Elgoibarko Udalak dirulaguntza lerroa zabaldu du herrian euskara sustatzeko jarduerak burutzeko

  • Elgoibarko Udalak 16.000 euro onartu ditu euskara sustatzeko dirulaguntzetan, euskara eta euskal kultura zaintzeko konpromisoa nabarmenduz.

 

2024ko martxoaren 18an egindako azken udalbatzan, Elgoibarko Udalak aho batez onartu zituen udalerrian euskara sustatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak. Erabakiak Udalak euskal kulturarekin eta euskararekin duen etengabeko konpromisoa islatzen du, eta guztira 16.000 euro onartu ditu, hainbat testuingurutan euskararen erabilera sustatzeko partikularrei zein enpresei emango zaizkien dirulaguntzetan.

 

Hauek dira 2024 an egongo diren dirulaguntzak:

  • Elgoibarko Udal Euskaltegia ez den barnetegi edo euskaltegi batean euskara ikasteko dirulaguntzak.
  • Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako ikastaroak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta HIK HASIk euskaraz antolatutako udako ikastaroak eta euskarazko aisialdiko begirale edo zuzendari titulu ofiziala lortzeko antolatutako ikastaroak egiteko dirulaguntzak.
  • Identifikazio-errotulua euskaraz bakarrik jartzeko eta/edo establezimenduaren irudi korporatiboa euskaraz edo ele bitan jartzeko dirulaguntzak.
  • Elgoibarko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak.
  • Gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitea saritzeko dirulaguntzak.

 

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak, euskara arlo zinegotziarekin batera, ekimen hauek euskararen erabilera eta ezagutza indartzeko duten garrantzia azpimarratu du, “horrelako ekintzak gure hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko ezinbestekoak” direla ziurtatuz.

Udalak dei egiten die Elgoibarko herritar eta enpresa guztiei deialdi honetan parte har dezaten, udalerriko kultura aberasten eta ondare baliotsuenetako bat zaintzen lagunduz.