- Familia erromeria maiatzaren 3an Azkueko zelaian izango da.
- Ekitaldiak haurrentzako jolasak, musika eta dantza izango ditu, eta zelaian bertan egingo den afari batekin amaituko da.
Ostiral honetan, maiatzak 3, 17:30etik aurrera, familientzako erromeria izango da Azkue (San Roke) auzoko zelaian, Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleen topagunea elkarteak lankidetzan garatzen duten familien transmisiorako programaren baitan.
Ekitaldi hau Udal ludotekak, Atxutxiamaikak eta Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatu dute, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin elkarlanean. Horrez gain, Azkue (San Roke) auzoko elkartearen laguntza jaso dute ekitaldia antolatu ahal izateko.
Maiatzaren 3an, ostirala, arratsaldeko 17:30ean emango zaio hasiera ekitaldiari. Jolasgune bat izango da bertan, eta umeek eta familiek material ezberdinekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera izango dute.
18:30ak aldera, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako umeen erromeria egingo da, eta musikariek jotzen duten musika dantzatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Ondoren, Inguma taldeak eskainitako erromeria gidatua izango da, eta Haritz Euskal Dantzari Taldearekin batera, dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera izango dute animatzen diren guztiek.
Ekitaldiari bukaera emateko, azkenik, bertaratzen direnek zelaian bertan afaltzeko aukera izango dute etxetik ekarritako janariarekin. Horretarako, manta bat ekartzea gomendatzen dute antolatzaileek.