- Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta beharrezkoa da gonbidapena jasotzea elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatziz, 943 74 16 26 telefonora deituz edo Aita Agirre kulturgunean, 3. solairuan.
‘Egin zenutelako gara!’ Hiru berba Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean prestatu duten ekimenaren espiritua laburbiltzeko. “Gure aurrekoek egin zutelako gara euskaldunak gaur. Bestela ez ginen izango” nabarmendu dute.
1950ean hasi eta 1990era arteko Elgoibarko euskalgintza zelakoa izan zen ezagutzeko ekitaldia gauzatuko dute abenduaren 1ean Herriko Antzokian. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta beharrezkoa da gonbidapena jasotzea elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatziz, 943 74 16 26 telefonora deituz edo Aita Agirre kulturgunean, 3. solairuan.
“40 urteko euskalgintzaren berri emateko. Elgoibar herri euskaldunagoa izateko historiaren zati bat bildu dugu bideo batean, eta bideo hori plazaratuko dugu. Gainera, gure esker ona ere azalduko diegu garai hartako eragile eta euskaltzaleei. Errekonozimendu ekitaldia ere izango da”.
Ordubeteko bideo batekin hasiko da ekitaldia. Bideo horren oinarrian daude Elgoibarko Udalaren enkarguz Badihardugu elkarteak egin dituen 45 elkarrizketak. Bertan, 40 urteko euskalgintzaren historia jasotzen da protagonisten ahotik. Ondoren, Elgoibarko garai hartako euskalgintzako eragileak bistaratuko dira banan-banan (eliza, gau-eskola, Ongarri elkartea, Ikastola, …), eta guztien ordezkariak igoko dira Herriko Antzokiko oholtzara, herritarren esker ona eta txaloak jasotzera. Ekitaldia janzteko, musika, bertsoak, dantza, txistua eta antzerkia ere izango dira, besteak beste, eta bi orduko iraupena izango du.
- Eguna: abenduak 1, ostirala
- Tokia: Herriko Antzokia
- Ordua: 18:00
Sarrerak eskuratzeko: elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus / 943 74 16 26 / Aita Agirre kulturgunea 3, 3 ezkerra