Elgoibarrek Kultur Etxearen eta Urazandi auzoaren arteko oinezkoentzako pasabidea hobetu du, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko

  • Zoladura berritu da eta argiztapen berria jarri da, eremuan ikuspen handiagoa bermatzeko.
  • Helburua oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea da, King Kongeko zubiaren obraren bigarren fasea eta horrek eragin ditzakeen oinezkoentzako zirkulazio-mozketak laster hasiko baitira.

King Kongeko zubiaren irisgarritasuna hobetzeko obrak erritmo onean doaz aurrera. Bigarren fasea hastear dagoenez eta zubian oinezkoen zirkulazioa eten daitekeenez, Udalak Kultur Etxearen eta Urazandi auzoaren arteko oinezkoentzako pasabidea berritu eta hobetu du. Hobekuntzetako bat, zoladura berritzea izan da, oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeari lehentasuna emanez. Era berean, argiztapen berria jarri da, eremuan ikuspen handiagoa bermatzeko.

Ekintza hauen helburu nagusia elgoibartarren ongizaterako eta erosotasunerako hiri-azpiegitura hobetzea da.

 

Proiektuaren bigarren fasea

Lehen fasea abian dela, eta obren amaiera ekainerako aurreikusita, proiektuaren bigarren fasean aurrera egingo da orain. Martxoaren 1ean ireki zen proiektuaren bigarren fasearen lizitazio epea, Urazandi auzoaren eta San Frantzisko kalearen arteko irisgarritasun eta konexio beharrei erantzuteko helburua duena.

Esleipen-prozedurari buruzko informazio guztia, baita lizitazio-prozesuari buruzko xehetasun osagarriak ere, Elgoibarko Udaleko kontratatzailearen profilean kontsulta daitezke. Proposamenak aurkezteko epea datorren martxoaren 27an amaituko da.