera. Ekitaldia igande honetan, irailaren 22an, egingo da eta 11:00etan hasiko da San Migel pilotalekuan.

2013tik urtero egiten den ekitaldi honen helburua da euskal soldadu gazte haien sakrifizioa ohoratzea eta memoria historikoa gordetzea, bizikidetzarako eta adiskidetzeko bide gisa. Udalaren hitzetan, “omenaldi honen bidez, soldadu gazte horien sakrifizioa gogoratu nahi da, eta memoria historikoa defendatu beharra azpimarratu, elkarbizitzarako eta adiskidetzerako bide gisa”.

Zirardamendi-Aiastiako (San Migel) fronteko gudua gertaera esanguratsua da Elgoibarko historian. Izan ere, guda-armak soldadutzatik haratago erabiltzen esperientzia gutxi edo batere ez zuten gazte euskaldunek matxinatutako tropen aurrerapena geldiaraztea lortu zuten. Erresistentzia hori erabakigarria izan zen frontearen lerroa egonkortzeko eta denbora irabazteko, eta horri esker, egun batzuk geroago, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek Gernikan karguaren zina egin eta lehen Eusko Jaurlaritza osatu ahal izan zuen.

Udalak gonbidapena luzatzen die Elgoibarko pertsona guztiei oroimen eta omenaldi ekitaldi honekin bat egiteko, herritarrek bakearekin eta memoria historikoarekin duten konpromisoa berretsiz.