Ikasturte honetako Bertso eskolan izena emateko epea ireki du Elgoibarko Udalak

  • Parte hartuko dutenen adin tartea LH4tik DBHra artekoa izango da, biak barne. Ikasle taldeak osatuz gero, saioak astelehenetan egingo dira irailaren 23tik aurrera, Aita Agirre kulturguneko Areto nagusian.

Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Ekintza honen osagarri, 2020an, Bertso-eskola jarri zuen abian Udalak, eta ikasturte honetan ere, bertso-eskolari jarraipena eman nahi dio.

Parte hartuko dutenen adin tartea LH4tik DBHra artekoa izango da, biak barne. Ikasle taldeak osatuz gero, saioak astelehenetan egingo dira irailaren 23tik aurrera, Aita Agirre kulturguneko Areto nagusian, arratsaldeko 17:00etan edo 18:15ean hasi eta ordubetez.

Irakasle lanetan Eneko Beretxinaga soraluzetarra arituko da. Bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da bereziki, bertso-eskoletan, aisialdian eta hezkuntza arautuan. Besteak beste, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko batzordekide ere bada, eta hezkuntza arautuko irakasle.

Bertso-Eskolarako izen-emateak zabalik daude irailaren 19ra arte. Interesa dutenek Elgoibarko Udaleko Euskara Sailaren bitartez eman dezakete izena, 943 744 366 telefonora deituz edo euskara@elgoibar.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Elgoibarko Udalak, haur eta gazteen artean bertsozaletasuna sustatzeko asmoz, 40 euroko kuota sinboliko bakarra ezarri du ikasturte osorako.

Elgoibarko Udalak familia guztiak animatu nahi ditu seme-alabak izena ematera, bertsoaren kultura indartu ez ezik, euskarazko ahozko komunikaziorako eta adierazpenerako trebetasunak garatu nahi dituen ekimen honetan.