Laburbira, euskarazko laburmetraien zirkuitua, datorren asteazkenean Elgoibarren zortzi film laburrekin

  • Emanaldia apirilaren 24an, asteazkena, izango da 21:00etan Herriko Antzokian, eta sarrera doan izango da.

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Ongarri zineklubak antolaturik, Laburbira euskarazko laburmetraien zirkuituaren baitan, euskarazko zortzi film eskainiko dira apirilaren 24an, asteazkena, 21:00etan, Elgoibarko Herriko Antzokian.

Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da, Euskaltzaleen Topagunea elkarteak sortu eta ekoitzitako egitasmoa, eta herriz herri ibiliko da Euskal Herrian barna hilabetez, apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean. Zirkuitu honek bi helburu ditu, alde batetik, euskal zinemagintza bultzatzea, eta bestetik, arlo honetan diharduten zinemagileei haien lanak jendaurrean zabaltzeko aukera eman eta herritarrei euskaraz sortutako filmak ikusteko aukera eskaintzea. Gaur egungo zinemagintzaren erakusgarri aparta da film laburren sorta hau, eta gure sortzaileen lanaz gozatzeko aukera ematen die herritarrei.

Aurtengo edizioa XXI.a izango da, eta bertan, besteak beste, Jone Arriola elgoibartarraren “Dena asmatuta dago” film laburra ikusteko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek.

Aurtengo ediziora 22 lan aurkeztu dira, eta horietatik, 8 aukeratu dira herriz herri emateko. Horiek horrela, 2024ko Laburbirak 37 herritan egingo du geldialdia. Denetako lanak ikusi ahal izango dira, edukiz nahiz estiloz, eta horietako asko jada zenbait jaialditan saritutako lanak dira.

Hona hemen, egun horretan, emango diren filmak:

  • BABESA (Zuzendaritza: Ander Iruretagoyena). Aratz, film honetako pertsonaia nagusia prostitutua da. Migel ezagutzean are gehiago nahaspilatuko da bere bizimodua.
  • DENA ASMATUTA DAGO (Zuzendaritza: Jone Arriola). Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar Lurrek eta Martinek, baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Dena asmatuta badago, beraien artekoa zer da?
  • KATALINAREN ZORIA (Zuzendaritza: Guillermo Ordás). Gerra latz baten erdian biziraun nahian, bere kemen eta indar guztia baliatu beharko du Katalinak onik ateratzeko.
  • ERRO (Zuzendaritza: Amaia Lejarreta). Bodypaint-a eta dantza bertikala uztartuz, bizitzaren zikloa irudikatzen du Amaia Lejarretak irudi zoragarriekin ondutako lan ikusgarri honetan.
  • MUNDU BERRI BAT (Zuzendaritza: Mikel Alvarez). Apokalipsi zonbiak hartu du mundua. Filmeko protagonista, kutsatuta, bere buruaz beste egiteko zorian dago. Zorionez, sendagaia aurkitu dute. Mundu berri bat du orain aurretik, edo ez?
  • ZIRRARA (Zuzendaritza: Ane Cuesta) Neskato gazte bat bere gorputza deskubritzen hasi da bat batean. Uste baino buruhauste handiagoak ekarriko dizkio deskubrimendu horrek…
  • TALKAK (Zuzendaritza: Ilune Diaz eta Jordi Nuet). Krisian dagoen bikote batek, bere arazoak amen batean konponduko dituen ezusteko talka-terapia perfektua aurkituko du jolas-azoka batean.
  • BETIZU BURU (Zuzendaritza: Kim Maiteny). Mirenek eta Manuk baserri bat hartu dute asteburua pasatu eta elkarren arteko harremana hobetzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar eta bailarako kondairak dio zintzarri bat dela zapaltzaileek entzuten duten azken hotsa.

 

Aurtengo edizioan, berrikuntza gisa, ikusleek laburmetraia hoberena zein den aukeratu ahal izango dute, eta horretarako, bozka-orri bat izango dute eskura, saioa hasi aurretik, Herriko Antzokiko sarreran.