Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak kalteberatasun egoeran dauden haurrentzako jostailuak biltzeko ‘Gabonetako zuhaitz solidarioak’ kanpaina abiatu dute

  • Bi ‘Gabonetako Zuhaitz Solidario’ instalatu dira: bata HAZ-SACen eta bestea Gotzon Garate Udal Liburutegian. Zuhaitz horiek abenduaren 21era arte egongo dira jarrita.

Elgoibarko Udalak, Gurutze Gorriaren laguntzarekin, ‘Gabonetako zuhaitz solidarioak’ kanpainari hasiera eman dio. Ekimen horren helburua da Gabonetarako jostailuak biltzea, herrian kalteberatasun-egoeran dauden 75 haur ingururi opari bat egiteko.

Maialen Gurrutxaga alkateak oso positibotzat jo du jai sasoi honetan umeei poza eta itxaropena ematea helburu duen kanpaina hau: “haurtzaroaren aldeko keinu handia da. Herritarren eskuzabaltasuna funtsezkoa da kanpaina arrakastatsua izan dadin eta egun berezi hauetan txikienei irribarreak eramatea lor dezaten”. Elgoibar da kanpaina hau bultzatzen duen Euskadiko lehen Udala.

Parte hartzeko, bi ‘Gabonetako Zuhaitz Solidario’ jarri dira herriko gune estrategikoetan: bata HAZ-SACen eta bestea Gotzon Garate Udal Liburutegian. Zuhaitz horiek abenduaren 21era arte egongo dira jarrita, eta hori izango da, halaber, apaingarri solidarioak jasotzeko eta dagozkien opariak entregatzeko azken eguna. Opariak abenduaren 24rako banatuko dira.

Apaingarri solidarioek etxetxo txikien itxura hartzen dute, eta barruan jarraibide garrantzitsuak dituzte, baita opariaren onuradun den haur bakoitzaren gustuei eta ezaugarriei buruzko xehetasunak ere. Parte hartzeko urratsak errazak dira:

  1. Hurbildu ‘Gabonetako zuhaitz solidarioak’ dauden lekura eta aukeratu apaingarri bat.
  2. Erosi opari berri bat, sexistak edo belikoak direnak saihestuz, eta, ahal dela, aukeratu jolas sinbolikoa sustatzen duten jostailuak, apaindura-txartelean aurkituko dituzun jarraibideen arabera.
  3. Idatzi dagokion kodea oparian.
  4. ‘Gabonetako Zuhaitz Solidariora’ itzuli eta bertan jarri oparia. Apaingarria kanpaina solidario honetan parte hartzeko oparia da zuretzat.

Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak herritar guztiak animatu nahi dituzte ekimenarekin bat egin dezaten eta Eguberri hau bereziagoa izan dadin maitasun eta babes keinu solidarioa behar duten haurrentzat.