Kokalekua

Elgoibar

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa
Barruti Judiziala: Bergara.
Eskualdea: Debabarrena.

Hedadura: 39´2 kms2
Kokapena: Ekialdeko Long. 1º 18´40" Iparraldeko Latit. 43º 12´34".

Mugak: Iparraldean, Mendaro; hegoaldean, Bergara eta Soraluze;
ekialdean, Azkoitia eta mendebaldean, Eibar eta Etxebarria.

Orografia: Elgoibarrek Gipuzkoako mendebaldea hartzen du, Deba ibaiaren ahotik 13 kilometrora dago, eta Bizkaiarekin muga egiten du. Deba ibarreko hiribildu hau mendi malkartsuz inguratuta dago. Eremu ozeaniarrean kokatuta dagoenez, berezko landaretzak gehienbat haritzondo, pagondo, lizarrondo eta hurrondoz osatua beharko lukeena, gurean, ordea, espezie horiek (frondosak) urrituz eta bakanduz joan ziren aspalditik eta espezie aloktonoak (pinua, eukaliptoa, etabar) nagusitu dira gure paisajean. Horrela, Muskiritzu dugu eremu bakarrena pagadia duguna, espezie aloktonoekin tartekatuta.

Elgoibar mendiz inguratuz gero, honako ibilbide hau egingo dugu: Elgoibar (irteera), Maltzaga, Aginaga (Elgoibar-Soraluzeren banalerroa), Arpoto iturria (1934ean Eibar kirol Taldeak eraikia), Karakate (742 m.), Atxolin (841 m.), Irukurutzeta (895 m.), Azkarate mendatea, Urnobitza (643 m.), Madarizurieta (baserria), Altzola-Beraseta (baserria), Altzola, Beoin (baserria), Ziarda-mendi, Urkaregi, Morkaiko (520 m.), Iru-Iturri, Kalamua (772 m.), Garaigoitxi lautada, Armazio, Aubixa, Saturioko zentrala (Elgoibar eta Eibarren arteko banalerroa), Elgoibar (helmuga, Kalegoen plazan).

Hidrografia: Harro hidrografikoa ibai nagusiak eta honen ibaiadarrek osatzen dute. Gurean Deba ibaiak (58 km.) hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du herria eta berarengana doazen errekek osatzen dute sarea. Erdialdean hirigunea kokatzen da, baita Arriaga behekoaldea eta Altzola auzoak ere. Eskuin aldetik Ugarroa, Ermuaran, Urruzuno eta Apraiz errekastoak hartzen ditu Deba ibaiak, eta ezkerraldetik, Saturio, Aiastia, Talaia eta Beoin errekastoak. Errekastoek honako bailara hauek eratzen dituzte: Azkue (San Roke), Sallobente-Ermuaran, Urruzuno, Arriaga, Idotorbe (San Pedro) eta Aiastia (San Migel).

Biztanleria: Elgoibarrek Eibarrekin batera, biak Debarrenako eskualdean, Gipuzkoako hiri aglomeraziorik handienetakoa du. Gure hiribilduko demografia historikoari erreparatuz eta J. Elorza eta P. Arrietak idatzitako bibliografía kontsultatu ondoren, XVIII. mendeko ia azken laurdenetik XX. mendeko laugarren hamarkadara arteko datu hauek aukeratu ditugu gure udalerriari dagokionez: 3.000 biztanle, 1771n; 2.992, 1802an; eta 3.014, 1822an, 3014. 1819an xehetasun interesgarriak ageri dira, hain zuzen, elgoibartarrak nola zeuden banatuta espazioan jakiteko: hiri kaskoan 774, baserrietan 1.132 eta Altzola eta Mendaron 351. 3.238 biztanle ziren 1860an; 4.317, 1900ean; 4.596 (Kaskoan 1775, Altzolan 421, Mendaron 546, Aiastia (San Migelen) 494, Idotorbe (San Pedron) 500 eta Sallobente-Ermuaranen 488), 1910ean; 4.863, 1920an; 5.329, 1930ean; 5.416 (kaskoan 2.409 eta auzoetan 3.007), 1935ean eta 5.683, 1940an.

XX. mendearen erdialdean udalerriak hazkunde handia izan zuen: Adibidez, 1945etik (6.045) 1950era (6.913) 868 lagun gehiago ziren eta 1952tik (7.137) 1955era (8.470) 1.333 gehiago, eta 1983ra arte hazten joan zen gure herria. Hazkunde handienak honako urte hauetan izan ziren: 1961etik (11.053) 1962ra arte (11.366) 313, 1962tik 1963ra 409, 1963tik 1964ra 389 eta 1964tik 1965era 346. Bi arrazoi nagusi izan zen horretarako, alde batetik, etorkinak erakarri zituen Elgoibarko industri garapen handiak eta “baby boom-ak”, jaiotze-tasa handia izan baitzen garai honetan, alegia.

1979an izan zuen Elgoibarrek biztanle gehien, 14.450, eta handik aurrera joera aldatuko da. Berezia izan zen 1983tik (13.916) 1984ra (12.798) arteko jaitsiera, 1.118 biztanle galdu zituenekoa Garagartza eta Mendaro-zabal auzoak dexaneosionatu baitziren, Mendaro udalerria sortu zenean. Harrezkero galerekin ere jarraitu zen 2005era arte (10.538), ondoren biztanleria berreskuratzen joan zen, eta 2021ean 11.464 biztanle zituen. Jaitsieraren arrazoiak bi aipatu nituzke labur-labur: Jaiotza tasa oso baxua eta immigrazioaren jaitsiera lehen bi hamarkadatan, nahiz azkenengoetan etorkinen etorrera nabaria da.

Etxebizitza gabeziaren arazo larria izan zuen udalerriak berrogeita hamarreko, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hasieran, Udalek adierazi ohi zuten bezala, maiz.

Biztanleriaren dentsitatea kilometro karroko 300 biztanlekoa da, gutxi gora-behera. (Elgoibarko datu estatistikoak Eustat web-an kontsultatu daitezke).

Hiribildua osatzen duten auzoak honako hauek dira: Altzola, Sallobente-Ermuaran, Aiastia (San Migel), Idotorbe (San Pedro), Azkue (San Roke), Urruzuno eta Arriaga dira hiri-kaskoarekin batera.

Komunikabideak: Elgoibar Euskadi Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetatik 50 kilometrotara dago, gutxi gora behera. Donostiara eta Bilbora, Bilbao-Behobia AP-8 autopistaren, N-634 errepidearen eta Eusko Trenbideak bitartez iritsi daiteke, eta Gasteizera AP-1 autobidez eta GI-627 errepidez.