- Lanak 2 asteko epean amaituko direla aurreikusten da, eta obra horretarako inbertsioa 19.744,10 eurokoa izango da, gehi BEZa.
Giza Eskubideen Parkean irisgarritasuna hobetzeko asmoarekin, Elgoibarko espaloian dagoen kota kendu eta aldapa txikiko arrapala bat eraikitzeko lanak hasi ditu, herritarren eskaerari erantzunez.
Obren bidez, egungo espaloia kenduko da, 36 metro karratuko azalera hartzen duena, arrapala irisgarri bat eraikitzeko. Prozesuan zehar, kutxetak eta luminariak kota berrira egokituko dira. Zoladura errematatzeko, kareharri itxurazko zoladura erabiliko da, oraingoaren antzekoa.
Lanak joan den astelehenean, azaroaren 20an, hasi ziren, eta bi asteko epean amaituko direla aurreikusten da. Obra horretara bideratutako inbertsioa 19.744,10 eurokoa da guztira, gehi dagokion BEZa.
Elgoibarko Udalak berretsi du udalerria elgoibartarrentzat zein bisitarientzat leku lagunkoi eta irisgarriagoa izateko konpromisoa.