- Ostegun honetan, abenduaren 14an, moztuko da eukalipto-zuhaitza, beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartuta. Trafikoari eragin diezaiokete lanok une jakin batzuetan.
Elgoibarko Udalak jakinarazi du ostegun honetan, abenduak 14, Elgoibarko San Roke kaleko 13. zenbakian dagoen eukalipto-zuhaitza moztuko dela. Erabaki hori hartu da zuhaitzak erortzeko arriskua duelako, eta horrek arriskuan jar dezakeelako eremuaren, herritarren eta ikasleen segurtasuna.
Erabaki hau eragin duen arrazoi nagusia zuhaitzaren tamaina da, 20 metro baino gehiagoko garaiera baitu, eta eroriz gero, ikastetxearen inguruan zein bide publikoan eragina izan dezake, kokatuta dagoen lursailaren inklinazioa dela eta. Gainera, zuhaitzaren enborrean hainbat pitzadura identifikatu dira, bere osasuna arriskuan dagoela adierazten duten seinaleak, eta horrek nabarmen handitzen du erortzeko arriskua.
Eukaliptoa batez ere baso-ustiapenean eta paper-orea ekoizteko erabiltzen den espeziea da, eta, beraz, ez da egokia hiri-ingurune batean egotea.
Mozketa-prozesuan, edozein gorabehera saihesteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartuko dira. Trafikoari eragin diezaioke une jakin batzuetan; beraz, kontuz eta arduraz ibiltzeko eskatzen diegu herritarrei.