Datorren irailaren 18an, Elgoibarko Udalak ekitaldi ofiziala egingo du Lanbide Heziketa sortu zenetik 125 urte bete direla ospatzeko. Ekitaldi horretan erakundeetako, ikastetxeetako eta industria alorreko enpresetako ordezkariek hartuko dute parte. (Ikus ekitaldiaren egitaraua dokumentuaren amaieran).
Horrela bada, ikasturte honetan, programa bat garatuko da, Elgoibarko Lanbide Heziketaren jatorria eta historia, gaurkotasuna eta etorkizuna ardatz dituena.
Ekitaldi hori merezitako aitortza izango da Elgoibarko Lanbide Heziketarentzat, baita urte hauetan guztietan prestakuntza horrek gure gizarte-, industria- eta enpresa-ekosistemaren elementu eraldatzaile gisa duen garrantzia ulertu zuten pertsona eta erakundeen ikuspegiarentzat ere.
Gure herriko Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza-taldeen dedikazio handiak fruituak eman ditu Elgoibarko Udalaren, Lanbide Heziketaren jardueran inplikatutako enpresen eta lurralde eta autonomia mailako erakunde publikoen laguntzarekin, eta aitzindari eta erreferente izatea lortu du hezkuntza-berrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan (Ethazi), prestakuntza dualean eta Lanbide Heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan.
Tokiko eta autonomia-erkidegoko erakundeek jakin izan dute Elgoibarko Lanbide Heziketak sortutako onurak aitortzen eta sustatzen, eta berrikuntza horiek Lanbide Heziketako euskal sare osora zabaltzen.
Bestalde, enpresak, industria-elkarteak eta enpresa-elkarteak indartu egin dira, eta indartzen jarraitzen dute, Lanbide Heziketak emandako talentuari esker.
Udalak zorionak eman nahi dizkio Elgoibarko herriari, baita bertako Lanbide Heziketako ikastetxeei eta industria arloko enpresei ere. Ahalegin eta dedikazio bateratua izan da eta izango da gure gizartearen funtsezko motorra, teknologiaren eta berrikuntzaren abangoardian.
IREKIERA EKITALDIA
Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrena
Asteazkena, 2024ko irailaren 18a
12:00-13: 00 (Udaletxea eta Aita Agirre).
12:00. Udala. Alkateak eta udalbatzak ongietorria egingo diete erakunde, ikastetxe eta enpresetako ordezkariei. Elgoibarko Lanbide Heziketa “berreratzeko” akta, 1899ko irailaren 18an jasoa, irakurriko da, Elgoibarko lehen Marrazketa Akademiaren sorrerako akta gogorarazteko.
Ondoren, udalbatza eta bertaratutakoak Aita Agirre kulturgunera joango dira, Marrazketa Akademiaren lehenengo egoitzara, eta bertan, Elgoibarko Lanbide Heziketaren ordezkari historikoekin, egungoekin eta gainerako gonbidatuekin bilduko dira.
Elgoibarko Lanbide Heziketako ordezkaritzaren hitzaldi instituzionalak eta omenaldi-ekitaldia, Elgoibarko lehen marrazketa-akademia, Lanbide Heziketako lehenengo eskola, sortu zuten zuzendari ohien familien eta Lanbide Heziketako irakasleen eskutik.
Ekitaldiari amaiera emateko, mokadutxoa egingo dute Aita Agirre kulturgunean.