- Gurasoek HAZen jasoko dute Udalak transmisiorako prestatu duen material guztia, haurra erroldatzera joaten direnean.
Haur jaio berrien gurasoek euskararen transmisioan duten zeregin garrantzitsua kontuan izanik, Elgoibarko Udalak laguntza eskaini nahi die seme-alaben heziketa lanetan. Horrela bada, Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenaren baitan, gurasoei zuzenduriko Oinarrizko Hazi Hezi liburuxka berria banatuko die Udalak haur jaio berria erroldatzen dutenei
Horretaz gain, Udalari esker, Hazi Hezi aldizkariaren urtebeteko harpidetza (4 zenbaki) doan eskuratzeko aukera ere izango dute. Aldizkari horrek hezkuntzaren eta heziketaren arloak jorratzen ditu euskaraz, eta berrikuntza pedagogikoen eta esperientzia onen berri ematea du xede.
Bestalde, gurasoek hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz jabeturik, Udalak urteak daramatza haurra izan berri duten gurasoei zuzenduriko transmisio kanpaina antolatzen, zeregin horretan laguntzeko; izan ere, etxetik hasten da euskara belaunaldiz belaunaldi zabaltzen. Kanpaina horren baitan, lau euskarri erabiliko ditu Udalak aurten:
-
- Gutuna: haur jaioberriarengatik zorionak emateko eta euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua emateko. Udalak, bidenabar, euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituela gogorarazten die gurasoei, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordaintzen baitute euskaltegietan.
- Esku-orria: gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu dira: lehenengoa, guraso euskaldunei zuzendutakoa; bigarrena, guraso erdaldunei zuzendutakoa; eta hirugarrena, guraso mistoei zuzendutakoa.
- Hazi Hezi aldizkariaren bilduma berezia, eta urtebeteko harpidetza doan.
- Kanta-jolasen USBa.
Gurasoek HAZen jasoko dute Udalak transmisiorako prestatu duen material guztia, haurra erroldatzera joaten direnean.