Elgoibarrek LGTBI+fobiaren aurkako politikekiko konpromisoa berresten du eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko ekimenak sustatzen ditu.
1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua da sexu-orientazioa, genero adierazpen eta identitatea gure gizartean ematen den aniztasunaren parte bat dela onartzen hasteko. Duela hamarkada bat baino gehiagotik, beraz, maiatzaren 17a da LGTBI+ pertsonen kontra (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta inter sexualak) zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.
1990. urtetik eta gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez hiritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexu-orientazioa edo generoa edozein direla ere, eta gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGTBI+ pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Gizarteak ere egin du aurrera zentzu honetan, eta gaur esan genezake gero eta espazio sozial gehiago ditugula non pertsona bakoitzak gure sexualitatea eta generoa bizitzeko aukera askatasun osoz bizi eta adieraz ditzakegun.
Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGTBI+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal gizarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurriritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenek eta gorrotoek bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan.
LGTBI+ pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak, beren sexu, genero adierazpen, orientazio sexual edo genero-identitatea ezkutatu beharra ikusten dutenak (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira), eta gure hirietako espazio publikoetan ematen ari den LGTBI+ fobia salaketen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-orientazio, sexu identitate edo genero-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.
LGTBI+ fobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egingo den ahalegin bakoitza aurrerapauso bat da gero eta gizarte inklusiboagoa eraikitzeko, jarrera baztertzaileak baztertuko dituen gizartea, bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta eraikiko dena. Azken urteetan LGTBI+ fobia kasuen salaketak areagotu egin dira, eta hau, batez ere LGTBI+ mugimenduak egindako kontzientziazio eta salaketa lanari esker izan da.
Elgoibarko Udalaren helburua izan da beti sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzeko politikak garatzea; eta horretarako, hainbat ekimen jarri dira abian, hala nola LGTBI+ kolektibokoak diren herriko hainbat bizilagunen bizipenak jasotzen dituen liburua sortzea. Gure ustetan, inguruko errealitateak ikusaraztea beharrezkoa da herritarrak kontzientziatzeko. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak BERDINDU zerbitzua sortu zuen, LGTBI+ kolektiboari eta bere inguru osoari laguntzeko. Zerbitzu horen helburu nagusia da euskal hiritar guztien berdintasuna bermatzea, gizabanako ororen sexu- orientazioa eta generoa edozein direla ere, bai eta diskriminaziozko jarrerak ezabatuko dituen gizartea eraikitzeko oinarriak finkatzea ere.
Elgoibarko Udalak pertsona guztien eskubideak defendatzeko etababesaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako neurriak herri politiketan txertatzeko ahaleginean jarraituko du. Lanean jarraituko dugu tratu berdintasunerako, errespeturako eta aniztasunerako jarduerak bideratzeko, eta horretarako, honako ekintza hauek egingo ditugu:
- Kultura programazioetan LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna eta lanketa abian jartzea.
- Ikastetxeetan identifikatzen diren jazarpen LGTBI+fobikoak artatzen jarraitzea.
- Elgoibarko Udalaren indarkeria matxista kasuen arreta protokoloa eguneratzean, LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoei erantzuteko begiradarekin ere lantzeko konpromisoa hartzea.Udaleko protokolo hau gure herriko talde feministekin eta LGTBI+ kolektiboekin bateratzeko konpromisoa hartzea.LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna lantzeko proposamenean,
- LGTBI+ pertsonen zahartzaroa ere txertatzeko konpromisoa hartzea.
- Prestakuntza-programak ezartzea eta maskulinitateari buruzko kontzientziazio-kanpainak antolatzea.
Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.
Gizartearen aniztasuna gure indarra da, bai eta defendatu eta babestu behar dugun balorea ere.