- Arauaren helburua da ibilgailuak aparkatzeko erregulazio bat ezartzea, aparkatzeko denbora mugatuz aparkalekuaren txandaketa errazteko. Gune horietan aparkatzea doakoa izaten jarraituko du.
- Elgoibartarrek, erakundeek eta elkarteek 2024ko ekainaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren iritziak eta iradokizunak.
Elgoibarko Udalak Aparkalekuen Ordenantza hobetzeko prozesu parte-hartzailea jarri du martxan. Arauaren helburua da ibilgailuak aparkatzeko erregulazio berri bat ezartzea, egungo beharrei behar bezala erantzuteko, jada ezarrita dauden eremuak islatzeko eta aparkatzeko denbora mugatuz aparkalekuaren txandaketa errazteko. Hori guztia, egungo doako sistemari eutsiz. Hainbat aukera aurreikusten dira, hala nola ordutegi-muga desberdina duten eremuak seinaleztatzea, jarduera ekonomikoagatik bereizgarriak emateko aukera, ez-betetzeagatiko zehapen-araubidea eta beste alderdi garrantzitsu batzuk.
Kontsulta 2024ko ekainaren 4ra arte egongo da zabalik. Epe horretan, behar bezala identifikatutako herritarrek, erakundeek eta elkarteek beren iritziak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzeko bide hauen bidez: Iritziak eta iradokizunak partaidetza@elgoibar.eus helbide elektronikora bidal daitezke. Gainera, ekarpenak Elgoibarko Udaleko Erregistro Orokorrean ere aurkez daitezke, Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuan (HAZ), Santa Ana kaleko 2. zenbakian.
Kontsulta honen helburu nagusia da elgoibartarrek ordenantza berriarekin konpondu nahi diren arazoei buruz dituzten iritziak jasotzea, bai eta horiek onartzeko beharra eta egokitasuna, lortu nahi diren helburuak, eta izan daitezkeen irtenbide erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak ere. Kontsulta publiko honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Elgoibarko Udalaren webgunean dagoen informazio-dokumentua kontsultatu dezakete.