Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagarekin bildu da, udalerriko mugikortasunari buruzko gaiak jorratzeko eta erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko

  • Bi erakundeek gai hauek jorratu dituzte: Elgoibarko ikasleen mugikortasuna, autobus-geltokietan informazio-pantailak jartzea eta hiriko autobus-zerbitzua handitzea eta Mugi sisteman sartzeko aukera.
  • Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: “Egunero egiten dugu lan garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko, eta, horretarako, udalekin batera lan egin behar dugu, haiek baitira beren bizilagunen beharrak zuzenean ezagutzen dituztenak. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik, egiten dizkiguten eskaerak aztertzen jarraituko dugu gero eta pertsona gehiagok garraio publikoa erabil dezaten. Ezin dugu ahaztu Gipuzkoan jende askok ez duela ibilgailu pribaturik eta, beraz, mugitzeko modu bakarra garraio publikoa dela. Gure ustez, garraio publiko eroso, seguru, irisgarri, lehiakor eta jasangarri batekin bakarrik egin ahal izango dugu aurrera Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baten eraikuntzan”.
  • Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea: “funtsezkoa da mugikortasuna hobetzea, herritarren ongizatea bermatzeko.  Ekimen horiek garraio publikoaren kalitatea hobetuko dute, Elgoibar irisgarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Udalak Aldundiarekin lanean jarraituko du hobekuntza horiek errealitate bihurtzeko”.

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, udalerriari eragiten dioten mugikortasun-gaiak jorratzeko eta bi erakundeen arteko lankidetza-bidean aurrera egiteko bildu dira.
Bi erakundeetako ordezkariek datorren ikasturtearen hasieran, eta iaz egin zen bezala, Elgoibar eta Donostia lotzen dituen Lurraldebus zerbitzua indartzeko aukerari heldu diote. Ildo horretan, alkateak Udalak aurreikusten dituen beharrak helarazteko konpromisoa hartu du, eta diputatua, erabiltzaileen eskariak hala adierazten badu zerbitzua indartzeko prest agertu da

Bestalde, bi erakundeetako ordezkariek Ziztu unibertsitate-elkarteari buruz hitz egin dute. Elkarte horrek Gipuzkoako hainbat herritako (Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia, Getaria eta Mendaro) unibertsitateko ikasleak Bizkaiko unibertsitate-campusetara eramaten ditu egunero. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren inplikazioari esker, Ziztuk Mugin integratuta balego izango lukeen antzeko kostuarekin ematen du zerbitzua, eta, beraz, Elgoibarko bizilagunen batek elkartzeko interesa badu, elkartearekin harremanetan jar daiteke www.ziztuelkartea.eus orriaren edo ziztuelkartea@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.

Lurraldebuseko geltokietan informazio-panelak jartzeari dagokionez, alkateak azaldu du hirigunean egiten ari diren zenbait obra direla eta, geltoki batzuk lekuz aldatu direla behin-behinean. Hala ere, beren ohiko kokalekua berreskuratzen dutenean, Udalak eskaera helaraziko dio departamentuari.

Azkenik, alkateak azaldu du Udala bere mugikortasun-plana prestatzen ari dela, gaur egun hiri-autobusak ematen duen zerbitzua handitzeko eta herriko auzoen arteko lotura hobetzeko. Zentzu horretan, Azahara Domínguezek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariordea ere badenak, hiri-zerbitzu hori Mugin integratzeko laguntza emateko konpromisoa hartu du, Gipuzkoako beste udalerri batzuekin egiten duen bezala.

“Egunero egiten dugu lan garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko, eta, horretarako, udalekin batera lan egin behar dugu, haiek baitira beren bizilagunen beharrak zuzenean ezagutzen dituztenak”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak, eta bere departamentuak “helarazten zaizkigun eskaerak aztertzen jarraituko du, gero eta pertsona gehiagok erabil dezaten garraio publikoa joan-etorriak egiteko garraio publikoa erabil dezaten”, esan du. “Ezin dugu ahaztu Gipuzkoan jende askok ez duela ibilgailu pribaturik eta, beraz, mugitzeko modu bakarra garraio publikoa dela. Garraio publiko eroso, seguru, irisgarri, lehiakor eta jasangarri batekin bakarrik egin ahal izango dugula aurrera Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baten eraikuntzan uste dugu”, amaitu du.

Bestalde, Maialen Gurrutxaga alkateak adierazi duenez, “Elgoibarko Udaletik uste dugu funtsezkoa dela gure udalerriko mugikortasuna hobetzea, gure herritarren ongizatea bermatzeko.  Ekimen horiek garraio publikoaren kalitatea hobetzeaz gain, gizarte-kohesio handiagoa eta Elgoibar irisgarriagoa eta jasangarriagoa lortzen lagunduko dute. Aldundiarekin batera lanean jarraituko dugu, gure herritarrentzat hain onuragarriak izango diren hobekuntza horiek errealitate bihurtzeko”.