Elgoibarko Udalak kezka agertu herriko kaleetan pintadak ugaritu direlako

  • Joera horren ondorioz, nabarmen handitu dira eragindako espazioak garbitzeko eta zaharberritzeko gastuak, eta gastu metatua, oraingoz, 20.000 eurotik gorakoa da aurten.

Elgoibarko Udalak kezka agertu du udalerriko kaleetan, haur-parkeetan eta eraikinetan pintadak nabarmen ugaritu direlako. Joera horren ondorioz, nabarmen handitu dira eragindako espazio publikoak eta pribatuak garbitzeko eta zaharberritzeko gastuak, eta metatutako gastua 20.000 eurotik gorakoa da aurten, oraingoz.

Udalak erantzukizuna eskatu du: “herritar guztiei eragiten dieten jokabide eta ekintza mota horiek alde batera uzteko garaia da. Ezinbestekoa da espazio publikoak zein pribatuak zaintzea eta errespetatzea, baita hiri-altzariak eta udal-ondarea ere. Ahalegin bateratu hori funtsezkoa da herritarren elkarbizitza hobetzeko eta gure udalerria zaintzeko “, errepikatu du Udalak.

Elgoibarko Udalak azpimarratu duenez, “Elgoibar guztiona da”, elkarlanaren eta elkarrekiko errespetuaren garrantzia azpimarratuz. “Elgoibarko bizilagunei eta bisitariei dei egiten diegu ahalegin komun horretan bat egitera, ekintza bandalikoak salatuz eta ingurunearekiko errespetua sustatuz, udalerria elkarrekin hobetzen jarraitzeko”, gaineratu du.