- Eguzki-argien sistema berria martxan dago jada, herritarren segurtasuna eta erosotasuna hobetuz, irtenbide eraginkor eta iraunkor batekin.
Elgoibarko Udalak abian jarri du Arriaga industrialdean eta Arriagako autobus geltokian eguzki-farolak instalatzeko proiektua. Ekimena maiatzaren hasieran hasi zen, eta dagoeneko martxan dago, Arriagako aparkalekuan eta autobus geltokian argiztapen eraginkorra eta iraunkorra eskainiz.
Proiektu pilotuak lau eguzki-farola autosufiziente instalatzea barne hartu du, estrategikoki kokatuta, argiztapenik eta hornidura elektrikorik gabeko eremuetan argiztapen optimoa eskaintzeko. Sistema berri horrekin, nabarmen hobetzen da inguru horretatik dabiltzan herritarren segurtasuna eta erosotasuna, batez ere Arriagako enpresetara doazenena.
Eguzki-energia erabiltzean iraunkortasun-estandar altuak betetzeaz gain, energia-kontsumoa eta karbono-isurketak murrizten laguntzen du proiektuak. Eguzki-farolek ematen duten argiztapena guztiz jasangarria da, energia-kontsumo nulua du eta ia ez dago mantenimendurik, eta horrek kostuak eta kontserbaziorako beharrezko baliabideak murrizten ditu.
Elgoibarko Udalak, garapen jasangarria eta udalerriko bizi-kalitatearen etengabeko hobekuntza sustatzen duten proiektuak ezarriz herritarren ongizatearekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa berresten du.