LILA sariaren hirugarren edizioa hasi da

  • Hautagai-zerrendak uztailaren 12ra arte egongo dira zabalik, eta https://labur.eus/lilasaria2024 estekaren bidez bidal daitezke, edo Aita Agirre kulturguneko sarreran dagoen hautestontzian bertan utz daitezke.

Elgoibarko Udalak eta Lilak Lila Sariaren hirugarren edizioa jarri dute abian. Sari horren bidez, udalerrian emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu eta/edo nabarmendu diren pertsona eta/edo erakundeek egindako lana publikoki aintzatesten da.

Sari honek Elgoibarko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturalean egindako ahaleginak nabarmendu nahi ditu. Udalerriko edozein erakundek edo pertsona fisikok aurkez ditzake hautagaitzak.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 12ra arte egongo da zabalik. Proposamenak esteka honen bidez bidal daitezke: https://labur.eus/lilasaria2024 edo aurrez aurre utzi Aita Agirre kulturguneko sarreran dagoen kutxan.

Epaimahaia Lilaren Mahaiko hiru kidek, Berdintasun saileko teknikariak, Berdintasun arloko arduradunak eta alkateak osatuko dute. Garaikurra eta 500 euroko sari bat emango dira, eta ekitaldi publiko batean banatuko dira Lila Emakumeen Etxearen urteurrenaren astean, irailaren 19an.

Elgoibarko Udalak eta Lilako Mahaiak herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera eta beren hautagaitzak aurkeztera, genero berdintasunaren aldeko borrokan egindako ahalegina aitortzeko.

Lehen Lila Sariak SANLO Eskubaloi Taldea saritu zuen emakumeen kirola sustatzeko egindako lanagatik. Eta bigarren Lila Sariak, Itziar Ajuria Elgoibarko Ikastolako lehen andereñoa omendu zuen, hil ondoren.