- Elkarte hauetako bakoitzari herriko ikastetxe bat izendatu zaio, elkarlanean, webgunea egiteko.
Elgoibarko Udalak iragarri duenez, “Elgoibartik Mundura” izeneko proiektua jarri du abian, Elgoibarko Izarra elkartearekin eta PUNTUEUS fundazioarekin elkarlanean, digitalizazioa eta euskararen erabilera aldi berean sustatzeko. Proiektu berritzaile honen xede nagusia da Elgoibarko elkarteen digitalizazioa sustatzea eta .eus domeinuaren erabilera bultzatzea.
“Elgoibartik Mundura” ekimenaren bitartez, alde batetik, Elgoibarko elkarteei laguntza eskaini nahi zaie haien jarduerak eta zerbitzuak digitalizatzeko, eta, bestetik, euskararen erabilera eta STEAM bokazioak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak) bultzatu eta Interneteko .eus domeinuaren ikusgarritasuna areagotu nahi dira. “Elgoibartik Mundura” “Kaixo Mundua” metodologian oinarritzen da. PUNTUEUSen proiektu den metodologia honek bi sari lortu zituen Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen dituzten STEAM sarien azken edizioan.
Ekimen honen helburua da webgune erreal bat sortzea, komunitatean balioa sortuko duen proiektu baten bidez, eta ikasleak ahalduntzea kontsumitzaile digital izatetik teknologia sortzaile izatera igaro daitezen. Era berean, bideo lagungarri batzuk izango dira webean, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza hobetzen laguntzeko.
Proiektu hau bideratu ahal izateko, PUNTUEUS Fundazioaren, Elgoibarko Izarraren eta herriko ikastetxeen laguntza izango da: Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, IES Elgoibar BHI eta Meka Lanbide Eskola. Horretarako, sinergiak ezarriko dira elkarteen eta ikasleen talentuaren artean. Helburua da elkarte bakoitzari egokitutako webguneak diseinatzea eta garatzea, euskaraz, gaztelaniarako Itzulpenak txertatzeko aukerarekin, Interneten ele bien presentzia indartzeko asmotan.
“Elgoibartik Mundura” ekimenarekin bat egin duten elkarteek kosturik gabe garatuko dituzte webgune berriak, eta horretaz gain, doan izango dituzte domeinua eta webgunea gordetzeko hosting-a lehenengo urtean. Hona hemen ekimen honetan parte hartuko duten elkarteak eta elkarte horien webguneak egingo dituzten ikastetxeak:
- HAIZEA-Elgoibarko Emakume Taldea (Elgoibar Ikastola)
- C.D. Elgoibar (Elgoibar Ikastola)
- Inazio Bereziartua Musika Eskola (Elgoibar Ikastola)
- Egur Arte Tailerra (IES Elgoibar BHI)
- Zubi Ondo Xake Elkartea (IES Elgoibar BHI)
- Atxutxiamika Aisialdi Elkartea (IES Elgoibar BHI)
- Mauxitxa Txaranga (IES Elgoibar BHI)
- Elgoibarko Jubilatuen Biltokia (Meka Lanbide Eskola)
- Kalamua Guraso Elkartea (Elgoibar Herri Eskola)
Elkarte horietako bakoitzari herriko ikastetxe bat izendatu zaio. Biek, elkarlanean, elkarte bakoitzaren webgunea egingo dute, eta horrek belaunaldien eta diziplinen arteko lankidetza ekarriko du, Elgoibarko herri guztiarentzat onuragarria izango dena.
Elgoibarko Udalak Elgoibarko Izarrarekin, PUNTUEUS Fundazioarekin, Elgoibarko ikastetxeekin eta proiektu pilotu honetan parte hartu duten elkarteekin batera, lortutako emaitzak baloratuko dituzte, eta aztertu egingo dute ea bideragarria den udalerrian, proiektu honen bitartez, digitalizazioa eta euskara bultzatzen jarraitzea; edo, bestela, beharrezkoa ote den beste aukera batzuen bila jarraitzea; izan ere, horrelako ekimenak urrats garrantzitsuak izan ohi dira inklusio digitalerako eta euskara eremu digitalean bultzatzeko.