Eta nire gutun honen bidez defendatzen dut inork ez diezaiola nire agindupeko mendi, mugape eta landetan hiribildu hau eraikitzeari aurre egin edo oztoporik jarri, jendeztatzea agintzen dugun herri horri ere ez diezaiotela kalterik egin, ezta ematen dizkiedan mendiei, barrutiei eta soroei ere, eta, bestela, bakoitzari txanpon berriko mila maraiko zigorra jartzea agintzen dut. Eta ontzat ematen dut herri hori egin eta jendeztatzea, harresiak eta dorreak egitea eta Logroñoko forua edukitzea eta, aipatutako mendiak, mugapeak eta landak izatea, esan den moduan.
Eta horrela, nire berunezko zigilua duen gutun hau emateko agintzen dut, eta gutuna irakurri ondoren, eman egiten dut. Villa Realen emana, abenduaren hogeian, mila hirurehun eta laurogeita laugarren urtean.
ZER DEN HIRI-GUTUNA
Hiri-gutun bat –latinetik, chartae populationis- Erdi Aroan agintari batek (errege, elizgizon edo jaun batek) lurralde bateko biztanleei hiri-kokalekua eraikitzeko emandako agiri berezia da.
Gure eskualdeko herri-gune berri hauetan finkatu ziren pertsonen jatorria, nagusiki, ingurune hurbileko baserrietan bizi ziren giza soberakinak izan ziren. Baina batzuetan baita beste toki batzuetatik ere etorritakoak atxiki ziren herri berrira.
Hiri-gutunean, agiri juridiko eta administratibo den aldetik, jasotzen dira arau orokorrak, biztanle berriek edo geroago bizi izatera joango direnek konplitu behar dituztenak: betebeharrak, zerga-salbuespenak, pribilegioak, foruak, eta abar.
Biztanleriaren gutunek arau horiek batzen dituzte azaletik eta, gehienetan, foru zabalago batera zuzentzen dute, non arazo juridiko guztiak gehitzen diren
ELGOIBARKO HIRI-GUTUNAREN BEREZITASUNAK:
1. Sakabanatuta (mendi eta lur lauan) bizi ziren biztanleek eskatu ohi zuten, jende boteretsuak ematen zien kalteengatik.
2. Hauengandik babesteko harresiz inguratu edo hesitutako hiribildu bat eraikitzea erabaki zuten.
3. Erregeak haien eskabideak onartu egin zituen, Logroñoko forua emanaz horretarako “según que lo han los de Mondragón” hau da, Arrasate Deba harroko hiribildu zaharrena zenez.
4. Eskubideen gutun honen bidez hiribildua gobernatuko duten alkate eta ofizialak urtero izendatzeko pribilegioa emango zaie “y que sean juzgados y oidos por ellos”.
5. Herri berria eraiki behar den tokia esleituko zaie “campo de Elgoibar” Elgoibar lursail edo soro izenekoa, alegia, luzera Ugarroa eta Basarte erreken artean mugatuta, eta goialdetik eta behealdetik Nafarmendi baserrira iristen zen errege-bidea eta Deba ibaiaren ibilgua izango dira mugak, hurrenez hurren.
6. Halaber, hiribildu berriari atxikitako udal-barruti zabala esleituko zaie, bailaren hondotik Madaltzaga eta Mendaro artean luzatzen zena, eta goialdetik, alde batetik, Muskiritzu mendilerroa eta Azkoitiarekiko mugakide diren beste tontorrak eta, beste aldetik, Maiza mendilerroa –egungo Kalamua- Markinarekin mugakide diren gailurretako kortetatik Arranoate aldera iristeko, lurralde mutrikuarra ukituz.
7. Herri berriko eliztarren parrokia Olasoko San Bartolome eliza edo monasterioa jarri zen, eta bertara joan beharko zuten eta derrigorrezko hamarrenak, hasikinak, ofrendak, hiletak eta abar ordaindu beharko zituzten.
8. Hiri-gutuna Alfontso XI Gaztelako erregeak eman zuen, Gortea Villa Real-en zela –egungo Ciudad Real- aroko 1384ko abenduaren 20an, egungo aro kristauko 1346. urteari dagokiona.
(J. Elorzak eta P. Arrietak idatzitako testua. Villamayor de Marquina sortu zeneko 675. urteurrenaren karietara argitaratutako triptikoa)