Elgoibartar ospetsuak
Gregorio Agirre Madina (1705-1774).
Burdinsaregile, kainogile, ensanblatzaile.
Araotzen (Oñati) jaio zen 1705eko martxoaren 12an. Grazia Elorza Longarekin (Elgoibarko Antonio Elorza burdinsaregile handiaren alaba) ezkondu zen 1733ko apirilaren 12an eta 1774ko urtarrilaren 25ean hil zen Roa de Duero herrian (Burgos), Segoviatik (katedraleko San Geroteo kaperako burdin sarea jarri zuen orduan) Elgoibarrera zetorrela. Gregoriok eta Graziak seme bat izan zuten, Antonio Bentura (1734-1767), aitaren bidea jarraitzeaz gain (sare egile eta abar), urreztatzaile ere izan zen, Elgoibarko Kalegoengo San Bartolome elizako kanpandorreko bukaerako bola, gurutzea eta iparrorratza urreztatuz.
Gregorio Agirrek jardun zituen lanbideei dagokienez, burdinsaregile eta kainoiegile izan aurretik eta ondoren ere, organoen altzaritza landu zuen; ensanblatzaile maisu bezala, San Bartolome parrokiako ate nagusiko ataurreak; eta, maisu arkitekto tituluarekin Elgoibarko udaletxeko burdinazko ateak, lehioak eta balkoia egin zituen. Agirrek asmamen handikoa izan behar zuen honako asmakizun hau egin baitzuen: “… instrumentos de nueva imbención para cortar fierro y para limar cañones a un tiempo y en un día hasta el número de 84 piezas…” Horiez gain, burdin sare egile lanbidean esan behar da, Antonio Elorza aitaginarreba hil ondoren 1734an, haren tailerraz arduratu zela eta haren lanak bukatu ez ezik, beste askoz gehiago egin zituela, hona hemen batzuk: Segoviako katedralean Elorza aitaginarrebak bukatu gabe utzitakoa amaitu zuen eta berak beste hiru kaperako burdin sareak egin eta jarri zituen, eta Loiola santutegiko kupularen gaineko gurutzea, pulpituak, balkoi edo tribunak, koruko karela eta kupulako balkoi-multzoa; eta Elgoibarren, Kalegoengo San Bartolome parrokiako gurutzea, iparrorratza eta balkoia eta udaletxeko balkoiak eta eskailerako baranda.
Gregorio Agirre Elgoibarko alkate izan zen 1756an eta 1771n. Heriotza berehalakoan gertatu zitzaion Segoviatik itzuleran etxerantz, hiri horretako katedraleko San Geroteo kaperako burdin sarea egin eta jarri ondoren. Roa de Duero (Burgos) izan zen, 1774ko urtarrilaren 25ean, eta udalerri horretako kolegiatan lurperatu zuten.
Frantzisko Agirre Murga (1863-1941). Apezpikua.
Elgoibarko San Bartolome kalean jaio zen 1863ko otsailaren 23an, Jose Ignazio Agirre eta Frantiska Murga gurasoak izanik. Gazte zela Toledoko Ocañako Santo Domingo komentuan sartu zen, Domingotar ordenako erlijiosoa eginez. Eliz-ikasketak egin ondoren, 1887an apaiztu zen eta hilabete gutxira, nagusiek Txinara bidali zuten misiolari. Botriko apezpiku kontsagratu zuten 1911an eta handik aurrera Fu-Kiengo bikariotza apostolikoa zuzendu zuen hil zen arte.
Bi aldiz izan zen Elgoibarren, apezpiku egin ondoren: 1921ean eta 1924an. Lehenengoan, San Bartolome jaietarako etorri zen, eta Udalak harrera arranditsua eskaini zion: zubi nagusian arku bat jarri eta udal-taldeak musika-bandarekin agurra eskaini zion han bertan. Bigarrenean, 1924ko apirilaren 20an, igandez, omenaldia eskaini zioten. Besteak beste, hura jaiotako etxean, San Bartolome kalean, lapida bat jarri zuten. Ekitaldian Antonio Arrillaga alkateak, Roke Osoro parrokiako apaizak eta Agirre apezpikuaren ordenako fraide domingotar batek hitz egin zuten haren merituak eta bertuteak goraipatuz, eta musika-bandak alaitu zuen omenaldi-jarduera hau. Azkenik, Antonio Arrillaga izen handiko mediku eta alkateak ozen adierazi zuen ekitaldi honetan Udalak seme-kutun izendatuko zuela aita Agirre herriko semea.
Azkenik, 1941eko urriaren 23an, azken omenaldi bat eskaini zion herriak, ordurako apezpiku elgoibartarra hila zen, eta besteak beste, eskoletako plazari, Aita Agirre deitura jarri zioten, eta honen lekuko Eskoletako arkupeetan lapida bat bistaratu zuten, musika-bandak joz ekitaldi honetan ere.
Jose Maria Aizpitarte Mugertza (1750-1809). Euskara/Español Hiztegigilea.
Elgoibarren jaio zen 1750eko urriaren 12an. Gurasoak Manuel Aizpitarte eta Maria Ignazia Mugertza izan ziren, eta beste hiru anaia eta arrebaorde bat izan zituen, azken hau aitak ezkontzaz kanpo izandakoa. Aita Manuelek Caracasen negozioak izan zituen, eta urte desberdinetako bi denboraldi luzetan, Elgoibarren utzita familia, han bizi eta lan egin zuen “con empleos destinguidos”. Horietako bidai bat 1752an egin zuen, gure protagonistak bi urte besterik ez zuenean. Jose Mariak osaba bat ere zuen Puerto Cabellón (Venezuela), Pedro izenekoa, eta Caracaseko konpainiaren enplegatua zen, hau hil zenean iloba izendatu zuen testamentu-betearazle bakarra.
Aita 1766an eta ama 1768an hil egin zitzaizkion, eta ordurako, anaiak ere hilik zituen, horrela honako ondasun hauek jaso zituen: etxe bat Maitetegi tokian (Caracasko probintzia) hilean 4 pesoko errenta ematen zuena; Mugertza goikoa edo Goenetxea (Borrajaenekoa) baserria lurrekin; beste lur bat Manuelek erosita; Mugertzanekoa etxea Errebalean eta bertan zeuden arropak, altzariak eta tresnak; esklabo bat Caracasen, Juan Aizpitarte deiturakoa, 150 pesotan baloratua, saltzekotan; 1.701 peso eta 16,5 erreal kobratzeko Caracasen; 37.000 erreal baino gehiago zentsotan. Beraz, ondare ederra gelditu zitzaion Jose Maria gazteari, estuasun ekonomikorik gabe bizi ahal izateko moduan.
Gasteizera joan zen 18 urterekin “Arteak eta Letrak” ikastera. Hiri honetan bertan bizi izan zen hil arte, eta Frantziska Maguregi gasteiztarrarekin ezkondua egon zen. Montehermosoko markesaren (Jose Maria Luis de Agirre y Ortiz de Velasco) etxean egon zen maiordomo eginkizunean, eta haren liburutegiaz ere arduratu zen.
Markesa “Euskalerriko Adiskideen Elkartearen” (1765) sortzaileetako bat izan zen Xabier Mª Munibe, Peñaflorida kontea; Jose Mª Egia, Narrosko markesa; Manuel Ignazio Altuna eta abarrekin batera. 1773an Adiskideen Elkarteak euskara-gaztelania hiztegia egitea pentsatu zuen, eta Peñaflorida konteak, erakunde horretako buruak, Jose Mª Aizpitarte kideari eman zion ardura lan hori egin zezan.
Badirudi, aipatutako hiztegia 1785ean bukatu zuela elgoibartarrak eta 640 erreal eman zioten egindako lanagatik (pergaminozko azala geroago koadernatua, 1.632 orrialde eta 40.000 hitz). Ez dakigun arrazoirengatik lan mardul hau ez zen argitaratu, garai hartako adituek ezagutu arren, eta egun 1883tik Loiolako (Azpeitia) santutegiko liburutegian gordetzen da eskuizkribua, honako izenburu honekin: “Diccionario Bascongado con cerca de cuarenta mil voces, según las dejó coleccionadas el año de 1785 su autor D. Josef María de Aizpitarte, socio de la ilustre Sociedad Bascongada de los Amigos del País). (Es el original del autor que consta de 1632 páginas…)” Original inédito (Loiolako liberugikoak idatzita). Justo Garatek (ama elgoibartarra zuen, Galburusoroko baserrikoa) eta Patxi Altunak idatzi zutenez, aita Arana jesuitak lortu zuela bereganatzea Aizpitarteren eskuizkribua honen ondorengoengandik eta Urduñako jesulagunen ikastetxe-egoitzan izan zuen, Loiolako liburutegira iritxi aurretik.
Aita Villasantek zioenez J. F. Aizkibelek (1798-1865), euskal bibliografo eta hiztegigile azkoitiarrak, “Diccionario Basco-Español-Euskeratik erderara biurtzeko iztegia” egiteko Jose Maria Aizpitarte elgoibartarrak egin zuena oinarritzat hartu omen zuen. Elgoibartarraren hiztegi honetaz honako hizkuntzalari eta intelektual hauek aritu dira: Humboldt, Arana, Garate, Villasante, Altuna eta abar.
1809ko abuztuaren 24an hil zen Gasteizen, done Mikel parrokian egin zizkioten hileta eta elizkizunak eta done Isabel kanposantuan hilobiratu zuten.
Itziar Ajuria Garate (1924-2023). Elgoibarko Ikastolako lehen andereñoa.
Elgoibarko San Bartolome kalean jaio zen 1924ko martxoaren 9an, eta bertan bizi izan zen familia-etxean, nahiz eta aurrerago Santa Ana kalera joan zen bizi izatera. Aita Arratiako Ubide herriko Anbe baserrikoa zuen, 17 urterekin Elgoibarrera etorri zena lanera, haren osaba Santa Klara komentuko kapelauaren bitartez; eta ama Deban jaio eta umetan Elgoibarrera etorritakoa zen. Ajuria Garate sei senide izan ziren eta Itziar bosgarrena.
Aita Pedro Ajuria EAJ-PNVko militantea eta herriko alderdiko burua ere izan zen, gerra hasi zenean eta baita demokraziaren aurka altxatu zirenak Elgoibar okupatu zutenean ere. Horregatik, 1936ko altxamenduaren aldekoek sufriarazi zuen Ajuria Garate familia, errekete falangista eta guardia zibilen bisita izan ohi zuen etxean zenbaitetan, beldurrez biziaraziz gain oihalak (anaia, jostuna) eta abar lapurtuz. Halaber, ikara egoera larriagotu ohi zuen semeak frontean egoteak, bando batean eta bestean; baita aitaren anaia Justo (Sondikako udal idazkaria) fusilatzea Bizkaian, abertzalea zelako.
Ume txikia zela señorita Satur Ziaranekin hasi zen eskolan, Itziarrek zioenez ehun bat haur izango zirela gelan. 1931tik 1936ra arte Ospitaleko mojekin aritu zen, haren maistra estimatua Sor Laura Bazterra izanik. Gerra garaiko urte beteko etenaldiaren ondoren Eskola Publikoetan jarraitu zuen Priscila Pinedo maistra argiarekirekin 15 urtera arte.
Ondoren, familiako jostundegian (anaia batek martxan jarri zuen, baina amak josten omen zuen bere anaia baten “Garate” jostundegian, gaztetxo zenetik) egin zuen lan 38 urte izan zituen arte, eta azken bi urteak “Banco de San Sebastián”-en ere jardun zuen letrak kobratuz, pare bat ordu egunean. Baina, bankuaren zuzendaritzari emakume batentzako lan egokia ez zela iritsita, kaleratu egin zuen.
1962an, euskaltzale porrokatu ziren guraso batzuek Elgoibarko Ikastola sortu zuten, oztopo eta debeku askori aurre eginez, eta Itziar Ajuria aukeratu zuten lehen andereño. Hezkuntzan trebatzeko Karmele Esnal andereño ezagunarekin aritu zen hasieran eta, gero ikastaro asko egin zituen prestakuntza ahalik eta onena izateko. “Lorito”-neko gelan (Egotoki elkarte ondoan zegoelako eta loro bat zen lehioan) ekin zion irakasle lanetan. Ikastolan hasiera gogorra izan zuen, besteak beste, Hezkuntzako administrazioak bidalitako ikuskariak mehatxuak egiten zizkion askotan: “Usted no puede dar clase a estos niños… aténgase a las consecuencias”. 1963an, Ikastolaren bultzatzaileek “Elgoibarko Izarra” kultur elkartea sortu zuten, eta hura babestea eta indartzea izan zen zeregin nagusienetakoa. Elkarteak Ikastolaren Kontseilu Errektorean parte hartu zuen 1973ra arte.
Urteen poderioz Ikastolak onespen handia izan zuen, herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe handiena izatera iritsiz, eta aitortu behar, haren hazia hasierako guraso ausart haiek eta lehendabiziko andereño Itziar Ajuria berak jarri zutela. Herrian barreiaturik (parrokiako eta Santa Klara, Ubitarte, Konporta, Aita Agirre eskolak, San Frantzisko kaleko Goiti eta Lorito…) zeuden hala moduzko gelatan aritu ondoren, 1976an Ikastolak eraikin berria inauguratu zuen eta Ajuriak hor hartu zuen erretiroa, 1986an. Oso emakume egokia dugu Itziar eta beti izanda prest bera bizi izandakoa kontatzeko, horrela bere lekukotasun aberatsa eta neurri batean haren ingurukoa ere jaso ahal izan dugu.
Herri mailan antolatutako zenbait antzerki taldetan ere jardun zuen, gaztetxo zenetik. Hasieran, gerra aurretik parrokiaren itzalean aritu zen Ramon Ormaetxea eta Jose Maria Agirrebalzategi apaizekin; geroago 1957tik 1973ra arte Pako Juaristik zuzendutako taldeekin, gaztelaniaz Frankismo garaiko hasierako urte beltz haietan. “Carmor”?, “La esclava de Fabiola”, “Cadaveres ambulantes”, “La plasmatoria” izeneko obrak antzeztu omen zituzten, besteak beste, eta nonbait, Ajuria eszenatokira azaldu orduko barrez hasten omen zen jendea. Hori dela-eta komedietan jartzen omen zuten.
Esan dugun moduan, hasieran Pako Juaristirekin gaztelaniaz jardun bazuten ere egoera soziopolitikoak behartuta, aurrerago euskaraz bakarrik aritu ziren, ausart. Antzezlan ikusienetako bat “El Caserío” zarzuela izan zen, aurreko belaunaldikoek (Ines Ezenarro, Juanita Ansola, Gloria Irusta, Angel Riaño, Agustin Zubiaurre, “Nabarriko”, Bedayo…, eta abarrek) ere antzeztu zutena hogeitamar bat urte lehenago.
Euskaraz izan zuen arrakasta handiena “Aitona ta billoba” (Pako Juaristi, aitona eta Ion Arrieta, biloba) antzezlana izan zen ziurrenez, Bilboko Arriagan ere eman zutena. Horiez gain, honako antzezlan hauek ere taularatu zituzten: “Los claveles” zarzuela, “Ramuntxo”, “Etxe aldaketa”, “Ezkiña Mutrikun” (Jose Zubiaurre “Balleren” bakarrizketa), “Gai dagoen indarra” eta “Iru ziri”. Azken hau don Pedro Migel Urruzunoren omenez. Itziar Ajuriari buruz erantsi behar dut, bera izan zela taldearen kontularia, aktorea izateaz gain.
Azkenik, omenaldi gisa, batik bat, Pako Juaristi zuzendutako antzerki taldeetan aritu zirenak, aktore, musikari, abeslari edo laguntzaile gisa, aipatu nahi nituzke, aurretik barkamena eskatuz norbaitekin ahaztu egiten bagara. Hona hemen: Ajuria Itziar, Araolaza Maria Carmen eta Rikardo, Arizmendiarrieta Ignazio, Armendia Kontxita, Arrieta Ion eta Pello, Arrizabalaga Bitor, Beristain Sabin, Estibariz Jose Antonio, Garzia Tomas, Gil Dimas, Ibañez.., Iriondo Anggelo, Iriondo Maria Carmen, Irusta Eduardo, Juaristi Pako eta Jose, Konde Imanol, Kortabitarte Maria Angeles, Lizarralde Patxi, Lodoso Félix, Rementeria Manolo, Riaño Angel, Ruiz Jose Mª, Saez Benito, Santolaya Kontxita, Sanz Carmelo, Zabaleta Angela, Zubiaurre Jose “Balle” eta abar.
Itziar Ajuria Garate 2023ko ekainaren 4an hil zen 99 urte zituela.
Anastasia Albizu Arrillaga (1900-1979). Errekadista.
Mendaron jaio zen 1900eko apirilaren 15ean. Garai hartan ohikoa zen bezala oso gazte hasi zen lanean. Lehenengo zerbitzatzen, Elgoibarko Amorotarren etxean. Gero alpargatak josten aritu zen eta beranduago armagintzan (kaxagin). Felix Zubizarretaren tailerrean ere jardun zuen beharrean.
Francisco Aiestarekin (Elgoibar, 1895.03.9) ezkondu eta Elgoibarren, San Bartolome kalean, jarri ziren bizi izaten senar-emazteak, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Beatriz, Fernando eta Félix. Laster, errekadista lanari ekin zion. Trenean Bilbora eraman eta handik Elgoibarrera ekarri ohi zituen Albizuk lantegiek, negozioek zein partikularrek emandako eta eskatutako paketeak eta mandatuak. Goizean goiz joan eta gauean itzultzen zen. Errekadista lanari esker familia atera zuen aurrera, gazte alargundu baitzen, eta pozik bizi izan zela aitortzen zuen. Hogeita zortzi bat urte eman zituen errekadista lanean. Edadean aurrera egin zueneko garaia izan omen zen hobeto bizi izan zen sasoia. 1979ko irailaren 10ean hil zen
Anastasia Albizu ez ezik beste emakume batzuk ere aritu ziren errekadista lanean, Bilbora eta Donostiara joan-etorrietan, trenez, urte batzuk geroago: Aranguren (Berazeta) ahizpak, Maria Luisa Arriola eta Maria Luisa Garrido…
Nikolas Alkorta Kruzeta (1811-1883). Maisua, San Migel ermitako auzolanaren kudeatzaile eta zenbait artisau-lanen egilea.
Elgoibarren jaio zen 1811ko abenduaren 6an. 1845ean Idotorbe (San Pedro) auzoko maisu izendatu zuten, herri-kaskoko maisuaren laguntzailea izan ondoren. Urte horretan bertan Aiastia auzoko Done Mikel/San Migel ermita eraiki zuten eta 1845eko azaroaren 2an kontsagratu. Alkorta maisuak haur eta nerabeei eskolak emateaz gain, bera arduratu zen Benito Ansola (Belarreta baserrikoa) maiordomoarekin batera Aiastia auzoko ermita eraikitzeko kudeaketaz, auzolanak garrantzi handia izan baitzuen, nahiz eta gremioetako maisu profesional batzuk ere jardun obran. Mariano Jose Laskurain arkitekto ezagunaren diseinuak jarraitu zituzten.
Zura lantzen trebea izan behar zuen, izan ere, aipatutako ermitako aldarea eta erretaula (irudia, ez) ere berak egin baitzituen.
Aszensio Altzola. (XVI. mendeko bigarren hamarkadatik 1572 arte). Ontzi-kapitaina, merkataria.
Altzola auzoan (Elgoibar) jaio zen XVI. mendeko bigarren hamarkadan-edo eta bertako ibai-portutik jardun zuen, Altzolatar merkatarien familiako ospetsuenetakoa izanik. Hiru galeoi izan zituen distantzia handiko merkataritzan aritzeko. Euskal Herriarekin ez ezik, Sevillarekin, Portugalekin eta Amerikako Hondurasekin, Mexikorekin eta Santo Domingorekin ere izan zituen merkataritza-harremanak. Negozio hauetan garai hartako bankari eta merkatari ezagunenekin elkartu zen: Pedro Durango, Martin Lizarraras, Geronimo Catano italiarra eta abar. Aszensio, ontzi-kapitaina izateaz gain, Elgoibarko alkate ere izan zen 1564an eta 1565ean, eta 1572an hil zen.
Katalina Ibarra, Lope Perez Lasalde eta Maria Martinez Arriolaren iloba eta hauen ondorengoa Dorrekoan, eta Aszensio Altzola ezkondu ziren 1549an, eta jarauntsitako eta eurek egindako ondasunekin maiorazkoa sortu zuten honako ondasun hauekin: Torrekoa (egungo Altzolatarren dorretxea) eta ortua; Done Frantzisko monasterioko kapera (Gurutzea); Andikanoko etxea, baserria eta errotak; Ermua etxea (Sallobente-Ermuaranen), lurrak eta errotak; Otsaurteagako etxea eta baserria; Plazako (Mendaro) etxea eta errotak; Albitxuriko etxea, lurra eta sagastia; eta 225.000 marabedi Burgos hiriko alkabaletan (salerosketei jarritako zerga).
Altzolako Bartolome. (XVI. mendearen erdialdetik XVII. mendearen hasiera arte). Ontzi-kapitaina, merkataria.
Aszensio Altzola eta Katalina Ibarraren semea XVI. mendearen erdialdean jaio zen, eta bere aitaren bidea jarraitu zuen ontzi-kapitaina izanik, eta besteak beste, Antonio Okendo merkatari eta militar ospetsuarekin ere jardun zuen XVI. mendearen azken hamarkadan. Berak jarauntsi zituen aita-amak utzitako ondasun ugariak, eta aita bezala herriko alkatea ere izan zen 1589an, 1590ean, 1601ean eta 1602an.
Bartolome Altzolakoa hil ondoren galdu zen Torrekoan Altzola deitura, gizon-ondorengorik izan ez zuenez, eta Arriola, Arespakotxaga, Lizaranzu, Jusue eta Iturria abizenekoak izan ziren jabeak XVII. mendetik XX. mendera arte.
Frai Domingo Altzola Konportaeta. (XVI. mendearen lehen laurdena-1589?). Apezpikua eta Altzolako elizako ongilea.
Altzolan (Elgoibar) jaio zen XVI. mendeko lehen erdialdean, gazte zela Domingotarren ordena erlijiosoko kide izateko hautua egin zuen, eta Valladolideko San Pablo Errege Komentuan hartu zuen abitua. 1582an, berriz, Ameriketako Galizia Erresuma berriko (Mexiko) Guadalajarako apezpiku izendatua izan zen, eta handik bi urtera bere jaio-auzoko eliza berria eraikitzeko asmoarekin, ibai ondoko lursail eta sagasti bana erosteko dirua bidali zuen, baita eliza eta apaiz-etxearen diseinuak ere.
Izan ere, San Anton eta Kontzezio ermita pribatuak izan ezik (hauetan apaizik ez), Altzolak ez zuen ganorazko elizarik meza entzuteko eta sakramentuak hartzeko eta Elgoibarko Olasoko San Bartolome parrokia urruti baitzuten auzotarrek. Beraz, kezka horrek eraman zuen frai Domingo Altzola bere ondarea ematera, eta berak emandako diruari esker altzolarrek dute eliza, nahiz eta hil ondoren (1589an edo) Ameriketatik etorri behar zuen dirua ez zen iristen komeni zenean, eta obrak etenaldiak izan zituen, harik eta 1604an bukatu zuten eta kultua ematen ekin zioten.
Baina, Olasoko apaizek eta Elgoibarko udalak berak ez zuten onartu San Joan Bataiatzailea eliza berrian meza eta sakramentoak ematerik, eta istilu larriak izan ziren 1604ko San Joan bezperan, ekainaren 23an. Azkenean, Erromako Rota Eliz Auzitegiak altzolarren alde ebatzi zuen 1641ean, eta harrezkero bere parrokia izan du Altzola auzoak.
Frai Pedro Amuskotegi (1556-1633). Fraide Frantziskotarra: idazkari nagusia eta probintziala.
Ziur aski 1556ko martxoaren 3an jaio zen Elgoibarren, Amuskotegiko Domingo eta Zubizarretako Maria Martinez izanik haren gurasoak, eta Amuskotegi maiorazgoaren sortzaileak, 1571n. Hauen Eztebe etxea Santa Klara monasteriotik gertu zegoen.
Haien Pedro semeak elizgizon izatea aukeratu zuen eta Frantziskotarren Kantabria probintzian letrak eta teología ikasi ondoren probetxu handiz, Erroman ere jarraitu zuen ikasketekin, han ere nabarmenduz bere intelektuasunagatik.
Frantziskotarren idazkari nagusia eta Kantabriako probintziala izan zen bi alditan, eta Asisko Frantziskoren jarraitzaileen buru nagusia hautatu zutenean, Elgoibar herriak opari bat (57 errealekoa) egin zion. Elgoibarko komentura erretiratu zen, hemen bizi izan zelarik bere bitzitzako azken aldian, otoitz egitera emana, eta santu-hotsean hil zen 1633an, hirurogeita hamazazpiren bat urte zituela.
Leinu berekoa Frai Joan Amuskotegi dugu, Elgoibarko komentuko goardianoa izan zena XVI. mendeko bukaeran eta hurrengo mendeko hasieran; eta baita Frai Domingo Amuskotegi ere Sasiola eta Elgoibarko komentuen guardianoa izan zena, hurrenez hurren. Azkenik, Domingo Amuskotegi Elgoibarko done Bartolome Olaso parrokiako apaiz benefizioduna izan zen baita Salamanca Unibertsitateko Ikastetxe Nagusiko ikasle, eta katedradun lanpostua lortu zuen bertako unibertsitatean ere, 1619an. 1622an hil zen Domingo Amuskotegi.
Roke Ansola Aldazabal. “Erroketxo”. (1822-1911). Txistularia.
Roke (Erroketxo) Elgoibarren jaio zen 1822ko abuztuaren 16an. Aita Ignazio Ansola Oñederra Itziarren jaiotakoa zen eta Elgoibarko udal-txistulari lanpostua lortu zuen hogei urterekin eta Ansolatarren dinastiaren sortzaile dugu; ama, berriz, Maria Eugenia Aldazabal Elgoibarren jaiotakoa zen. Horrela, bada, hauen seme Roke izango da Ansolatarren adarrako bigarrena, egun ere jarraipena duena txistularien saga honek.
Roke Ansola txistularia Josefa Manuela Guenagarekin ezkondu zen 1842ko abenduaren 22an eta lau seme izan zituzten 1843tik 1856 bitartean: Pedro Fernando, Juan Silbestre, Martzelino Nikolas eta Luis.
Erroketxok jarraitu zuen aitaren bidea eta 1850ean erdietsi zuen aitak utzitako lanpostua eta hirurogeita bat urtez jardun zuen danborildari. Esan behar da ere musika-bandako hiru laurdenak Ansola familiakoak zirela musika-talde horren hasierako urteetan, eta Silbestre (Ermuaran-Sallobenteko eskolako maisua) izan zela zuzendaria 1888tik 1897ra arte, txistularia izateaz gain ia hirurogeita hamar urtez. Hala ere, uko egingo dio udal txistulari titularra izateari hirurogeita lau urte zituenean, bere seme Laureanoren onetan. 1936-1939ko gerra ondoren Laureano eta familia Markinan gelditu ziren bizi izaten, baina semeek Elgoibarko musika banda osatu ez ezik urte askotan, San Bartolome jaietan ere jo ohi zuten ohiko txistu kontzertua eta dantza txapelketan urte askoan.
Silbestreren beste seme batek, Florentziok, 1903an Eibarko udal txistulari postua erdietsi zuen 15 urterekin eta berrogeita zortzi egin zituen bertan (1950 arte). Halaber, Laureano anaiak uko egin zionean 1939an Elgoibarko txistulari postuari, Florentziok beteko du 1973ra arte langintza hori, eta urte hartako azaroaren 19an hil zenetik 1975era arte semeek jarraitu zuten.
Txanbolindarrak, horrela deitu izan zaie Elgoibarren Ansola txistulari saga honi, hasieratik txistu bandak (txistu 1goa., txistu 2.a, silbote eta atabala) osatu zituzten, eta bakarka edo taldeka Euskal Herrian txapelketetan hartu ohi zuten parte, kalitate maila handia erakutsiz.
1966an Elgoibarrek omenaldia egin zion Ansola danborildari familia honi, hainbat belaunaldiz gure herriko kaleak eta ospakizunak alaitzeagatik. Markinan bizi izan ziren Ansolatarrei (Felix, Jose, Luis eta Julian) beste omenaldi bat egin zitzaien Donostian 1980an, kontzertu horretan ehun eta hamar txistularik jo zuten Konstituzio plazan J. M. Gonzalez Bastidaren zuzendaritzapean. Azkenik, esan, aipatutako Txanbolindarrez gain Elgoibarrek txistulari asko izan zituela eta egun ere dituela, eta bakarra aipatuko dut Patxi Etxeberria, txistulari bikain izateaz gain txistu egile eta maisu ere izan zena, gerra ezagutu ez genuen belaunaldiari txistuarekiko maitasuna trasmititu egin baitzigun. Izan ere, berak lehenengo eta baita Antonio Azpiazuk eta honen ondorengoek, neska-mutil askori erakutsi zien jotzen gure instrumentua, etenik gabe jarraipena duena egun Musika Eskolaren bitartez.
Juan Arandia. (XV. mendeko erdialdetik XVI. mendeko bigarren hamarkada ingurura arte). Arkitektoa eta maisu-hargina.
Ez dakigu zehatz-mehatz noiz jaio zen, baina kontuan izanda berari buruzko 1513ko agiri batean esaten dela “es ya home de días” eta “seyendo él home viejo en días” pentsatu behar dugu XV. mendeko berrogeiko hamarkadaren inguruan munduratuko zela; eta heriotza, berriz, 1517tik gertu.
Oso ezaguna da Arandiak Valladolideko San Benito monasterioko elizako planoak diseinatu eta eraiki zuela Garzia Olabekoaren lankidetzarekin, izan ere elgoibartarra garai hartako arkitekto hoberenetakoa zela aipatzen da. 1499 eta 1515 artean jardun zuen Espainia erresumako hiri garrantzitsuaren munta handiko monasterioko eliza eraikitzen. Obra honek Errege-erregin Katolikoen babesa eta Antonio Valdivieso Leongo apezpiku eta Valladolideko Errege Kantzelaritzako lehendakariaren laguntza izan zituen. Honetaz gain, Gaztelako hiri horretan bertan Santiago eliza ere berreraiki zuen, Luis de la Serna merkatari eta bankariarekin hitzartutako lana izanik.
Baina, gure herritarrak beste eraikin asko egin zituela ez dago zalantzarik, ezaguna eta izen handikoa baitzen, gertatzen dena da ikertu gabeko legajoetan egon daitekela horren erantzuna. Honen haritik, Kukullako Donemiliagako eliza, Ondarroako eliz-parrokia eta Bilboko zubia (San Antongoa, aldaketa sakonak ordundik) ditugu, hauei buruzko agiri bakarren batzuk egon arren, garbi erakusten digute Arandiaren esku-hartzea. Hori bai, gure arkitekto handiaren izena ez da oraindik bibliografian ageri ezta turismo-inprimakinetan eta googlen ere. Berak eraikitako eliza batzuetan bere estilo definitzen dituzten honako arkitektura ezaugarri hauek ageri dira: altuera bereko hiru nabe eta pilar gotiko tipikoaren ordez zutabe zilindriko leunak.
Pedro Arenaza. (1696/?). Artzapezpikua.
Elgoibarren jaio zen 1696ko uztailaren 23an. Lau seme-alabetatik seme bakarra izan zen, eta gurasoak Pedro Arenaza eta Magdalena Garate izan ziren.
Valentziako artzapezpikutzako bikario nagusia eta probisore-gobernadore eta Llerenako Inkisizioaren Ofizio Santuko fiskala izan zen, 1736an, Valentzian ere ofizio berean jarduteko aukera zuelarik. Horrez gain, Limako (Perú) Auzitegiko bisitatzailea ere izan zen XVIII. mendeko berrogeiko hamarkadatik hurrengo hamarkadako erdialdera arte.
Martin Santxez Arriaga Jausoro. (1420 c./1480) Ganbarako eskribaua eta errege Kontularia.
XV. mendearen bigarren hamarkadan jaio zen. Olauniko San Juan eta Jausoroko Teresa Martinezen semea, Ganboako Toda Martinez eta Ibarrarekin ezkondu zen, eta 1480an hil zen. Ganbarako eskribaua eta errege kontularia, Karkizano beheko “yuso” etxeko jauna eta bailarako Burdinoletako Kabildoko alkatea izan zen.
Arriaga kontadorea eta eskribauak akats handia egin zuen 1474an, Enrike IV. alaba Juana La Beltraneja-ren alde lerrokatu zenean, Gaztelako aulkia eskuratzeko suzesioren auzian; horrela errege horren arreba Isabel Katolikoaren aurka jarri zen. 1476an, Toro eta La Albuerako borrokaldien ondoren arazoa azken honen alde ebatzi zen eta, ondorioz, Portugalek babesten zuen Beltranejaren alde borrokatu zuten kapare eta gortesau asko zigortuak izan ziren. Baina Errege-erregin Katolikoengandik barkamena erdietsi zuen elgoibartarrak, horretarako haiek bide eman baitzuten isuna berrerosteko zerbitzu militarrak eginez, eta Arriagak Juan Ganboa bidali zuen gerra-gatazketan jardun zitzan bere partez.
Antonio Arrillaga Arriola. (1886-1961) Mediku traumatologo, kultur eragile eta politikoa.
Arnoate (Mendaro) baserrian jaio zen 1886ko urtarrilaren 17an, eta Azpilgoetako (Mendaro) Jasokunde Andre Maria parrokian bataiatu zuten.
Mediku traumatologo ospetsua eta gizatasun handikoa eta, batik bat, behartsuekiko begiramena izan zuena bere lanbide-jardueran; kultur gizon aipagarria eta politiko ezaguna izateaz gain.
Haren aita Julian ere han jaiotakoa zen eta baserri hartan hausturak eta lokadurak sendatzeko jakinduria eta eskarmentu handia zuten. Beste zenbaiten artean, gure protagonistaren aita aipatutako Julian (petrikilo baina praktikante tituluarekin) nabarmendu zen, Elgoibarko tren-geltokiaren parean etxea eraiki ondoren ostatua ireki zuen XIX. mendeko azken hamarkadan, bertako gela batean artatuz, baina Donostira ere joaten zen eta hotel batean artatu ohi zituen bere bezeroak.
Antonio Arrillaga Arriolak medikuntza ikasi eta traumatologían espezializatu zen, eta Arnoate izeneko klinika ireki zuen Santa Ana kalean, modu horretara aitak izandako jazarpena ez zuen nozitu traumatologia titulua ez izateagatik. Semeak jarraipena eman zion jarduerari, egoera normalizatuan, eta izen handia izan zuen bere herriaz gain urrutiagoko zenbait herritan ere. Hala ere, Antonio ez zen Arrillaga bakarra mediku traumatologo tituluarekin, Julianen lehengusu zen Pedro Maria Arrillaga Arizaga, (belaunaldi berekoak), izan zen Antonioren esanetan “Elgoibarko traumatologia Eskola-ren” sortzailea.
Don Antonio gizon polifazetikoa izan zen ezbairik gabe, “Arnoate” klinikan artatu ez ezik “Ferrocarriles Vascongados” –eko zerbitzu medikuko kide (espezialista) zela ageri da 1919an. Eta aipatu gabe ezin utzi industria enpresari ere izan zela eta beste proiektu batzuen artean, tren geltokiko biltegi aurrean “Irusta, Arrillaga eta Cia” bera kide zen enpresa eraikitzeko baimena eman zien Udalak 1919eko bukaeran.
Kulturari dagokionez, Arrillaga doktorea kultur eragile izan zen Elgoibar zein Euskal Herri mailan artikulu ugari aldizkari eta egunkarietan eta zenbait liburu idatzi baitzituen. Hona hemen idatzitako lan batzuk: Monografía histórica de Elgoibar 1346-1946 (kolaborazioan); Recuerdos del roble de Guernica eta Iparraguirre‘rengan esan diranak, Monografía humorística de Elgoibar. Horiez gain, Don Jose Migel Barandiaranek Maiza-Kalamuagako trikuarri eta tumuluen indusketak egin zituenean 1934ko abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran, haren laguntzaileak Arrillaga (Barandiaranek honi buruz dio “ilustrado médico”) eta Pedro Gorostidi (orduan apaizgai eta gero urte askoan Arrate santutegiko apaiz izan zena) elgoibartarrak izan ziren. Halaber, aipatu gabe ezin utzi, 1918an alkate zela Elgoibarko Udalak aukeratu zuela Oñatin urte hartako irailean ospatu zen Euskal Ikasketen Kongresuan kogresukide izateko. Euskal mundu intelektularen bilkura hark berebiziko garrantzia izan zuen euskal kulturaren garapenean, besteak beste, bertan Hegoaldeko lau Aldundiek ospe handiko Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia erakundeak sortzeko erabakia hartu baitzituzten, eta eragina izan zuen Arrillagarengan, eta gure herrian ere nabaritu zen.
Arrillagak politikan ere jardun zuen, politika gizarteari zerbitzua eskaintza den aldetik. Ziur aski, aitarengandik jaso zuen bokazio hori, (traumatologia bezala), Julian “Liberal Fuerista” talde politikoko liderra izan baitzen Elgoibarren, eta talde horrekin zinegotzi hainbat legealditan. 1916an iritsi zen udaletxera Don Antonio, zinegotzi aukeratua izan baitzen urte hartako urtarrilean izan ziren hauteskundeetan (aita Julian 1917ko hasieran hil zitzaion), eta 1918tik 1920ra arte (Liberal Fueristaren ordezkari) eta 1924tik 1930ra arte alkate izan zen. Bigarren aldi honetan Primo de Riveraren diktadura izan zen eta garai hartako udal aktek azaltzen dute erregimenak nahi izan zuela “Unión Patriótica” erregimenaren alderdi bakarrean afiliatu zedin, dirudienez, lortu gabe. Ostera, urte hauetako Udalek “Probintzia ahizpen” Foruak edo izandako Askatasunak aldarrikatuko dituzte, horretarako 1839ko urriaren 25eko legea eta botere legegileek emandakoak indargabetzea esijituz, eta horregatik, Kontzertu Ekonomikoen defentsaren alde ere egongo dira.
Kirolzale izan zen, pilotan jokatu ohi zuen gaztaroan, eta mendizale eta naturazale nagusitu zenean. Honen harira Morkaiko elkarteak Arnoateko aterpea eraikitzerakoan 1944an Don Antonioren bultzada eta laguntza izan zuen.
1945eko urriaren 10eko udalbatzerrean Julio Mugertza alkateak zioen Arrillaga doktoreari omenaldi bat eskaintzeko asmoa zegoela herri mailan, eta Udalak bat egiteaz gain ekimen honekin ondorengo ideia hauetan oinarritzen dira: “…ex alcalde durante dos lustros….; meritorios servicios prestados a cuantos residentes han requerido su concurso como médico especialista, teniendo su clínica “Arno-ate” constantemente abiertas las puertas…. en forma desinteresada…”, ondorengo proposamena eginez: “solicitar del Ministerio de Gobernación la Concesión de la Cruz de la Orden Civil de Sanidad”. Eskatutako kondekorazioa 1946ko urtarrileko 21ean onartu zuen Gobernazio-ministerioak.
1961eko abuztuaren 15ean hil zen, 75 urterekin radio-dermitis-miokarditis (Heriotz agiria) gaixotasuna zela medio, ezbairik gabe bere mediku jardunarekin hertsiki lotua.
Pedro Maria Arrillaga Arizaga. (1864-1910). Mediku traumatologoa eta politikoa.
Elgoibarren jaio zen 1864ko ekainaren 29an. Arnoate baserriko Pedro Mariaren aitona, Jose Ignazio Arrillaga Bastida, bi aldiz ezkondu zen, lehen ezkontzatik Jose Andres Arrillaga Barrutia Arnoateko maiorazkoa eta Julianen (honen semea, Don Antonio) aita jaio zen, eta bigarren ezkontzatik Jose Ignazio (seme-alabetatik 4.a) jaio zen, Pedro Mariaren aita. Beraz, Julian Arrillagaren (Jose Andres) eta Pedro Maria Arrillagaren aita (Jose Ignazio) anaiak ziren, baina aita bat izan arren ama desberdina zuten.
Horrela bada, Pedro Mariaren aita (Jose Ignazio) Arnoate baserrian jaio zen, eta bertatik bertara ezagutu zuen traumatologia, petrikilo moduan, Julianek berak ikasi zuen bezala. Lehengusuak izan baziren ere, odol adar batetik behintzat, ez dut uste adiskidetasuna landu zutenik. Izan ere, Pedro Maria mediku traumatologoa eta herriko alkateak Julian praktikante traumatologoa salatu eta zigortu zuen hausturak eta lokadurak sendatzen aritzeagatik Elgoibarren, eta gobernadorearen isuna ere izan zuen arrazoi berberagatik. Gainera, aurkari politikoak izan ziren.
Don Antoniok baieztatzen zuen Elgoibarko traumatologia eskolaren sortzailea izan zela Don Pedro Maria, azken hau izan baitzen aitzindari espezialitate honetan gure herrian. Nahiz eta nagusiki traumatologo kontsulta partikularra izan zuen 1888tik 1890era arte familia-mediku ere aritu zen.
Halaber, aipatutako Pedro Alderdi Katolikoko politiko militante izan zen, 1891tik 1894ra arte zinegotzi, eta 1904tik 1910era arte alkate, eta garai bertsuan probintziako diputatu izanik. 1907ko uztailaren 28an, Elgoibarko Euskal Jaietako ospakizunen barruan, prozesio erlijiosoan, Gipuzkoako Aldundiko zutoihala eramateko ohorea izan zuen. Alkate zela gaixotu zen eta handik hilabete batzuetara hil, helduaroan, 46 urte besterik ez zuenean.
Juan Arrillaga. (XVII. mendeko bigarren zatia). Burdin saregilea.
Elgoibarren XVI. mendetik XVIII. mendeko azken heren arte izan zen burdin saregile handien eskolako kide izan zen Juan Arrillaga. Burgosko katedraleko presbiteriorako sei burdin sare landu zituen 1679 urtearen inguruan.
Halaber, bertako beste lankiderekin elkartu zen zenbait obra egiteko: Bartolome Elorza eta San Juan Ugalderekin batera Tolosako Kontzejuko etxeentzako hogeita hemezortzi balkoi egin zituzten 1682an. Geroago, hirurek 64 karel bakoitza 19 balaustrena landu zituzten Elgoibarko olagizon eta merkatari zen Jakobo Lizaranzurentzat, 1684an. Urte berean, Arrillagak Legorretako Domingo Yunybarvia kapitainari 10 balkoi egin zizkion. Halaber, Elgoibarko Olasoko Done Bartolome parrokiak Arrillagak egindako pulpitu, presbiterio (1678) eta leihoetako (1686) burdinsareak eduki zituen.
Pedro Alejandro Atristain Ibarzabal (1844/1916.02.21). Perito agrónomo, armero e investigador-inventor.
Nacido en Eibar en 1844, contrajo matrimonio el 2 de octubre de 1866 con la elgoibarresa Ángela Bicenta Barrenetxea Etxabe (6.04.1840), y a partir de ahí parece que la pareja fijó su residencia en Elgoibar, ya que aquí nacieron sus nueve hijos: tres chicas y seis chicos, siendo el segundo de ellos bautizado en el barrio de Altzola. En 1913, la familia Atristain Barrenetxea vivía en el piso 1º del portal 41 de la calle San Bartolomé, donde en aquel momento estaban empadronados el matrimonio y dos hijos: Ángel, de 40 años, de profesión empleado, y Andrés, de 34 años, grabador. Cabe destacar que otro hijo, llamado Bartolomé Atristain Barrenetxea, tenía un negocio de venta de tocino en la calle San Francisco, 4, ocupando el undécimo lugar entre los mayores contribuyentes elgoibarreses. Una situación económica privilegiada que a él y a otros 67 varones elgoibarreses (tenían que saber leer y escribir) les daba derecho a elegir a los representantes del Senado.
Atristain fue fabricante de armas, hacía sobre todo cañones y montó un stand en la Exposición Universal de Barcelona de 1888. Allí explicó, de forma pedagógica, las fases del trabajo del cañón. Además, parece que gozaba de gran ingenio, y en septiembre del mismo año, presentó en Londres una patente de invención, una novedad que no tenía nada que ver con su actividad principal: un freno automático para trenes. Este avance tecnológico lo registró en el Boletín Oficial de la Propiedad Intelectual e Industrial de España, el 16 de agosto y por un período de veinte años. Anteriormente, a finales de mayo, contó con la colaboración del presidente del Consejo de Administración de la compañía ferroviaria Durango-Zumarraga, Sr. Igartua, para experimentar su proyecto.
Además, Atristain, bien joven con 22 años, se implicó en política. Recién terminada la última guerra carlista (1872-1876), el Ayuntamiento de Elgoibar fue impuesto "manu militari" por el mariscal Fernando Quadros y Ximena, una vez que ocupó con su ejército el municipio, el 5 de marzo de 1876. Los elegidos para regir el pueblo tenían que ser liberales (partidarios del rey Alfonso XII), pues los carlistas fueron derrotados y expulsados. He aquí, a continuación, los miembros de esta corporación liberal: Alcalde: Juan Luis Iriondo; Concejales: Sebastián Uribe, Pedro Alejandro Atristain, José Barrenetxea y Fermín Agirre.
Dos años después, Atristain fue nombrado primer teniente de alcalde. Más tarde, obtuvo los siguientes nombramientos: regidor, el 15 de julio de 1880; síndico, desde 1890 hasta comienzos de 1894; concejal, a principios de 1904 y también desde 1906 hasta finales de 1907; otra vez síndico, desde 1908 hasta el 1 de julio de 1909. Para completar su perfil es de señalar que en los censos municipales de 1876, 1890 y 1907 está clasificado como “Propietario”.
Atristain murió el 21 de febrero de 1916, y doce días después de su muerte el Pleno del Ayuntamiento decidió dejar constancia en acta su sentimiento por su fallecimiento, recordando su condición de concejal y agradeciendo los numerosos servicios prestados al pueblo. Entre ellos se menciona que había sido el encargado del reloj de la parroquia, aunque últimamente estaba desempeñando esta labor su hijo Ángel.
Sor Ana Azpeitia Larrañaga (1898-1986). Lekaimea.
Azkoitian jaio zen 1898ko urtarrilaren 28an. Karitateko Alaben Lagundikoa egin zen 1922an eta hurrengo urtean, 25 urterekin, etorri zen Elgoibarrera. Bertan, Maalako San Lazaro Ospitalean (Erresidentzian) hirurogeita hiru urte egin zituen, eta une zail eta gogor zenbait bizitzea egokitu zitzaion. Hala ere, beti laguntzeko prest omen zen Sor Ana eta irrifarrea ezpainetan beti, gainera denentzat aholku ona edo hitz atsegina ere omen zuen hitzetik hortzera.
Abesteko zale ere ba omen zen eta bigarren ahotsa egitea gustatzeaz gain ondo moldatzen omen zen.
1986ko irailean hil zen 88 urterekin, horietatik 63 urte Elgoibarko gaixo, nagusi eta ezinduei eskainiak, baita zenbait urtetan haur txikiei ere eskola eman zien, egungo Maalako parkean zegoen eraitsitako eraikinan (Ikastolako haurtzaindegia eta Gaztetxea egon ziren ere bertan).
Gogorazi behar da ere, Karitateko mojak 1869tik Elgoibarko herrian txertatuta bizi izan zirela, eta Ospitalean aterpea hartu ohi zuten gaixo, zahar, ezindu eta familiarik gabekoak artatu zituztela maitasunez.
1999ko irailaren 27an, berriz, Pauleko San Bizente (Karitateko alaben sortzailea, Marillaceko Santa Luisarekin batera) egunean, esker oneko omenaldia eskaini zitzaien San Lazaro egoitzako azken mojeei, gure herrian 130 urte aritu ondoren.
Ignazio Bereziartua Uranga. (1883-1958). Musikaria: parrokiako organojolea, Udal musikaren eta Akademiaren zuzendaria, eta konpositorea.
1883ko uztailaren 31an jaio zen Beasaingo kale nagusiko 17an eta herri honetan eta Ataunen ere bizi izan zen Elgoibarrera etorri arte. Aita, Asentsio, azpeitiarra; ama, berriz, arroarra; Beasainera joan ziren bizi izatera, familia burua CAF enpresan lan egiten hasi zelako. Bereziartua Uranga senar-emazteek zazpi seme-alaba izan zituzten, Ignazio hirugarrena izanik.
Mutiko zela Beasaingo parrokiako tiple izan zen eta solfeoa ikasi zuen, Juan Jose Telleria organistarekin. Ondoren, harmonia, konposizioa, kontrapuntua, pianoa eta organoa landu zituen Donostiako kontserbatorioan, Rodriguez eta Mokoroa musikagile ospetsuekin. Gipuzkoako Aldundiko beka lortu ondoren, goi mailako musika-ikasketak jarraitu zituen Donostiako Arte Ederren musika-Ikastetxean. Zendoia, Etxeberria, Jauregi eta Larrotxa irakasle entzutetsuekin ikasi eta nota bikainak erdietsi zituen.
Bereziartua Uranga familia Ataunera aldatu zenean bizi izatera eliza hartako órgano barroko ederrean praktikak egingo zituela ustetan gara.
1902an, Ildefontso Lizarriturrik San Bartolome parrokiako organista izateari utzi zionean, Donostiako San Bizente parrokiako organo-jotzaile izateko, Elgoibarko Udalak eta Parrokiak Bereziartua aukeratu zuten hiru hautagairen artean. Handik denbora gutxira ekingo dio 19 urteko gazte beasaindarrak ibilbide luze eta oparoari musika alorrean, izan ere, organista ez ezik musika-bandako suspertzaile eta zuzendari, eta musika- eta kantu akademiako irakasle ere izateko konpromiso hartu zuen. Horiez gain, Lagun onak orfeoiaren sortzaile ere izan zen; halaber, harmonizatzaile ez ezik konposizio asko sortu zituen, gehienak galdu baziren ere familia bizi zen Santa Ana kaleko etxea erre zenean, hil baino bost urte lehenago. Hona hemen berak sortutako konposizio batzuk:
- Konposizio erlijiosoak: Misa in honorem Santi Ignatii Loyolae, Salbe solemne batzuk, Eguberri kantak (8 inguru)…;
-Bandarako konposizioak: Aires Vascos, Aufa eta Morkaiko martxak, Plantillerito pasodoblia, Aupa Elgoibar…
-Txisturako konposizioak: Txistularien kontrapasa, 1907ko Elgoibarko Euskal Jaietan saritua; Burruntzalea, 1908ko Eibarko Euskal Jaietan saritua; Ara nun diran eta Guazen Loyolara.
Ignazio Bereziartua Felisa Aranberri Ansolarekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituzten, eta horietako batek, Asensiok, organista titularra ez izan arren, zenbaitetan jo ohi zuen organoa parrokian. Bereziartua-Aranberri familia Santa Ana kalean bizi zela, etxea erre zen eta Azkue auzoan, San Rokerako bidean, egin zuten etxe berria, “Señorita Anitak” akademia izan zuen eraikinean, hain zuzen ere; Bereziartua musikaria aipatutako irakaslearen aitaginarreba baitzen.
Gure musikaria 1958ko martxoaren 7an hil zen, 74 urterekin, 56 urtez parrokiako organista eta ia 38 urtez udal-bandako zuzendari izan ondoren.
Tiburtzio Beristain Berriozabal (1904-1953). Futbolaria.
Elgoibarko San Bartolome kalean jaio zen 1904ko apirilaren 14an. Bost anai-arreba ziren, gazteena bera izanik. Oso gazte ausarta omen zen, soltea eta trebea kiroletarako, eta gaztetatik kirola landu zuen. Esku pilotan ederki jokatzen omen zuen, baina futbolan jorratuko du bidea, eta Eskoletako plazan (Agirre plaza) nahiz Azkuen hasi zen futbolean jolasten harik eta 1925eko apirileko 4an Lerungo futbol-zelaia inauguratu zuten arte.
Antonio Arrillaga mediku ospetsua alkate zen une honetan, eta Elgoibar F. C. taldeak Donostiko C. D. Esperanza taldearen aurka jokatu zuen, eta azken hauen atezaina Beristain izan zen. Inaugurazio ekitaldi honetan aipatutako partida ez ezik Mugertza korrikalari elgoibartar txapeldunak ere, Gipuzkoako kroseko txapelduna zen Acebalen aurka korrika egin zuen. Zelaiari hamabi itzuli eman zioten eta elgoibartarrak irabazi zuela diote egun gogoangarri hartako kronikek.
Beristain Rufina Urretarekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten, eta San Frantzisko kaleko 49an bizi izan ziren.
“Haundiko” atezain bikaina izan zen hainbat denboralditan, eta azpimarratzekoa da 1926ko uztailaren 25ean Beristaini eta taldeko beste kideei (R. Fernandez, F. Etxeberria, R. Astigarraga, A. Untzilla, D. Urdinguio, S. Gabilondo, N. San Martin, A. Ezenarro, J. Alberdi, C. Alberdi, R.Garate, I. Azpiazu, J. Ezenarro…) eta baita klubeko atletei ere eskaini zieten omenaldia. Beristainek erakutsi zuen egun horretan geldiketa bikainak egiteaz gain, bertsotarako trebezia ere bazuela, izan ere, izandako omenaldi-bazkarian bertso batzuk inprobisatu zituen, eta nabarmendu behar da ere futbol-talde osoak aurreskua dantzatu zuela omenaldiko meza ondoren.
Beristain Deportibo Alavesek fitxatu zuen 1927an eta lau denboralditan aritu zen bertan, bere azken denboraldian 1. mailara igoz. Ondoren, Realarekin fitxatzeko aukera izan zuen eta 1931tik 1935era aritu zen, lehen mailan ere. Halaber, Espainiako selekzioaren deialdia ere izan zuen 1934an, besteak beste, Munduko Futbol txapelketan jokatzeko, eta Ricardo Zamora atezain titular mitikoaren ordezko izan zen. Euskal selekzioan ere parte hartu zuen, 1930ean, besteak beste.
1935-1936ko denboraldian Elgoibar F. C. taldearekin ekin zion berriz, zaletu gisa, profesionala izan ondoren urte batzuk, eta urte hasieran kronika batean aipatzen da Beristain jokalaria izateaz gain, entrenatzailea eta klubeko lehendakaria ere zela. Horrela, 1936ko urtarrilaren 19an herriak omenaldia eskaini zion, eta bi selekzioek jokatu zuten partidan (Beristainek berak ere) batutako dirua berari eman zioten, eta Real Sociedad futbol-taldeak ere beste omenaldi bat antolatu zuen, apirilaren 14an, Amaikak Bat eta Real Sociedad taldeetako beteranoek jokatuz elkarren aurka Atotxan. Debarrek irabazi zutenez Errealekoek errebantxa eskatu zuten eta apirilaren 22an jokatu zuten bigarren aldiz, berriz donostiarrek galduz, eta bi ekitalditako dirua omenduari eman zioten.
Ondoren, gerra zibileko hiru urteko etenaldia bukatuta, 1939-1940ko denboraldian jarraitu zuen liga, baina iadanik, Beristain ez da “Haundi” taldeko hamaikakoetan ageriko, eta ziur aski azken partidak, beteranoen taldearekin, 1939ko urte bukaeran eta 1945eko San Jose egunean jokatuko zituen; lehenengoa Eibarko beteranoen aurka, eta honetan honako hauek osatu zuten hamaikakoa: Beristain, Etxeberria, Fernandez, Garate, Vallejo, Unzilla, Silbino, San Martin, Ezenarro, Astigarraga eta R. Garate. Hala ere, gogoratu behar da “Haundiko” entrenatzailea izan zela urte hauetan eta, “Club Deportivo Elgoibar” liburuan (K. Lizarralde: C. D. ELGOIBAR, 1917-2017) ageri arren, Beristain 1947an Gasteizera zihoala Alavés entrenatzera, Elgoibar taldea utzita, zurrumurrutzat hartu beharko genuke, ez baitago agiririk hori egiaztatzeko.
Gerra zibilean esku hartu zuen, eta “galtzaile” taldekoa izan zenez gatibu-lanak egitera zigortu zuten Sevillako langile-batailoi batean, baldintza oso gogorretan. Horrek asko ahuldu zuen bere egoera fisikoa. 1953ko ekainaren 21ean, hil zen 49 urterekin, Ziriako (Errasti Suinaga) eibartar futbolari handiak (Alavés, Madrid eta Espainiako selekzioa) eta Beristainen lagun minak eraman omen zuen zerraldoa beste adiskide batzuekin batera elizara eta Olasoko kanposantura, Unai Zulaika Beristain bilobak aditzera emana duenez bideo batean.
Esandakoaz gain, Beristain oso maitatua zen herrian, oso ezaguna, eta gustu handiz kitarra jo ohi zuen, askotan abestuz lagun artean, baita bertsotan ere aritu ohi zen, arestian esan dugunez. Elgoibartar kutun hau gizon apala, atsegina eta borondatetsua zen.
Elgoibarrek futbol jokalari asko eman ditu, gehienak kirolari zaletuak izan direnak, baina baita, eta ez gutxi, profesional izan zirenak, goiko mailatako klubetan arituz. Hauen deiturak idatzi gabe gelditzen dira luze joko lukeelako guztien izen-abizenak ematea-eta.
Maria Antonia Egizabal Elgarrezta (1676-1723). Lukas Longa senar arkitektoaren Kalegoengo Done Bartolome elizako eginbeharra bukatu zuen.
Antzuolan (Gipuzkoa) jaio zen 1676ko apirilaren 22an, eta Kalegoengo Done Bartolome eliza eraikitzen aritu zen 1693tik Lukas Longa Mendaroko (Elgoibar) arkitektoaren emaztea izan zen. Longa bigarren arkitektoa zen Kalegoengo eliza eraikitzen eta berak ere plano berriak diseinatu zituen.
Senarra 1703an hil zitzaionean, harek maiordomoekin sinatutako konpromisoa bukatu gabe, Egizabalek eskritura berri bat eman zuen fiantzekin, obra amaitzeko, eta 1705ean bukatutzat eman zuen lana, Udalaren onespena jasoz egindako lanagatik. Horrela, Maria Antonia Egizabal hil zenean 1723an, Kontzejuak esker ona azaldu zion familiari, eta 240 erreal eman zion haren aldeko mezak emateko.
Antonio Elorza Betolaza (1680-1734). Burdin saregilea.
Elgoibarren jaio zen 1680ko irailaren 8an, Bartolome Elorza burdin saregile aitortuaren eta Mariana Betolazaren semea izanik. Longa arkitektoaren iloba batekin ezkondu zen Antonio 1702ko urriaren 10ean, eta honen alaba Grazia, berriz, Gregorio Agirre artisau polifazetikoarekin uztartu zen. Herriko erregidore izan zen 1718-1719 urteen bitartean eta herriko alkate 1723-24 urteen artean.
Antonio Elorza burdin saregile ezaguna eta trebea izan zen, eta bere lanak, besteak beste, Segoviako katedralean, Burgosko katedralean, Madrileko “El Retiro” delakoan, Calahorrako katedralean, Santo Domingo de la Calzadako katedralean, Logroñoko “La Redonda” kolejiatan, Alfaroko, Sesmako eta Lizarrako San Juan eta Ruako San Pedro parrokietan, Iruñeko San Fermin kaperan, Gasteizko San Frantzisko komentuan, Loiolako Santutegian eta abar.
Halaber, bere herriko Kalegoengo Done Bartolome parrokiarako honako lan hauek egin zituen: sakristietako leihoetako errejak, ate nagusiko lau leihotxoetako errejatxoak, pulpitua, koruko karelako burdin sarea eta eskailararen hasierarako zutabe salomondarra. Azken honi dagokionez, forja-langintzan adituak direnek berebiziko meritua eman ohi diote zutabe horri, Elorzak bere jaioterriari utzi zion legatu aberatsat hartu dute, perla bakarrenetakoa, maisutasun eta maitasun handiz landua.
Eulogio Estarta Landa (1891-1955) Enpresaria..
Elgoibarren jaio zen 1891ko martxoaren 12an. San Pedro fabrikan hasi zen beharrean hamabi urterekin eta iluntzetan Arte- eta Lanbide-eskolan ikasi zuen. Ondoren, mekanika eta marrazketa ikasi zituen Bilbon urte batzuetan, eta tailer mekaniko batean jardun zuen lanean Bizkaiko hiriburuan.
Estarta Jose Leon Ziarani elkartu zitzaion 1914ko apirilaren 21ean, ordurako Ziaranek makina-erremintan eskarmentua zuen, 1898an hasita baitzegoen zulagailuak ekoizten, eta helduagoa ere bazen, 38 bat urte, Eulogiok 23 zuen bitartean. Hamazazpi hilabete geroago Teodoro Ezenarro Garate batu zitzaion Ziaran-Estarta elkarte anonimoari (Ciarán Estarta y cia) eta Ziaranek zuen tailerrean aritu ziren, San Frantzisko kaleko 60an.
Ziaranek 1920an utzi zuen elkartea eta Daniel Ansola eta Alberto Ezenarro kide berriak sartu ziren. Handik aurrera enpresak Estarta eta Ecenarro hartu zuen izena. Han bertan izan zuten tailerra, harik eta Santa kalean tailer berria egin arte 1936-39ko gerra zibilaren aurretik. Gerra ostean ibaiaren beste aldean, Xixilion baserriko lursailean, eraiki zuten tailer berria, makina-erreminta ez ezik josteko makina (Sigma) ere ekoitziz.
Estarta eta Ezenarro empresa Elgoibarko erreferente izan zen urte askoan. Enplegu ugari sortzeaz gain, langile askoren lanbide-heziketa eskola ere izan zen. Izan ere, hemen trebatutako zenbait langilek tailer berriak sortu zituzten, eta gure herrian ondoren garatutako eta egungo makina-erreminta industriaren jatorrietako bat. Azkenik, enpresa handi hura, hain garrantzitsua izan zena elgoibartarrentzat, 1995ean itxi zen.
Eulogio Estarta 1955eko ekainaren bukaera aldera hil zen, Bartzelonan. Albiste triste hau iritsi bezain pronto Elgoibarrera, Udala bildu zen, eta honako hau adierazi zuen hitzez hitz: “… pésame por el fallecimiento de Don Eulogio Estarta exconcejal, prestigioso industrial y gran bienhechor de las instituciones benéficas de la villa”, eta gogorarazi zuen harek eta haren lankideek sortu zuten enpresak 700 langile eta teknikari zituela une hartan. Halaber, hurrengo urteko martxoaren 22an Rezola alkateak aurkeztutako mozioa Udalak onartu zuen, eta honako hauek erabaki: 1- Udalak poz handia izan zuen azken Ministro Kontseiluak “Medalla al mérito en el Trabajo a título póstumo” emateagatik Estarta zenari; 2- “Hijo predilecto de Elgoibar” titulua ematea…, eta pergamino batean idatzita bere alargun Dominika Ansola Juaristi andereari entregatu handikiro; 3- azkenik, haren izen ona iraunarazteko “Avenida de Don Eulogio Estarta Landa” deitura ematea zubiko sarreratik “Sigma” enpresako etxeen multzorainoko tarteraino.
Angeles Etxabe Agirre. (1918-1995). Jostuna.
Elgoibarko San Frantzisko kalean jaio zen 1918ko martxoaren 1ean. Gurasoak Jose Etxabe San Pedro eta Kandida Agirre Zubiaurre izan ziren, hiru seme-alaba izan zituzten: Justa, Angeles, bigarrena eta gazteena, Justo, Gasteizen hil zena 18 urterekin gerratean, soldaduzkara joanda.
Angelesek Maalako Pauleko San Bizente mojen eskolan, ospitale eta zubi ondoan zegoena, egin zituen ikasketak 14 urtera arte, eta Sor Ana izan omen zuen maistra.
Bere amak josteko makina zuen eta harekin galtzerdiak eta eskularruak josten ikasi zuen. Horrela bada, eskola garaia bukatuta, adin guztietako pertsonentzako jertseak josten ikasi zuen eta harizko soinekoak eta bestelako jantziak ere egiten zituen. Angeles Etxabek aparteko esku ona zuen zeregin hauetan, eta bere ahizpa Justa izan zuen maistra, esku trebekoa hau ere.
Etxabe Agirretarrek janari denda ireki zuten San Frantzisko kaleko 27an (orduko zenbakia). Aita, Jose, famatua zen trokelak eta eskopeten baskulak egiten, baina gero mailegu-emaile modura nabarmenduko da, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko herri askotan ibili zen zeregin horretan.
Angeles Etxabek salmenta ugari egin zituen arropa eta hari kontuetan. Berak egindako arropak oso estimatuak ziren herrian zein herritik kanpoan, eta bezero asko egin zituen, Donostian eta Eibarren batez ere.
Luis Urzelairekin ezkondu zen Eibarrera, eta seme eta alaba bana izan zituzten. Boltsoak eta bizikletako zelak egiteko tailer bat izan zuten. Angeles emakume hiztuna, atsegina eta alaia izan zen, eta sarritan etortzen zen Elgoibarrera, bere zaletasunik handiena arropa kontua izanik.
1995ean hil zen Eibarren 77 urte zituela.
Eugenio Eduardo Etxaniz Arrieta (1903-1992). Ontzietako makinaria eta armadorea.
Elgoibarren jaio zen Santa Klaran, Sastrekoan, 1903an. Aita Lorentzo estimu handiko jostuna zen; ama, berriz, Maria Luzia Arrieta, Lerun Txiki baserrian jaiotakoa, eta hamaika ume erditzeaz gain etxeko jostundegian ere lana egin beharko zuen jostorratzarekin, behar asko zegoenean, batik bat. Eduardo senideetatik bederatzigarrena izan zen.
Gure protagonista Elgoibarko herri eskolan ikasi ondoren Lehen Hezkuntza Eibarko Armeria Eskolan mekanika ikasi zuen. Ondoren, Mendaroko tailer batean lan egin omen zuen mekanikari, eta jarraian PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España, Pasaian sortu zen 1919an) konpainiako bakailao-ontzietan beharra egin zuen makinista lanbidean.
Gerra zibilaren patuak Euskal Herritik kanpora eraman zuen eta arrisku handiko egoerak egokitu zitzaizkion. Izan ere, esan dugunez, bakailao-ontzietan jardun zuela lanean Etxanizek, eta hain zuzen, 1936an PYSBE konpainiako Tramontana (Mistral ontziaren bikia) ontzian ari zela Indalezio Prieto Itsas eta Aire Armadako ministro sozialistak erreklamatu zuen ontzia eta eskifaia gerrarako, eta “bou Gipuzkoa” eman zioten izena. Badirudi ontzi honek Errepublikako Itsas Armadako euskaldun gehien izan zuena zen, eta Mediterraneoan jardun zuen lan bereziak eginez, Itsas Armadaren Estatu Nagusiaren agindupean, hain zuzen, Cartagenatik Marsellara urrea garraiatzen jardun omen zuen, besteak beste.
Tramontana ontziak PISBEko jatorrizko eskifaiari eutsi zion gerran Mariano Manresa (ontzi-erreserbako korpeta kapitaina) buru zela; Isaak Etxabe lekeitiarra, lehen ofiziala; Erandioko Albaro Aretxabaleta, makinista kapitaina; Arteagako Manuel Aberasturi, bigarren makinista kapitaina eta Elgoibarko Eduardo Etxaniz, hirugarren makinista kapitaina. Aurrerago, Lekeitioko Anton Brouard eta Busturiako Amadeo Uribe Erreserbako ontzi alferezak batu zitzaizkien.
Oinarrizko talde horrek, eta beste zenbaitek, osatuko du “Vita yate”-aren eskifaia, eta misio berezia, ixil-otoitza, zaila eta ardura handikoa izango du: Espainiako Estatuaren funtsak eta ondasunak eramatea Mexikora. Baina argitu beharko litzateke Etxaniz zein eskifaiaren gehienek ez zekiten garraiatu zuten merkantziaren edukia.
Aipatutako Manresa Londresera joan zen Espainiako gobernuaren aginduarekin eta Marino de Ganboarekin (jatorri filipinarra eta EEBBetako hiritarra) harremanetan jarri zen, honek Estatuak emandako diruarekin ontzi bat erosi zezan. Yate oso ederra erosi zuen “Argosy” izenekoa eta “Vita” izenarekin birbataiatu zuten.
“Vita” yatea 1939ko otsailaren 28ko gauean itsasoratu zen Rouengo (Frantzia) portutik, martxoaren 23an iritsi zen Veracruzera (Mexiko) eta zamaren arduradunek Prietorekin (PSOEko liderra eta ministro ohia) bilera bat izan ondoren eta azken hau Cardenas Mexikoko presidentearekin hitz eginez gero Veracruzetik 29ko gauean abiatu zen eta Tampicora (Mexiko) 30ean heldu zen. Hor bukatu zen gure Eduardo Etxanizen eta “Vitako” eskifaiaren abentura. Familiak gorderik du arreta handiz Mexikoko Migrazio Zerbitzuak Eduardo Etxaniz Arrietari emandako agiri ofizialak estatu hartan bizi ahal izateko. Hasieran, 1939ko apirilaren 2an immigrante eta “asilado” (iheslari) politiko gisa onartua izango da.
Ondoren, Kalifornia barrenera joan ziren “Vita” yatean aritu ziren ofizial batzuk: Etxabe eta Brouard pilotoak eta Bilbao, Aretxabaleta eta Eduardo Etxaniz elgoibartarra makinistak. Etxaniz, behintzat, Santa Rosalían izan zen eta han ezagutu eta ezkondu egin zen Maria Jesus (Chui) Encinasekin. 1941ko otsailaren 12an Mexikoko Migrazio Zerbitzuak Etxanizi emandako agiri batek (eskifaia-kide identifikazio txartela) dio Santa Rosaliako (Mexiko) Boleo S. A.ko konpainiako San Luciano baporeko eskifaia-kide zela.
Bigarren Mundu Gerran itsasgizon hauetako batzuek tropak garraiatzeko ontzietan nabigatu zuten, eta Etxaniz USATeko “Wm. A. Glassford” ontziko makinen buru izan zen. 2023ko martxoan Texas (EEBB) estatuak omenaldia eta esker ona eman die euskal soldaduei (1.100 biografia jaso ditu Santxo de Beurko elkarteak) Amerikako Estatu Batuekin borrokatu zirelako Bigarren Mundu Gerran.
Gerra bukatu eta gero zenbaitek arrantza empresa batzuk sortu zituzten, eta Etxanizek Guayamasen (Mexikoko Sonora estatua) izkira arrantzari ekin zion armadore gisa “Pesquera Onena” sortuz, zein, besteak beste, “Salma” (1963an ondoratua) edo “Wasp” izeneko ontzien jabea izan baitzen. Elkarte honetan Aretxabaletak eta Brouardek (hau aldi motzean) ere parte hartu zuten.
Eduardo Etxaniz Arrieta Elgoibarren hil zen 1992ko uztailaren 29an, azken urteak bere jaioterrian bizi izan ondoren. Hala ere, erretiroa hartu eta gero, udaran Elgoibarren bizi izan zen eta neguan Guaymasen, eta Chui emazteaz gain, batzuetan Alberta eta Ascensión ahizpak (Eduardoren arrebak) ere senar-emazteekin egon ziren elkarrekin.
Maria Petra Etxaniz Arrieta “Petra Zinekua”. (1886.10.24- 1962.05.27)
Elgoibarko Santa Klara auzoan, Sastrekoan, jaio zen, aita Lorentzo estimu handiko jostuna zen; ama, berriz, Maria Luzia Arrieta, Lerun Txiki baserrian jaiotakoa, eta hamaika ume erditzeaz gain etxeko jostundegian ere lan egin beharko zuen jostorratzarekin, behar asko zegoenean, batik bat. Petra senideetatik nagusiena izan zen.
Merezi du gogoratzea familiako lanbideak jarraipena izan zuela beste bi belaunalditan: Prudentziok (1898-1956) eta honen seme Jabierrek Elgoibarren; eta Juliok, Prudentzioren anaiak, Markina-Xemeinen izan zuen jostundegia. Izan ere, prêt-à-porter -seriean egina, pertsona askori egokitzen zaizkien aurrez zehaztutako neurri edo tailu batzuen arabera- nagusitu zenean artisau-lanbide horren krisia izan zen. Hala ere, ordurarte, jostundegietan gela zabal batean familiako zein kanpoko emakume jostunak biltzen ziren, hauetako batzuk lanbidea ikasten ari zirenak.
Gogora dezagun Elgoibarren zein jostundegi zeuden garai hartan: Etxaniz, Garatetarrak, Ezenarro, Ajuria, Agirre, Clerigué, Agirregomezkorta, Vila…. Hauetako batzuk garai berrietara egokitu nahian erropa-dendak ireki zituzten, eta bakarrak jarraitu du gaur egun arte. Halaber, herrian baziren ere prakak josten espezializatutako emakume jostunak edo jertseak egiten zein galtzerdiei zuloak konpontzen eta abar.
Petra Etxaniz Juan San Martin armagilearekin ezkondu zen, eta bikoteak lau seme-alaba izan zituzten, horietako bat gerra zibil garaian desagertu zena. Petra emakume ekintzailea izan zen eta zinema ireki zuen Errosario kalean, ibai aldeko zerkaren ondoan, zine mutuaren garaia zen, XX. mendeko lehen hamarkadatan. Horregatik, oso ezaguna izan zen Elgoibarren “Petra zinekua”, eta Prudentzio anaia eta Teodoro San Martin Etxaniz semea (gerran hil zena) izan zituen laguntzaile filmak proiektatzen.
Demokraziaren aurka altxatu zirenak, Gerra Zibila (1936-1939) eraginez, eta gure herria okupatu (1936.09.21) ondoren, zine aretoa errekisatu zioten Etxanizi, zinema betirako itxiaraziz.
Aipagarri da, emakume honek egin ohi zuen botika bat “Petraren botika”, ezaguna eta erabilia izan zena herrian, granoen zornea aterarazi eta sendatzeko.
“Señorita Anita”, Ana Etxeberria Agirregomezkorta. (1918-2012). Irakaslea.
Eibarren jaio zen 1918ko uztailaren 26an, eta Elgoibarko sustraia ere ba omen zuen, amaren aita, hau da, haren aitxitxa harakina izan zena Eibarren, Idotorbe-San Pedro auzoko Aubia baserrikoa omen zelako.
Maistra izateko bokazioa izan zuen gaztetxo zela, eta magisteritza ikasteari ekin zion “libretik”, Eibarren bertan ikasi ondoren azterketak egitera Valladolidera joan beharra izan ohi zuen, horrela titulua lortuz. Hala ere, Zientzia zehatzak ikasteko asmorik baldin bazuen ere, ezin izan zuen, emakumeek oztopo handiak izan ohi zituztelako zenbait unibertsitate-ikasketak egin ahal izateko. Magisteritza ikasketez gain, Komertzioko karrera ere egin zuen Etxeberriak.
Eibarren bertan ekin zion lan egiteari irakasle, eta Ibarrekurutz kalean bizi zen familiaren etxebizitza azpiko gela batean ireki zuen akademia, arrakasta ez ezik ospe handia ere lortuz gerra osteko urte zail haietan.
Ana Etxeberria Ignazio Bereziartua (aita, parrokiako organista zen eta musika bandako zuzendari ohia) elgoibartarrarekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten Ignazio Manuel (1946) eta Jose Migel (1949).
Ana Etxeberria eta Ignazio Bereziartua uztartu ondoren 1944an Elgoibarren bizi izaten jarri ziren, Santa Ana kalean hasieran, baina etxea erre zitzaienez, Azkue-San Roke auzoan eraiki zuen Bereziartua familiak beheko eta beste bi solairuko etxe berria, 1950ean. Urte honetan eta etxe honetako beheko solairuan, hain zuzen ere, ireki zuen izen handia izango duen Akademia “Señorita Anitak”, hala ere esan behar da, aurreko sei urteetan eskola izan zuela Santa kalean, lehenengo eta Txankakoan, ondoren.
Haren ikuspegi pedagogikoa berritzailea izan zen generoaren tratamenduari dagokionez; zeuden ikastetxeetan sexuen bereizketa zegoen bitartean Señorita Anitaren akademian neskak eta mutilak ikaskide ziren gela berean, udalerri guztian ikastetxe hau bakarra baitzen, mistoa.
Gainera, Elgoibarko premia ekonomiko eta sozialei erantzun nahi izan zion Etxeberriak ikasketak eta irakasgaiak irakasterakoan, bertako enpresek behar zuten formazioa emateko ezagutzak atxikitzen saiatu baitzen; izan ere, lehen hezkuntza bukatzerakoan laugarren maila arteko batxilerra eta bulegoetan lan egiteko prestatu ohi zituen neska-mutilak. Honekin gogoratu behar da, Elgoibarren Mekanika eta Eibarren Armeria eskolak egon arren, garai hartan gizonen mundua zenez tailerra, mutilek bakarrik ikasten zuten aipatutako ikastetxe horietan.
Dena den, 1966an Delineazioa ematen hasi ziren Elgoibarko Mekanikan eta aurrerago Administrazio-ikasketak ere bertan, ikasle gehienak emakumeak izanik espezialitate bi horietan. Baina, berretsi egin behar dugu “Señorita Anitak” egin zuen lan paregabea gure herriaren alde, gazteak eta batik bat neskak bideratuz lan mundura, sortzen ari ziren enpresei administrazio-gaietan trebatutako langileez hornituz.
Horrela bada, azpimarratu behar dugu ikasle emakumeak izan zirela onuradun nagusiak, haiek ahaldu eta kualifikatu zituen berak irakatsitako honako ikasgai hauekin: kontabilitatea, mekanografia, merkataritza-gutunak eta abar.
Helburu horiek lortzeko, hau da ikasleak ondo prestatzeko eta lan mundura bideratu ahal izateko, “Señorita Anitak” karakter handia eta pedagogia trebeziaz gain, nekaezina zen, egunero, larunbat barne, hamar orduko saioak egiten zituen, eta gelan ikasketa edo ikasgai desberdinetako 20-30 ikasle izan ohi zituen batera, bera izanik irakasle bakarra.
1980an heldu zitzaion irabazitako erretiroa, eta erantsi behar dugu ere, azken urteak “Mekako” administrazioko irakasle ere izan zela. Handik lau urtera, 1984an, merezitako esker oneko omenaldi bat eskaini zioten ikasle ohiek eta Elgoibarko Udalak.
Neke ugari hartu zenuen
guri burua argitzeko,
eskola onak eman zenigun
giza-bidean jartzeko.
Zugan ikasi genuan ona
ez da izango ahaztua,
zure izena gure bitartez
izan dadin goratua.
1984ko omenaldiko bertsoak
Anita andereñoaren ikasle ohi batek bere maistra maitearen erretratu hau egin zuen: "Bere garaiko emakumea, goi mailako maistra, ekintzailetza eredua, kultura zientifiko eta literario zabala, izaera handikoa, aholkulari ona eta kristau fedearen jarraitzaile fidela".
Penak eta nahigabeak ere izan zituen, senarraren heriotzarena ez ezik, seme biren heriotz mingarria ere jasan zuen, biak guraso gazteak zirela zendu baitziren bat-batean. Azkenengo zortzi urteak gaixorik bizi izan zen, eta bost bilobek eta sei birbilobek poztasun eta itxaropen printzak eskaini ohi zizkioten euren amama edo biramama maiteari. Azkenean, “Señorita Anita” giza mailan handia izan zena, 2012ko uztailaren 26ean 94 urte egin eta egun gutxitara, abuztuaren 5ean hil baitzen.
Bernardo Ezenarro Aranburu (1873-1956). Marrazketako maisua.
Elgoibarren jaio zen 1873ko abuztuaren 20an; Jose Domingo Ezenarro eta Petra Frantziska Aranburu senar-emazteen lau seme-alabetatik gazteena izanik. Bernardo Ezenarro Maria Osororekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten: Roman (margolari zaletua) eta Luis (apaiza eta Elgoibarko historialaria).
Marrazketako maisu handia izan zen. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademian amaitu zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Elgoibarrera itzultzean, Marrazketa Akademia sortu zuen 1899an, lineala, apaindurakoa eta figuratiboa espezialitateak irakatsiz. Horrela, Arte eta Lanbide eskola izango zenaren lehen urratsa izan zen, Udalak 1916an ireki baitzuen aipatutako eskola, honako irakasle hauekin: Jose Yeregi apaiza (fisika); Marino Rodriguez (aritmetika eta geometría); Pedro Larrañaga (frantsesa eta merkataritza-praktikak); Bernardo Ezenarro (marrazketa lineala eta dekoratiboa).
Bertako irakasle eta hainbat urtetan zuzendari izan zena 78 urterekin jubilatu zen. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. Hona hemen egun horretan antolatu ziren ekintzak Bernardo maisuaren ohoretan: - 10:00etan meza parrokian hildako ikasle ohien alde, eta agintarien presentziarekin; - 11:00etan Lanbide Heziketako Mekanika Eskolako 1951-52 ikasturtearen amaiera: Egindako lana, kontuak, balantzea, ikasleei notak irakurtzea eta sarien banaketa…; Don Bernardori omenaldia eta oparia (albun artistikoa ikasle ohi guztien sinadurekin); 12:00etan Don Bernardoren bustoa jartzea Eskolako marrazketa gelan; ikasleek ikasturtean zehar egindako lanen erakusketaren irekiera; 13:30ean Don Bernardori eskainitako ohorezko oturuntza Azoka plazan, agintari gailenak buru izanik.
1956ko martxoaren 21ean hil zen, eta egun hartako iluntzean, zegokion bilkura egin zuen Elgoibarko Udalak (Roman Ezenarro, Bernardoren semea, zinegotzia zen eta ez zen bertan izan arrazoi horregatik) eta erabaki zuen aho batez saioa amaitzea, dolua egiteko. Oso argigarria da aktan idazkariak jaso zuena Bernardo Ezenarrori buruz: “… pérdida que supone para el pueblo de Elgoibar la muerte de tan preclaro hijo eximio artista del pincel y maestro indiscutible….de la Escuela de Artes y Oficios dejando tras de sí una estela de triunfos y una pléyade de discípulos que le honran y admiran y representa el florón magnífico del progreso, laboriosidad y pujanza espiritual de este pueblo ejemplar”.
1969an herriko kale bati haren izen-abizena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Lanbide Heziketako Institutuak haren deitura ere izan zuen.
Simon Gabiola Zabala. (1581/ XVII. lehen erdialdea). Gaztela erresumako Indietako armadetako ordaintzaile nagusia.
Elgoibarren jaio zen 1581eko urriaren 10ean. Aita Antonio Gabiola Mendaroko Gabiolako oinetxeko jatorrikoa zen eta ama, berriz, Isabel Zabala, Elgoibarko Zabala oinetxekoa. Gurasoak Gabiola oinetxean bizi izan ziren lehenengo eta, ondoren, Elgoibarren, kaleko etxean. Simoni Santiago ordenako zaldun titulua emateko lekukoek aurkeztutako testigantzetan adierazten den moduan, behin eta berriz.
Simon Gabiolakoa Gaztela Erresumako Armadetako Ordaintzaile nagusia izan zen bere garaian, Felipe IV. erregeak izendatua. Gabiolak Santiagoko Ordenako zaldun-titulua lortu zuen, eta eskabidea egin zuenean, horretarako Elgoibar, Mendaro, Deba eta Bergarako berrogeita hamar lekukok, 1632. urtean, beren jatorriaren eta odol-garbiketaren inguruko lekukotza eman zuten; eta agintariek ondorengoa ondorioztatu zuten: “era noble por “los cuatro costados (los padres y los abuelos) de casas y solares y conocidos con la limpieza y demás calidades”,"noblea" alegia, lau aldeetatik (gurasoak eta aitona-amonak) etxe eta orubeen jabeak, eta ezagunak zirela euren odol garbitasuna eta gainerako kalitateak ", eta, beraz, egokia zela titulu-sari gisa izateko baldintza guztiak biltzen zituelako.
María Garate Unanue “Kozineria” (1903.09.17/1974.12.05). Sukaldaria eta emagina.
Zestoako Arteaga kale-baserrian jaio zen 1903ko irailaren 17an. Aita Mendaroko ikazkina zen eta ama Zestoakoa. Lau anai-arreben artetik zaharrena izan zen. Oso gazterik hasi zen lanean neskame, eta Zestoako bainuetxean ikasi omen zuen sukaldaritza, han zerbitzen ari zela. Elgoibarren Mujika galdategiko Jose Mariren familiaren neskamea izan zen, urte mordoa egin zituen bertan zerbitzatzen, eta oso etxeko egin zen.
Altzolako Garaño baserriko Jose Maria Iriondorekin ezkondu zen 1930ean eta lau seme-alaba izan zituzten. Iriondo Eibarko Orbean eta Elgoibarko Gabilondo enpresetan egin zuen lan. Maria Garate, berriz, lanerako kemen handiko emakumea zen, eta familiaz arduratzeaz gain, izen handiko sukaldaria ere zenez, sasoi batzuetan Altzolako bainuetxera ez ezik, Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Bergarako jatetxe eta baita etxe askotara ere eraman ohi zuten ospakizun bereziren bat zutenean: bataioak, jaunartzeak eta abar.
Hala ere, gaur egunetik begiratuta, harritu egiten gaitu Mariak izan zuen beste zeregina: emagina. Haren seme Luis Mari Iriondo zenak adierazita dakigu emakume askori lagundu omen ziela umeak erditzen. Izan ere, ikasteko erreztasun handikoa omen zen eta iaioa. Kontuan izan behar da, garai hartan unibertsitateko ikasketak egindako emaginik ez eta esperientzia zuten emakume hauek medikuen laguntzaileak izan zirela. Horrela, askotan Tomas Zubizarreta eta Jose Eizagirre Elgoibarko sendagileek laguntzaile gisa eraman ohi zituzten.
Emakume herrikoia, laguntzailea, alaia, hizketan gozoa eta estimatua izan zen denentzat. Karta jokoa oso gogoko zuen. Gogoan izan zuen bizitza guztian Erromara egin zuen bidaia, orduko Aita Santua ezagutuz, baita egin zituen peregrinazioak ere, sinesmen handikoa baitzen.
Etxe partikular batean lan egiten aritu ondoren, eskilaratan jausi, zoritxarrez, eta erorketaren ondorioz laster hil zen, 1974ko abenduaren 5ean, 72 urterekin, gutxi sufrituta, bere azken nahia zen bezala.
Aipamena merezi du ere, haren belaunaldikoa eta ezaugarri berdinak dituen beste emakume elgoibartar batek: Lazara Elustondok. Hau ere izen handiko sukaldaria eta emagina izan baitzen. Sukaldari lanetan Donostiko hotel Avenidan ez ezik jatetxe (Elgoibarko Leonardo, Gasteizen ere) eta etxe askotan ere aritu zen.
Teodora Gurrutxaga Mugerza (1906-1994). Ile-apaintzailea.
Errosario kalean jaio zen 1906ko azaroaren 9an. Gaztetan grabatzaile eta damaskinatzaile lanetan jardun zuen 25 urtera arte, San Frantzisko kalean zegoen tailertxo batean. 25 urterekin pelukera ikastera joan zen Eibarko “Lorenzo” ile-apaintzaile ezagunarengana. XX. mendeko hirugarren hamarkadaren hasieran, Errosario kalean, Elgoibarko lehen ile-apaindegia ireki zuen.
Emakume langilea izan zen, eta goizean goizetik gauera arte lan egiten zuen, Elgoibarko kaskoko eta inguruetako baserrietako hamaika emakumeri ilea moztu, orraztu eta apaintzen zizkielarik. Teodora Gurrutxagaren ondoren beste emakume hauek ere ile-apaindegia ireki zuten Elgoibarren: Sabina Arrieta, Juanita San Martin, Nieva (Ramona eta Rosario Urain), Florita Ruiz-Poveda eta abar.
Romualdo Andonegirekin ezkondu zen 1936ko maiatzaren 3an eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Romualdo eta Tomas Andonegi anaiak Deban jaiotakoak ziren eta familiarekin batera Elgoibarrera etorri ziren 1915-16 inguruan, mutil koskorrak zirela, eta biak ala biak dantzari trebeak omen ziren. Romualdoren kasuan aurreskularia izateaz gain, dantza maisu eta prestatzailea ere izan omen zen, eta Jose Lorenzo Pujanaren (Gipuzkoako dantza maisua) laguntza paregabea izan zuen. Horrela, Errosario kalean Batzokia inuguratu zenean ezpatadantzari talde batek hartu zuen parte, Andonegik eta Pujanak prestatutakoa, eta 1932ko San Bartolome txiki egunean sokadantza aurkeztu zuten. Horrez gain, aipagarri da ere gogoratzea, Andonegi anaia biek Ziur enpresa sortu zutela 1945ean, eta doitasunezko mikrometroak ekoitzi zituztela.
1958an edo, Urazandin eraiki zuten etxe berria, zubi ondoan, bertan Andonegi Gurutxaga eta Andonegi Garzia familia bientzat etxebizitza bana izan zuten, eta tailerra etxabean kokatuz.
Gerra garaian (1936-1939) Santoñako kartzelan eduki zuten preso senarra, Romualdo, eta Teodora izan zen ile-apaindegiko lanarekin familia aurrera atera zuena, izan ere, ordurako Jabier semea (1937.04.09) jaioa baitzen. Hogeigarren mendeko hirurogeiko hamarkadaren hasiera arte aritu zen lanean ile-apaindegian.
Gaztetan antzerki munduan aritu zen eta zenbaitekin batera (hemeretzi emakume ageri dira orduko argazki batean) “El alcalde interin” antzezlana taularatu zuten, besteak beste. Zinea eta nobelak gustatzen omen zitzaizkion, baita lagun artera joatea ere, Jubilatuetako biltokira, karta-jokoan aritzeko.
1994ko otsailaren 14an hil zen.
Juan Ibarrakoa Elormendi. XVI. mendea. Ormaetxe palazioko jauna eta Armadako kapitaina.
Maalan zegoen Ormaetxe etxeko (dorretxea, palazioa, Etxezuri baserriaren atzeko aldean; egun biak desagertuak) jauna izan zen, . XVI. mendearen erdialdean, Infanteriako kapitaina zela Karlos I.a eta Felipe II.a erregeen zerbitzuan jardun omen zuen Afrikan eta beste zenbait tokitan, eta Errege-armadako artilleriako maiordomoa ere izan zen.
Ibarrak maiorazkoa sortu zuen eta honi juro eta zentso ugari, Malagan zituen hogei etxeak eta Elgoibarko Ubitarteko etxe bat lotu zizkion, eta orduan egindako inbentarioan Ormaetxe etxeaz gain, Andikano burdinola 1545etik, Ubitarteko lehen aipatutako etxea, non Santa Ana ospitalea fundatu zuena, eta Erresundi eta Ansola baserriak aipatzen dira. Ibarratarrek Mutrikun ere etxeak eta ondasunak izan zituzten.
Done Maria Magdalena eliza errege-fundazioa omen zen arren, Ibarra familiak bertan hilobiratzeko eskubidea lortu zuen, Olaso parrokiako apaiz-kabildoak baimena emanda, eta, horrela, zenbait familia-kide bertan hilobiratuak izan ziren.
Pedro Ibinagakoa. XVI. mendea. Elgoibarko lehen udal maisua, ziurrenez.
Elgoibarko udal artxiboan kontserbatzen den akten lehendabiziko liburuan ageri zaigu ustez izango zen eskolako lehen maisua, Kontzejuak kontratatua. Bartolome Yartua alkateak eta Martin Arriola eta Pedro Garate errejidoreek adierazi zuten 1560ko urtarrilaren 1eko udalbatzarrean, herria egoera txarrean zegoela maisurik gabe, premiazkoa izanik haren zerbitzua “para que los naturales de esta villa saliesen hombres e bien criados”. Horrela, udal bilkuran bertan zegoenez Ibinaga maisua, hitzarmena sinatu zuten alderdi biek.
Jaiotzez ermuarra zen 26 urteko Pedro Ibinagakoa izango da, beraz, udal eskolako maisua eta hitzartutako baldintzen artean honako hauek nabarmendu daitezke: -hitzarmena sinatu zutenetik zortzi egunetara eskolak emateari ekin behar zion; -hiribilduan bizi behar zuen alde egin gabe, bidezko arrazoirik gabe; eta ondo erakutsi mutilei, ahal zuen eta zekien guztia.
Herriak etxea jarri zion bizi zedin eta eskolak eman zitzan, baita behar zuen egurra eta urtean 4 dukateko soldata eman zioten hasieran eta urte batzuetara 24 dukatera igo zioten. Eskola haurren gurasoek edo hiritarrek seme, senide edo morroi bakoitzagatik hileroko kuota ordaindu behar zuten, ikasketen arabera: irakurtzen ikasteagatik erreal erdia; irakurtzen eta idazten ikasteagatik erreal bat; eta irakurtzen, idazten eta kontuak egiten ikasteagatik bi erreal.
Zalantzarik ez, familia ahaltsuek izan zituztela euren maisuak aldi honen aurretik eta ondoren ere, euren kideek negozioak kudeatzeko premiazkoa baitzuten irakurtzen, idazten eta kontuak egiten jakitea.
Azkenik esan, irakurlea konturatu arren, mutilen eskola soilik izan zela Udalak ireki zuen hau, eta tamalez, urte asko igaro behar izan zirela, 1763ra arte, nesken udal eskolari hasiera eman ahal izateko.
Justa Intxausti Muguruza (1925.10.18/1991.02.10). Tabernaria.
Elgoibarko Olazarreta (Casablanca) baserrian jaio zen 1925eko urriaren 18an hamaika senideko familia batean, eta bera anai-arrebetatik seigarrena izan zen. Aita Gillermo Intxausti Seguran (Gipuzkoa) jaiotakoa zen, hargina eta Ermuaran-Sallobenteko bidea egitera etorri zen Elgoibarrera, San Pedro fabrikan ere lan egin zuen eta gero kaxagin (eskopeten kaxa) aritu zen; ama, berriz, Dominga Muguruza elgoibartarra eta lan asko egin behar izan zuena familia ugaria aurrera ateratzeko.
Justa Intxausti herri eskolan ikasi ondoren, Lerun Txiki baserrian umeak zaintzen ekin zion 12 urterekin, eta ondoren Eibarko BH bizikleta lantegian jardun zuen urte batzuk. 1950ean Gabriel Gabilondorekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten: Mariasun eta Maria Angeles. Intxausti eta Gabilondo ezkondu zirenean Kalebarrenen zegoen Izeta kafetegi ohia hartu zuten, eta Gabi (Gabilondoren laburdura) izena jarri zioten.
Gogoratu behar da, demokraziaren aurka altxatu zirenek Izetatarrei konfiskatu zietela elgoibartarrentzat zen garrantzi handiko lokal sozial hura. Batzoki zeregina izan zuen, eta bertan Ebaristo (Gorlizko organista eta bandako zuzendaria, Zumaiakoa eta Tenerifeko Santa Kruzekoa, besteak beste) eta Juan Bautista (La Arboleda/Zugaztieta) eta Ondarroako musika-bandetako zuzendaria) Izeta anaia musikariek kontzertuak eman ohi zituztela pianoa joz bakarka edo biak batera.
Izetaneko lehenengo solairua FET eta JONS-ek bereganatu ondoren, berak erabili zuen eskubide zibil eta askatasunik gabeko Frankismo garai luzean, eta han bakarrik zen posible biltzea, adibidez sindikatu bertikalekoak, dendariak, enpresariak eta antzerki taldekoak entsaioak egiteko, besteak beste, erregimeneko alderdi bakar harek kontrolatuz.
Ama-alabek laguntzen zioten aitari Gabi tabernako obradorean pastelak, izozkiak eta gozokiak egiten eta mostradore ostean bezeroei eskaintzen. Izan ere, Gabriel Gabilondo Muruamendiaraz gozotegian aritu zen pastelgintzan taberna hartu aurretik eta ondoren ere, eta lanbidea ondo ikasita baitzuen.
Argitu behar da ere tabernako atzeko aldeko jangela eurek erabiltzeaz gain, C. D. Elgoibar futbol taldeko egoitza ere zela asteko egun batzuetan, eta familia honek biziki bizi izan dituela Haundi taldearen gorabeherak, Gabi bera talde honetako jokalaria izan baitzen gaztaroan.
Gabi hil zenean 1969ko uztailaren 22an, Justak hartu zuen tabernako ardura. Naturzalea zen, loreak gustatzen zitzaizkion asko. C.D. Elgoibarri laguntzeko kina antolatzen zen asteburuero Gabinean. 1986ko abenduan itxi zuen taberna osasun arazoengatik, eta handik bost urtera hil zen.
Mariasun eta Maria Angeles alabek gorderik dituzte bihotzean eta buruan Gabinean izandako hainbat bizipen eder. Esaterako, ama zein zabala zen giza harremanetan, eta adibide gisa: gazteekin harreman ona (Zazpiki irratia) zuela baita Anbulatorioko (azoka plazan zegoenean) langileekin ere; eta zenbait ehiztari han elkartzen zirela eta ehizatutakoa Justa Intxaustik kozinatzen ziela. Era berean, Gabiren lagunak ere han biltzen ziren meriendatzeko zenbaitetan; eta feria egunetan tabernako sukaldean egin ohi ziren ganaduen salerosketak; bertako alabek eta hauen adiskideek, gazteak zirenez, guatekeak egin ohi zituzten; eta azkenik, ostegunero Intxausti familia handiak afari-merienda egin ohi zuten Gabinean.
Rosario Iriondo Altuna (1931.10.04). Erizaina.
Elgoibarren jaio zen 1931ko urriaren 4an. Ama Maria Altuna Mendikute (1909) izan zen; aita, berriz, Frantzisko Iriondo. Herriko eskolan ikasi zuen, eta aita hil zitzaionean 1939an, berak zortzi urte zituela, bizitza okertu egini zitzaion. Izan ere, ama Bilbora joan zen inude, bizimodua ateratzeko, eta bera osaba-izebarekin biziko da Elgoibarren. Hamasei urterekin, ordea, amarengana joango da Bilbora, eta ondo baino hobeto probestuko du denbora: goizean Basurtora joaten zen erizaintza ikasteko eta arratsaldean lan egingo du, idazkari-lana. Amak mediku baten etxean lan egiten zuen, ordurako.
Hemeretzi urterekin erizain titulua lortu ondoren Bizkaiko hiriburuan jarraitu zuen beste sei urte lan eginez Basurtoko ospitalean. Ondoren, Elgoibarrera etorri ziren ama-alabak, eta Artetxeko etxe bat erosi zuten, lana Estarta Ecenarro enpresa handiko erizaindegian eginez, mediku baten laguntzaile. Rosario Iriondok zioen, duela urte batzuk, lan lasaia izan zuela hemen, ezustekorik ez zela izan, zauri txikiak besterik ez artatzeko.
Hogeita bost urterekin, 1956an, Orendaingo (Gipuzkoa) Jose Luis Azurmendi Garmendiarekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten: Iñaki eta Jon. Hauek hazteko bederatzi urte hartu zituen, eta jarraian Eibarren eskainiko diote lana, laborategian. Hemen, odola ateratzen eta analista klinikoei aritu zen laguntzen. Oso gustura jardun omen zen elgoibartarron auzoko hirian, zazpi urtez. Azkenik, Elgoibarrera itzuli zen, nagusiek proposatuta, nahiz eta hasieran zalantza izan, baina herrian bertan lan egiteak bazuen abantailarik: kotxerik hartu gabe lantokira joan.
Azoka plazari itsatsita zegoen anbulatorioan hasi zen eta egungoa inauguratzeko parada izan zuen Iriondok, eta hemen hartu zuen erretiroa 1998an. Guztira berrogeita hiru urte aritu zen lanean, eta azken hogeita bost urteak bere herrian bertan egin zituen. Urte hauetan mediku baten laguntzaile jardungo du, eta honako balorazio hau egin zuen bere jardueraz: “… herrixan dana danez ezaguna, segiduan itxen genduzen gauzak. Baten bati ondoezen bat eman edo hildakuak izan zianian, familixan moduan konpontzen ginan”. Badirudi, bere iritziz, erretiroa hartu baino bost bat urte lehenago gauzak aldatu zirela: “Ondoren hasi zan jende berrixa etortzen, eta lan giro hotza zauan”.
Iriondok bere lanaren balorazio orokorra egiterakoan honako hau zioen: “Politxena ospitalian, gaixuekin eurekin egotia”. “Berriz ere jaixoko banintz, enfermeria izango nintzake, gaisuekin egoteko”. “Gaixuekin egotia neretzako gauza haundixa izan da”.
Toribio Iriondo Sasian (1848-1922). Apaiza eta idazlea.
Elgoibarren jaio zen 1848ko apirilaren 16an. Ume zela Apaiztegira joan zen, eta apaiztu ondorengo urteetan Elgoibarren bertan aritu zen 1877tik 1885era arte eta ospitaleko kaperau izan zen, haren adiskide Pedro Migel Urruzuno idazlea, berriz, San Bartolome parrokiako erretore izan zen horietako urte batzuk, 1876tik 1879era; beraz, hiru urte elkarrekin jardun zuten pastoralgintzan euren jaioterrian.
Iriondo, ondoren, lehenengo Zumarragako apaiz eta handik urte batzuetara Alegiako erretore izan zen. Badirudi, Tolosaldeko herri hartatik Elgoibarrera itzuli zela, eta parrokiako apaiz aritu zela hil arte.
1922ko irailaren 19an hil zen bere sorterrian. Honela zioen “Kirikiño” idazleak Euzkadi egunkariko lehenengo orrialdean, bi egun geroago: Izpar beltza: Elgoibarren il zan illa onen 18´an Iriondo‘tar Toribi jaupari jauna. Bere bizitza guztijan euskaltzale on bat ixan da…, eta euskel idazlea be bai… Hirugarren orrialdean, berriz, Elgoibarko berriemaileak eta Iriondoren lehengusuak, Kelek, honela zioen: Azteazkenian il zan … euskaltzale ta abertzale ona zan Iriondo ‘tar Toribi jauparia. Bere bizitza guztian euki du euskeraganako maitetasuna, sorturik ainbat idazti eleizkor….; euren artian, Euskelerri guztian zabaldua dagon abesti ospatsua “Ogi Zerutik” etorria...
Horrela bada, haren heriotza izan ondoren, kronistek zioten euskara maite zuela bizitza osoan, eta hizkuntza horretan idatzi zituela testu erlijiosoak, eta beste askoren artean abesti bat sortu zuela Euskal Herri guztian oso herrikoia egin zena: Ogi Zerutik etorria… Egun ere abesten da jaunartzerakoan Hegoaldean eta Iparraldean ere.
Esan bezala, gai erlijiosoa landu zuen gehien bat, poesía izanik gailentzen den generoa, zenbait Andre Mariari eskainiak. Garai hartako Euskal Esnale eta Ibaizabal aldizkarietako kolaboratzailea izan zen eta biltzaile lana ere azpimarratu beharko genuke, izan ere, Azkueren “Cancionero popular vasco”-rako bost kanta (Oy, bart; Aldapeko sagarraren; Logura naiz ta logale; Gazte zoroaren; eta Peru gurea Londresen); eta “Euskalerriaren Yakintza”-rako (Alostorrea eta Zegamako bilindrinak) bi ipuin bildu zituen.
Domingo Irurekoa. (XVII. mendearen lehen laurdenetik 1679ra arte). Eskribaua. Bertso batzuen ustezko idazlea.
Ez dakigu ziur noiz eta non jaio zen. Hala ere, kapare espedientea auzitan jarri zuenean 1663an zioen Debako jurisdikzioan Arroa tokian zegoen Irure etxeko ondorengoa zela; hil, berriz, Elgoibarren hil zen 1679ko abenduaren 22an. Badakigu ere Done Bartolome parrokiako ezkontza agiriagatik, Domingo Irure Ana María Etxeberria elgoibartarrarekin ezkondu zela Elgoibarren bertan, 1663ko irailaren 15ean, eta Errebalean (San Frantzisko kalea) bizi izan zirela.
Eskribaua izan zen 1662tik 1679ra arte, eta haren dokumentu notarialak Gipuzkoako protokoloen artxiboan daude, Oñatin: 12 liburuki eta 3.100 orrialde dira.
Ezkondu ondoren, auzotasun-eskubideak lortuta Elgoibarko Udalari eskabidea egin zion herriko eskribau numerarioa izendatzeko, lau eskribautzetatik bat hutsik zegoelako, hogei bat urte zela Antonio Olea eskribaua hil baitzen. Baina Kontzejuak herriko semea zen Frantzisko Soraizek okupatuta zuela 1660ko uztailaren 20tik eskribautza hori erantzun zion. Irurek, orduan, Erregearen eta haren Ganbara Kontseilura jo zuen, argudiatuz Soraizek ez zuela azterketarik egin, horregatik ez zuela titulurik agertu eta ez zuela kargua ere hartu ofizialki.
Dirudienez, Domingo Irurek arrazoia zuen, eta bi urte ondoren, 1665eko maiatzaren 10eko Kontzeju partikularrean onartu baitzuten udal agintariek eskribau numerariotzat, Santiago Irunaga idazkariak haren titulua ofiziala irakurri eta Pedro Arriola Altzola alkateak karguaren jabetza eman ondoren.
Domingo Irure eskribau ez ezik errejidore 1669an eta sindiko ere izan zen 1673an, Elgoibarko udaletxean. Horrez gain, 1667an Done Frantzizko komentuko buruek euren ordezkari aukeratu zuten Irure Done Bartolome kabildoko ordezkariekin hitz egin bitartekotza egin eta adosteko zenduen hilkutxa laguntzeko irteeraz.
Irurek Domingo Ezenarro zinpekoarekin izandako liskar batengatik Elgoibarko justizia nagusiak, Arriola alkateak, preso hartu zuen 1665eko udararen hasieran, eta Korrejidoreak esku hartu zuen arazoan eta aske utzi zuen, finantza ordaindu ondoren.
Ondoren traskribatzen ditugun bertsoak, Iruren Elgoibarri buruzko eskrituren artean zegoen papertxo arrunt baten idatziak; uste dugu edukiak lotura zuzena izan dezakela Irurek eta Ezenarrok izandako istiluarekin.
Nori mundu onetan ezpada neuri Nori mundu honetan ez bada neuri
gorpuz vegui gauea dijo ecarri gorputz begi gabea dio ekarri
neure pena guciac agaz azturic neure pena guz(t)iak ha(re)gaz a(ha)zturik
esperancagaz nago consoladuric esperantzagaz nago kontsolaturik
eztet atribuicen dala burlea ez det atribuitzen dela burlea
besterena ycan can aren culpea bestearena izan zan haren kulpea
bidaldu ezquero gorpuz berea bidaldu ezkero gorputz berea
sin duda ycango da veguia neurea sin duda izango da begia neurea
verrecustea deseacendot berrikustea deseatzen dot
posible baldin bada laster eguin godot posible baldin bada laster egingo dot
bitarte onetan nagoan contentu bitarte honetan nagoan contentu
arren ceru altua suerte yndacu arren zeru altua suerte indazu.
Jose Antonio Azpiazu historialari adiskideak argitaratu zuen 1988an Eusko-Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura ataleko koadernoan “Palabras y textos vascos antiguos” artikulua, bertan aurreko testua emanez. Ematen duen arrazoiarekin bat nator egiazkotasunari dagokionez, idatzi motz honen eta eskribauaren eskrituretan ageri diren karaktereak berdinak baitira, hau da Irurek berak idatzi zuela, jakin ez arren haren inspiraziokoa izan ote zen testua.
Angel Ugarteburu filologo eta bertsolaritzaz aditua den adiskideari eta lankide ohiari testu honi buruz iritzia eskatu ondoren honako erantzun hau eman digu: Binaka errimatzen duen hamabi lerrotako konposizio irregularra da, bizkaieraz idatzia.
Gaiari dagokionez, bat nator Ugartebururekin Irureri espetxean atxikita egon zenean gertatu zitzaionaren metafora edo alegoria bat dela esatean, kartzelako itsutasunetik edo iluntasunetik argitasunera irteteko nahia adierazten zuen mezu bat zabalduz.
Juanita Isasti Irusta. (1918.07.10/2012.12.12). Lisatzailea.
Altzolako “Sakristaukua” etxean jaio zen zazpi senideko familia batean. Familia honetako iraganeko belunaldi batzuk arduratu ohi dira gaur egun arte bertako Done Joan Bataiatzaile elizako sakristautzaz, eta sakristiako horman kontra dagoen etxean bizi izan dira.
Juanita Isasti Elgoibarko Felix Garzia Garaterekin ezkondu zen eta San Bartolome kaleko 2an bizi izaten jarri ziren, bertan lau seme-alaba sortuz eta haziz.
Harek etxetik kanpora lisatzeari eta almidoitzeari ekin zion 1948an, eta bere izeba Benita Irustak (Altzola, 1904; Mexiko, 1985) laguntza paregabea eskaini zion handik gutxira. Barren astekarian Isastiri egin zioten elkarrizketa batean honako hau zioen horretaz: “Tiari esan nion etortzeko Elgoibarrera, bixontzako lain (lana) eta gehixo zauala eta”. Benita Irustak eskarmentu handia ere bazuen lisaketan, Altzolako ostatuetarako lan honetan asko aritutakoa baitzen, eta alarguna zen, gerra zibilean bere senarra, Mariano Arrillaga Arriola hil baitzuten faxistek Deban 1936eko urriaren 24an, eta tragedia hori gertatu zenean urtebete eta bederatzi hilabeteko semetxo bat zuen aurrera atera beharrekoa.
Altzolako Larrañaga hoteleko Maria Teresaren gizona “Banco de Vizcaya” erakundean lan egiten zuen eta Londresera bidali zutenez, Benita Irusta alargundu berri familiako zerbitzari eraman zuten haur txikia berarekin eramanez, eta urtebete inguru egin zuten Ingalaterran. Halaber, Benita La Riojako Villamedianako Jose Peñalba elgoibartarraren “Granja Itziar” finkako zaintzaile eta langile aritu zen Logroñora joanez hango produktuak saltzera; harik eta Elgoibarren Juanita Isasti ilobari laguntzeko aukera sortu zitzaion arte.
Hamar bat urte aritu ziren iloba eta izeba biak beharrean elkarrekin, baita etxebizitza partekatu ere Benita eta honen seme Juan Jose, Juanitarekin, honen senarra Felix Garzia eta hauen seme-alabekin. Baina, 1958an Juan Jose Arrillaga lehenengo eta ama Benita Irusta, hiru bat urtera, Mexikora joan ziren, eta azken honekin batera Mila Totorika ere, Juan Joseren emaztea, iada ordurako ezkonduta.
Lisatzaile hauek lan asko izan zuten urte askoan, herrian bakarrak izanik, eta bezero ugari izan baitzituzten: Barrutia jatetxea (mahai-zapiak, ezpainzapiak eta abar; Jose Mª Agirre jostuna Bartzelonan ikastetik etorri berriarentzat 60 alkandora astean, adibidez; soineko, traje, alkandora, kortinak, tapeteak, mantelak, haur jaio berrien kumen gehigarriak eta abar partikular askorentzat. Gainera, ez da alperrikakoa gogoraraztea garai hartan gizonezkoek alkandora zuria korbatarekin jazten zutela ospakizun berezietan (ezkontzak, hiletak, bataioak, eta jaunartzeak) ez ezik igandero eta jaiero ere. Jaunartzeetan, esaterako, nesken soinekoak (inoiz 24 zeuden etxean zintzilik bata bestearen ondoan) eta mutilen lazo eta alkandorak lisatu eta almidoitu egin behar izan ohi zirela, haur asko (baby boom belaunaldiaren garaia) izanik lehen jaunartzea egiten zutenak. Halaber, neskek 12 bat urterekin hasi ohi ziren ezkontzeko arreoa egiten, ezkondu arte arituko zirenak oheko arropa, mantelería eta abar josten, ondoren ondo lisatzea behar zutena, erakutsi ahal izateko harrotasunez; eta apaizek ere alzakuelloa edo lepagora erabili behar izaten zutenez, gogorra eta distiratsu behar zuten.
Lan gogorra zela lizatzailearena adierazi zion Juanita Isastik Barren astekariari 1997ko urtarrilaren 24an (26. zenb.). Kazetariak “Ordu asko tente, ez? egindako galderari honako hau erantzun zion hitzez hitz: Mordo bat¡ Forjiakin (tren-geltoki aurrean) hasi goizeko 6etan eta gabian ere kafia hartu eta segi eta segi, Aizpirineko oilarrak kantuan hasi arte. Aste Santuan askoz lan gehiago izaten zela zioen ere, “orduan jendiak erropia estrenatzen zaban eta ondo plantxauta eraman bihar izaten zan”.
Pedro Jose Iturriza Arriola. XIX. mendea. Brigadierra.
Mendaron jaio zen 1793ko azaroaren 10ean eta Azpilgoetako Asuntzio Andre Maria parrokian bataiatu zuten. Aita Ignazio Iturriza Etxabe eta ama Agustina Arriola Muguruza izan ziren.
Karlisten brigadierra eta Gipuzkoan komandante orokorra izan zen lehenengo gerra karlistan. Karlos V. errege karlistak baroia titulua eman zion 1839an. Halaber, gerra karlistaren garaian argitaratu zuten “Navarra y las Provincias Vascongadas” buletineko 1837ko urriaren 27an Pedro José de Ilurriza “Excmo. Sr. Capitán general de Navarra y Provincias Vascongadas” izendatu zuten.
Katalina Itziar, (1579.10.09 edo 1580.12.29/1632.01.11). Merkataria.
Deban jaio zen, baina ez dakigu 1579an edo 1580an, izan ere, bi neskato Katalina Itziar deiturarekin ageri dira udalerri bertako Liburu Sakramentalean. Elgoibarren hil zen 1632an, ziur aski. Pedro Hemasabel Garaterekin ezkondu zen eta sei seme-alaba (hiru neska eta hiru mutil) izan zituzten, lehendabizikoa 1606an munduratua eta azkenak 1615ean, bikiak izan baitziren.
Itziar andrea merkataritzan aritu zela ziurtatzen digu ondoren azalduko dudan gertakariak. Azpiazu historialari adiskide ezagunak eman dit agiri orijinala eta argitaratua ere badu “Balleneros Vascos en el Cantábrico” historia liburuan. Izan ere, Joan de Olabarrieta Debako bizilagunak bere herriko alkateari adierazi zion, lekukotasuna ematearren eta ez izkutatzeko harrapaketa, 1617ko urtarrilaren 4an bere pinazarekin (arrantza-ontzia) eta beste bizilagun batzuen laguntzarekin, balea ehizatu zutela kostaldean. Agiriak balea herriratzeko izandako arazoak adierazten baditu ere, guri interesatzen zaiguna da, haitzetan zatitu zutela balea eta hiribilduan 26 barrika koipe atera ondoren, hauetatik hamabost kupel une hartan Elgoibarko bizilaguna zen Katalina Itziarkoari (Pedro Emasabelen emazte legitimoa) saldu ziotela, honek Gaztelan saltzeko asmoa zuelarik.
Badirudi Katalinaren ohiko lanbidea merkataritza zela, agian bere senar Hemasabelena ere izan zitekeen, baina agirian haren deitura ezkontide bezala ageri da eta ez negoziokide.
Eskriturak ere dio kupel bakoitzak 18 arroba (Gaztelakoa) pisatzen zuela, hau da, kontuan izanda arroba batek 11,5 kg duela, Itziar andreak 3.105 kg balea-koipe zama erosi zuela. Gaur egunetik begiratuta, Katalina benetako abentura baten aurrean zegoela zama honekin begitantzen zaigu, Debako itsas portutik Altzolako ibai-portura eraman behar zuen ibaitik gora txanaletan (alak, gailupak) eta ondoren garai hartako bideetatik Gaztelara garraiatu, Gazteiztik barna.
Ignazio Izagirre Etxaniz (1896-1974). Atleta. Pisu, disko eta jabalina jaurtitzailea.
Elgoibarren jaio zen 1896an, Upai (Sallobente-Ermuaran) baserrian, hortik, “Upai” gaitzizena, eta herrian bertan hil zen 1974ko bukaeran. Atleta handia izan zen eta C. D. Elgoibar taldeko elastikoa ez ezik Donostiako Sartako eta C. D. Esperanza taldeetakoa ere jantzi zituen, besteak beste. Palmaresa bikaina lortu zuen 1918. eta 1927. urteen bitartean pisu-, xabalina- eta disko-jaurtiketan:
Gipuzkoako txapelduna:
- Pisu-jaurtiketan, 1918, 1919, 1920, 1921 eta 1922an.
- Xabalina-jaurtiketan: 1920 eta 1922an.
- Disko-juartiketan: 1920 eta 1925ean.
Espainiako txapelduna:
- Pisu-jaurtiketan: 1920, 1921, 1922, 1923, 1924, 1925 eta 1927an.
- Jabalina-jaurtiketan: 1920 eta 1921ean.
- Disko-jaurtiketan: 1920, 1921, 1925 eta 1927an.
Zazpi aldiz izan zen Espainiako errekorduna: lau pisu-jaurtiketan eta hiru xabalina-jaurtiketan. Guzti horrez gain, Ambereseko Olinpiadan hartu zuen parte, 1920an, Juanito Mugerza elgoibartar korrikalariak ere hartu zuelarik esku.
Izagirre eta Mugerza atletekin batera beste elgoibartar batzuk ere oso txukun aritu ziren atletismoan XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarkadetan, besteak beste: Fermin Bilbao, Francisco Mugerza (Juanitoren anaia), Juan Ansola, B. Etxaniz, J. Aizpitarte, J. Landa, J. Etxaniz (atleta eta txirrindularia hamazazpi urterekin hil zena) eta abar.
Helduaroan eta erretiroa hartu ostean mendizale eta perretxikozale izan zen Ignazio Izagirre.
Ebaristo Izeta Ziaran (1899.05.08/1957.04.07). Musikaria.
Elgoibarren jaio zen 1899eko maiatzaren 8an, eta laugarrena izan zen Izeta Ziaran lau anai-arrebetatik. Hauen aita Domingo Izeta Osoro, Mendaro-Azpilgoetakoa, bi aldiz ezkondu zen, lehendabiziko ezkontzan, Josefa Arrillaga Alberdirekin (1880.09.11) eta seme bat (Bartolome Maria) izan zutenez, aitaren seme-alabetatik bosgarrena eta gazteena izan zen Ebaristo, beraz. Josefa Arrillaga hil ondoren, Domingo Izeta Elgoibarko Petra Frantziska Ziaran Aranberrirekin ezkondu zen 1889eko urriaren 12an. Izeta familia burua XX. mendeko lehen hamarkada inguruan hil zen berrogeita hamarren bat urte zituela. 1907an, Domingo Izetaren izenean zeuden Izeta kafetegiaz gain, ostatu bat Altzolan eta harategi bat ere Errosario kaleko 2an, Elgoibarko zerga industrialeko datuen arabera
Domingo Izeta familiaburua ekintzailea zen eta XIX. mendeko azken hamarkadan eta XX. hasieran hainbat ikuskizun gustagarri antolatu zituen herri mailan Kontzejuaren baimena eta laguntza ekonomikoarekin: nobilladak San Bartolome jaietan eta dantzaldiak San Anton egunean, Inauterietan, eta Pazko loratuan, batzuetan. Lehenengo ospakizunaren berri ematea merezi du zehatzago, adibidez, Udalak 1998ko abuztuaren 10ean aho batez onartu baitzuen Izetaren proposamena abuztuaren 24an eta 28an Eskoletako plazan nobilladak antolatzeko eta honako baldintza hauek jarri zizkion: Kontzejuak 290 pezeta emango zizkion, eta horren truke bi arratsalde horietan lau zekor, hiru Lasturkoak txuliatzeko eta banderillak sartzeko, eta laugarrena hiltzeko, eta behi suhar bat ere ekarri behar zuen zaletuek jolasteko; Eibarko musika bandak alaituko zituen ikuskizunak eta baita bi egun horietan joko zuen Foruen plazan 20:00etatik 23:00ra arte; toreatzailea “El Aseado” ezizenekoa izan behar zuen edo haren mailako bat; sarrera 75 zentimo pezetakoa izan behar zuen, eta haurrek horren erdia ordainduko zuten; eta azkenik, Izetak berak jarri behar zuen sokamuturrean korritzeko txekorra, ohi zen bezala, done Bartolome eguneko hurrengo egunean.
“El Aseao” (Francisco Bernal deituraz) toreatzaile ezaguna zen, zezen plaza garrantzitsuetan aritzen baitzen garai hartan eta “El Arte Andaluz. Revista Semanal de espectáculos”-en (Sevilla 26.08.1895) irakurri dugunez abuztuaren 22an Alcalàn eta 25ean Sevillan toreatu zuen Antonio Guerrero “Guerreritorekin”. Elgoibarren aritu bazen ez badakigu ere ziur, asmoa bakarrik dakigulako, bera izan ez bazen haren mailakoa izango zen ordezkoa.
Halaber, dantzaldiei dagokienez, aipatutako garaian Udalak baimena eman zion Izeta jaunari Udaletxeko aretoan dantzaldiak antolatzeko, eta onartu zizkion baldintzak honako hauek izan ziren, kasu batzuetan: gizonezkoek 0,50 zentimo pezetako ordaintzea, eta antolatzailearen kontura argia eta saloiaren garbiketa ziren.
Horrela bada, egoera ekonomiko erosoko familian jaio eta haziko dira Ebaristo eta honen anai-arrebak: Maxima, Joan Bautista eta Julian. Petra amak musika-zalea izanik, semeak Bereziartua organista, Musika-banda eta Akademiako zuzendari eta irakaslearengana zuzendu zituen musika ikas zezaten, mutil koskorrak zirenean. Ondoren, besteak beste, Guridi handia ere izan zuen maisu Ebaristok.
Julianek, ostera, ez zuen beste bi anaien bidea jarraitu, Bereziartua musika maisuarekin izandako gorabeheraren bat zela-eta, eta pilotan nabarmendu zen. Izan ere, 1924an Parisen izan ziren Olinpiadetan aritu zen eskuz eta palaz, erakusteko saioa izan zena. Horrez gain, Julian Izetak pilotaleku askotan jokatu zuen eta makina bat txapela irabazi zituen.
Maxima, musikarien eta pilotariaren arreba, arlo sozial eta politikoan nabarmendu zen; izan ere, 36ko gerra zibilaren hasiera aurretik, Emakume Abertzale Batzako o Asociación de Mujeres Patriotas elkarteko presidentea zen Elgoibarren. Euskal Herriko emakumeen elkarte hori 1922ko apirilean sortu zen, EAJ/PNVren baitan. Horregatik, Maxima Izetari 2.000 pezetako isuna jarri zioten, beste askoren artean, 1936ko irailaren 21ean erreketeak eta falangistak Elgoibarko Udalaz jabetu zirenean.
Ebaristok Gorlizko (Bizkaia) organista eta musika-bandako zuzendari postua erdietsi zituen hamasei urterekin, Zumaiakoak (Gipuzkoa) hogei urterekin eta Tenerifeko Santa Cruz-ekoa (Kanariak) hogeita bederatzirekin (1928-1957), eta han aritu zen grina handiz herioak eraman arte, 1957an.
Nidia María Gonzalezek Tenerifeko Santa Cruz hiriko musika-bandaren historia tesi interesgarria idatzi zuen 2015ean, eta ondorengo datu eta informazio hauek isurtzen dira:
Honako perfil hau eskainitzen dio Izetari: Musikari polemikoa, irripar zabalekoa, Euskal Herriarekiko harro zegoena, prensa gogoko ez zuena eta hiriko klase sozial guztien sinpatia erakartzen jakin zuena. Halaber dio, Udal musika-bandaren buruan, herrialdean etengabe izandako aldaketa politiko erradikalei ere egokitzen asmatu zuena.
Izendapena 1928ko azaroaren 26an izan zen eta debuta bandako zuzendari bezala kontzertu publiko batean, berriz, 1929ko ekainaren 28an, Plaza del Principe-n, ondorengo egitarau hau joz: Selección de Suspiros de España (Álvarez), Bejarana (Francisco Alonso), Si yo fuera Rey (A. Adam), La del Soto del Parral (Soutullo y Vert) y Ronda Aragonesa (E. Granados), aurreko biak eta azkena lehen aldiz, El Caserío (Guridi). Esan beharra dago, arrakasta itzela izan zuela, txalo zaparrada asko jo zizkiotela eta ia egitarau osoa interpretatu behar izan zuela berriz. Esan ohi da kontzertuaren ondoren, zuzendari berriak bere musikari guztiak gonbidatu omen zituela pastak eta garagardora Horchatería Valenciana-n.
Udal musika-akademiak ere aldaketa sakona izan zuen Izetaren etorrerarekin, eraberritzeko lan handia egin zuen eta eraginkor abiarazi zuen: ikasleak matrikulatzeko, ikasturtea hasteko eta azterketak egiteko data zehatzak ezarriz; eta irakasleen gaia ere egituratu zuen doitasunez.
Izeta maisuak musika-ibilbide sutsua izan zuela Tenerifera iritsi zenetik 1957an hil zen arte dio Gonzalez andreak, eta honako hau ere gehitzen du: “Musikari honen bizitzak eta lanak eskatu eta merezi du ikerlan esklusiboa”.
Pianista sonatua ere izan zen, eta irlako bazter guztietara eraman zuen bere artea, giro pribatu esklusiboetan zein herri ekitaldietan parte hartuz: pianoa edo organoa joz, bakarrik nahiz beste musikari batzuen laguntzaile. Nabarmentzekoa da, Radio Club Tenerifeko programetan izandako parte-hartzeak pianoa joz edo orkestraren bat zuzenduz.
Sociedad Coral Tinerfeñaren zuzendari ere izan zen, eta koroak eta orkestra-taldeak antolatzeko erantzunkizuna izan zuen. Orkestrak ere zuzendu zituen hona hemen batzuk: Coral Tinerfeñari laguntzeko orkestra (pianoarekin ere lagundu zion), Círculo de Amistad XII de Enero orkestra, Círculo de Bellas Artes-ekoa, Orquesta Sinfónica Power orkestra (Orquesta Sinfónica de Tenerife ere deitua) eta Orquesta de los Amigos del Teatro. Horiez gain, beste musika-elkarte batzuk eratu zituen ekitaldi zehatzetarako.
Zarzuelak ere taularatu zituen, hauek bezalakoak: Katiuska (Pablo Sorozábal), La del Manojo de Rosas (P. Sorozábal)1269 , Noche de Reyes (J. Serrano), El Mal de Amores (J. Serrano) eta Molinos de Viento (P. Luna)…
Orain arte idatzitakoa gutxi balitz, seikoteak zuzendu zituen, epai-mahaikoa izan zen lehiaketetan, La Laguna hiriko Coral Sacra sortu eta zuzendu zuen eta konpositore eta moldatzaile handia izan zen. Harek sortutako konposizioen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: Colección de Danzas Modernas para Banda, Fantasía Egipcia, Capricho Oriental, El Ruiseñor…
Guzti horrek Tenerifeko Santa Cruz hiriko haren garaiko personalitate ospetsuenetakoa bilakatzeaz gain, pertsonaia herrikoia ere izan zen.
Kirol zale handia ere izan zen, eta gaztetan palaz jokatu ez ezik irla hartako kirol munduan ere hartu zuen parte, aktiboki. Pilotalekua egiteko lagundu zuen 1944an, eta pilotari eta Tenerifeko Pilota Federazioko buru eta Patinaje eta Hockey-ko Federazioetako kide ere izan zen.
Azkenik, 1957ko apirilaren 7ko arratsaldean, Ebaristo Izeta Ziaran hil zen ezustean 57 urte zituela, irlan zirrara itzela eraginez, non maisu maitea eta miretsia izan zen. Harekiko maitasuna hiletan ere islatu zen, musika-banda eta abesbatza batzuk hartuz parte, eta zerraldoaren ondoren familiakoak eta irlako eta tokiko agintariak ere izan zirelarik.
Gonzalo Karkizano Arriola. XV. mendea. Olaso jaunaren ostekidea Ahaide Nagusien arteko borroketan.
Karkizano susoko (goikoa) jauna zen 1442rako eta burdinoletako Kabildoko alkatea 1448an eta 1472an izan zen. Olaso jaunaren ostekidea ere izan zen 1448an Arrasate erre zutenean eta haren prokuradorea 1454an. Mutrikuko Jausoroko Maria Perezekin ezkondu zen eta seme-alaba ugari izan zituzten.
Juan Martinez Karkizano Ganboa. (XV. mendeko bigarren zatitik XVI. hasiera arte). Arriagako Sancti Spiritus eta Pietate ospitale-elizako fundatzailea.
Arriagako eta Jausoro Martin Santxez eta Ganboako Toda Martinez eta Ibarraren semea, 1458an jaio zen. Karkizano yuso (behekoa) etxeko jauna, burdinoletako Kabildoko alkate hainbatetan eta Arriagako Sancti Spiritus eta Pietate ospitale-elizako fundatzailea izan zen. Lasaldeko Maria Lopezekin ezkondu zen 1482an, lehen aldiz, eta Likonako Maria Ibañezekin 1493an, bigarrenez. “Erregearen menpeko” tituluari eutsi zion, aitaren prestakuntza eta eraginik izan ez bazuen ere.
Martin Iñiguez Karkizanokoa. (XV. mendearen bukaera- 1527). Loaisarekin espediziokidea, Moluketara
Karkizako suso (goikoa) oinetxeko jauna izan zen Martin Iñigez Karkizanokoa, eta gizon balioanitza: burdingina, merkataria, armetako gizona (1521ean herriko troparen kapitain gisa joan zen Hondarriko setiora), nabigatzailea, kortsario eta abar.
Horrelako bizimodu gorabeheratsua izanda, ez da harritzekoa beste menturazale ospetsu bat ezagutu izana: Joan Sebastian Elkano.
1525eko uztailaren 24an A Coruñatik abiatu zen Moluka irletara bidaian parte hartu zuten biek, Elkano pilotu nagusi eta gida eta Karkizano “Kapitana” ontziko alguazil nagusi izan ziren; Garcia Jofre Loaysa, berriz, espedizioko buru. Zazpi itsasontzik eta 450 gizonek osatu zuten armada. 1526ko uztailaren bukaeran eta abuztuaren hasieran Loaysa eta Elkano hil ziren, baita Alvaro de Loaysa, komendadorearen iloba ere. Horrenbestez, Karkizano bera hautatu zuten espedizioa zuzentzeko eta, geroago, Malukoko gobernatzaile izateko. Elgoibartarrak gidatutako “Victoria” itsasontzia iritsi zen Moluka artxipielagora 115 gizonekin 1526ko azaroaren azken egunean eta Tidore uhartera egun batzuk geroago, non Karkizano hil baitzen 1527ko uztailaren 11n.
Gogorarazi behar da espedizio honetan beste elgoibartar batzuek ere hartu zutela parte eta, tamalez, guztiak hil zirela bilakaera horretan, euren jaioterrira itzuli gabe. Honako hauek izan ziren: Karkizano (behekoa edo Palaziokoa) eta Likonako Martin Gartzia 20 urteko gaztea, marinela hasieran eta diruzain kargua bete zuen bukaeran; Legardako (baserri horretako semea) Hernando, arotza; Lasaldeko Juan “Juan Blanco” gaitzezenez ezaguna eta esklabo beltza zen Lasaldeko Lope Perez merkatari eta eskribau elgoibartarrak erosi zuena Sevillan; eta, azkena, Karkizanoko Andres gaztetxoa, 13 urterekin engaiatu zena, Martin Iñigezen semea, “erratz-morroi” edo ontzi-mutil izan zen, eta zazpi urtetako ibilaldi gogorraren ondoren Moluketako Terrenate irlan hil zena.
Elgoibarko Udalak XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren hasieran etxebizitza multzo bati gure protagonistaren “Martin Iñigez Karkizanokoa” deitura eman zion.
Sebastian Karkizanokoa Babaza. XVI. mendeko lehen laurdena-1565. Erregearen gudarosteko hornitzailea.
Karkizano beheko (yuso) oinetxeko jatorrikoa zen Sebastian. Karkizanoko Martin Santxez eta Klara Babaza senar-emazteen semea eta oinetxeko ondorengoa izendatua izan zen 1559an. Honako ondasun hauek utzi zizkioten: dorretxea, burdinola eta honi erantsita zeuden lursailak, sagastiak, txarak, mendiak, eta Lekonberri, Irazabaleta eta Belauztegi baserriak, eta abar., Karkizano beheko ondorengoa izateaz gain.
1563an itxasoratu zen Erregearen Gudarosteko hornitzaile baitzen eta 1565ean hil zen Maltako sitioan, Mediterraneo itsasoko kontrolerako borrokan, Otomandar inperioaren aurka.
Katalina Karkizano Ugalde. (XV. mendearen azken laurdenean-edo jaioko zen…). Freila edo serora.
Karkizanoko Juan Martinez eta Ugaldeko Domenjaren alaba naturala izan zen, hau da, ezkontzaz kanpoko umea. Arriagako Sancti Spiritus eta Pietate ermita eta ospitaleko moja beata, freila edo serora (soror: arreba, latinez) izan zen, bere aitak sortutako fundazioa izan baitzen 1503an, eta horrela prestigioko egoera zibila eman zion alabari. Gizarte konfesional hartan begirune handia zuen lanbide edo eginkizun horrek, eta hori lortzeko dote handia ordaindu behar baitzuten (8 dukat ordaindu zuen Paskuala Elormendik Arriagako eliza eta ospitaleko freila izateko, 1551n), nahiz eta kasu honetan, bere aita zenez ermitako patroia ez zion alabari ezer kobratu, ondasun gehiago eman baizik. Izan ere, Karkizanok testamentuan idatzita utzi zuen eta ondorengoei agindu zien honako hauek: “… mando que den mis herederos e sea obligada de dar a ella … vienes y rentas, en toda su vida de la dicha Catalina, mi fija, todos sus alimentos neçesarios de comer y beber e bestir e calçar, dentro en la dicha yglesia e ospital, en su apartamento e hávitos neçesarios a su horden, e una cama cunplida e fornida e dos arcas. Y ella sea tenuda e obligada de continuar e guardar e servir su orden de beatas e monjas de la orden de Nuestra Señora Sancta María, por quanto la dicha horden yo he esleydo por devoción”.
Katalina Karkizano freila edo serorarekin batera Teresa Ibañez Garagartzakoa aritu zen lanbide horretan, biak Arriagako ermita eta ospitalean bizi izan ziren, eta bi eraikinez arduratu. Hemen bezala, Elgoibarko beste eliza, ermita eta ospitaletan ere serorak izan ziren, adibidez, Magdalena eliza eta ospitalean bi serora izan ziren; Ermuarango Done Laurendi eta Azkueko Done Bikendin hiruna, eta Irunagako (Idotorbe) Done Petrin lau zerbitzari izatera iritsi ziren.
Arriagako freilak ospitale-eraikinan zuten egoitza, bigarren solairuan; lehenengoan babestuek zuten aterpea eta logela, eta behekoan sukaldea eta janaritegia eta abar zeuden, Karkizanoko Juan Martinez fundatzaileak testamentuan idatzita utzi zuen bezala. Gainera, ospitalari utzitako ondasunen zati bat moja eta beatentzat erreserbatu zuen: “la tierra mançanal que está junto e apegado al dicho hospital de Arriaga, con todo lo que está alderredor del dicho hospital, así tierra como nogales e otros árboles, fasta el arroyo de Arriaga e camino real”. Alegia, elizaurreko aldea, Altzola aldera, eta errege-bideko goiko aldea, beraiek lurra izan zezaten ortua izateko.
Serorek eliz untziorik ez bazuten ere erlijio zerbitzura osoki emandako bizimodua egitera behartzen zuten euren burua, emakumezkoen ordena erlijiosoen erara. Hautatuak izateko zintzotasuna eta baitaratzearen froga eman behar zuten, hau da bizi zuzena eta ospe ona izateaz gain, ezkongabea edo ezkontzeko hitz eman gabea, baina alargunak ere onartzen baitziren. Janzkera berezia eraman zuten eta inbestituak izateko zeremonia bixia egiten zen.
Gizartean sustraitutako erakundea izan arren, serorak beti egon ziren eztabaida gunean, eta hauen aurkako lehen eraso bortitza 1602an izan zen, Gotzaindegitik Debabarreneko parrokoei bidalitako aginduan debekatuko diete freilak eta serorak egon zitezen eliza eta ermitetan, hauen tokian sakristauak jar zitezela aginduz. Irmoagoa izan zen Paulo V. Aita Sainduak Calahorra eta La Calzada apezpikutzak (Debabarrena ere horren barnean) hala eskatuta XVII. mendean emititu zuen dekretua, eta honek ere debekatu zuen seroren instituzioa. Agindu eta dekretuz gain, XVIII. mendearen azken aldiko erreforma ilustratuek ere izan zuten eragin handia erabat baztertzeko Erdi Arotik zetorren erakunde hori.
Hala ere, serorek euren lanetan jardun zuten Modernitate Aro guztian eta Elgoibarko Done Bartolome parrokiaren kasuan XX. mendeko hirurogeitamarreko hamarkadara arte jarraitu zuen, ziur aski zeregin desberdin, eta dedikazio eta konpromiso maila apalagoak izango zituzten azken serorek. Horrelaxe, Jesusa Mugertza (1896-1978) urte askoan aritu zen serora, eta ama ere aurretik aritutakoa zen. Mugertzak 1963an-edo eginkizun hori uzterakoan Emilia Etxeberria (1912-2002) aukeratu zuten alargundu ondoren, eta berau izan zen parrokiako azken serora. Azken bi kauek, Mugertzak eta Etxeberriak, honako betebehar hauek izan zituzten: ezkontzetan ezkongaien eta aita-ama pontekoen belaunaulkiak eta loreak jarri, aldareetako kandelak piztu, hileta elizkizunetan hilkutxarentzako tumulua prestatu eta emakumeen belaunaulkien erabileragatik kobratu.
Gabriel Kuruzelaegi Arriola (1632-1689). Almirantea.
Elgoibarren jaio zen 1632ko irailaren 14an, baita Kruzelegi Arriola beste hiru anaiak (Juan, Kristobal eta Santiago) ere, zeintzuk Sevillan bizi izan ziren XVII. mendearen erdialdean.
Gurasoak Bentura Kruzelegi eta Marina Arriola, biak elgoibartarrak, eta aipatutako semeak ez ezik, alaba bat ere izan zuten, Maria Bautista, moja klaratarra eta abadesa izan zena Elgoibarko Santa Klara komentuan.
Itsasorako bokazio-eredua amaren familian izan zuten lau anaiek, osaba Andres Arriola itsas jenerala izan baitzen. Laurak itsas-jardueran aritu ziren Indiekin eta Itsasoz bestaldeko lurraldeekin, eta Sevillan zein Cadizen zuten bizitokia, nahiz eta geroago Gabriel Madrilen eta Filipinak-en bizi izan zen, izendatu zuten kargu politiko-militarrei erantzun ahal izateko.
Gabriel Santiago ordenako zalduna eta Armadako jenerala eta Gerra Kontseilu Goreneko kidea eta almirantea izan zen, halaber, Filipinak uharteetako gobernadorea eta Kapitain orokorra, eta Errege Auzitegiko Presidentea.
Itsasoz bestealdean hil zen 1689an eta Manilako Frantziskotarren komentuan hilobiratu zuten.
Gogorarazteko modukoa ere da, Juan, Kristobal eta Santiago, Gabriel almirantearen hiru anaiak, euren merkantzia-ontziak izan zituztela eta kapitainak izan zirela hauetan.
Halaber, Elgoibarrek jai handiarekin ospatu zuen Gabriel Kuruzelaegi galeoietako almirante izendatu zutenean. Almirante izendatu berria zela, berak jaioterriko Kontzejuari idatzi zion 1680ko otsailaren bukaeran bere izendapenaren berri emateko. Martin Andonaegi merkantzia-kapitaina une hartan alkateak eta Udalak erabaki zuten jai arranditsua egitea maiatzako 13an, astelehenean, non besteak beste, erlijio-ekitaldiak zein ekitaldi profanoak (zezenak eta suzko erroberak) egin ziren herriko semea omentzeko.
Frai Frantzisko Kuruzelegi (Kruzelaegi) Askarraga. (Elgoibar, 1742- Mexiko, 1802?). Fraide Frantziskotarra, Ordenako prelatu orokorra, organo-jolea, organo konpontzaile eta zaharberritzailea, eta konpositore emankorra.
Hasteko, aitortu behar dugu ez genekiela fraide eta musikagile elgoibartar hau existitzen zenik, ostera, ezaguna dugu abizen bereko Gabriel Kuruzelaegi almirantea, kale batek bere deitura duena gure herrian.
Horregatik, Alonso Hernandez Prado musikan maisu, Arten doktore, kontrabaxu-jotzaile eta ikertzaile mexikarrari esker zintzoenak eman behar dizkiogu elgoibartarrok gure herrikidea ahanzturatik ateratzeagatik, hari buruzko informazio zabala eskainiz; izan ere, landu duen ikerketa liburua eta bideoa gure eskuetan jartzeaz gain, nazioartean ere ezagutarazi egin duelako.
Kuruzelegiri buruzko aurkibide sakramentalak dio Martin Francisco Curucelegui Askarraga Elgoibarko Kalegoengo San Bartolome parrokian bataiatua izan zela 1742ko abuztuaren 13an, eta aita Frantzisko Kuruzelegi Albizuri eta ama Josefa Askarraga G(L)arburu izan zituen. Hala ere, erantsi behar da beste data batzuetan kokatzen dutela gure protagonistaren jaiotza hainbat biografok. Halaber, argitu behar da musikari elgoibartar honek Frantzisko Cruzelaegi sinatu zituela berak sortutako partiturak eta ez Curuzelegi bataioko agirian azaltzen den moduan.
Martin Frantzisko haurra zela bere herriko San Frantzisko komentua eta eliza (1516-1891/1926) ezagutzeko eta bisitatzeko aukera izan zuen, hiribilduan bertan baitzeuden biak, gaur egun haien arrastorik ez dagoen arren, eraitsiak izan zirelako. Horrela bada, fraide izateko bokazioa bere herrian bertan landuko zuen, eta Frantziskotarren fraidetegian sartu zen gaztetxo zela, XVII. mendeko hirurogeiko hamarkadaren erdialdean apaiztuz. 1770 inguruan Nueva Españara joan zen lehen aldiz eta 1786an bigarren bidaia transatlantikoa egin omen zuen. Zenbait biografiaren arabera, elgoibartarrak Fray Junípero Serra fraide frantziskotar ospetsuarekin (1988an beatifikatua eta 2015ean kanonizatua) lankidetzan jardun zuen Mexiko iparraldean egindako zenbait misiotan, eta horren lekuko dira Kaliforniako Santa Barbara misioko artxiboetan gordetzen diren bien arteko gutunak.
Horrez gain, badirudi ere musikako irakasle titulua eskuratzea nahi izan zuela, eta horretarako Euskalerriaren Adiskideen Elkartea kultura-erakunde ilustratu garrantzitsuari eskatu omen zion, instituzio horren kide ere izanik geroago.
Baina musika arloan nabarmendu zen, batik bat, eta Alonso Hernandez Prado doktoreari jarraituz, jakinarazi digu Mexiko hiriko katedral metropolitarreko organista eta Anaia Txikien Ordenako prelatu nagusi izendatu izana aukera paregabea izan zela berarentzat musika sakratuko ekoizpen handia konposatu eta estreinatzeko. Honek jarraitzen du esaten, sortu zuen musika Guadalupeko Basilikan; Celayako San Frantzisko tenpluan, Guanajuaton; Queretaroko "José Guadalupe Velázquez" Kontserbatorioan; eta Puebla de los Angelesko eta Durango hiriko katedraleetan zabaldu zuela, agian, organo-zaharberritzaile gisa egin zuen lanarekin batera.
Eliz otoitzak musikatzeko xedearekin idatzi zituen bere lanak eta garrantzi handikoak izan ziren, gure protagonista hil ondoren ere, hogeita hamar urtetan, indarrean jarraitu zutelako, neurri batean kopistei esker, zeintzuk gainera editatu eta zabaldu baitzituzten erdialdeko amerikar Erregeordetzako erlijio-zentroetatik. Horregatik, Nueva España-n musikan autoritatetzat hartua izan zen.
Ezinezkoa zaigu berak idatzitako konposizio guztiak hona ekartzea ugariak direlako eta euskarri hau ez delako egokia horretarako, baina bere lanari buruz gehiago jakitea nahi duenari gonbitea egiten diogu googlen kontsultatzeko honako sarrera honetan: (Fray Francisco Martín de Cruzelaeguí un compositor franciscano en la Nueva España. Alonso Hernández Prado).
Dena den, Hernandez doktore ikertzaileak Kruzelaegi fraideari buruzko liburuan bildu dituen konposizioen zerrendatik, horietako batzuk aukeratu ditugu, esanguratsuenak izan daitezkeenak. Besteak beste, bi meza eta hamabost espediente Mexikoko katedraleko koruan; beste bederatzi espediente Pueblako katedralean; Durangoko katedralean mezari laguntzeko zatiak; Guadalupeko Santa Maria basilikan utzita hogeita bat obra, eta beste batzuk Oaxacan. Viscaina meza ere sortu zuen, seigarren tonuan.
Mexikoko metropoli-katedraleko artxibotik honako hauek hautatu ditugu: Magnificat anima mea (1775) (8 ahots, biolinak, tronpak eta baxua); Te Deum (4 ahots, biolinak, oboeak, tronpak, tinbalak, organoak eta baxua; Himnus ad Vesperas (8 ahots, biolinak, oboeak, tronpak, organoak, baxua eta tinbalak); Si yo logro… Gabonetako kantata (alto, tenor, bajo eta biolinak, tronpetak eta baxua); Maitinak, bederatzi konposizio (1775-1776) (koro, organo, baxua, biolinak, oboeak, adarrak/kornoak…).
Guadalupeko basilikako artxibotik: Bi Beatus vir (1793) (bi koro, biolinak, oboeak, flautak, fagotak, tronpak, baxoa eta organoa); Credo; hiru Himno; Kiries eta Gloria; Laudate Dominum omnes gentes; Missa de Quarto tono eta Missa de quinto tono; 2 Salmo; 3 Errespontsu-konposizio…
Pueblako katedraleko artxibotik: zazpi Errespontsu-konposizio, horietako bat Pasus est Christus (1775) (8 ahots, biolinak, klarineteak, tronpak, organoa eta baxoa); hiru Salmo eta horietako bat Laudate Dominum da (1775) (8 ahots, biolinak, oboeak, tronpak, organoa, baxua); hiru Himno eta horien artean Maximus redentor orbis (1775) (8 ahots, biolinak, tronpeta, organoa, baxua eta tinbalak); Kantika, Magnificat (1775) (8 ahots, biolinak, tronpak, tinbalak eta organoa)…
Queretanoko “José Guadalupe Velazquez” kontserbatorioko “Agustin Gonzalez” artxibotik: Lamentación (ahots bakarra eta baxua), Queretanoko Santa Klara komentutik ekarri zena; Salve (biolinak, oboeak, tronpak eta baxuak).
Celayako Frantiskotarren komentuko musika-artxibotik: Meza (3 ahots, biolinak, tronpak eta baxua)
Euskal Herrira etorrita aipatu behar dugu Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa erakundean Kruzelaegi fraide elgoibartarraren bi Laudate Dominum kontserbatzen direla.
Amaitzeko, erantsi behar dugu Eresbilek 1992an Amerikako aurkikuntzaren V. Mendeurrenaren karietara “MUSIKASTE 92” antolatu zuela, eta Errenteriako Kaputxinoen elizan maiatzaren 19an antzinako musikari eskainitako kontzertuan Jon Bagüesek eta Peñaflorida Kaperak frai Martin Kruzelaegiren Laudate Dominum obra interpretatu zutela Agustin Etxeberria Arana (1752-1792) eta Juan Andres Lonbideren (1745-1811) konposizioekin batera.
Sor Sabina Landa Rivera (1889-1984). Lekaimea.
Oiartzunen jaio zen 1889ko uztailaren 19an. 1919an Karitateko Alaben Lagundiko kide egin zen eta urtebete geroago heldu zen Elgoibarrera, San Lazaro Ospital eta nagusien Erresidentzian biziz eta lan eginez gaixo, ezindu, nagusi eta familiarik gabekoak artatzen.
Aipatutako moja 1984an hil zenean 94 urte zituela eta horietatik 65 gure herrian, On Karlos Agirre zenak, garai hartan Elgoibarko erretoreak, Sor Sabinaren hiletan egin zuen sermoian (zati bat euskarazko bertsoak izan ziren), bere dohainen zertzelada egokiak eskaini zituen, ondoren transkribatuko ditudanak
I
Larogei eta hamalau urtez
eta hoietatik urte gehienak
Elgoibarko Ospitalean:
on asko eginez igaro zera
zure bizitza luzean,
iñork ez daki, Jainkoak ezik,
egin duzuna isilean.
Kristau fedeak ez dizu kendu
II
Ama izan zera,
amarik ez zutenetzat;
bihotz xamurrez,
lagun leiala, bihotz zabalez,
bakarrikan zeudenentzat,
pake baretsu, irripar gozo
gaixo eta larrituentzat.
III
Emakumezko dohaina:
lekaime deiak ez du gutxitu
zugan euskaldun usaia:
zeurez bazinen zentzudun eta
zeurez bazinen alaia,
lekaime deiak edertu zizun
jatorriz zenuen gaia.
Eugenio Larrunbidekoa Erkizia (1784-1838). Epailea.
Elgoibarren jaio zen 1784ko azaroaren 15ean. Pedro Martin de Larrunbide eta Maria Rita de Erkiziaren semea izan zen. Larrunbidetarrak Zabala eta Karkizano maiorazkoen ondorengoak dira.
Mendaroko Ospaz dorretxeko jabea eta Larrunbide familia honetako persona nabarmenena izan zen Eugenio. Elgoibarko udal artxiboko agirietan honako titulu eta kargu hauek eman zizkiotela ageri dira: 1828an, Sevillako Krimen Auzitegiko Aretoko gobernadorea; 1832an, Sevilla hiriko Errege Aretoko Entzule eta Cadiz hiriko Auzitegiko Epaile zibila; 1833an, aipatutako titulu horiez gain, Gerrako ohorezko Kontseilaria; eta Gerra Karlistan, Gerrako eta Itsas armadako Auzitegi bereziko ministro togaduna.Elgoibarko Udalean, hiribilduko bizilaguna zelako, boto eta kontejukide izateko eskubidea izan zuen, eta alkate ere aukeratua izan zen 1833an, Gipuzkoako Batzar Nagusiak gure herrian ospatu behar zituztenean urte hartan.
Pedro Martin Larrunbidekoa (1754-1803). Abokatua eta Loiolako santutegiko ondasunen erreskatatzaileetako bat.
Asteasun (Gipuzkoa) jaio zen 1754ko abuztuaren 3an. Maria Rita Erkizia elgoibartarrarekin ezkondu zen 1781ean, eta lau seme-alaba izan zituzten. Errege Kontseiluetako abokatua izan zen.
Elgoibarko aberatsenak ziren Larrunbide eta Erkizia senar-emazteak 1812an, 15.758 errealeko (beloi) errenta zuten eta ondorengo ondasun hauek: Zabala dorretxea, Aldaia baserria, Karkizano palazioa, Irazabaleta baserria, Karkizano burdinola, Olaeta errota, Lekonberri baserria, Bertutesoro baserria, Estebe etxea, Alzate dorretxea, Goikoerrota, Kalebarrengo errota, Urdaikua etxea, Danzarikua etxea, Lizundia behekoa baserria, Aurteñola burdinola eta errota, San Roke baserria, Egiguren baserria, Arriaga baserria, eta mendiak esandakoez gain.
Elgoibarko udal diputatua izan zen, eta Jose Ignazio Arriolarekin batera zuzendu zuen elgoibartarrek osatutako talde armatua Loiolako santutegiko ondasunen erreskatatzera joanez, eta frantziarrei kendu zizkieten 1794ko abuztuaren 26-27an, horregatik Carlos III. Ordenarekin kondekoratu zituzten.
Burdinoletarako harrizko hauspoak asmatu zituen XVIII. mendearen amaieran.
Andres Lekunberrikoa Bernedo. (1660/?). Erretaulagilea.
Elgoibarko Altzola auzoan jaio zen 1660ko abuztuaren 13an, auzo hartako Done Joan Bataiatzailea parrokian bataiatu zutelarik. Mariana Alberdi Lasalderekin ezkondu zen 1684ko azaroaren 19an eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Erretaulagile izan zen eta Olasoko parrokiako Gurutze aldareko erretaula landu zuen 1688an, Gurutze (“Veracruz”) kofradiak eskatuta. Lan hura egin eta 1715eko uztailaren 17ra arte ezin izan zuen guztiz kobratu, eta haren emazte Mariana Alberdi Lasaldek jaso zuen dirua, senarra Ameriketan zuelako, (… que está en Indias adierazi zuen). Alberdi andrea hurrengo urteko maiatzean hil zen, gizonaren berri izan gabe, seguruenik; eta hiru seme-alaba utzi zituen umezurtz.
Artista izateaz gain, eginkizun soziala ere izan zuen bere herrian, 1686an fidel sindiko errejidore izan zen eta 1689ko Done Mikel egunetik hurrengo urteko egun berdinera arte alkate. Era berean, Magdalena elizako maiordomoa ere izan zen, 1688an.
Pedro Lekuona Ibarzabal (1897-1955). Diplomatikoa eta idazlea.
Elgoibarren jaio zen 1897ko urtarrilaren 12an bost senideko (Maria Pilar, Justino, Leonor Justa, Kamilo eta Pedro) familia batean, berau gazteena izanik. Ama Geronima Ibarzabal Azpe eta aita Ramon Lekuona Etxeberria izan ziren, eta azken hau Elgoibarko notarioa izan zen 1881etik 1903ra arte. Hain zuzen, haren notarian kudeatutako agiriak Oñatiko Protokolo artxiboan gordetzen dira, 40 bolumen eta 58.800 orrialdetan bilduta.
Elgoibar 1936 elkarteak jasota duenez, Pedro Lekuona abokatua, diplomatikoa, idazlea eta itzultzailea izan zen. Ezkondua izan arren, ez dakigu ondorengorik izan zuten, gerrak eta gerraoste gogorrak kanporatu zuen gure herrikidea eta ilunean gelditu baitira haren bizitza pertsonalaren hainbat alderdi, tamalez.
Zuzenbidea ikasi ondoren eta Diplomazialaritzan sartzeko oposaketak egin eta gero, kontsul-orde zela ,1922an-edo Londres eta Reval edo Tallin (Estonia) hirietako Kontsulatuetara bidali zuten, eta baita Txinako Shangaira ere.
Badirudi Gerra Zibilaren (1936ko uztailaren 18an) hasieran Bilbon zela eta Estazio kaleko 12an zuela egoitza, non haren anaia Justino ere bertan bizi baitzen. Baina altxamendua burutu zutenek Bizkaiko hiriburua menpean hartu aurretik Baionara ihes egin zuen, eta Lapurdiko hiriburuan kontsula izan zen, Espainiako errepublikako ordezkari.
Auzitegi frankistak egin zion epaiketan, Lekuona atzerrian bizi arren, honako ardura politiko-diplomatiko (“salaketak”) hauek leporatu zizkioten "Gobernu gorriaren" aginduetara emandako zerbitzuengatik: - 1936ko uztailaren 18an (altxamendu militar Frankista) bigarren mailako idazkaria zen Estatuko Ministerioan. – 1936ko abuztuaren 7an Baionako kontsul errepublikarra izendatu zuten. – Urte bereko urriaren 14an lehen mailako idazkari interinoaren titulua jaso zuen, Baionan bertan. – 1938ko martxoaren 9an Bordeleko Kontsulatura lekualdatu zuten, eta hilabete bereko 22an hartu zuen kargua. – Azkenik, 1938ko ekainaren 4an hirugarren mailako ahalosoko ministro interinoa izendatu zuten, Washingtoneko enbaxadako Kontseilaria, eta urte hartako uztailaren 9an hartu zuen kargua, non bertan zela gerra zibila bukatu baitzen.
Argitu behar da, Lekuonaren erantzukizun diplomatiko hauek demokrazian baitan eta demokraziaren alde izan zirela, eta Erregimen faxista berriak delitu kontsideratuko dituela, euren ideologiaren aurkakoa zelako. Izan ere, Espainiako estatuak zituen gaitz guztien iturri Errepublika demokratikoaren aurreko jokabidetik zela adierazi ohi zuten etengabe agintari berriek.
1944an, Bilboko epaitegi batetik haren anaia Karmelo Lekuonari deitu zioten anaia Pedrori buruzko informazioa eskatzeko. Haren erantzuna izan zen ez zuela anaiaren berririk, eta haren jabetzei buruz galdera egin ziotenean (konfiskatzeko asmotan, ziur asko), berak zekienez, ez zuela Espainian inongo jabetzarik erantzun zuen eta Amerikara joana zela, non Washington-en Kontseilari izan ondoren Buenos Airesera joan eta bertan ere kontsul-lanak egin zituela, Espainiako errepublikarentzat.
Zeregin politikoez gain, idazle eta itzultzailea ere bazen Pedro Lekuona, eta lan ezberdinak itzuli zituen ingelesetik gaztelaniara; eta Losada eta Sudamericana editorialentzat lanean jardun zuen. Itzulpen lanak egiteko orduan, Pedro Ibarzabal, hau da izena eta bigarren abizenaz, sinatzen zuen. Berak itzulitako liburuen artean honako hauek aipagarri dira: “Tener o no tener” Ernest Hemingwayrena eta “Qué verde era mi valle” Richard Llewellynena.
Argentinako Buenos Aires hiriburuan hil zen 1955eko abuztuaren 24an.
Ildefonso Lizarriturri (1859-1935). Organista eta konposatzailea.
Altzolan (Elgoibar) jaio zen 1861eko urtarrilaren 23an, eta gurasoak Anjel Maria Lizarriturri eta Maria Katalina Aizpitarte izan ziren. Auzo hartako Done Joan Bataiatzailea parrokian bataiatu zuten. Bizitzako lehen urteetan aitarekin ikasi zituen eskolako zein musikako gaiak. Izan ere, aita Angel San Bartolome parrokiako organista ez ezik eskolako maisu ere izan zen aldi berean urte batzuetan, eta bi anaia apaiz zituen parrokian bertan.
Ildefonso gaztetxoa zela Madrilera joan zen, hango kontserbatorioan pianoa, harmonia eta konposizioa ikastera eta irakasgai guztietan nota onenak lortu omen zituen. Hemeretzi urterekin Madrilgo kontserbatorioko harmoniako lehendabiziko saria eskuratu zuen, eta Marina opera egilea izan zen Emilio Arrieta nafar musikagilea izan zuen irakasle.
Musika-ikasketak bukatu ondoren, Burgosko katedraleko organo-jole interinoa izan zen hilabete batzuk, izan ere, okupazio uzteko arrazoietako bat apaiz-ikasketak egiteko eskakizuna izan zen, eta ez zuen horretarako bokaziorik.
Bere jaioterrian, berriz, aita gaixorik zegoelako, Ildefontso aukeratu zuten parrokiako organo-jole, 1885eko maiatzean, eta organista izateaz gain koroaz, tipleez eta musika irakaskuntzaz ere arduratu zen, konposizio-lana ahaztu gabe. Horrez gain, urte berean musika-banda izango zenaren ernamuina sortu zuen, txaranga izanik hasierako taldea.
Etorri handiko eta ongi prestatutako musikagilea izan zen Lizarriturri, eta batez ere polifonía erlijiosoa (hogeitamarren bat lan) sortu zuen baina ahaztu gabe euskal musikari (txistu-bandarako zortzikoak) egin zion ekarpena.
1902ko martxoaren 2an Donostiko San Bizente parrokiako organista lanpostua erdietsi zuen, eta emazte Florentina Unzueta eta bost seme-alabarekin Gipuzkoako hiriburura joan zen bizi izatera, non hamazazpi urtetan organista izan zen. Lizarriturri 1909ko azaroan erretiroa hartu zuen organista lanpostutik eta 1935eko urriaren 26an hil zen, Olasoko kanposantuan hilobiratu zutelarik.
Elgoibarko herriak omenaldi-kontzertua eskaini zion Ildefonso Lizarriturri Aizpitarte organo-jole eta musikagile handiari 1981eko urtarrilaren 23an.
Domingo Lizundia Odria (1717-1785). Merkataria, ilustratua, markes tituluduna.
Behean irudikatzen den Lizundiaren erretratua 1775ean egina da eta, une hartan, haren anaia Antonio Lizundia Kalegoengo San Bartolome parrokiako apaiz benefiziodunari eskainia dago. (Eduki hori erretratu berean irakur daiteke, Lizundiak eskuineko eskuan duen paperean).
Margotutako erretratu eder hau Azkoitiko Intxausti jauregian dago egun, Peñaflorida kondeak, Xabier Maria Munibe Idiakezek (1729-1785), eraikitako hiri-palazioan. “Azkoitiko Zalduntxo” ilustratu honek “Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen” (1764) sortzaileenetako bat izan zen, besteak beste.
Domingo Lizundia Odria Elgoibarko Kalegoengo San Bartolome parrokian bataiatu zuten 1717ko azaroaren 26an, eta Domingo Lizundia eta Antonia Odria senar-emazteen semea zen. Halaber, haren anaia Antonio Jose Kalegoengo parrokiako apaiza zen, eta, hain zuzen, hari dago eskainia erretratua. Neurri handiko margolan hau Azkoitiko Intxausti jauregian dago egun, arestian adierazi dugunez.
Kubako hiriburura iritsi omen zen 1737an, eta helduaroan Habanako tabakoaren Errege Errenten diruzaina, alkatea eta 1765etik baita bizi arteko errejidorea ere izan zen.
Zazpi Urteetako gerraren ondoren (1756-1763) eta Armen Plaza berreraikiz gero Habanako Kabildoaren etxe zaharrak erosi zituen enkantean, non etxeak eta Merkataritza Agentzia (egungo Merkataritza-lonja) eraikiarazi baitzituen.
Aipatutako gerraren testuinguruan, Ingalaterrak Kuba okupatu zuenean, Lizundiak zenbait meritu esanguratsu egin omen zituenez irlaren defentsan, Karlos III. Erregeak berak sortutako “Real Agradoko” lehendabiziko markesa titulua eman zion, 1765ean.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide oso langilea izan zen.
Tere Lodoso Bergaretxe (1926-2011). Etxekoandre margolaria.
Tolosan jaio zen 1926ko maiatzaren 16an. Aita, Pedro Lodoso, Burgosen jaio zen eta ama Fidela Bergaretxe, berriz, Arrasaten. Bederatzi seme-alaba izan zituzten senar-emazteek, eta Maria Teresa seigarrena izan zen. Bertan hasi zen eskolan, eta familia Elgoibarrera etorri zenean hemen bukatu zuen lehen hezkuntza.
Ondoren, Sigman lan egin zuen ezkondu arte, garai hartan ohikoa zen bezala.
1948an Jose Zubiaurre Leiaristirekin (“Balle”) ezkondu zen eta hiru seme izan zituzten: Jose Angel (1950), Luis Maria (1953) eta Bitor (1954). Lodoso eta Zubiaurre Balletarren etxera (San Bartolome kalea, 5, 1.) ezkondu zirenez familia polinuklearra eta ugaria izango da, eta Terek etxeko lanean eta zaintzan arituko da buru-belarri urteetan. Zaintzari dagokionez, gogorarazi behar da familia bakoitzean bazela norbait garai hartan injekzioak ipintzen ikasita zegoena, gainerako ardurez gain, eta kasu honetan Tere arduratu zen honetaz ere; gainera kontuan izan behar da medikuek orduan sarri agintzen zutela zain barneko sendabidea.
Nagusienak hil eta gazteak ezkondu zirenean Egur Arte Tailerran ikasten hasi zen artearen arlo desberdinak lantzen, batik bat marrazketa, margolaritza eta zeramikan arituz. Esan behar da marrazketa zuela gustuko haurra zenetik eta trebezia ere erakutsi zuela. Horrela, bada, Tere arte-teknikak ikasten aritu zen eta arte-lanak egiten poliki-poliki, erakusketetan parte hartuz. Koadro batzuk saldu omen zituen eta poz handia izan ohi zuen.
Zorionez, beste emakume elgoibartar batzuk ere aritu ohi dira eta ari dira margolaritzan: Angeles Aranberri zena, Bernardo Ezenarrorekin ikasten jardun zuena 17 urte inguru zituenean; Juana Arrieta zena, Egur Arte Tailerran ikasi zuena; eta gazteagoak diren Maria Jesus Mujika, Maria Jose San Millán, Gema Monreal, Pepa Calleja, Emilia Nogales, Garbiñe Del Hoyo zena eta abar.
Lukas Longa Mizpilibar (1641-1703). Arkitektoa.
Mendaroko (Elgoibar) Bioate etxean jaio zen 1641eko martxoaren 26an, Lucas eta Maria Pascualen semea izanik. Azpilgoetako Jasokundeko Andre Mariaren parrokian bataiatu zuten. Bere aitona Etxebarriakoa zen (Bizkaia) eta Mendaroko Paskuala Bioatekoarekin ezkondu ondoren Lukas hargina jaio zen 1597an, gure arkitektoaren aita.
Arkitekto handia izan zen Lukas Longa Mizpilibar. 1693 urtean hasi zen bere seme Rodrigo Antoniorekin (22 urte) batera Elgoibarko Kalegoengo San Bartolome eliza eraikitzen, baina ezin izan zuen bukatu, 1703an hil egin baitzen, semea, berriz, aurretik hila zen 1697an Madrilen; orduan haren emazte Maria Antonia de Egizabal arduratu zen senarrak sinatua zuen konpromisoa betetzeaz.
Longa hil zenean 1703an horma nagusiak eraikita zeuden eta baita eraikin barruko tenpluko pilastrak harroinekin eta kapitelekin eta dorreko behekaldeko pilastroiak ere. Halaber, ate nagusia eta gurutzadurakoak eginak zeuden, eta korua eraikitzen hasita zegoen, pilastrak eta taulamendua, bataio ponteaz gain.
Kalegoengo eliza eraikitzen hasi aurretik beste eraikin batzuetan ere jardun zuen Longa arkitekto diseinatzaile eta eraikitzaileak: Olaberriako parrokiako gangetako eta dorreko diseinuak ez ezik, eliza bukatzerakoan aztertu ere egin zuen berak urte batzuk lehenago; Zegama parrokian lan egin zuen, 1693an, eta 4.699 dukat zorretan utzi zizkioten; bi diseinu egin zituen 1694an eraiki behar zuen Mendaroko Trinitate ermitako gangarako; Azkoitiko Klaratarren komentua diseinatu zuen 1684an; Segurako elizan portada berria eraiki zuen, 1697an; Aguraingo Klaratarren komentuko diseinua egin zuen; Etxebarriko San Andres elizako diseinua egin zuen; Portugaleteko eliza eraiki zuen; Azpeitiko parrokiako erreforma egin zuen; eta era berean, Bilboko Santiago parrokiako (egungo katedrala) hegoaldeko atariko gangaren birmoldaketa egin zuen, 1686an.
Arkitektura zibilari dagokionez, Longari zor diogu, halaber, Lekeitioko Uriarte jauregi barrokoa, 1677an eraikia, eta kostako herri honetako Jesuiten ikastetxea eta eliza; Urduñako haitza ireki zuen; Altzolako Albizkoa etxea (Naparkoa); Markina-Xemeingo Andonegi jauregia eta Bergarako udaletxea ere eraiki zituen.
Kristobal Marigorta. XVI. mendea. Erlojugile eta burdin saregilea.
XVI. mendean, Elgoibarko Marigorta dinastíak burdinaren honako espezialitate hauek landu zituen aldi berean: erlojugintza, burdin saregintza eta burdingintza, oro har. Badirudi oso ezagunak izan zirela erlojugintzan bestelako hitzarmenak egiterakoan erlojuegileak direla aipatzen baita agirietan, nahiz eta burdin sareak egin behar bazuten, esate baterako.
Marigortatarrak benetako dinastia izan zen, hainbat belaunalditan burdinaren lanbidean aritu baitziren, hala nola Kristobal, Pedro, eta beste bi ere Pedro izenekoak, Luis eta Santiago. Hiribilduko Errebalean bizi ziren eta bertan zuten sutegia, beste burdin saregile eta kainoi egile edo burdigintzan aritu ziren gehienak bezala.
Dinastiaren lehenengoa Kristobal Marigorta izan zen, Elgoibarren jaio zena XV. mendearen azken herenean, ziur aski. Burdinsaregile bikaina izan zela erakusten digu Azpeitiko parrokian landu zuen Zurbano gotzainari eskainitako kaperako burdinsare artistikoak. Artelan hau lantzeko estilo gotikoaren ezaugarrietan oinarritu bazen ere gehien bat, bukaera errenazimenduaren zantzuak ditu. Ez dugu ezagutzen bere lan gehiago, kontratuak Elgoibartik kanpora egiten zituztelako, eta beste herrietako ikerketak egiten diren neurrian lanen egiletza argira irtengo direlakoan gaude.
Haren bizitza pertsonalaz dakiguna da Marina Najerakoarekin ezkonduta egon zela eta bi seme-alaba izan zituztela, mutilaren izena bakarrik aipatzen delarik: Pedro. Informazio hau eskaintzen da Marinak eman zuen testamentuan 1519an.
Pedro Marigorta. XVI. mendea. Erlojugile eta burdinsaregilea
Kristobal Marigorta eta Marina Najerakoaren semea.
Kristobalen semea eta oinordekoa izan zen familiako sutegian eta lanbidean. Erlojugintza lanbideari dagokionez honako lan hauek dira aipagarri: Urretxuko erlojua, 1547an; Elgoibarko Olasoko parrokiakoa, 1564an; Elgoibar herriko kaskokoa (Kalebarrengo harresi gainean), 1587an, izen bereko seme batek egin zuen; Markinezko elizakoa, 1565ean; eta Arantzazuko santutegiko eta Bermeoko frantziskotarren elizako erlojuak, 1567an; eta abar.
Burdin saregintzari dagokionez, berriz, Pedro Marigorta arduratuko da antzinako balaustre gotikoen ordez errenazentistak jartzeaz, eta honako lan hauek egingo ditu: Urretxuko parrokiako pulpitua, 1553an; Eltziegoko parrokiako bataiategiko burdin sarea, 1558 inguruan; Gasteizko Santa Maria elizako (1862tik katedrala) presbiterioko burdin sareak, 1572 inguruan; eta abar.
Luis Mazzantini Egia (1856-1926). Toreatzaile eta politikoa.
Elgoibarren jaio zen 1856ko urriaren 10ean, aita Jose Mazzantini trenbidea egitera etorri omen zen Italiatik, eta ama Bonifazia Egia Elgoibarko Andikano baserrikoa (Azkue auzoa) zen.
Italian arteetako batxilerra ikasi zuen, eta Amadeo Saboiako erregearen segizioan joan zen Madrileko kortera, Saboiakoa Espainiako errege izateko, 1871an. Haren nortasun handia, heziketa eta ospea estimulu izan zen Madrileko udaleko zinegotzi eta alkateorde, Madrileko probintziako diputatu eta Guadalajara eta Avilako gobernadore zibil izateko, behin zezenketa utzita.
Gorpuzkera elegantea omen zuen eta gizarteko goi mailakoekin tratua landu zuen eta arte eta literatur tertulietan hartu ohi zuen parte eta operara ere maiz joaten omen zen.
Berandu hasi zen toreatzen, 1884ko maiatzaren 29an hartu baitzuen alternatiba Lagartijoren eskutik, eta nobillero izan ondoren aldi batez, garai hartako toreatzaile onenekin aritu zen: Rafael Guerra, Guerrita, Lagartijo eta Frascuelo. Kide hauek “Señorito Loco” ezizena jarri zioten. 3000 zezen hil omen zituen, eta korridako 6000 pezeta irabaztea lortu omen zuen XIX. mendeko azken hamarkadan- 1905eko otsailean zezenketari agur egin zion, emaztea hil ondoren.
Azkenik esan, euskal pilotaren zaletua zenez, bere anaia Tomas eta beste pertsona ospetsuek babestu zuten 1898an La Habanako frontoia eraiki eta martxan jartzeko.
Madrilen hil zen 1926an.
Jose Luis Mugerza Ereño (1839-1895). Organista eta konposatzailea.
Elgoibarren jaio zen 1839ko abuztuaren 19an. Jose Luis Mugerza Goiburu eta Maria Rosa Ereño Jauregizuria izan ziren gurasoak eta bera zen lehendabizkoa bost anai-arreben artean. Osaba Jose Joakin Mugerza San Bartolome parrokiako organojolea izan zen 1853an hil zen arte eta aita, berriz, sakristaua urte askoan, baita herriko alkatea ere bi alditan: 1851-1853 eta 1861-1862 urteetan.
Jose Luis Mugerza bi aldiz aurkeztu zen San Bartolome parrokiako organojole izateko eta bi aldietako batean ere ez zuen lanposturik lortu, agian gazteegia zela kontsideratu zutelako. Lehendabizkoa, bere osaba Jose Joakin hil zenean, 14 urterekin, eta herriak aukeratu arren nagusiek ez zuten ontzat eman izendapena. Hala ere, titularra ez izan arren, hilabete batzuk jardun zuen San Bartolome parrokiako organojole, 1854an. Izan ere, lan horretan zela, Udalari baimena eskatu baitzion Bilbora joateko musikako ikasketekin jarraitzeko. Bigarren ahalegina bere parrokiako organojole titularra izateko 1858an egin zuen, une hartako titularra hiltzerakoan, baina orduan ere ez zuen lortu, Angel Lizarriturriri (Ildefonsoren aita) eman baitzioten lanpostua.
Hurrengo oposizioa Gasteizko katedraleko organojole izateko egin zuen 1862an, apaizgai zela, Gasteizeko diozesia (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa horren baitan) sortu zuten urte horretan, baina ez zuen erdietsi orduan ere. Bertan apaiztu zuten Mugertza gaztea 1864an, 25 urte zituela.
Azkenik, Zamorako katedraleko organojole izateko oposizioak egin ondoren berak erdietsi zuen lanpostua 1865eko iraileran, bertan hamazazpi urte arituz. Ondoren, Bilboko San Nikola parrokiako organojole izan zen, hil zen arte, 1895eko ekainaren 2an.
Musikajole izateaz gain, musikagile bikaina ere izan zen eta berak sortutako konposizioek hainbat sari irabazi zituzten: Vigon, Murtzian, Catanian (Italia)...
Juan Mugerza Sasieta (1900-1937). Atleta: oinezko korrikalaria.
Elgoibarren jaio zen 1900eko maiatzaren 7an, eta Blas Mugertza eta Margarita Sasieta senar-emazteek izandako lau seme-alabetatik hirugarrena izanik Juan.
Argala, liraina eta garaia ertainekoa, baina bihotz handikoa omen zen, eta gaitasun horiekin oinezko korrikalari handia izatera iritsi zen. Garai hartako kronikek diote, 1917an, Mugerza Elgoibarko Azkueko futbol-zelaian ari zela futbolean jolasten Fermin Bilbao atleta ere bertan zela kroseko Espainiako txapelketa prestatzen, eta horrelako batean Juanitok ekin ziola korrikalariari jarraitzen, erreztasunez. Hori izan omen zen labiapuntua lasterkari moduan Mugerza atletarena.
Ondoren, ingururuko kros lasterketetan zein Espainiako korrikaldi ofizialetan hasi zen lehiatzen, eta Don Tomas Zubizarreta herriko medikua izango du prestatzaile fisiko eta aholkulari. Hainbat marka hautsi eta korrikaldi askotan parte hartu ostean, 1919ko martxoaren 9an Kaminero jatetxean egin zioten omenaldiko argazkian, ordura arte lortutako hogeita hiru garaikurrak erakusten dituzte parte hartzaileek eta omenduak berak.
17 urte besterik ez zituenean 1.500 eta 5.000 metrotan Espainiako txapeldun izatea lortu zuen, 1917an. 1.500 metrotako markari eutsi zion 1921era arte, eta baita 5.000 metrotan ere 1917tik 1921era arte, 1920koa izan ezik, urte horretan Olinpiadara joateko hautatua izan zelako. Horretaz gain, 1925ean, Espainiako txapeldun izan zen 800 metrotan, 110 metro hesietan, bai eta taldekako erreleboetan ere. 1920an, Anbereseko (Belgika) olinpiadan, 5.000 metroko lasterketan, zortzigarren postuan geratu zen, eta 1.500 metrotan, seigarren. Olinpiada horietan beste atleta elgoibartar bat lehiatu zen, jaurtiketa-modalitatean: Ignazio Izagirre “Upai”. Juan Mugerza Sasietak Behobia-Donostia lasterketako lehen edizioa ere irabazi zuen, 1919an.
Halaber, korrikaldi herrikoietan ere hartu zuen esku askotan, eta bestelako ekitalditan, esaterako Elgoibarko Lerungo kirol-zelaia inauguratu zenekoa, 1925eko apirilaren 12an. Ohiko bedeinkazioa eta Donostiko C. D. Esperanza eta Elgoibar C. D. taldeen arteko futbol partidaz gain, Gipuzkoako kros txapelduna Acebalek eta aipatutako Juanito Mugerzak 3.000 metroko korrika-saioa egin zuten.
1922an bere kirol ibilbidea eten egingo da soldaduskara joateko, eta 32 ilabete luze egin zituen Melillan, Marokoko Riffeko gerran hartu behar izan zuelarik parte. Handik etorrita gure Mugerza korrikalari handiak ezin izan zuen leihatu aurrreko garaiko mailan, gainera, handik ekarritako sukar paludikoak izan zituen ere, korrikalariaren organismoa ahuldu zutenak.
1927an, Mugerzari esker oneko omenaldia egiteko probintzia mailako batzordea (Tomas Zubizarreta, Demetrio Vallejo…) eratu zen, Donostiako Atotxa izango da ospakizunetarako aukeratutako lekua, eta urriaren 12 jarritako eguna. Bertan probintziako bi futbol-talde onenak, Real Unión eta Real Sociedad, lehiatu ziren. Halaber, Elgoibar herriak ere Mugerza nahi izan zuen omendu berak merezi zuen bezala, eta 1929ko apirilaren 13 eta 14an egitarau askotarikoa antolatu zuten: Juglarrak kaleetatik suziri eta txapliguak jaurtiz; Arrasateko gaiteroak; 16 urtetik beherakoentzako lasterketa; pilota partidak; udal musika banda; atletismo probak; futbol partida; eta Lerun fulbol-zelaian bertan erromeria.
Juan Mugerza Sasieta 37 urterekin hil zen, Gerra Zibileko bobardaketa baten ondorioz Mungia herritik gertu, 1937an, eta esan ohi denez, berarekin zeramatzan bere karrera atletikoan zehar irabazitako garaikurrak.
1943an, elgoibartar atleta handi hau gogorarazteko C.D. Elgoibar-ek Juan Mugerza Memorialaren lehen edizioa antolatu zuen; era berean, bere kirol ibilbideari aitorpen eginez kale bati “Juan Mugerza” deitura jarri zion Udalak.
Domingo Muguruza Ibarguren (1857-1923). Ingeniaria.
Elgoibarren jaio zen 1857ko ekainaren 5ean, Antonio Zipriano Muguruza eta Maria Josefa Ibargurenen semea izanik.
Muguruzatarrak Santa Ana kaleko 4 zenbakian izan zuten etxea, eta Domingo, ingeniaria, bertan jaiotakoa zen (etxe hartako lorategiko sarreran arkua jarri zuten 1941an, egun udaletxeko ostean dagoena). Elgoibartasunari eutsi nahi izan zioten eta horregatik 1913tik 1960ra arte Elgoibarren erroldatuta egon ziren, Udalbatzak aldez aurretik hala erabakita, Madrilen bizi arren urtearen zatirik handiena. Horrela, 1913eko erroldan familiako honako hauek ageri dira: Domingo Muguruza Ibarguren eta Matilde Otaño Berrueta senar-emazteak eta Antonio, Pedro, Domingo, Jose Mª eta Matilde (erroldan ez da Maria Jose aipatzen, aurretik hil zelako)
Antonio Muguruza Ibarguren bide, ubide eta portuetako ingeniaríak Espainiako bere garaiko zenbait obra handitan lan egin zuen eta adibidez, Talave de Águilas (Murtzia) presa edo kaia; baita herri horretako Puente de las Culebras (1903) ere egin zituen. Horrez gain, M. Z. A.ko trenbideko zuzendariordea izan zen. Elgoibarren, bere herrian, etxeak urez hornitzeko obraren lehen proiektua idatzi zuen.
Ignazio Bartolome Muguruza Iriondo (1760-1825). Polifazetikoa: Lur-neurtzailea, obretako maisua eta Frantziarren aurkako gerretan pertsonaia garrantzitsua.
Elgoibarren jaio zen 1760ko urriaren 7an, Jose Muguruza eta Ana Iriondo senar-emazteek sortutako zortzi senidetatik hirugarrena izan zen.
Elgoibartar txit argi hau bere gizatasun, heziketa, profesionaltasun, altruismo eta herriarekiko zerbitzuen dedikazioagatik nabarmendu zen, egokitu zitzaion garai gatazkatsuan. Izan ere, frantziarren aurkako bi gerratan (Konbentzioa, 1794-1795 eta Independentzia, 1808-1813) eta ondorengo iraultza liberalean (Hirurteko Konstituzionala, 1820-1823) nozitu zuen eta protagonismo handia izan zuen.
Ignazio Bartolome Muguruzak heredatu zuen 1783an Simon Muguruza arbasoak sortu zuen maiorazkoa 1690ean, eta bertako oinordeko zen aldetik Josepha Ramona Agirre-Sarasuarekin ezkondu zen, berau ere ekonomia maila handikoa. Hona hemen Ignazio Bartolomek jarritako ondasun higiezinen zerrenda: Muguruza Goitia edo Bekoetxe, Goenaga, Urkidi, Urristi edo Goenaga Etxeberri baserriak eta San Bartolome kaleko 20 zenbakiko etxea. Muguruza eta Agirre-Sarasua senar-emazteek egungo Kalegoengo plazan eta arkupeen gainean dagoen eraikina erantsi zioten binkuloari.
Muguruzak oinarrizko ikasketak burutu ondoren Elgoibarren, heziketa prozesua Bergarako Nobleen Errege Seminarioan jarraitu zuen. 1780an, 20 urte betetzeko zorian zela, maisu peritu lur-neurtzaile titulua lortu zuen, eta askozaz geroago baimen berdina Bizkaian jardun ahal izateko; honez gain, obretako maisu “maestro de obras” titulua ere erdietsi zuen. Era berean, bere ibilbide osoa, bere jarduerari buruz artxiboetan gordetako dokumentazioa eta liburutegiko liburuei buruzko informazio zehatza aztertu ondoren, maila kultural handia izan zuela ondorioztatu daiteke.
Hain zuzen, horregatik eta, gainera, egokia zelako herri-administrazioko gaietarako, honako kargu publiko hauek bete zituen: sindiko errejidore (1784); Gipuzkoako Batzar Nagusietan esku hartzeko aukeratu zuten Kontzejuan Ibarra alkatearekin batera (1785); Jose Joakin Osoro alkatearen aholkulari (1786); Udalerriko propio eta errenten kudeatzaile, hau da, diruzaintza betekizuna edo herri kontuen kontrola izan zuen (1786-1788); Antonio Ramon Azkaraterekin (Bergarako Errege Seminarioko matematikako irakasle) batera hautatu zuten Elgoibarko jurisdikzioko mugarrien miaketa, ikuskapena eta ezarpena egiteko (1786); zergari izan zen enkantean hartuta beste lau herrikiderekin batera (1786); kontzejuko eskribauak aukeratzeko lau diputatuetako bat izan zen (1788); janarien piela edo herria gaiez hornitzeko arduraduna (1790); Gipuzkoako Batzar Nagusiak Elgoibarren ospatu behar zirenez 1791ko ekainaren hasieran, Udalak Frantzisko Xabier Ibarra alkate nagusi eta Ignazio Bartolome Muguruza bigarren alkate hautatu zituen udal ordezkari; behin-behineko jarduneko alkate, titularra kanpoan zelako (1791); Kontzejuko pertsonen sindiko, herritarren kexak jasotzeko arduratuz (1793); Elgoibarrek sortutako hiru konpainietako baten kapitaina, Frantziako Konbentzioari aurre egiteko (1793); 1800 urtetik geroztik kontzejuko errejidore; herriko alkate nagusia izan zen honako urte hauetan: 1795, 1805, 1809, 1812 eta 1817an; Kontzejuak mandatua eman zion Elgoibarko burdinolen jabeekin auzi latzaren jarraipena egiteko; Antonio de Orellana Errege Kontseiluko ministroak Muguruza izendatu zuen 24 herrik osatutako Departamenduko azpiordezkari izateko, kapilautzen lursailak enkantean jartzeko mandatuarekin (1807); udal artxibozaina izan zen 1803tik hil arte; Kontzejuaren aginduz lurraldeko hainbat herritatik ibili zen Elgoibarri zor zitzaizkion gerrako gastuen kontu itzelak kobratzeko (1812an eta hurrengo urteetan). Azkenik, I. B. Muguruza Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusi izendatu zuten 1823ko apirilean.
Pedro Muguruza Otaño (1893-1952). Arkitektoa.
Madrilen jaio zen 1893ko martxoaren 25ean, baina oso harreman estua izan zuen gure herriarekin eta duda izpirik gabe elgoibartarra sentitu zela bera zein familia osoa. Muguruzatarrek Santa Ana kaleko 4 zenbakian izan zuten etxea, eta aita Domingo, ingeniaría lanbidez, bertan jaiotakoa zen, non etxe hartako lorategiko sarreran arkua jarri zuten 1941an eta egun udaletxeko ostean dagoena. Elgoibartar jatorriari eutsi nahi izan zioten eta horregatik Elgoibarren erroldatuta egon ziren 1913tik 1960ra arte, Madrilen bizi arren urtearen zatirik handiena. Horrela, 1913ko biztaleen erroldan, Domingo Muguruza Ibarguren eta Matilde Otaño Berrueta senar-emazteak Antonio, Pedro, Domingo, Jose Mª eta Matilde (erroldan ez da Maria Jose aipatzen, gazterik hil zelako) seme-alabekin ageri dira gure herriko bizilagun bailira. Horrez gain, Olasoko kanposantuan daude hilobiratuta Muguruza familiako honako hauek (transkripzio zuzena): Domingo Muguruza e Ibarguren a su querido padre Antonio; Antonio Muguruza y Otaño (27.04.1891- 30.06.1914); Domingo Muguruza y Otaño (18.10.1894-24.08.1919); Domingo Muguruza e Ibarguren (5.06.1857-14.06.1923); Matilde Otaño Berroeta (4.06.1868-9.01.1943); José María Muguruza y Otaño (13.12.1899-21.09.1984); Herminia Allanegui Santos (Jose Mariaren emaztea) (25.04.1917-9.01.2005).
Kirolzalea izan zen Pedro, pilotan aritu zen, mendizaletasuna landu zuen eta futbolean jardun zuen, “Atletico Madrid” eta “Club Deportivo Elgoibar” taldeetan jokatuz, eta azken honen harira, esan behar da Pedro eta Jose Mª Muguruza anaiak ohorezko lehendakariak izendatu zituztela C.D. Elgoibar-ko arduradunek 1935eko uztailean.
Pedro Muguruzak 1916an lortu zuen arkitekto titulua eta hurrengo urtean Arkitektura eskolako irakasle interino izendatu zuten eta 1920an oposizioz “Arkitektura- eta Dekorazio-Xehetasunen Proiektuak” katedra eskuratu zuen, hil arte izan zuena. Halaber, marrazkilari handia, argazkilari aitzindaria eta arkitektura-obra oparoa burutu zuen mota eta estilo desberdinekoa, San Fernando Arte Ederretako akademikoa eta Frankismoaren hasieran, estatu mailako Arkitekturako lehendabiziko Zuzendari Orokorra (1939-1946), aurretik “Arte-ondareko defentsa zerbitzuko komisarioa ere izan zen. Oroz gain, XX. mendeko Espainiako arkitekturaren historiaren protagonistetako bat.
Inork ez du zalantzan jartzen arkitekto handia izan zela bere lanbidean aritu zena Monarkia garaian (Primo de Rivera diktaduran), Errepublikan eta Frankismo garaian. Idatzi da Franco diktadorearen arkitekto kutuna izan zela, horregatik “Valle de los Caídos-eko” enkargua (1940), baina, egiari zor, gogorarazi behar da berak ekindako proiektu gehienak hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadatan garatu zituela.
Madrilen gauzatu bazuen ere bere obra gehiena, Bartzelona, Murtzia, Donostia, Hondarribia eta Elgoibarren ere lan egin zuen. Hala ere, bere proiektuek estatuko mugak gainditu zituzten, Lisboako Espainiar Enbaxadako erreformetaz arduratu zelako (1936), Berlingoko enbaxada berrian kolaboratu zuen (1938), Marokoko iparraldean ere (Espainiako protektoratua) eta baita EEBBetan ere. Muguruzak aipatu dugun obra handi eta ugaria egin ondoren, “Valle de los Caídos”-eko eraikin multzora (1939-1959) mugatzea bere ekarpena ez litzateke bidezkoa, gainera, gogorarazi behar da, 1949an utzi zuela haren gainbegiratzea, hain zuzen, hiru urte hil aurretik, gaixorik, amaierara eramango zuen endekapenezko elbarritasun bategatik. Horren ostean, proiektu hau Diego Méndez arkitektoaren esku gelditu zen, eta tokiko monasterioa izan zen elementu bakarra eraiki zena bere planaren arabera. Jose Mª Muguruzak, Pedroren anaiak eta baita arkitektoa ere, egoera honetaz honako iritzi hau ema zuen: “… seguramente mi hermano no se hubiera sentido satisfecho de cómo quedó el monumento…. Diego Mendez ha fallado (en criterio humano) … Mi hermano tuvo con (él) una generosidad tremenda, no correspondida”.
Muguruzaren obra handia, oparoa eta mota eta estilo desberdinekoa da, adibide hauek erakusten duten bezala: aipatutakoaz gain, hona hemen adibide batzuk: Academia de Bellas Artes de San Fernando, Jardin Botánico, Museo del Prado eta Monasterio Santa Mª del Paular, Reales Academias eraikinen zaharberritzeak; Estación de Francia, Palacio de la Prensa, Edificio Coliseum, Mercados de Madrid (3); Estatu Batuetan Alba hotela Palm Beachen (Florida)…; Tetuánen (Maroko, egun; Espainiako protektoratua (1912-1956/58); Plan y proyectos de mejoramiento de las viviendas humildes…
Elgoibar herrirako hogeita hiru proiektu diseinatu zituen publiko zein pribatu, eta ondorengo herri eraikin hauek dira nabarmenenak: Azoka plaza (1926), Agirre Plazako “Anton Diruren” etxea (1928), Pilar ikastetxea (1929) eta Artetxeko etxeak (1953. Eraikin asko diseinatu zituen Hondarribin (hotelak, arrantzaleen etxeak) ez ezik Espainiako kostaldeko zati handi batean ere.
Elgoibarko Udalak adopziozko seme izendatu zuen Pedro Muguruza 1934ko irailaren 5ean. Une hartan Errepublika demokratikoa zegoen Espainiako estatuan, eta aniztasun politikoa zen nagusi gure herriko udalean, alkatea Jose Ramon Balenzategi zelarik. Garai bertsuan ere, 1935eko urtarrilaren 12an, Udalak idatzi zuen akta liburuan poz handia zuela Muguruzari eman ziotelako Isabel katolikoaren enkomiendagatik. Halaber, iada Frankismo garaian eta Julio Mugertza alkate zela, 1946ko abuztuko 18an, Udalak seme kutun izendatu zuen. Baina, Muguruzak profesatu zuen ideologia politikoagatik, Elgoibarko Udalak, 2022an, kaleari izena kentzea erabaki zuen (Pedro Muguruza etorbidea), eta haren ordez Toletxe etorbidea jartzea. Muguruzatarren memoriaren lekuko eta elementu gisa, gaur egungo Giza Eskubideen parkean dagoen arku errenazentista geratuko da.
Pedro Muguruza 1952ko otsailaren 3an hil ondoren Jose Rezola alkatea eta bi zinegotzi Madrilen izan ziren hileta eta elizkizunean. Elgoibarren bertan ere meza bat programatu zen haren oroimenez; martxoaren bigarren hamabostaldira arte atzeratuko zena, Mercedes Peironcely alargunak eskatuta. Azkenik, 1953ko urtarrilean urteurren meza solemnea eskaini zioten Muguruzari San Bartolome parrokian.
Luis Mujika Olasagasti. (1915-1998). San Biator ordena erlijiosoko Klerikoa, anaia. Maisua.
San Viator erlijio-ordenako izan zen, eta elizgizon hauek Elgoibarko Pilarreko ikastetxearen ardura hartu zuten 1942tik 2010era arte. Garai horretan, lan pedagogiko handia egin zuten, eskertzeko modukoa. Horien aurretik, 1929tik 1936ra arte, eraikin berean egon ziren marianistak, eta Gerra Zibilaren ondorioz ikastetxea utzi behar izan zuten.
Mujika anaia Alkizan (Gipuzkoa) jaio zen, nekazal herri txiki batean (343 biztanle, 2022an), Tolosatik 8 km-ra dagoena, 1915eko ekainaren 21ean, familia guztiz erlijioso batean. Aita udalerriko idazkaria zen eta, aldi berean, inguruko hiruzpalau herrietako osasun-praktikantea. Amak etxeko lanak egin ohi zituen eta zuzenago arduratzen zen bere etxea alaitu zuten seme-alaben heziketaz: Juan, Florentino, Beneranda, Luis, Celestino eta Ursula, txikiena, Jesusen Bihotzaren erlijiosoa izan zena.
Luisek, bere anai-arrebekin batera, Miranda de Ebro hiribildukoa zen Eulogia Garoña maistrak zuzentzen zuen landa-eskola mistoan parte hartu zuen, eta, ziurrenik, gaztelania ikasteko ahalegina egin behar izan zuen, Aranguren baserriko amatxok ez baitzuen ia bere burua gaztelaniaz defendatzen, eta, gainera, bizi zen ingurua euskalduna baitzen guztiz. Era berean, Jose Garbizu parroko berriak, musikari handia zenak, solfeoa irakatsiko die, eta Mujika Olasagasti familiak piano bat ere erosi zuen. Luis, txikitan, alaia, lagunkoia eta maitekorra izan zen, eta ondo kantatzen zuen, bere anaiek bezala, parrokiako abesbatzan parte hartuz.
1927ko irailaren 12an, hamabi urte beteak zituela, Eskoriatzako San Viator Klerigoen Juniorado apaizgaitegian sartu zen. Hamasei urterekin nobiziatuari hasiera emanez 1931ko abuztuaren 14an ordenaren abitua jantzi zuen lehen aldiz, eta aldi berri bati hasiera eman zion. 1932ko abuztuaren 15ean, Jasokundearen egunean, bere lehen sagaratzea egin zion Jaunari, eta hurrengo bi urteetan Eskoriatzako etxean jarraitu zuen, bere lanbiderako prestatzen eta horretan jarduteko titulazioa lortzen.
19 urterekin, Segurako (Gipuzkoa) Viatoristen Ikastetxeko irakasle izendatuko dute, eta, horrez gain, ikastetxeko abesbatzaren ardura izango du. Segurako destinoa bere euskal profilarekin du zerikusia, nagusiki euskaldunak diren hiribildu hartan hobeto integratzeko.
Segurako ikastetxean zegoela, 1936ko abenduan, anaien arteko gerra piztu eta bost hilabetera, soldadutza egitera deitu zioten, Sagardi zutabean destinoa emanez, eta Burgosko San Martzial kuartelean zegoena. Handik, oroitzapen oso txarreko zenbait frontetan borrokatzera bidali zuten, eta soldadutzatik 1939ko uztailean lizentziatu zen.
Urte bereko abuztuan Debako ikastetxera bidali zuten, eta bertan urtebete eman zuen, Iruñean maisu nazional titulua ateratzeko aprobetxatuz. 1940ko abuztuaren 10ean betiko botoak eman zituen, eta bost egun geroago Vitoria-Gasteizko Ikastetxeko irakasle izendatuko zuten. 1943ko abuztuaren 15ean Eskoriatzako San Jose Ikastetxeko zuzendaritza esleitu zitzaion eta bertan sei urte eman zituen, eta 1949an Huescako Ikastetxeko barnetegiaz arduratzeko eginkizuna eman zitzaion. 1955etik 1957ra Basauriko San Jose Ikastetxeko zuzendariorde izan zen, ondoren Eskoriatzara itzuli zen eta hurrengo hamabi urteetan ikastetxe horretako irakasle izan zen.
1969an Arrasateko Ikastetxera bidali zuten, eta hurrengo urtean Elgoibarko Pilar Ikastetxera iritsi zen. 1985ean hartu zuen erretiroa irakaskuntzatik, nahiz eta bost urte gehiago eman zituen bertan, 1990era arte.
Elgoibarren euskara eskolak eman zituen erretiroa hartu zuen arte, eta aktibo jarraitu zuen urteetan. Ohiko zereginez gain, kantu eskolak eman zituen, San Bartolome parrokiako larunbatetako arratsaldeko meza edertzeko koral txiki bat antolatuz.
1990eko abuztuaren 15ean, Gasteizko Querbes Komunitatera joan zen bizi izatera. 1992aren hasieran, Valladolideko Egoitzara erretiratu zen; 1993ko abuztuaren 15ean, Gasteizera itzuli zen, San Jose Elkartera; eta 1998ko apirilean, Valladolideko Egoitzara itzuli zen, eta urte horretako maiatzaren 2an hil zen. Hileta-elizkizunak maiatzaren 4an egin ziren, astelehena, arratsaldeko seietan, eta, ondoren, Santoveniako (Valladolid) “El Salvador Parkeko” hilerri berrian lurperatu zuten.
Elgoibarren ere hileta elizkizun bat egin zitzaion, Carlos Agirre parrokoak meza emanez, eta gainera fax bat bidali zuen, San Viatorreko elizgizonekin oro har eta Luis anaiarekin bereziki izan zituen harreman bikainak gogoraraziz, erretore zenak bidalitako testu honetan jasotzen den bezala.
“Era askotakoak izan ziran gure parrokiaren eta erlijiosoen (San Viator) arteko harremanak. Alde batetik, H. Luis parrokiako koruko kidea zen, oso aktiboki eta modu garrantzitsuan parte hartzen zuen, bai kantari gisa, bai taldearen adiskidetasunaren eta batasunaren sustatzaile gisa. Baina parrokia barruan Luisen lana askoz handiagoa izan zen. Larunbatero, zazpiretako mezatan, haurren koru batekin, parrokia-batzarrari laguntzen zion igandeko eukaristia indarrez eta alai ospa zezan. Bere abesbatzak ere beste askotan parte hartzen zuen... Aurrerago honako hau nabarmentzen du , “elkargo-komunitate osoak egin zuen pastoral lan garrantzitsua” batez ere liturgia eta gazte pastoraltzan...
“Horregatik, Jainkoari nire otoitza goratu nahi diot, Luis Mugikak betiereko bakea izan dezan”
Agirre erretoreak berak idatzi eta kantatu zituen bertso hauek euskaraz Luis Mujika erlijio anaiaren hiletan:
“Alkizan jalo zinelarik, Luis,
Ernio mendi-itzalpean,
harkaitz sendo lez agertu
zinen beti zure izatea
zintzo ta zuzen
irakaskuntza eta heziketa
lanean, adiskide on eta hitzezko
zure lagunen artean,
fededun eta elkarkide
apal San Biator elkartean “.
Haren anaia erlijioso batek idatzitako testu honekin amaitzen dut Luis anaiaren azalpen biografikoa: “Gure Luis maitea ez zen gaingizona izan, baina denen estimua lortzen jakin zuen. Kantatzen zekien eta ez zuen inoiz atzera egin kantuan parte hartzeko... Bazekien bere klaseak prestatzen eta ematen, eta ez zion inoiz uko egin irakasle eta katekista lanbideari. Erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaion, eta arrailean jarraitu zuen, eta hirurogeita hamarreko hamarkada igarota ere, klasea behin betiko utzi zuenean, “mandatuak” egin zitzakeen komunitate batera atxikitzea eskatu zuen, anaientzat eta lagunentzat baliagarri izan zitekeena, denak ere hala baitziren”.
Nekane Aranburu Pilar ikastetxeko erretiroa hartutako irakasle, lagun eta lankide kidekoaren bitartez, Luis Mujika anaiaren biografia ongi dokumentatua eta bikain idatzia iritsi zitzaidan, Luis Montoya San Viatorreko elizgizonak idatzia, eta hari esker osatu ahal izan dut haren bizitzaren deskribapen hau. Espero dut jaso izana gure anaia maitearen ibilbide luze eta konplexuaren funtsa, eta eskerrak eman nahi dizkiet bai Nekaneri, bai Josejuri, bitartekari lanak egin baitzituen, eta, batez ere, hain biografia bikainaren egileari.
Maria Ageda Odriozola Eskutusolo. (1730-1789). Udal Eskolako nesken lehenengo maistra.
Elgoibarren jaio zen 1730eko otsailaren 5ean, zotzi anai-arreben artean nagusiena izanik, eta gazteena, berriz, Jose Gabriel, Deba hiribilduko eskribaua izan zena 1772 eta 1776 bitartean.
Odriozola Udal eskolako lehenengo nesken maistra izan zen, mutilena hasi eta berrehun eta hiru urtera. Hain zuzen, 1763 urtean hitzartu zuen Odriozola andereak Udalarekin sei urtetarako hasieran, ondoren epeka-epeka, 1789ra arte berritu zuen kontratua.
Udalak 1762ko urriaren 24an erabaki zuen nesken maistra jartzea eta Korrejidoreari baimena eskatu zion gauzatu ahal izateko. Hitzarmenean honako gaiak jorratu behar zituen neska ikasleekin: irakurketa, idazketa, kristau-ikasbidea eta emakumeei zegozkien josketa-lanak.
Olasoko jaunak. (XIII. mendetik 1516 arte, Elgoibarren)
Ganboa eta Abendaño jaunak Olasoko muinoan bizi izan ziren euren dorretxean XIII. mendetik, eta modu jarraituan 1516ra arte, eta ondoren Elgoibartik kanpo jarri zuten euren egoitza. Olaso tokia Erdi Aroko eta Aro Moderno hasieran gune garrantzitsua izango da eta eredu feudala islatzen du, jaunaren etxea ez ezik monasterioa (eliza-parrokia) ere izango dute bertan, eta jaun hauek elizaren patronoak izango dira, Gaztelako erregeek emanda, eskainitako zenbait zerbitzuren truke.
Elgoibarko Done San Bartolome elizako patronatoa 1293tik izan zuten eta Eibarko Done Andres eta Plazentziako Done Maria eta Zalurroako (Errexil) Done Martinekoa 1343tik; 1434an, berriz, Goiazko Done Maria elizakoa ere jaso zuten. Patronato hauek diru-iturri garrantzitsua izan zen Olasotarrentzat, hain zuzen eliztarrei hamarrenak, hasikinak eta hilobiratzeak kobratzen zizkieten, eta apaizak, serorak, sakristaua eta organista eurek hautatzen zituzten, hauen dotea ere kobratuz.
Patronato horiek ez ezik honako ondasun hauen jabeak ziren Olasoko jaunek XVII. mendearen hasieran: Primeramente la casa y palacio de Olaso con sus prados y manzanales de a media planta que estan en su termino. Iten la parte de las caserias de Urcaraegui, Cirirda, Urquiola, Olazarraga, Lizundia, Momiola, Ospas, Larrea. Con los manzanales de a media planta que ay en Mendaro y Aubia. Los montes: Los montes que estan a vista de la dha casa de Olasso. El sel de Arrazola, Urcaraegui, Axnabarreta, Colacho, Lavarin, Lavarin suso, Osaurteaga, Onaustegui, Insusadi, Arricola, Cirirda, Olacarraga, Momiola, Lizundia, Urruita, Astigarrola. El monte de Cascante, los montes de Ydoieta, los montes de Larrea. Los molinos de Calebarren. La ferreria de Aurtenola. Los diezmos de la villa de Elgoibar cuyo patronazgo tiene don Martin que estan divididos: balle de San Pedro, el valle de Ermuaran, la calle, Arriaga, Mendaro.
Elgoibarko patronatoari 1639ra arte eutsi zioten Olasoko jaunek, egun horretan erregeak Hondarribia hiriari eman zion, Frantziaren aurkako gerran erakutsitako ausardia eta balentriagatik
Ganboatarrak alderdi bateko Gipuzkoako leinuburuak izan ziren Erdi Aroan gertatu ziren bandoen arteko borroka odoltsu eta ankerretan. Martin Ruiz Ganboa Arrasateko bataila ospetsuko protagonistetako bat izan zen, 1448an.
Gaspar Oliden. (XVII. mendeko erdialdean jaioa)
Elgoibarren jaio zen XVII. mendeko bigarren erdialdean, ziur aski. Klerigo erregularren ordenakoa edo Teatinoak bezala ezagunagoak direnen kide izan zen Gaspar Oliden. Madrilen profesatu zuen 1683an eta teologo ezaguna izan zen. Honen harira “Dialogos del Purgatorio” idatzi zuen (Alcalá de Henares, 1732). Benedicto XIII Aita santuak izendatu zuen Aita Santuen sermolaria, eta Karlos II. erregeak eskainitako Gironako apezpikutzari uko egin omen zion Olidenek.
Teatinoen ordena erlijiosoaren baitan “Beneragarri” kontsideratzen dute elgoibartarra, eta Purgatorioko Animen debozioaren zabaltzaile nekaezina izan omen zela diote.
Alejandra Osoro Mendikute. (1900-1975). Baserritarra
1900eko maiatzaren 28an jaio zen Elgoibarko Urruzuno bailarako Abatetxe baserrian. Zortzi anai-arreba (lau neska eta lau mutil) izan ziren eta bera hirugarrena. Garai hartako egoera zela-eta ez zuen ikasteko aukera handirik izan eta ama eta amonarengandik jaso ahal izan zuen jakintzarik gehiena. Etxeko lanetan laguntzen zuen, baratzean, gizonek bezala lan nekezak, gogorrak eta txarrak eginez.
Elgoibarrera eta Azkoitira joan behar izan ohi zuen errekaduak egitera oinez astoa lagun zuela, eta bi herriak ere urruti euren baserri-etxetik. Neska indartsua zen Alejandra Osoro, izan ere, hemezortzi urterekin, ehun kiloko arto zakua bizkarrera jasotzeko gai baitzen.
Gaztetan, Madarixan zein Kurutzetan erromeria izan ohi zenean, ez zuen hutsik egiten. Hemeretzi urterekin, Munaundi baserriko Manuel Etxaniz maiorazgoarekin ezkondu ondoren baserri horretan biziko dira. Lehenengo semea izan ondoren eta berriz haurdun zegoenean, senarra Afrikako gerrara eraman zuten bi urte luzerako. Egoera honi aurre egitea batere erraza ez izan arren, familiakoen eta ezagunen laguntzari eta bere berezko ausardiari esker aurrera egitea lortu zuen.
Senarra Afrikatik itzulita, guztira bederatzi seme-alaba izan zituzten (zazpi mutil eta bi neska). Urte pozgarri batzuen ostean, zorigaitza Munaundira iritsi zen berriro, izan ere, Alejandra Osoro alargun geratu zen berrogeita hiru
urterekin. Hala ere, sufritzen jakinda eta sinesmen handiari esker, familia osoa aurrera atera eta zoriona ezagutzea lortu zuen. Seme-alaba guztiak ezkonduta, iloba mordo bat izan zituen. Urkiolako San Antoniora, Arratera… bisitak egitea gustatzen zitzaion. Emakume estimatua zen herrian, hiztuna, jatorra eta borondate handikoa. Familia giroaz disfrutatzea eta euskal kirolak gustatzen zitzaizkion. 1975eko otsailaren 10ean hil zen 75 urterekin.
Angel Osoro Urreizti (1895-1936). Abertzale militantea eta idazlea.
Mutrikun (Gipuzkoa) jaio zen 1895eko urriaren 2an, Jose Maria Osoro eta Josefa Ignazia senar-emazteek osatutako familian; lau senideetatik hirugarrena izanik. «Angel, Aingeru edo Gotzon, Mutriku eta Aberri» izenez eta gaitzizenez ezaguna izan zen gure herrian eta Euskal Herriko zenbait bazterretan ere. Elgoibarrera 1917an edo etorri zen, gure herrian guztiz bertakotuz. Lanbidez igeltsero izan zen, eta hasieran Errosario kalean bizi izan zen, kale honetan bertan ere Batzokia zegoelarik. Aurrerago San Frantzisko kaleko Butron ostatuan, eta bertan familiakotzat hartu zuten.
EAJ-PNVko eta ELA-STVko militantea izateaz gain, euskaltzale sutsua, euskal kultura eta folklorearekin zerikusia zuen arlo guztien bultzatzaile, aurreskulari, antzerkilari eta baserri auzoetako erromerien antolatzaile. Euskal kantak ere irakatsi zituen Batzokian. Tokiko prentsako kolaboratzaile batzuen bultzatzaile eta animatzaile ere izan zen Osoro (Agurtzane, Aixerixa, Atxolin, Trikua, Poliki, Zapelaitza, Garbiñe, Ixaka, Maitxo, Mirentxu eta Xapi), «Argia» astekarian eta «Euzkadi» eta «El Día» egunkarietan idatzi zutenak.
“Euskaltzaleak” elkartearen sorreran ere parte hartu zuen “Angel Mutrikuk”, izan ere, bera ageri baita, beste jaun batzuekin batera, antolatu zituzten hasierako bi ekitaldietan. Lehendabizikoa, Elgoibarko Ermuaran-Sallobente auzoan antolatutako euskal jai apal bat 1926ko urriaren 17an, honako egitarau honekin: Perossiren meza hiru ahotsez; umeentzako irakurketa, idazketa eta dotrina lehiaketa (auzoko 50 haur hartu zuten parte, maistra Miren Santxez Legartza zelarik); ezpatadantza eta bertso-saioa. Bigarrena, berriz, Mutrikun, hurrengo urtean, eduki antzerakoarekin, mugimendu euskaltzalea sortu nahian.
Aipagarri da, garrantzi handikoa izan zelako, Angel Osorori,“Aberriri” egin zioten omenaldia 1933ko uztailaren 30ean, Elgoibarren egindako Euskal Idazleen Batzarra eratzeko bileran. Horren arrazoia Mirentxu (Maria Juaristi Villar) eta Maitxo (Maria Josefa Alkorta Gabilondo) elgoibartarrek eskaintzen digute. Honela justifikatzen zuen Mirentxuk "Aberri" ri egin behar zioten omenaldia, hitzez esanez: “Norbaitek esango du ¿zer dala ta «Aberri»-ri olako batzarra ta jaia egin bere izenian? A, aixkidia, makiña bat aldiz geuk idazteko asmorik ez izan arren idatziazi zigun bera idazkiakin. Idatzi erazi zigulako, aren idazki bat naikua izaten zan idazle danari luma eskuan artu erazteko, eta badakizu bestieri eragitiak asko esan nai duala, idazki askorekin geiago laguntzen diogulako bai geure izparringiai ta bai gure izkuntzari. «Maitxo», ¿ezta egia berari zor diogula bai abertzaletasuna eta bai euskeraz idazteko gogo au? Eta ez guk bakarrik, zorionez beste askok ere bai uri onetan beintzat.
Gure begiak lo zorruan geneuzkan bitartian «Aberri»-k egin zigun atximurkada zorrotz arrek gure begiak iriki zituan, eta arrezkero makiñabat aldiz idatzi erazi ere bai.”
Halaber honako hau erantsi zuen Xapik, beste idazle elgoibartar batek, Aberriri buruz: Lenengoetako idazlea da. 20 urte onetan makiña bat idatzi du abertzaletasunaren alde. Aberri guztian lana gogor egin du. Baita ipuiñ barregarriya pranko bialdu ere. Arako «Kirikiño» zanaren manduarekin amaika parre egiñ erazi zenion jendeari.
Orregatik, idazle guztiok beartuak gaude gure «Aberri» besarkatu eta goraltzera.
Omenaldi hau “Eusko idazleen” aldeko meza batekin hasi zuten, lehenengo, eta ondoren honako gai hauetaz aritu ziren Elgoibarrera etorri ziren idazleak (ehun inguru), Errosario kaleko Batzokian: 1- Euskal idazle batza. 2- Euskararen batasuna. 3- Herrietako berriak nola bidali. 4- Gaurko asteroko “Euskal orri” eta euskal ataletan zer gai erabili. 6- Euskal egunerokoa?
Uste dugu, Elgoibarren ateratakoa dela 1933ko uztailaren 30an, argazki interesgarri eta historiko hau. Idazle ezagunen artean Ander Arzelus “Luzear”, Yoseba Zinkunegi (haren suhia), Elbira Zipitria (andereñoen andereñoa izango zena urteetara) eta baita Aberri bera eta idazle elgoibartar eta Euskal Herriko hainbat tokitakoak.
Azkenik, San Frantzisko kaleko Butron ostatuan honako bazkari hau eskaini zuten:
“Jatarkiak (entremeses), paella ta sopa, lebatza, olazko erria«letxugiakin», matekaua, oraingo igaliak, Rioja’ko ardua, sagardua. Ordaña 6,50 laurleko”.
Bazkal ostean, iragarritako gorazarrea eskaini zioten Angel Osoro “Aberri”-ri.
Hona hemen, ondoren Angel Osoro “Aberri”-k berak idatzi zuena “El Día” egunkarian eskerrak ematen:
XAPI
El Día, 1933-08-03
Aberri
Kazetarien artekoak
Eskerrak mila ta mila esker euzkal idazle guziai, batez ere «Mirentxu» ta «Maitxo»ri mutil zar oni arrika egiteko modua egin dutelako.
Elgoibar’ko abertzaliai gerrikoagatik, gaztetxoai musuzapi polita ta [...] lore txorta eskeñi zidatelako.
¡Au idazten duan idazkortza berria! ¡onelakorik! axukre koxkorra ta [...] baño ere goxoago [...] egiten du onek ingi edo paperen gañian ¡Au gauraren gauza eman didate idazleok! ¡ñooo! onelako ixtrumentua arrapatu izan bagendu guk garai batian makiña bat lerro geiago idatziko genun, ta kurioxuago.
Emendik aurrera idazkortza onekin naita naiez goxo goxo idatzi biar. ¡Bearko!
Berriz ere eskerrak ba, ta urren arte.
ABERRI
Angel Osoro Urreizti fusilatu zuten 1936ko irailaren 24an Hernaniko kanposantuan 42 urte zituela. Hiru egun lehenago Elgoibar menpean hartu zuten militarrek, erreketeek eta falangistek. Hauek eta beste alderdi eskuindar batzuek Errepublika demokratikoaren aurka altxatu ziren gerra zibil odoltsuari (1936-1939) hasiera emanez, uztailaren 18an.
Jarraian, 1936ko abenduaren 27an Landeyan (ELA/STV euskal sindikatuaren organoa) argitaratu zen kronika tragikoa transkribatuko dugu. Pasados los primeros días la aparente tranquilidad se vió repentinamente turbada por el conocimiento de la prisión y fusilamiento en Donostia del virtuoso sacerdote don Celestino Onaindia. La impresión que esta noticia causó fué enorme y hasta en los más afines fascistas del pueblo hubo condolencias por el trágico suceso. Más tarde fueron conducidos a la cárcel un grupo de jóvenes sorprendidos en el caserío “Larruzkain”, cerca de Markina, entre los que figuraban Angel Osoro el inolvidable “Aberri”, el ex pelotari Félix Gastesi, Paco Riaño, Alberto Gurrutxaga y Enrique Arriola. Después de unos días de cárcel, fueron llevados a Donostia “Aberri” y Gastesi, creyéndose fueron fusilados. Los demás fueron libertados y continúan allí. (Elgoibar 1936)
Begoña Pérez Hermecheo “La Bermeana” (1931-1979). Arrain saltzailea.
1931ko urtarrilaren 9an jaio zen Zornotzako (Bizkaia) Astepe auzoan, familia ugaria baten baitan, sei anai-arreba izan baitziren. Aita, Angel, Burgosko Barbadillon jaio zen; ama, Julia, berriz, Bermeon. Zornotzan egin zituen oinarrizko ikasketak Begoñak. 1942an, Pérez Hermecheo familia Elgoibarrera lekualdatu zen, familia burua, Angel, San Pedro fabrikan hasi baitzen lanean. Ama (Bermeana ezizenez ezaguna), berriz, kaleko arrain saltzailea zenez, Elgoibarrera etortzerakoan lanbide horrekin jarraitu zuen, eta Begoña alaba gazteenak lagunduko dio. Ziur aski, hemen ernetuko da bere ekintzailetasuna, hala ere, beste anai-ahizpek ere enpresari espíritu hori landu zuten, proiektu desberdinak sustatuz. Begoña hamabost urte zituenerako Elgoibartik Bermeora joan ohi zen trenez arraina erostera, gero amarekin gure herrian saltzeko. Handik urte batzuetara Oñatin arrandegi bat erosi zuen eta beste bi Arrasaten.
Begoña gaztea Elgoibarko musika bandak jaiero Kalegoen plazan eskaini ohi zituen dantzaldietara joan ohi zen, non bere senarra izango zen Antonio Gurrutxaga mendaroarra ezagutu zuen. Hogeita hamar urte zituela ezkondu, eta lau seme-alaba izan zituzten Gurrutxaga-Pérez senar-emazteek.
Seme-alabak koskortzen zihoazen neurrian negozio handiagotan sartu zen Begoña, eta handizkako arrain saltzaile bilakatu zen Bilbo inguruan: lehenengo Atxurin eta gero Basauriko “Merkabilbaon” salmenta postu bat izan zuen. Vigora (Galizia) joan ohi zen arrain erosketak egitera eta handik Espainiako estatu guztira saldu. Era berean, zenbait herrialderekin merkatal harremanak ere izan zituen, horietatik arraina inportatuz.
Garai haietan bera izan omen zen lehen emakume maiorista arrain negozioan eta, gizonek zuzendutako mundu hartan, guztien errespetua, balioetsia eta miresmena irabazi zituen, arrakasta izanik bere balioei esker, hau da, alaitasuna, langiletasuna, adorea, borondate handikoa, laguntzeko prestutasuna, negoziorako ikuspegi aurreratua eta izaera gogorra.
Vigon zegoela gaixotu ondoren, 1979ko ekainaren 15ean hil zen, 48 urte besterik ez zituenean, eta seme-alabak oraindik gaztetxoak zirela.
Luzio Ruiz-Poveda “Luziano” (1931-). Margolaria.
Elgoibarren jaio zen 1931ko uztailaren 20an., eta zazpi senideko familia izanik, Luziano laugarrena izan zen. Aita Enrique Ruiz Poveda zapatari lanbidez Almerian jaioa zen; Cristina Rodriguez ama, berriz, Lavallosen (León), eta lehenengo anai-arreba biak Lugoko herri batean soruak ziren, baina hurrengo bostak, Elgoibarren.
Santa Klara kalean (Komentuaren aurreko aldean, 1953an eraitsia, errepidea egiteko), ibai ondoan bizi izan ziren. Horrela, bada, Ruiz-Poveda Rodriguez familia ugaria eta oso umila izan zen.
1936-1939ko gerra zibilean Enrike Ruiz-Poveda familiaburua CNT-eko batailoi bateko miliziano izan zen eta urte batzuk preso hartu zuten. Honela dio Luzianok hitzez hitz une hartako egoeraz: “….todo cambió de repente, pues un día apareció mi padre con uniforme militar, había comenzado la guerra civil…”
Demokraziaren aurka altxatu zirenen armada Elgoibarren (1936.09.21) sartu aurretik Bilbora joango da Ruiz-Poveda familia eta Ronda kalean hartuko dute babesa. 1937ko maiatzeko edo ekaineko egun batean, Santurtziko portuan “Habana” ontzian sartu zituzten Luzio haurra bere beste hiru anai-arrebekin eta 2.000 haur baino gehiagok lagunduta, eta Frantziako Arroxelako kostaldean lehorreratu zituzten, eta handik Parisa eramanez trenez, Bilbok jasan ohi zituen bonbardeketatik ihes eginez.
Frantziako hiriburuan George mediku errusiar-judutarrak (Bigarren Mundu Gerran SSek atxilotu eta desagerrarazi) eta Ginette emazteak batu zuten bost urteko Luzio haur elgoibartarra, eta hauekin bizi izan zen bost urteetan haien maitasuna izan zuen eta bizimodu oparoa jaso zuen. Luzianok adierazita duenez, frantsesa ikasi zuela eta gaztelania ahaztu, eta Parisko gurasoei buruz honako hau utzi zuen idatzita: “…George, padre que me hubiera gustado tener…; … Ginette, esa madre adoptiva a la que tanto quise y que fue la responsable que yo me sintiese un poco francés…”
1940an itzuli zen atzerritik familiak erreklamatu ondoren, eta jaioterriko errealitate gordinarekin topo egin zuen: oinarrizko guztia falta zen. Ruiz-Povedari umetatik datorkio marrazteko zaletasuna eta eskola lagunen aurpegien karikaturak egin ohi zituen, 13 urterekin ekinez koadroak margotzeari estilo expresionista eta kostunbristan. Eibarko tailer batean ere lan egin zuen, iluntzetan Elgoibarko Arte eta Lanbide eskolara joan zen, eta Bernardo Ezenarro maisu handiak erakutsi zizkon marrazketa artistikoaren oinarrizko kontzeptuak.
Berriz Parisa joan aurretik Donostian eta Irunen ere bizi izan zen, hara karpeta eta harkatzekin joan zenez kafetegietako terrazetan erretratoak egin ohi zituen. 19 urterekin, artista askoren egoitza zen Hexagonoko hiriburura joan zen margolaritzaz bizitzeko eta sakontzeko asmoz. Zortzi urte egin zituen Frantziako hiriburuan eta bizimodu bohemioa eraman zuen, hasieran bizirauteko kalean bertan erretrauak pintatzen baitzituen. Hala ere, urte hauetan haren egoera hobetzen joan zen eta urteen poderioz giro desberdinetan mugitu zen Parisan ez ezik Niza, Mallorca, Madril, Donostia, Bilbo, Bartzelona eta Espainiako beste hiri askotan ere, lana erruz eginez. Borroka handi eta zailtasun asko izan arren, Luzianok nekaezina eta izaera gogorra zuelako bidea ireki zuen eta Monmartren (Paris) zabaldu zuen pintore-estudioa eta erakusketa iraunkorra, hemen margotutako koadro ugariak Europan eta Amerikako merkatuetan oso ondo kotizatutako ziren handik aurrera.
1955ean Madrilen jarri zen bizi izaten behin betiko, eta Sésamo eta Gayango guneetako bileretara joan ohi zen, arte munduko ospetsuak biltzen baitziren. 1964an Madrileko “Alcón” erakusgelan jarri zituen mihiseak lehen aldiz eta urte berean bere galería inauguratu zuen bertako “Castellana-Hilton” hotelean, modu iraunkorrean. Aldi berean, Espainiako hiriburuko “Melia hotelean izan zuen erakusketa. 1966an, azken urteetan izandako arrakastaren ostean New York-eko izen handiko “Emile Walter” galerian zintzilikatu zituen bere mihiseak. Halaber, bere margolanak Chicago, Texas eta Filadelfiara eraman zituzten eta izugarri baloratuko dira.
1968ko abuztuaren 24tik irailaren 15era erakusketa bat egin zuen Elgoibarko Udaletxeko udalbatza-aretoan gure herriko margolari ospetsu Luzianok, ordurako margolari kontsagratuak; bigarren bat 1999ko abenduaren 3tik 19ra arte izan zen eta, ospatu zuen azkena bere jaioterrian 2012ko martxoan izan zen. Donostian ere erakusketak egin zituen 1971, 1973 eta 1976an, gutxienez.
1999an Elgoibarren egin zuen erakusketa berezia izan zen, izan ere, alde batetik, lau urte lehenago hil zen Carmen Martinez bere emazte zena omentzea nahi izan zuen, eta, bestetik, bere seme Miguelerekin batera partekatu zuen Kultur Etxeko aretoa, biek erakutsiz euren margolanak. Honako hitz eder eta sentikor hauek adierazi zituen emazteari buruz “Barren” astekariko kazetariari: “Urte askotan Carmen izan zen nire bizitzan izan dudan animatzaile handia. Carmen emakume xumea izan zen beti, alaia, langilea eta edozein unetan laguntzeko prest zegoena. Besteentzat bizi zen eta une txarretan, bere irrifarreak margotzen segitzeko kemena ematen zidan; Picasso, Zuloaga edo Van Gogh ikusten baitzituen nigan, nahiz eta bera pinturan aditua ez izan”. Era berean, bost urte ondoren beste erakusketa bat (bederatzigarrena) egin du Luzianok bere jaioterri ahaztezinean, 2024ko apirilaren 12tik 27ra arte, eta bera gorputzez ezin izan bada egon ere, bai espirituz, gorputz eta arima jarri baititu Elgoibarko ekitaldi hau pretatzen, bere seme Miguelen hitzetan. Honek ederki ezagutzen ditu aitaren margolaritza ez ezik biografia aberatsa ere, eta zertzelada interesgarri batzuk azaldu zizkigun Luziano artista handiari buruz.
1970 eta 1971an Marokon zehar (Luzianorentzat herrialde lilurragarria) ibili zen margotzen eta bere artelanak saltzen, baita Turkia, Irak edo India eta abar. Hala ere, aurretik eta ondoren ere Espainiako eta Euskal Herriko herri txikietaz maitemindurik jarraitzen zuen, horietan izan baitu inspirazio-iturri sarritan, etxeetako fatxadak, kaleskak, itsas portuak eta abar margotuz. Garai hartako artelanik nabarienak honako hauek dira: Piedralaves, Calle de Segovia (Madrid), Las Peñuelas (Madrid), Plaza de Piedralaves, Ribera de Curtidores (Madrid), Apunte de toros, Payasos en rojo, Apunte de caballo, Manolín, El pobre Pierre, Tres clochares, Lorito, Fakir hindú, Flautista, La “señá Ugenia”, Flores, Ramboullet (Francia), Xonín, Villajoyosa (Alicante) y Paisaje vasco (Mutriku). Horiez gain, Elgoibarko paisajeak eta elgoibartarren erretratoak pintatu ohi ditu maitasun handiz, hauek eta atzekoak adibide gisa aipatu ditugu, izan ere, mundu guztiko ehundaka paisaje eta erretratoak margotu baititu.
Arestian aipatutako azken erakusketa guztiz desberdina izan dela esan behar, etxeetako fatxadak, kaleskak, itsas portuak, paisaiak, herriak eta erretratuen gaia izan direnak, orain desagertu dira bere mihizetatik eta abstrakziora jo du gure artista elgoibartarrak. Horrela, bere semeak prestatutako erakusketako eskuorrian honela azaltzen du: “…etapa berri honetan, errealitatearekiko erreferentzia oro alde batera utzirik, materia, ehundura eta kolorea besterik ez ditu erabiltzen, hizkuntza plastiko garbiagoa sortzeko. Baina, ondoren adierazten du ere, Luzianok jarraitzen duela bere jatorria gogoan izaten, eta 2024ko erakusketak zentzu guztia hartzen duela Elgoibarren, bere etxean.
Txalotzekoa da haren gaitasuna eta harritzen gaitu zalantzarik gabe, larogeita hamar urte pasatxorekin estilo aldaketa sakona egitea. Horretaz, gakoren bat eman zigun Migel Ruiz-Povedak, duen adin handiagatik apenas irteten den etxetik, beraz, dagoenekoz ez ditu bertan eta aurrez aurre izan dituen gaiak eta bere barnetik edaten du orain.
Karrera artistiko sendoa eta arrakasta handikoa garatu du Luzianok, eta urte askoan Madrileko eta Zarautzko estudio bien artean mugitu da. Konposizio expresionistak lantzen ditu, baina berak honela definitzen du bere burua: “Nire estiloa guztiz Luzianeskoa” da eta ez dut inoren, Picasso edo beste edonoren eraginik”. Arestian esan dugun bezala, bere emazte Karmenek garrantzi handia izan du bere bizitza pertsonalean ez ezik, artistikoan ere, harreman publikoetan.
Informazio gehiago zure blog pertsonalean: http://lucioruizpovedaluziano.blogspot.com
Maria Txurruka Osoro. (1923-2000). Erraketista.
Maria Txurruka Elgoibarko Orraindi baserrian (Sallobente-Ermuaran) jaio zen 1923ko irailaren 26an, eta erraketista profesionala izan zen 33 urtez, 1939tik 1972ra arte. Horrela, haurra zeneko jolasa zena afizio eta ofizio bihurtu zuen. 1999an, Barrenek egin zion elkarrizketa batean honako hau zioen: “eskolan hasi ginan pelotan, Kaminerokuan edo San Lorentzoko frontoian”. “Jolas modura hasi eta... - Madriletik etorri zan enpresarixo bat eta harek kontratauta jun ginan Bartzelona, Madrid, Valentziara”.
Aurrelaria izan zen eta Txurruka deituraz jokatu zuen. Bartzelonan egin zuen debuta 16 urte egin gabe, eta ondoren Madril, Valentzia, Castelló de la Plana, Santa Cruz de Tenerife eta Mexikoko frontoietan aritu zen.
Bera baino hamabost urte zaharragoa zen Nicolas Ambrosi Karraro mexikarrarekin ezkondu zen, eta Mexikon bizi izan ziren 1951tik, Txurrukak ia mende erdi eginez han. Maria 2000 urteko azaroaren 18an hil zen Donostian eta haren senarra 1999ko martxoaren 29an, Elgoibarren.
Gure herrian belaunaldi hartako hainbat erraketista izan ziren Maria Txurrukaz gain, besteak beste: Angela Juaristi; Felisa Muguruza (Sallobente-Ermuarango Berdun baserrikoa); Sabiñe Aranburu; Juanita Txurruka, Mariaren ahizpa; Salome Agirregomezkorta eta Maria Agirregomezkorta ahizpak (Idotorbe- San Pedroko Aitzbizkar baserrikoak); eta Maria Arrillaga Garate “Arane I” eta Juanita Arrillaga Garate “Arane II” (Idotorbe-San Pedroko Arane baserrikoak).
Kirolari aitzindariak izan ziren erraketistak eta hiru edo lau hamarkadatan arrakasta handia izan zuten, 1940 eta 1950 artean erraketisten urrezko aroa biziz. Horren isla dugu Bartzelonan eta Madrilen zazpina pilotaleku zeudela orduan. Halaber, ondorengo datu hauek oso esanguratsuak ditugu: Hego Euskal Herriko 47 udalerritan 237 erraketista profesional izan zirela guztira eta pilota profesionalean jokatzeko emakume lizentzia gehiago zeudela gizonenak baino, garai hartan.
Gaurko egunetik begiratuta esan genezake erraketistak garai hartako emakume aurreratuak izan zirela eta ausardia handia izan zutela familia, lagunak eta ingurune hurbila laga eta hiri handi eta arrotzetara joan zirelako. Aipatzea merezi du, azken urteotan hainbat erakusketa eta omenaldi ari dira antolatzen erraketisten jaioterrietan, Elgoibarren 2018ko martxoaren 12tik 26ra egin zen bezala.
Engrazia Unzueta Etxaniz. (1871.09.25/1931.02.14). Engrazianeko mertzeriako dendaria.
Elgoibarren jaio zen 1871ko irailaren 25ean, hamabost senideko familia batean Engrazia bera hamaikagarrena izanik. Aita Bernardo Antero Unzueta Garate eta ama Franziska Etxaniz Etxabe izan ziren.
Engrazia Unzueta Fermin Unzueta Lausagarretarekin (1866-1953) ezkondu ondoren zazpi seme-alaba izan zituzten, eta horietaz arduratzeaz gain mertzeria izan zuten San Frantzisko kaleko 41ean. Elgoibarko 1907ko zerga industriala ordaindu zutenen artean Fermin Unzueta ageri da San Frantzisko kalean zeta- eta kinkila-denda zuelako, eta 1913ko Elgoibarko erroldan ere gizona ageri da dendako titularra, emaztea izan arren, Engrazia negozioaren erantzukizuna zuena.
Engratzia hiltzerakoan alaba Frantziskak (1901.10.04/1983.09.02) hartu zuen dendako ardura, haren ametsa kazetaria izateko bokazioa alde batera lagata, halabeharrez, izan ere, emakumeek ez zuten lanbide horretara sarbiderik, ezta Untzueta familiak egoera ekonomiko nahikorik alaba ikastera bidaltzeko herritik kanpora, urrutira.
Garai hartako mertzeria dendetan salgai zituztenak saldu ohi zituzten Unzuetatarrek, hala nola, botoiak, kremailerak, zintak, orratzak, barruko arropa, korseak, mantak, San Blas zinta txuriak eta aterkiak. Bestalde, dendan hartzen ziren kristalezko galtzerdi (Janira) urratuei puntua jasotzeko, txapelak (Elosegi), izarak (eginak eta oihala, josi ahal izateko), mantalak, prakak (mahoizkoak eta bestelakoak) eta alkandorak josteko oihalak. Oihalak, batik bat, jostunek erosten zituzten, baita etxeko andre zenbaitek ere familiako ekonomiari laguntzeko eskuz josten baitzuten eta konponketak egin edo trebeenek familiarren arropak josi ere.
Aipatutako salgaiak merkataritza-agenteek eskaintzen zituzten, noizbehinka dendariak bisitatuz, eta jenero asko Kataluniatik ekarri ohi zituzten, eta Engraziak lehenengo eta Frantziska alabak gero erakusgaietatik aukeratu ohi zituzten. Ziur aski salduenetako salgaia mahoizko oihala izan omen zen, eta Deba harroan bertan egiten zen, Bergaran, non zenbait empresak jarduten zuten. Hala ere, hau aldatzen hasi zen hirurogeiko hamarkadatik aurrera, arropa josia salneurri egokietan ugaritu zenean, eta langileen soldatak igoera izaten hasi. Orduan krisia nabaritzen hasi zen denda mota horietan.
Frantziska Unzuetak, adinez aurrera zihoala, sostengua aurkituko du familian bertan, Maite Unzueta eta Marifran Unzueta ilobak izan ziren lagunduko ziotenak. Maite 12 urterekin ekin zion izebari laguntzen 1963an, Anita andereñoarekin kontabilitatea ikasi zuen bitartean; ondoren, hiru urtetan aritu zen tailer bateko bulegoan, eta, orduan, larunbatetan bakarrik jardun ohi zuen dendan. Jarraian, honen lehengusuak eta Frantziskaren ilobak, Marifranek, hartu zuen Maitek utzitako tokia. Hau bi urte eta erdi gazteago da lehengusua baino, eta 1968ra arte aritu zen Frantziskaneko dendan, industria enpresa batean lanean hasi arte. Azkenik, horren amak, Miren Unzuetak, jarraitu zuen laguntzen denda itxi zuten arte, 1970ean.
Aipagarri da, denda tradizional hauetan ohiko bezeroei eskaintzen zizkieten usaiako aukera desberdinak erosi ahal izateko, hain zuzen, bezero ezagunek koaderno txiki bat izan ohi zuten dendariak haren deituraz, non erosten zuena apuntatu egiten baitzen, eta ahal zuenean edo adostutako data batean ordaindu. Baserritarrekin, berriz, trukea erabili ohi zen zenbait kasutan, baserriko jangaiak mertzeriako gaiengatik. Halaber, San Pedro fabrikako, eta Estarta Ezenarro eta Alkorta Unzueta tailerretako langileek kreditoa zuten, hau da, erosgaiak eraman zitzaketen une hartan bertan ordaindu gabe, eta ahal zutenean edo hitzartutako egunean ordaindu.
Amaitzeko esan, Franek gogoan duela salgaiak biltzeko papera Maritxu Osoro eta Dimas Gil bikote elgoibartar ezagunei erosten zietela, eta Fran bera edo Maite edo biak elkarrekin joaten zirela haiengana, eta aldi bakoitzean bizpahiru resma paper eskuratzen zutela.
Karmen Unzueta Larrañaga. (1921.07.14/2000.02.04). Mediku anestesista.
Elgoibarren jaio zen 1921eko uztailaren 14an. Esteban Unzueta eta Simona Larrañaga izan ziren gurasoak, eta Karmen gure protagonista bost anai-arrebetatik gazteena izan zen. Lazaro, mutil bakarra, industria-gizon ezaguna izan zen, honen aita bezala, eta gainera, Arte eta Lanbide eskolako irakasle. Aipagarri da ere, lau neskak ezkongabe gelditu zirela, eta Karmen Unzuetaren bi ahizpa (Maria eta Ana) maistra titulua lortu zutela, bestea, Isabel, Balentin Uria burdindegi ezaguneko dendaria eta haren iloba izan zena. Amak, Simona Larrañagak, berriz, ortu ederra izan ohi zuen, Alkorta Unzueta eta konpainia tailerreko (Maala aldean) gainaldean eta familiaren etxe ondoan kokatua.
Karmen Unzuetak medikuntza ikasketak egin zituen eta anestesia arloan espezializatu ondoren Minneapolisen (Estatu Batuak) 1947tik 1949ra, Donostiako “San Ignazio” klinika pribatuan lan egin zuen erretiroa hartu zuen arte, XX. mendeko azken hamarkadan. Unzueta klinika horretako eta Donostiako lehendabiziko anestesista, eta Espainia estatuko lehenengoetako emakume anestesista espezializatua izan zen, beraz, emakume aitzindaria arlo horretan.
Donostiako San Ignazio klinikan, non Unzueta doktoreak jardun zuen bere lanbidean, senideren bat ospitaleratuta egon zelako Karmenekin harremana izan zuten elgoibartar batzuen testigantzak jaso ditugu, eta adierazi behar dugu goraipamen handiak egin dizkigutela jasotako tratuagatik, gizatasun, profesionaltasun eta asmamen zientifiko handiagatik. Gainera, erantsi zuten haren lana ez zela mugatzen anestesistara, medikua ere zenez gaixoak ere artatzen zituela aipatutako klinikan.
Karmenekin harremana izan zuten elgoibartar batzuen testigantzak jaso ditugu, Donostiako San Inazio klinikan ospitaleratutako senideren bati lagundu ziotelako. Bertan, Unzueta doktoreak jardun zuen bere lanbidean, eta adierazi behar dugu goraipamen handiak egin dizkigutela jasotako tratuagatik, gizatasun, profesionaltasun eta egokitasun zientifiko handiagatik. Gainera, erantsi zuten beren lana ez zela anestesia ematera mugatezne, baizik eta, mediku gisa, aipatutako klinikan artatzen zituztela ere gaixoak.
2000. urteko otsailaren 4an hil zen Donostian, eta Elgoibarko Olasoko kanposantuan dago hilobiratua, familiaren hilobian.
Maria Jesus Plazida Uribe Esnaola (1857-1958). Lekaimea.
Elgoibarren jaio zen 1857ko urriaren 5ean familia ezagun baten baitan, eta bataiatzerakoan Plazida Marzelina jarri zioten izena. Sebastián eta Nikolasa gurasoek hamar seme-alaba izan zituzten eta Plazida bosgarrena izan zen. Aita errepideetako kontratista izan zen eta bere herriko kontzejuko zinegotzia ere; horrez gain, Azkueko San Roke ermitan berriztatze-obrak egin zituen 1888an. Gerardok, Sebastianen eta Nikolasaren semeak eta Plazidaren anaiak, udal-politikan esku hartu zuen alderdi Liberal fueristarekin, eta zinegotzi eta alkate ere izan zen.
Plazida Uribe Lorentzo Soduperekin ezkondu eta Argentinan bizi izan ziren, eta XX. mendearen hasieran alargundu ondoren, 48 urterekin, seme-alabarik izan ez eta, Elgoibarko Santa Klara komentuko moja egin zen. Bertan zela, 1957ko urriaren 5ean Klaratarren komunitateak neskentzako ikastetxea inauguratzeaz gain, haren 100 urteurrena ospatu zuten.
Sor Plazida Maria Jesus moja egiterakoan dohaintza ekonomiko handia egin zion komunitateari, diru honekin sakristia txukundu eta hormak margotu zituzten eta korurako aulki eta órgano berriak erosi zituzten. Halaber, Lorentzo senar zena eta Justo Sodupe aitaginarreba zena Santa Klara elizako aldare nagusiko harmailen ondoan ehortzi zituen, hil ondoren hilobiratuta zeuden tokitik desobiratu ostean.
1958ko urtarrilaren 28an hil zen, mende erdia baino gehiago bizitza erlijiosora emana, eta mojakideen arabera bizialdi apala, eredugarria eta soila izan zuela.
Epilogo gisa adierazi Santa Klara komentuko lekaimeak 485 urte (1533-2018) gure herrikide garrantzitsu izan ondoren monasterioa utzi zuten 2018ko apirilean beste komunitateetara joateko, bokazio berririk ezean. Elgoibar herriak esker ona eman zien San Bartolome parrokian eskaini zitzaien agur ofizialean.
Epilogo gisa, aipatzeko da Santa Klara komentuko mojek, 485 urte (1533-2018) gure hiribilduaren zati garrantzitsu izan ondoren, 2018ko apirilean komentua utzi eta beste komunitate batzuetara joan zirela bokazio berririk ez zegoelako. Nabarmentzekoa da Elgoibarko herriak eman zien esker oneko agur ofizialean San Bartolome parrokian.
Pedro Miguel Urruzuno Salegi. (1844-1923). Apaiza eta idazlea.
Pedro Migel Urruzuno Salegi Elgoibarren jaio zen 1844ko apirilaren 29an, eta apaiz ordenatu ondoren, lehenengo Elgoibarko Ospitaleko eta Magdalena elizako kaperau izan zen, geroago Done Bartolome parrokiako erretore (1876-1879), eta azkenik, Mendarora joan zen bizi izatera hil arte, Garagartzako Sortzez Garbia Andre Maria parrokiako erretore eta gero Agustinak mojen kaperau izanik, hurrenez hurren.
Bere izen-deiturekin gehienetan, eta baita batzutan “Ur-zale bat” eta beste horrelako izenordeekin ere, “Euskalzale”, “Ibaizabal”, “Euskalerria”, “Euskal Esnalea” eta “Argia” aldizkarietan ehunka ipuin eta olerki zoragarri idatzi zituen.
Urruzunok bere lanetan erabiltzen zituen hizkuntza eta idazkera herrikoi eta jatorrak ziren, estilo arina eta erraza erabiliz, edonork ulertzeko modukoa. 1930. urtean Iruñan argitaratutako” liburuaren hitzaurrean, honela zioen berak gai honetaz: “Nere eginkizuna da, euskaldun guzien artean irakurtzeko zaletasuna piztea. Ortarako gauza errez ta atsegiñak bear dira oraindik. Gauza zaill ta landuaz aspertu ta nazkatu egiten baitira euskaldun geienak. Lotsagarria bada ere, egia ezin ukatu”.
Hauek dira bere ipuinekin argitaratu diren argitalpenak: “Urruzunotar P. M.en Ipuiak. Lehenengo idazkia”. Iruña, 1930; “Euskalerritik zerura”, Auspoa 1961; “Iru ziri” Auspoa, 1965, “Ur-zale baten ipuiak”, Auspoa, 1965; “Sasiletrau baten ziria” Auspoa, 1973; “Ipuinak”,Euskal Idazleen Elkarteak, 1988; “Urruzuno. Umorezko ipuin hautatuak” Txirrita Saila, 1999; Koroi eder bat, Auspoa, 2005.
Urruzuno itzulpengintzan ere aritu zen; adibidez, 1915ean Martin Cochem alemaniarraren "Meza santua zer dan" argitaratu zen Durangon, baita Baudranen "Aitaren erlijio-lan bat" ere, sei edizio izan zituena.
Amaitzeko, aita Villasante zen euskaltzainburu ohiaren iritzia jasoko dugu, elgoibartar apaiz literatoaren estiloari buruz: Urruzunoren ipuinak euskal literaturaren herrikoiaren eredu izan beharko luke. Euskal umoreari dagokionez, esan genezake Euskal Herriak idazle gutxi izan dituela Urruzunok bezala euskal umore berezi hori bere lanetan azaldu dutenak.
Pedro Miguel Urruzuno idazle euskaltzalea eta apaiza Mendaron hil zen 1923ko apirilaren 14an, eta Olasoko kanponsantuan hilobiratu zuten.
Luis Zendoia Barrenetxea (1871-1941). Ingeniaria.
Elgoibarko zazpi senideko familia aberats batean jaio zen, 1871ko maiatzaren 28an, eta bataiatzerakoan Justo Luis jarri zioten izena, anai-arrebetatik laugarrena izanik. Zendoiatarrak Altzolako hotel baten jabeak ziren. Bide, ubide eta portuetako ingeniaritza ikasi zuen Madrileko Goi Eskolan, titulua 1897an lortuz; horrez gain, musikarekiko zaletasun handia izan zuen Luis Zendoiak.
Sierra Menerako Meategi Konpainiako (CMSM) ustiapen zuzendaria izan zen hasieratik, Ojos Negrostik Saguntorako trenbidearen aldez aurreko trazaketa proiektuaren landa-azterketan arituz. Zeregin honetan Eduardo Aburto Uriberekin lan egin zuen estuki, berau ingeniari zuzendari eta Ramon de la Sota enpresari bizkaitar handiaren koinatua zena. Gainera, enpresa horretako obra nagusietaz arduratu zen trenbideaz ez ezik, moila, industria-instalazioak eta baita langileentzako etxebizitzak eta sortu berri zen herriarentzat beste ekipamendu sozial batzuetaz ere. Ekipamendu sozialen artean “Joaquín Gamón” eskola azpimarratzekoa da, Sagunton sortutako enpresa-sustapenerako lehendabiziko ikastetxea.
Aipatutako enpresaren gerentzia eta Ramón de la Sota bizkaitar enpresaburu handia izan ziren ikastetxe proiektuaren bultzatzaileak, antza denez, Sotak berak Zendoia elgoibartarrari, garai hartan enpresako ingeniari nagusiari, eskatuta; izan ere, enpresariaren adiskidetasuna izateaz gain, izen eta ospe ona zuen herrian bizi ziren lehen biztanleen eta langileen artean. Horrela, Puerto Saguntoko langile-auzoko lehen kaleetako batek 1911tik du bere izena, baita Teodor Llorente kalearen eta bere izen-abizena duen kalearen artean egon zen antzokiak ere (Gerra Zibila arte).
Ojos Negros (Teruel) eta Sagunto (Valentzia, 1907) arteko trenbidea eraiki ondoren, Luis Zendoia aukeratu zuten azpiegitura hori zuzentzeko, talde teknikoko kide izan ondoren. Garraiobide hori funtsezkoa izan zen, meatzaldea, itsas portua eta industrialdea lotzen baitzituen. Era berean, Zendoia Nafarroako Herri Lan zuzendaria izan zen.
Bere azken lana 1939 eta 1941 artean egin zuen, erretiroa hartuta eta heriotik gertu zenean, gerra zibilaren ondorioz kaltetutako CMSM trenbidea berreraikiz.
Esaten denez, gorputzez eta arimaz aritu zela bere lanbidean, eta horregatik mantendu zela ezkongabe 61 urte bete zituen arte, 1932ra arte ez baitzen ezkondu, eta orduan Debako neska gazte batekin uztartu zen, 21 urteko Maria Zabaleta deiturakoarekin.
Elgoibarren hil zen 1941eko irailaren 14an, ondorengorik utzi gabe.
Leon (Leonzio) Zengotita Arzuaga “Elgoibarko Txikia” (1892-1945). Pilotaria.
Bataio-agiriaren arabera Leon izena jarri zioten, eta Elgoibarren jaio zen 1892ko otsailaren 18an. Aita Patrizio Zengotita Ormaetxea eta ama Maria Arzuaga Amiano izan ziren.
Zengotita, pilotaren munduan "Elgoibarko Txikia" edo "Pequeño de Elgoibar" ezizenez ezaguna, profesionala izan zen, ez bakarrik eskuz, baita erremontez eta palaz ere, eta hiru modalitateetan nabarmendu zen. Hiru espezialitateetan momentuko pilotari onenen aurka jokatu zuen. Patriziok (pilotari ohi, intendente eta Iruñeko Euskal eskolako zuzendari ohiak) zioen hari buruz erremontez Jesus Abrego baino hobea izan zela; palaz Begoñesi irabazi ziola jokatutako desafio bikoitzan; eta eskuz onenekin jokatzen zuela 15 urte besterik ez zituenean. Leonen anaia, Segundo, (1890-1966), ere oso pilotari ona izan zen, eta anaia (Elgoibarko Txikia) eta Manuel Zabala I-arekin batera Logroñora joan omen ziren erremontean jokatzera.
“Elgoibarko Txikiak” erremontista aritu zen plaza garrantzitsuenetan XX. mendeko bigarren hamarkadan: Donostiako Ategorrietako “Jai-Alai” pilotaleku irekian Arzamendi, Berolegi, “El León Navarro” eta Joshe Irigoyenekin batera; Donostiako Modernoan; Logroñoko Beti-Jaiko frontoian eta Iruñekoan ere, besteak beste.
Azkenik “Elgoibarko Txikiari” buruzko azalpenarekin bukatzeko esan beharra dago, Leon Zengotita pilotalekuetatik kanpo oso bizizalea izan omen zela eta emakume aberats batekin ezkondu omen zela, 1945ean hil zelarik, Elgoibartik landa.
Elgoibarrek “Elgoibarko Txikiaz” gain, lehen mailako pilotari asko eman ditu XIX. mendeko azken laurdenetik egun arte. Eskupilotari nagusien artean honako hauek aipatuko genituzke : Ansola “Txanbolin”, Baltasar, Errezabal I eta Errezabal II (anaia hauek erremonte espezialitatean ere nabarmendu ziren), Gerardo Arriola “Pitxirri”, Manuel Zabala, Kasimiro Zabala, Zelanditarrak, Izetatarrak, Arrien, Gastezi (Txapelduna Olinpiadetan), Sol, Murua II, Gurrutxaga, Fermin, Arriolatarrak, Berdun, Badiolatarrak, Leiaristitarrak eta abar. Era berean, bidezkoa da Elgoibarren jaio ez ziren arren gure herrian sustraiak bota zituzten beste batzuk aipatzea, hala nola Kortabitarte, Etxabe X,...
Aipagarria da, baita ere, elgoibartarren talde handia, zesta-puntako pilotariak izan zirenak eta Europan ez ezik, Amerikan eta, batzuk edo beste, Asian eta Afrikan ere jokatu zutenak. Horien artean: Agirretarrak, Ansolatarrak, Arakistain, Aranburu, Argarate, Arrate, Berasategi, Etxabetarrak, Gabilondo, Garate, Ibarluzea, Intxausti, Iriondotarrak, Irureta, Jauregi, Muguruza, Muruatarrak, Odriozolatarrak, Riaño, Uraintarrak, Uria eta Zubiaurre….
Krisanto Ziaran Aranberri (1866-?). Jesusen Lagundikoa.
Elgoibarren jaio zen 1866ko urriaren 25ean, eta 16 urterekin Jesusen Lagundiko kide egin zen. Durangoko jesuiten ikastetxeko nagusi, hiru Jesuita-Probintzial bururen laguntzaile eta Konpainiako idazkariaren ordezko izan zen. Bere biziaren 25 urte Oñako (Burgos) jesuiten apaiztegian bizi izan zen eta filosofía ikasten ari ziren gazteei erlijio- eta zientzia-heziketa irakasten jardun zuen.
Frai Angel Ziaran. Angel Lesmes Ziaran Aranberri (1869-?). Domingotar ordena erlijiosokoa. Sermolaria.
Elgoibarren jaio zen 1869ko urtarrilaren 30ean, eta gazterik Domingotarren sermoilarien ordenako (Santo Domingo de Guzman, sortzaile) kide egin zen. Oso sermoilari ona omen zen, eta hori egiaztatzeko 1895eko irailaren 10eko “La Vanguardia” egunkarian azaltzen den berari buruzko erreferentzia jaso dugu. Hain zuzen ere, Ziaran fraile elgoibartarrak 26 urterekin, Tortosako katedrala jendez gainezka, hiriko jai nagusien testuinguruan (Cinta Andre Maria, bertako zaindaria), bertako apezpikua eta kanonigoak aurrean zituela sermoi ederra egin omen zuen eta han zeuden eliztarrak hunkitu. Kronikak dio ere oratoria-ospea zuelako ekarri zutela frai Ziaran sermolaria eta, eta ustea gainditu zuela egin zuen sermoi bikainarekin.
Ziaranek predikatu zuen bere jaioterrian ere, San Anton egunean, 1898ko urtarrilaren 17an, gutxienez, eta 20 pezeta ordaindu zion Udalak; alkateak honako hau adieraziz hitzez hitz: : ” …que (kopuru hori) era insuficiente dados sus altos vuelos en la predicación y la justa fama que iba adquiriendo en toda la nación….”
Jose Leon Ziaran Arrillaga (1877-1948). Enpresari aitzindaria.
Makina-erreminta ekoizle aitzindarietako bat izan zen Elgoibarren, Mujika eta bere kideak bezala, hauek 1904tik aurrera. Altzolako Mizpilibarren jaio zen 1877ko ekainaren 28an eta, hango eskolan oinarrizko ikasketak burutu ondoren, 14 urterekin hasi zen Markinara (Bizkaia) joaten, egunero, armagintzan trebatzeko eta, ofizioa ikasi ondoren han egin zuen lan, soldaduskara joan arte. Kuban egin zuen zerbitzu militarra, eta gerra bertaik bertara ezagutu zuen. Soldaduskatik itzultzerakoan Markinan jarraitu zuen, harik eta bere tailer propioa ireki zuen arte San Frantzisko kalean, 1898an.
Ziaranek Kuban, soldaduskan zegoela, Juan Caballero, abokatu donostiarra, ezagutu zuen. Honek lagundu omen zion Belgikara, eta handik ekarri zituen zulatzeko makinak fabrikatzeko planoak. Tomas Zubizarreta medikua eta Juanjo Goiogana bazkideek lagundu zioten lehendaziko empresa txikia martxan ipintzen.
Eulogio Estartarekin elkartu zen 1914an, Ciaran-Estarta empresa hau Estarta eta Ecenarro elkarte anonimoaren aurrekoa da. Ziaranek 1920an utzi zuen Estarta eta Ecenarrorekin (1915ean elkartu zen azken hau) egindako elkartea eta bere empresa proiektu propioa jorratu zuen ondoren San Frantzisko kaleko 28an, eta bertan aritu ostean urte batzuk Urazandiko auzora lekualdatu zuen tailerra, piezak mekanizatzeko eta zulatzeko makinen muntaketarako eraikin berri bat eginez. 1943tik aurrera galdategi bat ere jarri zuen martxan, Etxezuri baserriko Zubizarretaren lurren zati batean eraiki zena, eta, beraz, enpresa berriaren bazkide bihurtu zen.
Ziaran 1948an hil zenean oinordekoek makinak egiteari utzi eta galdategiarekin bakarrik jarraitu zuten, tailer mekanikoko eraikina “Eguzki” empresa egon zen tokira pasa zen hasiera batean, eta “Mupem” egon zenekora geroago. Ciaran enpresak Fucisa izena hartu zuen 1970ean eta Etxebarrian (Bizkaia) kokatu zuten.
Maria Saturnina Ziaran Lizarriturri (1897-1974). Haur hezkuntzako maistra.
Elgoibarren jaio zen 1897ko maiatzaren 20an, eta Agirre plazan zegoen Herri eskolako haur txikien maistra izan zen, 1923tik 1966ra arte, eta aurretik haren ama, “Maria maistria”, izan zen lanpostu berean 19 urtez. Ziurtatu genezake “Señorita Satur” haurrak maitekiro hezitzen aritu zela 43 urtez, eta ikasturte batzuetan 80 haur izan zituela gelan, gainera 1935era arte premiazko oporrik gabe.
Hona hemen haren ikasle izandako Miren Vallejo zenaren hitzak maistrari buruzkoak: Satur izan zan danen ama, umezaiña, maistria... Ikusi bihar zan zenbat papel izan zittuan. Han egoten giñan banko txikixetan jarritta, banko luziak ziran, baiña txikiak, bajuak. Gorputza atzera eta aurrera eragiñez, numeruak, letrak... ikasiaz. Baitta Aita Gurea ere, Aitta guria esaten genduan! Ikasi bai, baiña zer esaten genduan jakin be. (Barren)
Ziaranek jardun zuen eraikina 1892-93 ikasturtean inauguratu zuten herriko eskolak izateko, eta aurretik bertan San Frantzisko komentua (1516-1891) eta eliza haren ondoan (1516-1926an) egona zen.
Pedro Ignazio Zuloeta Aragón. (XVII. mendea). Almirantea.
Pedro Zuloeta Aragón Elgoibarren jaio zela idatzi den arren, ez dago agiririk hori egiaztatzeko, ostera, aita bai, ziurtatu genezake. Horrela bada, Sevillan jaioko zen 1646an edo, ziur aski, eta han bizi izan zen. Zuloeta itsasgizona izan baitzen, eta almirantea izatera iritsi, baita Santiagoren ordenako zaldun titulua ere lortu zuen. Sevillan bertako Errege Mintegiko bigarren diputatua izan zen 1699 eta 1700 artean.
Merkataritzara ere bideratu behar izan zen, Sevillako Kontratazio Etxeko dokumentu batean Pedro Ignacio de Zuloetak 1675eko uztailaren 7an Caracasera joateko, Nueva España probintziara, 200.000 marabedi baino gehiago inportatzen zituzten hainbat salgairekin, eskatutako lizentziaren berri eman baitziguten. Eskaera horretan, haren ezaugarri pertsonalak aipatzen dira: 29 urte ditu, argala da, aurpegi zuria du, okaztagarria da, baztangaz eta ile kementsuz hornitua dago, ezkongabea da eta ez du ezkontzeko asmorik, eta Indietara (Ameriketara) nabigatzeko ez dago debekatutako pertsonen artean.
Zuloeta Aragonek Elgoibarrekiko loturari eutsi zion, eta 1694ko irailaren 29an udalean irakurri zen jaun horrek igorritako gutuna, eliza berrirako limosna bat emango zuela aginduz. Izan ere, Kontzejuak, aurreko urtearen hasieran, "Indietako Erresuman" eta kanpoan bizi ziren herriko semeei idaztea erabaki zuen, Kalegoen eliza berriko eraikuntzari jarraipena emateko dirua eskatzeko. Izan ere, San Bartolome parrokia berria izango zenaren obrarekin jarraitzeko asmo sendoa hartu baitzuten, berrogeita zazpi urte lehenago hasitako proiektuari bultzada berezia emanez.
Aipatu behar dugu, beste elgoibartar batzuek ere egin zutela ekarpena helburu berberarekin, hona hemen batzuk: Frantzisko Arano, Sevillatik; Migel Lili, kapitaina; Juan Zuloeta, kapitaina; Paskoal Sagastizabal, kapitaina; Frantzisko Hemasabel, Caracasetik; Joan Bautista Retana, Nueva Españatik (Mexiko eta EEBBetako estatu batzuek osatu zuten aipatutako lurraldea); eta Nikolas Zakarias Garate, Indietatik (Amerika).