Elgoibarko Udalak bat egiten du AEAren (Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren) Munduko Egunarekin eta Aita Agirre kulturguneko eta Udaleko estalpeak berdez argiztatuko dira, ostiralean, ekainak 21.
Alboko esklerosi amiotrofikoa (A.E.A.) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun bat da, eta neurona motorren endekapen progresiboa du ezaugarri. Ondorioa muskulu-ahultasuna da, eta paralisiraino egiten du aurrera, gorputz-eremu batzuetatik beste batzuetara zabalduz. Autonomia motorra, ahozko komunikazioa, irensketa eta arnasketa mehatxatzen ditu, baina zentzumenak, adimenak eta begietako muskuluek bere horretan diraute. Pazienteak gero eta laguntza gehiago behar du eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, nahiz eta bilakaera desberdina izan kasu bakoitzean.