- Aurtengo edizioa otsailaren 28an, 29an, eta martxoaren 1ean izango da SD Eibarren Ipuruako aparkalekuan eta irekita egongo da interesa duen edonorentzat.
- Aurreko urteetan bezala, 700 ikasle pasako dira azokak irauten duen egunetan.
Ireki berri ditu ateak Lanbide Heziketako VI. #ABIAN Azokak. Hurrengo hiru egunetan, eskualdeko formakuntza profesionaleko ikasketen inguruan informazioa nahi duen oro Ipuruako aparkalekura gerturatu ahal izango da. Bertan, Debabarrenean prestakuntza profesionala eskaintzen duten zentroek xehetasun guztiak emango dituzte horretarako muntatu dituzten standetan. Guztira bederatzi ikastetxek hartu dute parte aurtengoan: Armeria eskolak, Uni Eibar-Ermuak, IMH Campusek, Kardala Akuakulturak, Meka Lanbide Eskolak, Mutrikuko Institutuak, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Ikastetxeak, Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Ikastetxeak eta Debabarreneko EHU/UPVren Eskolak (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Eibarko atala eta Ingeniaritza Dualaren Eskola IMH Campus).
Azoka irekita egongo da asteazkenean eta ostegunean goizeko 10etatik 14etara eta 16etatik 18etara eta ostiralean goizeko 10etatik 14etara eta antolatzaileak interesa duen edonor gerturatzeko deialdia egiten dute. Aukera paregabea da bere etorkizuna erabaki behar duen edonorentzat, izan ere, eskualdeko eskaintza formatibo guztia toki berean dagoen lehen aldia da aurtengoa.
Unibertsitateen parte-hartzea lehenengo aldiz
ABIAN Azoka bi urtetik behin ospatzen da, eskualdeko prestakuntza-eskaintza profesional zabala ezagutarazteko helburuarekin. Debabarreneko zortzi udalek, Debegesa Garapen Agentziarekin elkarlanean, eta eskualdeko formakuntza profesionaleko ikastetxeek antolatzen dute, SD Eibar Fundazioaren laguntzarekin, espazioak uzteaz gain, beti babestu izan du ABIAN Azoka.
Aurten, berrikuntza gisa, lehenengo aldiz eskualdeko unibertsitateko prestakuntza-eskaintza ere eskura izango da, zehazki, EHUk Eibarren (Gipuzkoako Ingenieritza Eskola Eibarko atala) eta Elgoibarren (Ingeniaritza Dualaren Eskola IMH Campus) dituen ingeniaritza-graduak. Lehen, azoka Lanbide Heziketan bakarrik zentratzen bazen ere (horra hor izenaren arrazoia), orain, ikasketa guztiak ibilbide beraren zati ezberdinak direla kontuan izanda eta denek ikasleak lan-mundurako prestatzea dutela helburu, Debabarrenean eskaintzen diren unibertsitate-graduak gehitu eta azoka bisitatzen duten pertsonentzat eskaintza zabaltzea erabaki da. Eta hain zuzen ere hori da EHUko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko errektoreordea den Fernando Tapiak nabarmendu duena gaur goizeko irekiera ekitaldian, “paradigma aldaketa beharrezkoa da, unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren ikuspegi dualista eta hierarkikoa gaindituko duen aldaketa eta bi hezkuntza eremuen ikuspegi integratzaile eta osagarriaren aldekoa”. Kepa Altubek, Ikaslan Gipuzkoako Kudeatzaile eta koordinatzaileak, bere aldetik azaldu du badabilela denbora bat elkarlanean hezkuntza ibilbide bateratua lantzen eta laster ikusiko direla elkarlan horren fruituak.
Inaugurazio ekitaldia
Ipuruako prentsa-aretoan bildu dira antolatzaileak (bederatzi zentroak eta Debegesa), azoka aurrera ateratzen lagundu duten enpresa-babesleak (HRE, Danobat Group, Urkotronik, EPC, Sitab, CodeSyntax eta Sabadell Guipuzcoano) eta Debabarreneko zortzi udaletako ordezkariak. Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak eta Debegesako presidenteak, azpimarratu du “eskualdeko formakuntza ezagutzera emateko ABIAN bezalako topaketen garrantzia azpimarratu; onura horien artean daude: lan merkatura egokitutako titulazio berrien etengabeko sorrera eta eguneraketa, Lanbide Heziketa ikasteko sarbide ezberdinak eta Lanbide Heziketako titulazio eta unibertsitate graduen arteko zubiak, Lanbide Heziketa- eta Gradu-Dualak, ikasleen prestakuntza prozesuan enpresak ere gehituz, edota ekintzailetzaren sustapena.” Hitza hartu dute baita ere Mikel Larrañagak, SD Eibar Fundazioko presidenteordeak, eta Eibarko alkatea den Jon Iraolak.